"EUSKAL MARRAZKI FILMAK TXINGURRI AUSARTAK DIRA"

  • Goya sarietarako izendapenak Juanbari loa galarazten dionik. Telebistaz gain, filmografia txukuna osatu du: «Fernando Amezketarra» (1979), «Kukubiltxo» (1983), «Kalabaza Tripontzia» (1985), «Balearenak» (1991) eta «Ahmed, Alhambrako Printzea» (1997).Telebistarako berriz: Sorkunde, Fernando Amezketarra, Lazkao Txiki, Txirrita,

1999ko urtarrilaren 24an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Urtarrilaren 23an izango diren Goya sarietarako izendatu berri zaituztete, animazio filmarik onenaren arloan. Errealista izanik, bultzada handia emango lizueke irabazteak; orain arte itxita egon diren ze ate irekiko lirateke zuentzat?
Ba, egia esanda, «Ahmed, Alhambrako Printzea»rekin kontentu bagaude ere, ez dut irabazteko itxaropen handirik, nire ustez, lehian dagoen beste luzemetraia, andaluziarra, hobeto kokatua dagoelako. Kontuak kontu, ni ez naiz batere sari zale, tranpa bat da, eta ilusioa gehiegi eginez gero porrota dakar ez lortzeak. Baina aldi berean, ezin uka irabazteak ateak irekiko lizkigukeela. Azken batean subentzioak horren atzetik datoz; ez da politikarik hoberena baina tira, hau merkatua da, hobe jaso, abal bat delako hurrengo produktuari begira. Hala ere, garbi geratu dadila ez dudala inongo diskurtsorik prestatuko; hori bai, "numeritorik" egiteko asmorik ez badut ere, euskaraz mintzatuko naiz.

Hainbat urtetako eskarmentuaren ondotik, 1992an Lotura Films sortu zenuen. Ze ezberdintasun dituzue Madril eta Bartzelonako ekoiztetxeen aldean?
Loturan hamabost lagun finko daude lanean eta luzemetraia bat burutu behar bada, berrogeita hamar inguru. Alde horretatik, lantalde polita dugu.
Zerbait nabarmentzekotan, hemen frankotiradoreak garela esango nuke. Teknologiaz aparte, ilusioz gainezka egiten dugulako lan. Marrazkilaria erabat identifikatzen da egiten duenarekin. Horra hor, Begoña Vicariok eta Baleuko-ren «Megasonikoak» Goya saria irabazi dute bi urtez jarraian.
Madrilen, BRB animazio ekoiztetxeak, esaterako, kanporako zerbitzua eskaintzen du, Espainia Europako Asia ari da bihurtzen, duen "per capita" errenta baxu horrekin zertarako joan Taiwan edo Koreara marrazkiak egiteko, Espainian ere oso merke egin badaitezke? Duela gutxi ordea, Madrilgo animazio ekoiztetxe batek Generalitat-eko subentzioa lortu zuen «Kataluniako Historia» seriea egiteko eta hara non Taiwanen egin dituzten, Kataluniako profesionalen haserrea piztuz; manifestazioak egin izan dira horren kontra. «Kanariaseko Historia» egiteko ere beste hainbeste egin dute. Kataluniako animazio ekoiztetxeak ordea, oso ekonomizistak dira, gehienbat telebistarako serieak egiten dituzte, eredu klasiko bat jarraituz. Bestalde, Spielberg-en Dreamworks animazio konpainia ere Irlandara ari da joaten, bertan eskulana askoz merkeagoa baita. Hori esanda ere, gogoan izan Disney estudioen bi minutuko aurrekontuarekin Loturan guk 70 minutuko "Ahmed" filma egin dugula.

Disney aipatu duzula, Dreamworks, Fox eta hauen lehiarekin Disney konpainiari bukatu al zaio monopolioa?
Fox, Spielberg eta Warner buru-belarri hasi dira Disneyri pastelaren zatia kendu nahian. «Mulan» filmari itzala egiteko asmoz, «Anastasia», «Txingurriak», «Egiptoko Printzea» eta abar estreinatu dira baina nire iritzirako, oraingoz inork ez du gainditu, ezta hurbiletik ere, Disney marrazki bizidunek duten maltzurkeria eta xarma hori. Azken boladan gainera, perbertsitate sexuala ere badago Disney lanetan, «Nôtre Dame-ko Konkorduna» esaterako.

Zer da zinea: kultura ala industria? Bata edo bestea izanda ere, zer egin beharko litzateke biak behingoz uztarri berean jartzeko?
Animazio alorrean, salmenta da oztoporik handiena. Hori dela eta, kultura enpresariala sortzearen aldekoa naiz, koprodukziora jo beharko litzateke. Hain zuzen ere, hori eginez gero finantziazioa eta banaketa eskuratzen duzulako. Nolanahi ere, erakundeen laguntzak ezinbestekoa izaten jarraitzen du. Baina beharbada ez dugu halako protekzionismorik behar, alegia, beste bultzada-mota behar dugu.

Beraz, subentzioak baino harantzago joan beharra dago.
Baietz iruditzen zait. "Industrialitis" fenomenoan murgildurik gaudela, horren eragin positiboaz baliatu beharra dago. Nire ustez, lehenik eta behin Industria eta Kultura sailetik erraztasunak eman beharko lituzkete enpresariek dirua kulturan inbertitu dezaten, salbuespen fiskala, eta abar. Frogatu behar dugu gurea negozioa izan daitekeela, nola jaso inbertsio pribatua dirulaguntza publikorik gabe, bestela jai dugu. Esate baterako, Kataluniako cava enpresari askok Bartzelonako animazio-ekoiztetxeetan inbertsio pribatua egina dute. Hemengoek aldiz, nahiago dute pisu batean inbertitu kulturan baino. Betiko kontua da, Jaurlaritzaren azken urteotako politika ikusita badirudi hobe dela ezer ez egitea zerbait polemikoa egitea baino; horrela ez duzulako kritikarik jasoko. Orain, badirudi zerbait abian dela eta Industria saila hasiko dela aipatu ditugun erraztasunak enpresariei eskaintzen.

Beraz, ez al litzateke ikus-entzunezkoak kudeatuko lituzkeen erakunde independiente bat sortu beharko?
Bai, horixe. Baina horretarako txip-a aldatu egin behar dugu kulturan. Ikusentzunezkoen Euskal Institutua sortu beharko litzateke, administrazioaren barruan ente autonomoa izan beharko lukeena. Sail arduradun bat, profesionalak, erakunde finantzieroak eta abar. Ikusiko duzu nola azkenean hori egin egingo den. Gaur egun, 1999an, harrigarria bada ere, Euskal Herriko «produktora»rik indartsuena den ETB-k ez dauka sail komertzialik. Marketing irizpiderik gabe, nor doa Alemania edo Italiako telebistetara serie bat saltzeko asmoz? Ondorioz, hutsune komertzialak oso nabariak dira sikiera saiatzeko. Euskal Herrian ez dago azpiegiturarik salmentei begira, baina andaluziarrek esaterako, zezenketak saltzen dizkiete japoniarrei, erraz asko, gainera.

Baina halakorik antolatzen ez den bitartean, dirulaguntzak erakunde publikoetatik jasotzen jarraitzen duzue.
Jakina, diru-iturria zenbait lekutatik lortu behar delako. Bestela jai dugu. Guztira ehun eta berrogeita hamar milioiko aurrekontua izan du «Ahmed»ek. Euskal Mediatik hogeitabost milioi eman dizkigute, baina ez dezala inork pentsa horrekin nahikoa denik. Ez, horixe. Hemen ero samarrak gara eta Madrila goaz diru eske, baita lortu ere: berrogei milioi Kultur Ministeritzatik, Andaluziatik beste hogeita bederatzi. Burgosetik behera diru gehiago lortu dugu hemendik baino eta. Doblea! Kontxo, kontxo, baina diru hori gure haziendara doa. Baina etzazula hori esan, lotsagarri uzten gaituzu eta.

Animazioaren munduan hasi zinenez geroztik ze balantze egiten duzu? Zure hasierako asmoen artean zeintzuk betetzen ari dira eta zeintzuk ez?
Hogeita bost urte dira ilustradore gisa hasi nintzela, nonahi kolaboratzen, aldizkarietan azalak eta afitxak egiten. Eta kontraesana badirudi ere, komikiak esaterako, ez zaizkit inoiz gustatu, aspertu egiten naute. Beraz, hasieratik nire asmoa literatura eta marrazkiak zinean uztartzea zen. Beti erakarri izan nau zinemaren lilurak, linterna magikoaren ahalmenak ikuslearen irudimena kilikatzeko. Baina, noski, jende trebatua eta sosa behar zen zerbait antolatzeko; pitinka pitinka eta urteen poderioz, egitura sendoa eraiki dugula uste dut, oso profesional onak, marrazkilari, argazkilari trebeak, duintasun eta kutuntasunez lan egiten dugu hemen, produktua mimatuz. Agian horregatik lortu dugu gureari eustea, alegia, Lotura zerbitzu-enpresa ez bihurtzea, inoren morroi ez izatea, hori da gure «kalitate labela». Horrez gain, "teknologiak" prezioak izugarri jaitsiarazi dituenez, erakutsi dugu gaur egun ez dagoela kanpora joan beharrik kalitatezko produktuak Euskal Herrian bertan egiteko. Zapaldu gaitzaketen txingurriak gara, baina indartsu eta ausartak aldi berean.

Egun, nola ikusten duzu zure burua, marrazkilari edo zinegile gisa?
Gaur egun nire burua zinegile gisa ikusten dut, hainbeste ardura hartuta, produkzioan eta guzti, marrazteari utzi behar izan diot, baina irrikitan nago berriro marrazteko, herriko jaietako portadak eta halakoak egiteko eskatzen didatenean ahal dudanetan atsegin handiz egiten dut.

Azken bizpahiru urteotan bertsolarien inguruko hiru telesaio egin dituzue, arrakasta polita lortuz, beti ere oso aurrekontu murritzarekin. Ze balorazio egiten duzu horretaz?
Duela urte mordo bat, ETBra joan nintzen «Fernando Amezketarra»ren egitasmoa aurkeztera. Ez digu balio, esan zidaten, hemen ere arrakasta lortzeko pertsonaiak unibertsalagoak behar dute izan, ez hain hemengoak. Denborak ordea, arrazoia eman dit. Hain zuzen, «Fernando Amezketarra» oso unibertsala da, baserri giroa bai, baina egoera rurala azken batean, botere faktikoak, eta abar. Hala ere, ezin ahaztu aurrekontuak oso mugatuak izan direla, ziurrenik gehiago xahutzea errentablea ez delako ETBrentzat. Erantzukizun handia da diru publikoarekin finantziatutako serieak egitea. Errespetu handia diot horri. Are gehiago kontuan hartuz zaila dela «Lazkao Txiki» bezalako serieak kanpoan saltzea. Baina kontxo! audientzia fidela izan duela ikusita, sikiera aurrekontua pixka bat igoko baligute, produktu hobea egingo genuke. Baina tira, gogo biziz jarraitzen dugu lanean. «Txirrita»ren atalak bukatu eta orain «Lazkao Txiki»ren beste berrogeita hamabi atal egingo ditugu, beti ere lehengo aurrekontuarekin. Audientzia aldetik ere «Txirrita» ongi doala dirudi.

Azkenaldian lanez gainezka zabiltzate, epe erdira ze egitasmo dituzue esku artean?
Nahikoa pozik gaude Columbiak «Ahmed»ekin egin duen exhibizioarekin. Abuztuan estreinatu zuten arren, berrogeita hamar kopia egin dira eta hemen nahiz Espainiako hiriburu gehienetan egon da ikusgai. Halaber, Canal Sur-entzako «Ahmed, Alhambrako Printzea»ren hogeita sei ataleko seriea taiutzen ari gara. Bestalde, luzemetraiarako hiru proiektu ditugu egiteko, formula ezberdinekin, baina ezin dizut izenik eman. Alde batetik, Euskal Herriko pertsonaia historikoa dugu; bestetik, Europan klasikoa den bat. Baita beste istorio bat ere obra garaikide batean oinarritua. Aurre-produkzioan zehaztuko dugu zein den egokiena sosa lortzeko. Andu Lertxundi, Joxean Muñoz eta Antton Olariagarekin ere proiektuak ditugu. Bata edo bestea atera, hurrengo lanaren xedea «Ahmed»ek duen faktura hobetzea da, batez beste hemezortzi marrazki segunduko ratio horri eutsiz, baina ahal dela kalitate orokorra gehiago zainduz.

Koldo Izagirrerekin osatzen duzun tandem emankorrak agortezina dirudi; hain ongi moldatzen al zarete, ba?
Ez pentsa, amodio-gorroto harremana dugu, egunaren arabera. Ez, txantxetan ari naiz. Txikitatik lagun minak izan gara Koldo eta biok, ni Donibanekoa eta bera Pasaia Antxokoa. Ez dizut Koldoz gauza onik esango, bestela zurikeriatan aritu naizela botako dit.

Zein da gehien miresten duzun marrazkilaria?
Hemengoen artean, Antton Olariaga da gehien miresten dudan marrazkilaria, bere talentua, estiloa eta militantzia batera doazelako. Gero Kuba aldean izugarri atsegin dudan Juan Padron maisua dago, «Fantasmas en La Habana» delakoaren egilea. Beregandik eragina jaso dudala uste dut. Orain, Espainia aldean izan da TVE-rentzako animazio serie bat prestatzen, baina zoritxarrez «izozgailuan» sartu dute zentsuratua, ez dakit zergatik. Padron Kubako iraultza garaiko kontuekin aritu izan da, 1898ko gerra gaitzat hartuz, espainiar soldaduen kontra borrokatu zuen animazio-heroia asmatu zuen.

«Balearenak» (1991) luzemetraiarekin istilutan ibili zineten, Euskal Media tartean zela, egile-eskubideak kendu ote zizkizuetela. Zer gertatu da kontu horrekin?
Pozten naiz hori galdetzeagatik. Labur esanda, Euskal Media sortu zeneko garaiaz ari natzaizu. Joseba Arregi eta Kultur hedapenean zegoen Eusebio Larrañaga jaunekin, ba gezurra badirudi ere, auzitara eraman genituen egile-eskubideen usurpazioa egiteagatik «Balearenak/Ipar Haizearen Erronka» luzemetraia zela-eta. Zenbait urte pasa ondoren, hara non Gasteizko epaitegiak orain arrazoia eman digun, irabazi egin dugu. Beraiek aberatsagoak izango dira, baina ni berriz, egoskorragoa.

ANTTON OLARIAGA
«Langile militantea, bere obrarekin ondratua»

FERNANDO AMEZKETARRA
«Berari esker hasi nintzen honetan»

KOLDO IZAGIRRE
«Langile gogorrena, kreatibitatea lanetik sortzen dela dakiena»

ZUMETA
«Txundigarria»

WALT DISNEY
«Eskola bat sortu zuen, perbertso eta trebeena»

TXIRRITA
«Egungo politikaz bertsorik onenak botako lituzke»

MARI KARMEN GARMENDIA
«Ikusentzunezkoei buruz ez diot inoiz hitz bat ere entzun»

JUAN PADRON
«Kubako maisua, eredu bat»

LAZKAO TXIKI
«Gure heroi nazionala»

BERNARDO ATXAGA
«Sortzailerik ausartena»

Tantoa
Artista zen eta artista nahi zuen izan eta artista orok egin beharrekoa egin zuen: Parisen eman zuen denboraldi bat, Beaux Arts-eko eskola nagusian modelo biluziak aspertzeraino marrazten eta Vincennes-ko jangela unibertsitarioetan iraultza egiten. Frantsesera txar baten jabe eta Vasarely-ren teorien morroi etorri zitzaigun. Txatarra puskak ebasten hasi ginen Pasaiako moilean, eskulturak moldatzeko. Zinema, orduan, abangoardia egiteko baino ez zitzaigun interesatzen. Super-8 bat zeukan, eta zeluloidea zuzenean maltratatuta zer lor zitekeen erakutsia zigun Sistiagak baino askoz lehenago. Esperimentaziotik marrazki txekiarretara pasa zen, eta egun batean bolantez eta erregela milimetratuz beteriko zurezko mahai bat aurkeztu zigun. Abian zen marrazki bizien gure lehen atelierra.
Urte gogorrak pasa ditu Berasategik, industria txiki interesgarri eta berezitu bat egin zitekeela frogatu nahian. Lortzeko puntuan dago orain, aitorpena kanpoan egin behar dioten honetan: Espainiako zinema mundutxoan hain ugariak diren azpikeriek lapurtzen ez baldin badiote behintzat, Goya saria emanen diote egun gutxi barru marrazki bizietan eginiko luzemetraia batengatik. Eta orduan oroituko gara Euskal Telebista sortu baino lehenago, askoz lehenago, bazela hemen marrazki biziak egiten zituen atelier bat, Juanba Berasategik sortua eta gidatua. Zenbat bidaia egin zituen Entera, zenbat proposamen ipini zituen mahai gainean eta ondoren zenbat etsialdi hartu zituen, neu naiz lekuko.
Orain, sari honek estatu mailan emango dion publizitatetxoaz eta teknologia berriek aurrezten dutenari esker, agian ikusi ahal ukanen dut berriro Juanba Berasategi atzamarrak pinturatan zikinduta, aspaldiko partez. Ez nuke besterik nahi, bizirauteak behartu duen bidaia, bilera eta fantasia finantzieroetatik urrun, artista dena artista izatera bihur dadila ostera. Sari hori ere ongi merezia baitu


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude