"EA-REN BILTZARREAN EH-REKIKO LANKIDETZAREN ALDE EGINGO DA"

  • aurretik egindakoa. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Kontseilariak Lakuan hartu gaitu prestutasun osoz. EAJren hartzaren besarkadaren beldur da.

1999ko martxoaren 21an
Duela bi urte eta erdi egin genizun elkarrizketan egindako galdera berbera errepikatuko dizut: «Ezberdintasun pertsonalak desagertuz gero, urte batzuk barru EAk eta EAJk bat egin dezaketela esatea astakeria da?».
Niretako bai. Abertzale munduan esparru aurrerakoi baten sorrera bultzatzeko sortu zen EA, Europan dauden alderdi sozialista edo sozialdemokraten gisakoa. Alderdi aurrerakoi bat eta demokratakristau bat politikoki uztartzea hanka sartzea litzateke. Herri honek normalkuntza eta bakeari heltzen dion heinean EAk eta EHk nolabaiteko lankidetza izan beharko lukete. Herri honek badu bere eskuineko edo zentru-eskuineko sektorea, orain ezkerrekoa osatu behar da. EH indartsu egon arren, ez dut uste oraindik Europako alderdi sozialistekin pareka daitekeenik.

Gaur egungoak ikusita, zuk aipatzen duzun joera baino norabidea EAJrantz doala dirudi.
Ez dut uste oraingo zerrenden akordioa itzul ezineko bide bat denik. Nire gustukua izan ala ez, EAk apustu bat egin du eta errespetagarria da. EA eta EAJren lankidetza hori beharrezkoa da Araban eta Bizkaiko Ibar Ezkerrean, esate baterako baina beste leku batzuetan alderdi abertzaleak elkartuta aurkeztea egokiago ikusten nuen, Nafarroan adibidez. Hori ez da posible izan, eta ez EAgatik, EHk berak ez du nahi izan horrelako akordio zabal bat bultzatzea Nafarroan. Europako hauteskundeetara ere alderdi abertzaleek elkarrekin joan beharko luketela uste dut. Abertzaletasunak indarra duen lekuetan bi esparru indartzearen alde nago: batetik EAJk ordezkatzen duena eta bestetik EHk eta EAk ordezkatzen dutena, beraz, etorkizunean EHk eta EAk elkarrekin joan beharko lukete. Indar abertzaleak ahulago garen lekuetan elkarrekin joan beharko genuke: Nafarroan, Iparraldean eta agian Arabako zenbait lekutan ere bai. Datozen Madrilgo hauteskunde orokorretarako ere, Senaturako zerrenda bateratua egin beharko genuke abertzaleek, eta agian Kongresurako ere bai. Hori da nire iritzia.

Europako hauteskundeetarako EHk ere proposamen zehatza egin du, alderdi abertzaleek elkarrekin joateko. Ba al da halako aukerarik?
Europako Parlamentuan guk beti bultzatu izan dugu Ortzadar taldea, besteak beste Europako beste talde abertzale askoren bilgunea. Zentzu horretan ez dut ikusten zergatik alboratu behar ditugun Esquerra Republicana-koak (ERC), esate baterako; HBkoekin hitz egin dudanean esan izan diet zergatik itxi dituzten ateak ERCrekin elkarrekin joateko. EAJ, EA eta EH elkarrekin joatea posible ez bada, besteak beste EAJk nahi ez duelako, zergatik ez EH, EA eta ERCkoek aurkeztutako zerrenda bat? EHk edo ERCk hasieratik baztertu dute hori.

Ez al dizu beldurrik ematen EAJrekiko oraingo akordio hau hartzaren besarkadaren gisakoa izatea?
Bai, arrisku hori batzuek behintzat ikusi dugu eta ez gara gogotsu sartu zeregin honetan baina ni alderdi bateko kide banaiz, alderdi horrek demokratikoki erabakitzen dituenak onartu behar ditut. Argi dut, bihar edo etzi EAk EAJrekin bat egingo balu, ni hor ez nintzateke ordezkatuta sentituko eta alde egingo nuke. Baina ez dut arrisku hori ikusten.

EAko batzuek EHrantz edo ezkerreko bilgune bat eratzera begiratzen dute, beste batzuek EAJrantz. Honek ba al du arriskurik EAren etorkizunera begira?
Momentuz ez. Haustekundeen ondoren ospatuko den EAren biltzar nagusia oso garrantzitsua izango da. Aurreko biltzar batean Euskal Ezkerrarekin (EUE) bat egiteko apustua egin zuen, zoritxarrez ez zen ondo atera, eta nik uste dut datorren biltzarrean EAk beste horrenbeste egingo duela eta, herri honen normalizazioan sakonduz, EHrekin lankidetzan sakontzearen alde egingo duela ziur nago.

Jarraitzen duzu pentsatzen, beraz, EAko % 50arentzat oso gaitza litzatekeela botoa EAJri ematea?
Bai, oso zaila litzateke, alderantziz gertatuko litzatekeen moduan. Une honetan bidegurutze batean gaude eta EAJ zein EHrekin bat eginez gero, arrisku handian gaude. Oraingo akordioa oso mugatua dela ikusirik eta alderdi estatalistei aurre egiteko, % 90ak EAk hartutako erabakia errespetatuko luke. Baina ikusiko balitz erabaki hori ez dela bakarrik alderdi estatalistei aurre egiteko, EHri aurre egiteko akordio bat dela, kasu horretan hainbat pertsonak ez lioke kasurik egingo EAk hartutako erabakiari eta boto asko agian EHk irabaziko lituzke.

Diozun moduagatik, zuk behintzat ikusten duzu arrisku hori.
Bai, ikusten dut, baldin eta mugatzen ez bada alderdi estatalistei aurre egiteko lekuetara bakarrik.

Epe ertainean, posible ikusten al duzu Euskal Botere Judizialaren Kontseilu Nagusi bat izatea?
Une honetan normalkuntza politikoa eta bake prozesua uztartu behar ditugu eta hauen oinarriak justizia eta askatasuna dira. Edo, azken finean, autodeterminazioa edo gehiengoaren iritzia errespetatuko dela adieraztea. Gaur egungo markoa agortuta dago, bai herritar askok haratago joan nahi duelako eta baita Madrilgo gobernu desberdinek, 19 urte ondoren eskuduntza ugari ez trasnsferitzeagatik, agortuta utzi dutelako. Alderdi estatalistek gizartea zatitu gura dutenean, alderdi abertzaleoi dagokigu kohesioaren alde egitea, adieraziz, marko berri bat eraiki behar dela, abertzale zein ez abertzalea eroso sentituko den markoa. Marko berri horretan esparru desberdinetan gure etorkizuna eraikitzeko eskubidea izan beharko genuke, baita botere judizialari dagokionez ere. Nafarroan eta EAEn Espainiako botere judizialak ditugu, Iparraldean ezer ez; ez dugu euskal botere judizialik. Honek ez du esan nahi estatuekiko loturak apurtuko genituzkeenik. Eskozian botere judiziala dute, guk zergatik ez?

EAEko justizia egungo epaileak euskalduntzen direnean euskaldunduko dela sinesgarria al da?
Bai. Edozein euskalduntze prozesuk epe nahiko luzeak eskatzen ditu, hori badakit, baina oro har euskararen aldeko apustua egin dute epaile zein magistratuek. Hezkuntza sisteman denek onartzen dute aurrerakada handia egin dela, justiziaren esparruan 19 urte beranduago hasi gara. Baina epaile eta magistratuez gain, pertsona laguntzaileak daude, 96az geroztik transferitua duguna; euskalduntze plan bat prestatzen ari gara, gero sindikatuekin aztertuko dugu eta honek ere bere emaitzak emango ditu.

EAEko epaileen munduan euskararekiko oso borondate eskasa ei dago?
Batzuen aldetik bai, baina beste batzuek aldeko apustua egin dute. Ikastaroetan-eta partehartzen duten kopuruak aztertuta, borondatea badagoela ikusten da.

Euskaldunberri batek euskaraz epaitzeko nahiko gaitasun izango al du hasieran?
Une honetan, zorionez, badaude epaile batzuk gai direnak euskaraz epaitzeko eta denborarekin gero eta gehiago izango dira. Baina, zorionez, badira botere judizialean sartzeko oposaketak prestatzen ari diren euskaldunak. Horrez gain, unibertsitatean ere gero eta gehiago euskaraz ikasten dute. Hori da modurik eraginkorrena botere judiziala euskalduntzeko, bitartean gaur egungo epaile eta magistratuak euskara ikas dezaten bultzatu beharko dugu, horretarako laguntza eskainiz eta abar.

Beren bezeroek ala eskatuta, itzulpen sistema ukatzen dutelako zigorra ezartzen zaie abokatu batzuei. Zer iruditzen zaizu?
Zigorra jartzea ez da bidea. EAEko Auzitegi Nagusikoei hala adierazi diet, epaileek banaka ez dute euskara menperatzeko beharrik baina bai botere judizialak berak. Edozein herritarrek eskubide osoa du bere harremanak administrazioarekin bi hizkuntz ofizialetan izateko.

Errealitatea eta teoriaren arteko gatazka dago hor, ezta?
Politika «el arte de lo posible» da eta ahalik eta bitarteko gehien ezartzen saiatu beharko dugu. Bitartean, itzultzaileak erabiltzera behartuta gaude, baina beti kontuan hartuz itzultzaileak ez direla helburu bitarteko baizik, eta gure helburua epaiketak itzultzaile barik egitea dela.

Abokatu Euskaldunen Sindikatua. Bere lana muturrekoa da ala arazoa mahaigaineratzeko modu bat?
Sortu zenean agurra eskaini nien, beraz, beharrezkoa dela ikusten dut. Baina formak zaintzea ere oso garrantzitsua da eta agian kasuren batean formak ez dituzte zaindu eta erasoak jaso izan dituzte. Botere judizialak bermeak eman ditzan ahalegina egin behar da eta bitartean, agian, planteamendu realista bat eginez itzultzaileak ere erabili beharko lituzke, kasu batzuetan behintzat.

Zure kontseilaritzaren helburuetakoa da legealdi honetan espetxe eskumenak eskuratzea. Aurrez aurre dagoena kontuan hartuta eta errealista izanda, posible ikusten al duzu?
Bai, oso errealista da. Autonomi estatutuan horrela aurreikusten da, Katalunian badute eta Galiziara epe laburrean joan daiteke. Hona zergatik ez?

Erabateko eskakizun logikoa egiten duzu, zalantza barik, baina emateko ez dirudi horren logikoa, bestela emanda legoke edo bidean.
Emateko baita ere, Kataluniak eskuratuta baldin badauka eta han eramaten ari diren politika egokia baldin bada, beste horrenbeste hemen.

Baina Madrilentzat, espetxe politika kontuetan Katalunia eta Euskal Herria ez dira berdinak.
Hor borondate politikoa gauzatuko da eta, beraz, legealdi honetan espetxe politika lortuko dugu. Denbora beharko dugu baina eskumen horiek eskuratzea errazagoa izango da lan arlokoak baino. Gerta daiteke datorren urtean EAEko autonomia izatea INEMeko eskumenak bereganatu gabe dituen bakarra, beste autonomia guztietan transferituta izango delako. Urtebete barru, beraz, Lan Ministerioa EAEko Lan Ministerioa izango da, beste lekuetan ez delako izango edo eragin gutxi izango duelako.

EAJ eta EAren gobernua sostengatzeko legealdi akordioa adostuta ei dago EHrekin. Noizko sinatuko da?
Orokorrean adostua dago baina ez planteamendu zehatzetan, unean uneko politikak bultzatzeko sailek babes bat behar dute, nahiz eta hau aldez aurretik finkatzea zaila den. Beraz, akordio orokorra sinatu beharko da eta gero unean uneko negoziazioak bultzatu eta adostu beharko dira. Orain, akordio orokorra sinatzeko arazorik handiena kale borrokan dago. Ez EAJk, ez EAk, ezta EHk ere ez dugu nahiko gerri malgutasun izan kontu honetan. EHk garbi utziz gero ez dagoela kale borrokaren atzetik, mila formula daude hori gainditzeko gaitzespen kontuetan sartu barik. Formei heldu diegu gehiegi eta ez sakoneko arazoei

EH-RA BEGIRA
EH-RA BEGIRA
Ezkerrean egiten duen indarragatik harritzekoa badirudi ere, jeltzalea izan zen. Parlamentario EAJrekin eta EArekin, 12 urtez Zeanuriko alkate, Carlos Garaikoetxearen idazkari berezia eta orain Justizia Sailburua. Ekonomilaria. EAko Bizkaiko Lehendakaria izandakoa, bere itzala handia da Bizkaiko EAn. EH eta EAren elkarlana baino gehiago nahiko luke etorkizunerako, euskal sozialdemokrazia sendoa eraiki bidean.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude