EUSKALDUNAREN ITZALA SEKTOREAREN GAINEAN DA

  • berriz ere, gauzak dauden bezala daudela Korea eta Japoniako untzigintzarekin lehiatzea ia ezinezkoa baita. Gainera, untziak fabrikatzeko nazioarteko eskaera geldituta dago.

2021eko uztailaren 21an
Euskalduna untziola historikoaren itxieraz hamar urte badirela, Ibar Ezkerrean dagoen Sestaoko La Naval –Astilleros Españoles, AESA, osoarekin batera– untziola, Euskaldunari gertatutakoa errepikatzeko arriskuan da, berehalako neurriak hartzen ez badira behintzat. Konponbidea, diru-laguntzak areagotzea baino, Korea eta Japoniaren espantsionismoa –eta dumping-a– geldiaraztean legoke, adituen ustez, gaur egun ezin baita hauen prezioekin lehiatu. Nahikoa litzateke esatea gaur egun Sestaon –edo Espainiako untziolaren batean– eta Korean egindako untzi baten arteko prezioan % 25-30ko aldea egon litekeela.
1998 hasieratik ez da lan berririk kontratatu eta jadanik abian direnen artean, batzuk 1999ko erdialdean-edo amaituko dira, beste batzuk urte bukaera arte iraungo dutelarik. Gainera, Espainiako Untziola Publikoek ezingo dute, orain arte bezala, diru-laguntzarik jaso. Untziaren balioaren gaineko % 9ko diru-laguntza jasotzen zuten Europako Batasunetik. Gauzak horrela, egoera ilun samar ageri da eta beste lanpostu murrizketa bat burutuko da laster. AESA, 1984an 24.587 behargineko plantila izatetik 1998an 5.800 izatera pasa da; azken horietatik milatik gora Sestaokoak dira. Horrek 14 urte eskasetan plantila % 76 murriztu dela esan nahi du. Europako gainontzeko untzigintza industriaren egoera antzekoa da, nahiz eta hauek berregituraketa prozesua Espainiakoek baino lehen hasi izan.


EZIN LEHIATU.

1973tik AESA bere egitura murrizten aritu da, milaka enplegu deuseztuz. Hainbat berregituraketa planek AESAren plantila txikiagotu eta hainbat untziola itxiarazi du. Euskaldunaren kasua bereziki sonatua izan zen, itxieraren arrazoiak industrialak baino politikoak izan baitziren.
Azken egokitzapen plana Lehiakortasun Plan Estrategikoa (LPE) deiturikoa izan zen eta 1996tik 1998ra bitartean garatu zen. Fondo publikoetatik, hau da, gure poltsikoetatik ateratako 200.000 milioi pezetako (8.000 milioi libera) kostua izan zuen planak. Horren truke taldeak bere produkzio ahalmena gutxiagotu eta plantila 10.000tik 5.800 pertsonara murriztu behar izan zuen. Helburua 1998ko galerak geldiaraztea zen. Nolanahi ere, AESAk 24.000 milioi pezetako galerak izan zituen 1997an –LPEan aurreikusitakoak baino sei bider handiagoak– eta 1998a 19.000 milioi pezetako galerez amaitu dute. Datorren 1999rako ere galerak aurreikusi ditu AESAk, 12.500 milioi pezetakoak hain zuzen.
Kontuan hartzekoa da egoera larri hau AESAren fakturazioak nabarmen gora egin duenean eman dela, 1994ko 79.843 milioi pezetatik 1998ko 155.000 milioi pezetara igaro delarik. 155.000 milioi pezetako fakturazioaz AESAk iaz 19.000 milioi pezetako galerak izan bazituen, bere buruari galdetzen dio orain zer gertatuko ote den, EBak untzigintzarako eskaintzen zituen diru-laguntzak desagertu ostean eta eskabide-kartera murriztuz doala ikusita.
Zeintzuk dira etengabeko berregituraketen, untziolak ixtearen, horrenbeste lanpostu murrizketa burutzearen eta oraingo finantza-egoera larriaren arrazoiak? Betiko moduan, azken hamabost urteotan emandako arrazoia ez da aldatu: untziola japoniar eta korearrek untziak geroz eta merkeago egin ditzakete eta ezinezkoa da haiekin lehiatzea.
Momentu honetan, gainera, badira egoera hau areagotzen duten beste bi arrazoi: ia geldiarazita dagoen nazioarteko untzi eskaria eta azken hilabeteetan etengabe beherantz doazen eta jada 1990ean baino beherago dauden prezioak. Adibide gisa, VLCC untzia har liteke; 1990ean 87 milioi dolarreko kostua zuen, 1993an 95koa, eta 66 milioi dolarrekoa baino ez gaur egun. AESAk ez dauka untzi horiek prezio horretan egiterik.
Konponbideak bilatzeko orduan, AESAko arduradunek eta hainbat sindikatuk Japonia eta Korearen espantsionismoa geldiaraztearen aldeko jarrera agertu dute, Koreari Nazioarteko Moneta-Fondoaren (NMF) laguntzen truke zorroztasun handiagoa eskatuz. Era berean, bere produkzioa areagotzeko eta prezio mailan merkatuan lehiakor izateko, NMFko fondoak darabiltzaten herrialde asiar horien konkurrentzia desleiala ekiditeko neurriak eskatu dituzte

AESAk 14 urtetan 19.000 lanpostu suntsitu eta Euskalduna itxi zuen

Astilleros Españolesek (AESA), untzigintza enpresa publikoak, azken 14 urteotan 18.787 lanpostu suntsitu ditu, horietatik 8.000 La Naval eta Euskalduna untziolei dagozkienak. Bilbon kokaturiko Euskalduna untziola orain 10 urte itxi zen eta gaur egun laster inauguratuko den Musika Jauregi batek hartu du bere lekua.
1984. urtean AESAk 12 untziola zituen Espainian: Astano, Barreas, Jualiana, Astanmder, Sestaoko La Naval, Euskalduna, Sevilla, Cádiz, Puerto Real, Celaya eta Astican. Bere plantila osoa 24.587 pertsonakoa zen. 1994. urtean aldiz, Euskalduna, Celaya eta Astican ez ziren zerrenda horretan azaltzen, itxi egin baitzituzten. Orduan plantila osoa 10.017 pertsonakoa zen. 1998 urtera arte lehengo untziola kopuru berari eutsi zaio, baina plantila murriztuz joan da etengabe, 5.800 pertsona baino ez izan arte.
Zenbat pertsonarengan izango ote du eragina aurtendik aurrera aurreikusita dagoen lanpostu murrizketak? Untziolaren bat ixteko erabakia hartuko ote da? Zer nolako eragina izan dezake honek Sestaoko La Navalen? Galdera hauek guztiek ez dute oraingoz erantzunik. Argi dagoena da 1999 erdialdean emango zaiola hasiera murrizketa honi, mundu mailako eskaeran erabateko aldaketarik gertatu ezean. AESAko lehendakari Antonio Mendozak, lanpostu murrizketak egingo badituzte ere, untziolarik ez dela itxiko adierazi du.
EBak baimenduriko untzi produkzio ahalmena 1984ko 445.000 tona gordinetik 1994ko 240.000 tona eta 1998ko 191.500 tonara igaro da. Produkzioa, tona gordinetan, 1984ko 115.000 tonetatik, 1994ko 159.000 tona eta 1998ko 185.000 tonetara igaro da. AESAko fakturazioa 46.500 milioi pezetakoa izanik 1984an, 1994an 79.800 milioitara igaro zen eta 1998an 155.000 milioi pezetakoa izan da. Diru-galerak, bestalde, 1996an 44.000 milioi pezetakoak izan ziren, 1997an 23.996 milioikoak eta 19.000 milioikoak 1998an

Sestaoko La Naval lehiakorra izan daiteke

Sestaoko La Naval untziola lehiakorra izan daitekeela dirudi orain arte egindako 5.000 milioi pezetako inbertsioei esker. Eta beraz, ez dirudi oraingoz ixteko arriskurik dagoenik. Hain lehiakor aritu izan da azken urteotan, non PP Espainiako Gobernura sartu ostean, pribatizatzeko aukera ere kontuan hartu den.
Euskalduna untziola historikoaren itxieraren ondoren, Sestaoko La Navali arreta handixeagoa eskaini zion PSOEko Gobernuak eta horren ondorioz, bere instalazioek eraberritze prozesu garrantzitsua ezagutu dute. Hala ere, AESAk jasandako lanpostu murrizketen biktima ere izan dugu Sestaoko La Naval. Gaur egungo plantila nahiko murriztua dago: 1.000 langile (enpresa laguntzaileetan ari diren beste 1.000 langilerekin batera).
Adituen esanetan, Sestaoko La Naval japoniar zein korearrekin lehiatzeko egoeran legoke, batez ere Taylor Made deituriko zamauntziak bezalako untzigintza alorretan. Azken urteotan, La Navalek petroliotiko produktu eratorriak garraiatzeko Suttle Tanker untziak eta kimika-untziak egiten jardun du. Esan beharra dago ordea, euskal untziola honek desabantailak badituela untzi estandar produkzioan, japoniar eta korearrekin alderatuz gero. Izan ere, untziola asiarrek untzi-serie handiago eta merkeagoak egiteko ahalmena dute.
Orain, AESA bere untzioletan lanpostu murrizketa berri bati ekiteko prest azaltzen denean, ikusi beharko da zein irizpideren arabera egiten den. Arrazoi ekonomiko edo industrialak ez dira beti izaten zein untziola itxi edo murrizketak zein untziolatan egin behar diren erabakitzeko kontuan hartzen direnak. Hego Euskal Herriko bizipen historikoak garbi asko uzten du hori, Euskaldunarena itxierarik eskandaluzkoena izaki.
Euskalduna ez zuten arrazoi ekonomiko eta industrialengatik itxi, arrazoi politiko garbiengatik baizik. Euskalduna azken urteetan untziola errentagarria zen, Sestaoko La Naval eta Espainiako beste edozein baino errentagarriagoa gainera. AESAk ordea, Euskalduna ixteko erabakia hartu zuen. Zergatik? PSOEren Gobernuak, AESA –enpresa publikoa izanik– kontrolpean zuen eta bere interesek hipotekaturik zegoen.
Sestaoko La Navaleko enpresa batzordea UGTren kontrolpean zegoen bitartean, Euskaldunan ELA zen nagusi. Bata edo bestea ixteko aukeran, PSOEk Euskalduna ixteko erabakia hartu zuen. Gainera, Espainian ez zegoen Euskalduna edo Sestao bezain untziola errentagarririk. Hala ere, AESAk Euskalduna itxi zuen. Oraingoan ere antzeko gauza gerta liteke


Azkenak
Ekofeminismoaz, motozerra eskutan

Duela hilabete inguru, unibertsitateko kide gizonezko baten liburu aurkezpenean ginela, egoera bitxi samarra gertatu zitzaigun. Ekologiari buruzko liburua zen eta erreferentzien artean hainbat pentsalari ekofeminista zeuden. Egileak, baina, inongo momentuan ez zuen aipatu... [+]


2024-06-17 | Jakoba Errekondo
Udaberria jan dezagun mikatzetik

Arabako Errioxako udaberriak ez dauzkat ahazteko. Urte dezentetan harrapatu ditut sasoi horretako loraldi betean hango mahastiak eta harrigarria da; laburra da paisaia berria, baina iraupen motz horretan begien sabaia erretzen du eta ordura artekoak ahantzarazten.


2024-06-17 | Nagore Zaldua
Itsas dortokak lozorrotik esnatu ote dira euskal kostaldean?

Udako solstizioa gerturatzen ari den honetan, euskal kostaldean itsas dortokak ikusteko aukerak ugaritu dira. Gure uretan ezagunena Egiazko kareta (Caretta caretta) da. Ale helduen oskolaren batezbesteko tamaina, 120 cm-ko luzera zuzenera eta 200 kg-ko pisura irits daiteke... [+]


2024-06-17 | Garazi Zabaleta
Lurbizi
Lurraren bankua sortzen, nekazaritzarako oinarrizko baliabidea bermatzekoa

Oiartzunen nekazaritza bultzatzeko eta elikadura burujabetzarako bidean pausoak emateko sortu zen Lurbizi egitasmoa, 2016 urte inguruan. “Herritar talde batek denbora zeraman herrian nekazaritzaren eta lehen sektorearen egoera kaxkarraz hausnartzen”, adierazi du Ibon... [+]


Eguneraketa berriak daude