«Nafarrek titulu gogorrak irakurtzera ohitu beharko dute»


1994ko apirilaren 24an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Fernando Mujika kazetariari elkarrizketa Diario de Noticias-eri buruz
«Nafarrek titulu gogorrak irakurtzera ohitu beharko dute»
FERNANDO MUJIKA
Urte askotan gerra-erreportaria izandakoa, mundu guztiko bazterrak ezagutzen ditu 47 urteko iruindar honek. Orain, ostera, «Diario de Noticias», «Navarra Hoy»ren ordez sortu den egunkari berria zuzentzeko ardura hartu du. Proiektu honi buruz eta bere eskarmentuei buruz hitz egin digu.
ARGIA. Proiektu berri baten sorreran murgildurik zaitugu. Nolakoa da egunkari berri bat kaleratzeko abentura?
FERNANDO MUJIKA. Grina handiko abentura da, egia esan, oso zaila baita egunkari berri bat kaleratzea. Gainera, hori ez da egunero gertatzen den gauza bat, ez hemen eta ez inon. Profesional baten bizitzan oso gutxitan suertatzen den aukera da. Nik, zorionez, hirutan bizi izan dut egunkari baten sorrera barrutik: «Deia», «El Mundo» eta «Diario de Noticias»enak, hain zuzen ere. Adrenalinaz beteriko esperientzia da, nahiz eta zailtasun ikaragarriak izan. Lehen egunetan ezin duzu ez lo, ez jan, ezta bizi ere egin zure energia guztiak egunkarian uzten baitituzu. Behin egin eta gero, akatsak hagitz erraz ikusten dira, baina kazetari batek badaki egunkari bat sortzea biziki zaila dela.
A. Zergatik onartu zenuen, orduan, ardura hau Madrilen zenuen lana utzirik?
F.M. Aldapa gogorrak maite ditudalako. Adin aproposa dut gainera. Kazetaritzan denetik egin izan dut, azpitik hasi eta urratsez urrats gora igoz. Sekulan ez nuen egunkari bat zuzendu eta grina handia sortzen dit. Horrez gain, egunkaria nafarra izatea erabakigarria izan da.
Aukera beste toki batean eskaini izan balidate ez nukeen onartuko. Ni Iruñekoa naiz eta lurraldea ezagutzen dut. Hori, aldi berean, oztopo da, gauzak aurreritziz ikusten baitituzu.
A. Presio handia jasaten al du egunkari baten zuzendariak?
F.M. Nik, bederen, oraindik ez dut handiegia jasan. Dena den, presioak indartu egiten nau. Gauza bat argi daukat: lurralde honetan jendeak titulu gogorrak irakurtzera ohitu beharko duela, eta hori ez da denen gustukoa izango. Kazetaritzak beti izan behar du agresiboa eta denak gustura egotea ezinezkoa da.
A. «Diario de Navarra» egunkari nafar nagusia da. Horren ondoan, zer proiektu eta zer asmo eskaintzen ditu «Diario de Noticias»ek?
F.M. Egunkari batek guztientzat izan behar du. Sektore bati soilik zuzendua dagoela pentsatzea hutsala da. Baina egia da guk jende gaztea gureganatu nahi dugula, eta baita lanbide liberala duen jendea ere. Emakumezkoak eta unibertsitariei ere arreta berezia eskainiko diegu. Berriz diot, egunkari batek era guztietako jendearentzat izan behar du. Bestela ez da egunkaria. Eta egunkariaren atzetik proiektu politiko bat baldin bada ere, orduan ez da egunkari bat. Ene ustetan proiektu publikoetan oinarrituak dauden kazetak hutsaren hurrengo dira.
A. Baina «Diario de Navarra» egunkari bat da, eta irizpide politiko batzuk izanen ditu.
F.M. Oso gutxi. Gu ongi jokatzen duten guztiekin gaude, eta oker aritzen direnen aurka. Gure egunkaria bokazio komertzialez jaio da. Kapitala jarri duen enpresak dirua irabazi nahi du. Horrez gain, zerbitzuak eskaini nahi ditugu.
A. Aipatu duzun azken atal hau argi ikusten da zuen egunkarian. Alegia, zerbitzuei garrantzi handia eskaintzen diezuela. Hori al da etorkizuneko kazetagintzaren erronka, egunkaria zerbitzu produktu bihurtzea?
F.M. Egia esan, nazio mailan, zerbitzuei guk adina garrantzi ematen dion egunkaririk aurkitzea zaila da. Horixe nahi dugu. Ez dugu ezkutatzen, gainera. Jendearentzat baliagarri izan nahi dugu, eta hori, Ostiral Santuko prozesioa nondik igarotzen den azalduz lortzen da, egun horretan jendeari gehien interesatu zaiona hori baita. Noski, guzti honek ez du esan nahi gai nagusiak baztertuko ditugunik.
A. Nafarroa eremu bakarra duten bi egunkarirentzat tokia ikusten al duzu?
F.M. Zalantzarik gabe. Ezinbestekoa deritzot bi egoteari. Honek ez du esan nahi biak negozio bikainak izango direnik. Gu, gainera, ez gara merkatu osoa gureganatzeko asmoz jaio. Gure aurrikuspenetan 10 edo 12 mila ale saltzea espero dugu eta salmenta horri errentagarritasuna ateratzea ere bai.
Oraingoz espero genuena baino gehiago lortzen ari gara eta hori arriskutsua izan daiteke. Uste baino gehiago saltzeak zailtasun teknikoak ekartzen ditu eta horri aurre egiten ez badiozu arrakastaz hiltzeko arriskua duzu.
A. Zenbait tokitan diotenez, Juan Cruz Allliren ideien aldekoa da «Diario de Noticias».
F.M. Egunkari bat sortzen denean esandakoak mila dira. Bost ale daramatzagu eta lau edo bost kolore ezberdin jarri dizkigute jadanik. Opusekin ere elkartu gaituzte, adibidez. Gauza bat kaleratzen badugu alde batekin elkartuko gaituzte, eta biharamunean, beste albiste bat publikatuz gero, kontrakoarekin lotuko gaituzte. Oraindik ez dugu denborarik izan zer garen eta nor garen erakusteko.
Egunkari honek merezi duenari emango dio tartea. Indarkeriarekin ez gaude, hori argi eta garbi diot. Titulu objetibo bat plazaratzeagatik erredakziora etorri eta harriak jaurtitzen baldin badizkigute... ez dakit zer esan. Guk gure bideari jarraituko diogu eta horrek batzuei min emango die.
A. Ia egunero euskarazko orria kaleratzen duzue. Nola eutsi nahi diozue gai horri?
F.M. Euskarak Nafarroan garrantzia du, eta guk uste dugu jendeak euskaraz irakurtzeko aukera izan behar duela, hizkuntza praktikatzeko besterik ez bada ere. Horrez gain zailtasunak ere baditugu: euskaraz idazten duen hainbeste kazetari ere ez daude eta, gainera, nik ez dakit euskaraz, eta erdi itsuan fidatu beharra daukat. Batzuetan jendeak deitzen digu euskara tajuzkoa ez dela esanez. Guk euskarari tratamendu normala eman nahi diogu. Ez du orri berezia izan beharrik, gai bereziak jorratuz.
Batzuek diotenez, honek irakurleak kenduko dizkigu; euskara baztertzen duen jendea, alegia. Besteek, ordea, irabazi egingo ditugula diote. Guretzat, printzipioz, froga bat da. Gehitu daiteke euskararen tartea.
Egia da, baina, euskaraz irakurtzeko gaitasunik duen hainbeste jende ez dagoela. Gure apustua normaltasunaren ildotik doa. Nire iritzi pertsonala hauxe da: euskara eta politika bereizi egin beharko lirateke.
A. Nola ulertzen dituzue Nafarroak Euskal Autonomi Elkartearekin dituen harremanak? Horrez gain, zer deritzozu Nafarroa Euskal Herriaren proiektuaren barnean nahi duten nafarrei buruz?
F.M. Gure bizilagunek arduratzen gaituzte, baina EAE ez da Nafarroaren bizilagun bakarra. Errioxa ere bada, eta baita Frantzia edo Aragoi ere. Horren arabera, EAEko informazioa emango dugu, baina beste lurraldeen hein berean. Nafarroak ideia zabalagoa behar du izan. Txistorra gauza ederra da baina Europako Batasunean gaude. Euskal Herriaren proiektua baino harantzago iristen da Nafarroa. Bestela motz geratuko ginateke. Bokazio irekiagoa izan behar dugu denok.
A. Estatuko kazetaritza ondo ezagutzen duzu. Nola ikusten duzu egun?
F.M. Krisi egoeran dakusat. Azken urteetan hiru egunkari desagertzen ikusi ditut, eta hori tamalgarria da. Egunkari bat desagertzen den bakoitzean gizarteak zerbait galtzen du.
Jaiotzen direnak, gainera, oso ahul sortzen dira. Aniztasun handiagoa eskertuko nuke. Horretaz aparte, kazetaritza politikoari garrantzi handiegia ematen ari zaio. Politika interesgarria da, baina gizartea hori dela pentsatzea nik ez dut sinesten. Egun, gizartea eta egunkarien artean tarte handia dago eta hori da gutxi saltzearen arrazoia. Kazetaritzaren etorkizuna egia handiak eta egia txikien arteko erdibidean dagoela uste dut, jendearengandik gertu.
A. Munduan zehar asko ibili zara. Zein eskarmentu jaso duzu hainbeste urteren buruan?
F.M. Gizakia krudela dela, dudarik gabe. Sarraski eta tortura handienak eragiteko gai da gizakia, eta aldi berean norbaiten alde bizia emateko prest dago. Sarajevon itzulingurua egitea besterik ez dago.
Biolentzia, edozein eratara ulertua, gogotik gorrotatzen dut, agian gehiegi ikusi dudalako. Biolentziak ez du inora eramaten eta helburu handienak ere ez du tiro bat merezi. 15 gerra ikusi ditut eta horrek bakezale amorratua bihurtu nau. Gizakia gertuegitik ikusi dut berarengan sinetsi ahal izateko. Eta, ostera, gauza ikaragarri onak ere ikusi ditut. Zerekin geratu? Bada, gizakia bi eratakoa dela, bikoiztasun hori barru barruan duela. Eta inork ez dezala uste biolentoa ez denik talde armatu batean ez dagoelako. Sarajevon, okin hiltzaileak ikusi izan ditut.
A. Ruandan egotea gustatuko al litzaizuke? Kazetari lanbidearen izaera bera da berria jazotzen den lekuan egon behar hori.
F.M. Lan hori gustatzen zait, eta egunkari hau zuzentzen izango ez banintz, ziur han nintzatekeela. Eta gorriak pasatuko nituzke, baina tira. Dena den, guzti horrekin ez da ezer lortzen. Sarajevora joan eta handik idazten duenaren bitartez mundua aldatzen duela uste duena oso oker dabil. Hori utopia da. Munduak berdin jarraitzen du. Jendeari bost axola Ruandan zer gertatzen den. Erreportari lana egiten duenak atsegin duelako egiten du eta ez beste inongo asmorik duelako.
Iñigo Herce
34-38

GaiezKomunikabidPrentsaEgunkariakDiario de n
PertsonaiazMUJIKA9
EgileezHERCE1Komunikabid

Azkenak
Nepalgo lehen ministroak dimisioa eman du, protesta gogorren ondorioz

Liskarretan gutxienez hogei pertsona hil dira astelehenean. Astearte goizean, lehen ministroaren etxeari su eman diote manifestariek. Herritarrik gazteenak ari dira protestan, gobernuaren ustelkeriaren aurka, eta bereziki, sare sozialen debekuak eraginda.


2025-09-09 | ARGIA
Aske utzi dute Jose Mari Dorronsoro euskal presoa, 32 urteren ondoren

Jose Mari Dorronsoro preso politikoak Frantziako Estatuan bete zuen zigorra aintzat hartu ondoren, aske utzi zuten abuztuan, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.


2025-09-09 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Bazuen mezua, noski, Pekineko desfileak; baina zein zen mezua?

Zuzenean, askok, edo geroago ehunka milioik ikusi ahal izan duten irailaren 3ko Pekineko desfile militar erraldoiak bazuen, bai horixe, mezua. Halako guztiek bezala, esan genezake. Antolatzaileen borondateaz harago doazen mezuak, batzuetan. Mezu horiek zein eta norentzat ziren... [+]


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Israelek Gaza hiria ebakuatzeko agindua eman du eta drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian

Israelgo armadak Gaza hiria eta inguruak husteko agindua eman du. Gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek. Bideoan argi ikusten bada ere, Tunisiako Gobernuak gezurtatu egin du. Haren arabera, ez da atzerriko erasorik izan.


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


2025-09-09 | Irutxuloko Hitza
Kaleratzeak Stopek gaitzetsi du Donostian GOe egiteko azkartasuna, ondoko orubeko gazteentzako apartamenduei ekiteko datarik ez dutenean

Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan... [+]


Nafarroako azoka ekologiko handiena Noainen lurreratuko da irailaren 12tik 14ra

Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira


2025-09-09 | Gedar
EAJko presidente ohi Andoni Ortuzar kanpo-aholkulari gisa fitxatu du PwC multinazionalak

 "Komunikazioan eta gai publikoetan" lagunduko dio enpresari. Lizitazioak manipulatzeagatik isundu izan dute konpainia, eta lotura zuzenak ditu EAJrekin. 


2025-09-08 | Aimar Lopez
Istilurik gabe baina normaltasunik gabe ospatu dute bertze behin Alarde eguna Hondarribian

Jaizkibel konpainia berdinzaleak Herriko Etxearen eta epaileen deliberoak bete ditu, ez haatik HAOSEk, alarde baztertzailearen antolatzaileek. «Estrategia aldaketa bat» eskatu dio Jaizkibelek auzapezari; ezkerreko ordezkariek «Alardea antolatzeko».


2025-09-08 | ARGIA
Israeli armak salerostea debekatzeko dekretua iragarri du Espainiako Gobernuak

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak adierazi du, legez arma-blokeoa ezarrita, presioa eragin nahi dutela Benjamin Netanyahurengan. Sánchezek deitoratu du nazioarteko komunitatearen zati baten “indiferentzia” eta Israelgo Gobernuarenganako... [+]


Bayrouren gobernua erori da Frantziako Asanblean eta estu da Macron

Astelehen arratsaldean konfiantza mozioa galdu du Frantziako lehen ministro François Bayrouk. Konfiantza mozioa eskatu zuen, datozen lau urteetarako austeritate usaina zuten aurrekontu batzuk aurkeztu eta bere aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean eskuin muturrak. Aurrez... [+]


2025-09-08 | Axier Lopez
Argentinako ultraeskuinak lehen kolpea jaso du haustekundeetan

Peronismo klasikoak Buenos Aires probintziako hauteskunde legegileetan botoen %47,2 lortu du. Javier Mileiren La Libertad Avanza hautagaitza 13 puntura geratu da (%33,7). Emaitza esanguratsua da bozka emateko eskubidea duten argentinarren %38 Buenos Aires probintzian biltzen... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


Eguneraketa berriak daude