«Mendebaldeko arauak ezarriz gero, Errusian ez du ezerk aurrera egingo»


1994ko urtarrilaren 16an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Alguis Arlauskas zinemagileari elkarrizketa
«Mendebaldeko arauak ezarriz gero, Errusian ez du ezerk aurrera egingo»
ALGUIS ARLAUSKAS
L ehen deitura lituaniarra du; bigarrena, Pinedo, ama bizkaitarrarengandik jaso zuen. Moskun jaioa, Bilboko Uribarri auzunean bizi da, aiton-amonen etxean. Alguis Arlauskasek, hilaren 12tik aurrera ETBn pantailaratuko den «Errusian bizi ala hil» lanaren zuzendariak, Espainiako gerra garaian Errusiara erbesteratutako haurrei buruzko gogoetak bildu ditu dokumental honetan. Ama, hain zuzen, hara joandakoa zuen.
ARGIA. «Errusian bizi ala hil» lanaren lehen atala ikusia dugu jada, eta lan egiteko moduan antzeman daiteke zinema zuzendari batek egina dela. Ez du kazetaritza oinarri handirik.
ALGUIS ARLAUKAS. Jenero kontuez hitz egiten galdu egiten naiz, batez ere ezin dudalako hemengo ikuspuntutik aztertu. Errusian ez zaio lan bati erreportaia izendapena hemen bezain erraz jartzen. Hala ere, ez dut uste erreportaia edo dokudrama denik, bideoz egindako zinema dokumentala baizik. Zinema da, beraz, eta ondorioz irudia ere lan artistikoa da. Dokumentala izan daiteke, baina ez erreportaia. Zerbait berezia da. Gure helburua bizitzak ematen digun material horri etekin artistiko gorenena ateratzea zen. Artxiboak, aktoreak, ametsak, une historikoak... Baliabide guztiak erabili ditugu lan osatua egiteko. Lortu dugunentz jendeak erabakiko du.
A. Zenbateko garrantzia du irudiak eta zenbatekoa hitzak?
A.A. Nork bere buruaz azalpenak ematea zail egiten zait. Hori abiapuntu, ez dakit kazetaritza lana edo beste esparru batekoa den. Muga ezin dut zehaztu. Gu asmo zehatz bati lotu gatzaizkio: zerbait gehiago esatea, urrutirago joatea, izpiritu mailako inbertsio handiagoa egitea azken batean. Horretarako materiala aztertzeko eta jendearekin egon ahal izateko denbora asko behar zen. Kazetariak oso denbora gutxi du bere lana egiteko; nik, aldiz, hilabete bat eta bi ere izan ditut. Filmaketa taldeko bakoitzak arima zati bat utzi du lan honetan.
A. Ama Espainiako gerran Errusiara erbesteratutako umeetako bat izanak bultzatu al zaitu lan hau egitera?
A.A. Erabat. Horrelako premia neukan, eta nolabait atal bakoitzean nire amaren bizitza ukitzen dut; are gehiago, lehenengo atala amaren omenez egin dut. Bere bizitza Espainiako gerrako euskal haurren patuaren beste eredu bat da, milaka haurrek sufritu baitzuten XX. mendeko lehen erbesteratze izugarri gogor hau. Garrantzi itzela du mende honetako historian.
A. Gerra garaiko haur hauek gordetzen al dute ezaugarri berezirik egungo Errusian? Zer gertatu da, bestalde, bigarren belaunaldiarekin, haur hauen seme-alabekin?
A.A.Lehenengo belaunaldiak gorde ditu, batez ere, ezaugarri bereziak. Beti ere, etxeko atarian maletak eginda bizi izandako pertsonak izan dira, euren herrira itzultzeko asmoz, herriminez. Askotan anai-arrebak banatu izan dira, batzuek itzultzeko baimena lortu dutelako eta besteek ez. Etorritakoak, ordea, ez dira umetan ezagutu eta amestutako herrira itzuli, baizik eta frankismoak jota zegoen herrira. Asko atzera itzuli ziren Errusiara han tristeziak hiltzeko...
Kasu asko daude kontatzeko, denetarik egon baita. Gainera, Errusiara joandakoak, Europako beste herrialde batzuekin konparatuz, beste planeta batera heldu ziren: Sobiet Batasuna, «sozialismoa», diktadura gogorra _estalinismoa_ ezagutu zituzten... Eta hasieran kristalezko kutxa batean bizi baziren ere, II. Mundu Gerraren ondorioz aldaketa asko jasan zituzten. Gehienak, prestaturik ez zeudenez, aldaketa berri hauei ezin egokiturik ibili dira. Horregatik, gaur egun ez dute hurbileko historiaren ikuspuntu bera.
Zentzu honetan, bigarren belaunaldiak badu oharmen hori, denborak emandako distantziaz ikusten dituzte gauzak. Gure gurasoek euren bizkarrean ezagutu dute; guk ez. Ez dute Errusia hitza aipatu ere egin nahi, eurentzat gauza positibo bakarra Sobiet Batasuna delako: Stalin maite dute. Eta nik ulertzen dut, sistemak eman zizkien gauzengatik. Bigarren belaunaldiak ikuspuntu zabalagoa du.
Aipagarria da, bestetik, bigarren belaunaldi honek bigarren `herri' horrekiko loturak galtzen dituela.
A. Gerra garaian Errusiara joandakoetatik zenbat bizi dira gaur egun?
A.A. 700 bat. Baina duela bi urte 2.000 inguru ziren. Gehienak nahiko gazte hil dira, 60 urte ingururekin. Eta zerikusia du honetan euren herrira itzultzeko itxaropena galdu izana. Errusian gertatzen ari dena medio, ezin dute Euskal Herrira itzuli.
A. Oso kritikoa al zara Errusia eta Sobiet Batasun ohiarekiko?
A.A. Kritikoa naiz, baina ez da kanpotik egiten dudan kritika, oso barruan sentitzen dut eta. Ez da nihilismo edota kritikismo ezkorra, baikorra eta maitasunez egindakoa baizik. Gainera, kritikarik ez badago dena gelditzen da. Hori gertatu zen Sobiet Batasunean monopartidismoarekin, zentsura eta ahots bakarrarekin dena gelditu zen: bizitza intelektuala, ekonomikoa eta finantz arlokoa... dena.
A. Errusiak mendebaldeko demokrazia behar du, beraz?
A.A. Ez, eta hori da txarto ulertzen dena. Herrialde guztiek behar dute demokrazia, baina ez du zertan mendebaldeko demokrazia izan behar. Hau da, herrialde bakoitzak izan duen historia eta ezaugarrietara moldatu beharko du demokrazia. Errusian Iparramerika edo Europako arau ekonomiko zein legegileak martxan ezartzen baditugu, ez du ezerk aurrera egingo.
Beste ezaugarri batzuk dituen herrialdea da Errusia, erritmo desberdina, beste pentsaera bat. Gainera, Errusia oso handia da eta aniztasun handiko herrialdea. Agian Siberia eta Moskuko biztanleek gauza desberdinak behar dituzte. Mendebaldeko merkatu liberalizazioa ez da onuragarria izango lurralde hauentzat. Gaizki ulertutako eta gaizki antolatutako kapitalismoa gaizki ulertutako eta gaizki antolatutako sozialismoa bezain txarra da.
A. Besteengandik desberdin ikusten duzu zure burua Errusian eta Euskal Herrian jaso duzun kultura bikoitza dela eta?
A.A. Nabarmena da kultura bikoitza jaso dudala, baina ez naiz horregatik desberdin sentitzen. Eroso sentitzen naiz Euskal Herrian zein Errusian. Errusiara joaten naizenean nire testuingurua bere akats, egoera larri eta gauza onez aurkitzen dut. Berdin gertatzen zait Euskal Herrira itzultzen naizenean: gauza batzuk atsegin ditut eta beste batzuk ez. Zaila egiten zait, dena den, etxe bikoitzaren sentimendu hori azaltzea. Batzuetan, kultura bikoitz hori ez da batere erosoa. Hainbatetan lotsagarria izan daiteke, baina erreala, aberasgarria eta baikorra da orokorrean. Esperientzia berezia da.
Errusian nagoenean Euskal Herriko gauzak kontatzen ditut, eta inguruko jendeak arretaz entzuten ditu. Beste horrenbeste Euskal Herrira etortzen naizenean, Errusiaz kritikoki eta maitasunez hitz egiten dut.
A. Euskal Herrian zaudenean herriminik sentitzen al duzu Errusia gogora etorrita? Eta alderantziz?
A.A. Bai. Orain Euskal Herrian nago eta laster Errusiara itzultzeko gogoa izango dut, nire lagunekin egoteko edo lanean jarduteko. Batez ere lan egiteko, Errusian ondo asko baitakit nire lan esparrua zein den.
Euskal Herrian zinema mundua oso murritza da. Errusian, aldiz, oraindik intelektual giro berezia dago zinema egiteko. Hemen lan artistikoa egiteko gauzak antolatuegi daude, mekanikoegiak dira. Hemengo jendeak bere bizitzaren % 70 ematen du kreditu edota hipotekatan pentsatzen, eta han jendeak ez du kreditu txartelik. Gauza hauek, beraz, han ez dute hainbesteko kezka sortzen. Han nahiago dugu arteaz edo bizitzaz hitz egitea errenta aitorpenari buruz jardutea baino. Honek alderdi txarrak eta onak ditu, noski, Errusian jende asko oso baldintza larrietan bizi delako. Ez dute autorik edota garbigailurik, baina aldi berean, edozein leku aproposa da politikaz, arteaz, amodioaz, heriotzaz, munduko patuaz hitz egiteko. Elkarrizketa zaleak gara.
A. Ekialdetik etorritako zinemak ezaugarri berezi batzuk izan ditu. Nolako harrera espero duzu egingo dizutela hemengo ikusentzuleek?
A.A. Dokumentalak baditu errusiar ezaugarri batzuk, ezin natzaio eskapatu, bertan hazi eta hezi bainaiz. Euskal ikusentzuleei dagokienez, nahiko onartuak izan garela uste dut, lehenengo bideoa aurkeztu zenean arrakasta izan baikenuen. Harrera ona izango da. Gustatu ala ez, dokumental honek bere publikoa aurkituko du, batez ere Euskal Herrian. Ez dut loreak botatzeko asmorik, baina euskal herritarrak espainiarrak baino konprometituagoak dira, estandar ez diren gauzak, beste ikuspuntu batzuk onartzeko irekiagoak. Ez erratzea espero dut.
A. Errusiara itzultzeko asmoa duzu?
A.A. Jakina, ezin dut Errusian dudan bizitza guraizez moztu. Han nire gurasoen hilobiak daude. Gauza bera gertatzen zait Euskal Herriarekin. Hemen aitonaren etxean bizi gara, eta oso zaharra izan arren, etxe honen bizitza luzatzeaz harro sentitzen naiz. Gabriel Arestiren poema bat datorkit burura, «Nire aitaren etxea defendituko dut» dioena. Horrela sentitzen naiz hemen, gure aitonaren etxea defendituko banu bezala. Areago, harro sentitzen naiz amaren oroimena luzatzen dudalako, hemen nagoenean nire amaren begiez ikusten baitut dena. Bere birikekin arnas hartzen dut, beste ahots batez hitz egiten dut. Zailena Errusian eta Euskal Herrian bizitzeko modua aurkitzea da, nolabait ere nire arbasoen bizitza luzatzen jarraitzeko.
Myriam Gartzia
34-38

GaiezPolitikaNazioarteaEstatuak/NaERRUSIA
GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
PertsonaiazARLAUSKAS1
EgileezGARTZIA2Komunikabid


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude