Nafarroako instituzioak ez dira euskaraz idazten denik ohartu»


1993ko maiatzaren 30ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Aingeru Epaltzari elkarrizketa "Ur uherrak" liburuaren inguruan
Nafarroako instituzioak ez dira euskaraz idazten denik ohartu»
Aingeru Epaltzak «Ur uherrak» eleberria kaleratuko du Pamielaren eskutik
Ekainaren lehen astean argitaratuko da 1991ko Xalbador Saria jaso zuen «Ur uherrak» eleberria. Hirugarren liburua du Aingeru Epaltza iruindarrak. Egungo Euskal Herriari hurbiletik erreparatu dio oraingoan, amodio eta gorrotoa biltzen dituen istorio bat baliatuz. Eleberriaren mamia arakatzeaz gain, euskal kulturak Nafarroan dituen erronka nagusiak aztertzera jo dugu elkarrizketan zehar.
ARGIA. Zertaz mintzatzen zara liburuan?
AINGERU EPALTZA.
Amodio eta gorroto istorioa da eta batez ere adiskidetasun istorioa. Bi pertsonaia nagusi daude: neska gaztea eta adinean aitzina doan gizonezkoa. Batek bizitzen hasi nahi du eta besteak bukaera duina eman nahi dio. Kontrapuntu honek eramaten du eleberriaren haria.
Eszenatokiak herri honekin eite handia du. Ez da zurruna, mugitzen dena baizik. Momentu batean badirudi pertsonaiak irentsiko dituela eta horrek hausnarketarako aukera ematen dit, norberari eta herri honetan bizi garenoi zer gertatu zaigun aztertzeko aukera.
Garrantzia istorio bat kontatzeari eman diot. Akzioa duena zenbaitetan, entretenigarria egin nahi izan dut, irakurleak aise bereganatzeko modukoa.
A. Zer arazo planteatu dizkizu eleberria gaur eta hemen kokatzeak?
A.E. Arazo nagusia distantziamendua lortzea da. Inplikatzea, baina planteatzen ditudan tranpak eta amarruak hain begibistakoak izan gabe. Horretarako ez ohizkoak diren pertsonaiak eta aldi berean ohizkoak direnak sartu ditut. Hizkuntzaren alorrean, berriz, euskaldunak ez direnak ez dira mintzatzen, ez dute elkarrizketan parte hartzen.
A. Gaur egungo gaiei loturiko narratibagintza urria da gurean.
A.E. Badirudi halako beldur bat badagoela, gertatzen dena gureganatzea oso zaila delako edo. Hain fite gertatzen dira gauzak! Hausnarketarik egitea zaila da. Gero, egungo Euskal Herriaz mintzatzen bazara ezinbestekoa da indarkeriak planteatzen duen arazoaz hitz egitea. Hemengo kulturarekin zer gertatzen den eta eguneroko politikagintzak noraino eramaten gaituen. Horiek denak liburu batera eraman nahi izanez gero, arazoak sortzen dira, maiz aukera egin behar delako.
Irakurleari jarrera konkretu batetik jardun gabe mintzatzea zaila da. Nik ulertzen dut idazleak horri normalean ihes egitea. Baina beharrezkoa da azken urteek herri honi ekarri diotena eta nora goazen, ea inora goazen, aztertzea. Horretan saiatu naiz.
A. Zer irtenbide eman diozu liburuari?
A.E. Baikorra ezin izan. Liburua irakurtzen duenari aho zapore mingotsa geratuko zaio. Azken momentuan, nire buruaz gupidaturik ate bat zabaldu nahi izan diot. Hala ere, hala ere, hala ere... hemen gaude eta segitu behar dugu.
Liburua ez da baikorra. Ez pertsona garen aldetik ezta euskaldun garen aldetik. Ez dakit honek konponbiderik duen. Garbi dago denok hilko garela eta beharbada, herri gisa ere, hilko gara.
A. Hasierako bi liburuetatik hona zer aldaketa azpimarratuko zenituzke?
A.E. Orain artean, klasikoetan antzematen nuen hizkera propioa gorpuztu nahi izan dut, horretarako kontakizunak iraganera eramanez. Hau dela eta, idazle zailaren fama jaso dut. Alde honetatik, salto koalitatiboa egin dut. Duela 7 urte ezinezkoa izango zitzaidan honelako zerbait idaztea. Beste liburuetan egindako gehiegikeria batzuk utzi eta nafarroan bizirik dagoenarekin (bazter euskalkiak ez ditut sartu) zerikusi zuzenagoa duen hizkera sineskorragoa erabili dut, beti ere hizkuntz alorreko nere oinarri ideologikoak mantenduz, hots, euskara batuari nafarrera bilduz.
A. Aurten euskarazko 5 liburu argitaratuko omen dira Nafarroan. Urte oparotzat jo al daiteke?
A.E. Batez ere kontuan harturik azken bi urteetan halako geldialdi bat izan dela. Duela 6 urte hainbat idazle bateratsu plazaratu ginen, eta bazirudien horrek segidarik izango zuela baina ez da hala gertatu. Beste belaunaldirik ez da etorri. Banaka batzuk, Olasagarre eta; Zentzu honetan, ginenak gara.
Ez dakit hala ere, tartean zer gertatu den. Argitaletxeek lehen baino irizpide estuagoak erabiltzen dituzte originalak onartzean, eta horrek beharbada bere ondorioak izan ditu. Instituzioek laguntza handiagoa emanez gero, gehiago ateratzea ere posible litzateke... Azken batean, ordea, idazle bat berez sortu eta ibilbidea bakarka egitera kondenatua dago.
A. Beste politikarik eramanen balitz, idaztera jende gehiago animatuko litzatekeela aipatu izan duzu.
A.E. Paso egiten dute. Nafarroako instituzioak ez dira hemen euskaraz idazten denik ohartu. Ez dute ohartu nahi gainera. Ehundaka liburu eta idazki ateratzen dituzte eta hor euskadunok ez dugu eskurik sartzen ahal, inondik ere.
Gauzak honela, bada kazetaritza eta literaturaren eremu definigaitzean mugitzen diren hainbat erdal idazle, gai konkretuei buruzko liburu mordoa (horietarik hainbat, dudazko kalitatekoak) kaleratzen dituztenak. Mota horretakoak plazaratzeko aukerarik ez dugu. Nafarroan eremu birjina daukagu, ez da deus atera (mendi aldeko bertsolaritza dela eta kultura orohar). Hasi berrientzako eremu polita da gainera, gai lokalak hartuta, zabalkunde bat izan dezaketen lanak egiteko.
A. Plangintza falta al da?
A.E. Plangintzarik ez dago eta euskararen aurkako jarrera da nagusi. Gobernu hau boterera iritsi zenean espektatiba berriak sortu ziren; keinuak ausarki egiten badakite baina ondotik zer heldu da? Oraingoz deus ez. Momentu honetan Gobernuan, euskarari mesprezu gehien erakusten diotenak, hain zuzen ere, Kultura sailean daude. Eta horiekin egunero borrokatu behar ogi apurrak ateratzeko! Ez gaituzte kontuan hartzen, ezta hartu nahi ere.
A. Zertan asmatu du eta non ditu hutsuneak euskal literaturak?
A.E. Arras lan interesgarriak argitaratzen dira. Ez dute, baina, proiekziorik izaten. Argitaratu eta handik urtebetera inor ez da oroitzen, nahiz eta lan bikaina izan. Euskarazko liburu batek oso bizitza laburra du.
Izan ere, euskal literaturaren arazo nagusia irakurle faltarena da. Gauzak honela, ez naiz harritzen euskal idazle batzuk erdarara jotzera. Pertsonalki pena ematen dit, nik ez nuke bide hori hartuko, baina ez da kritikagarria. Tentazioa hor dago, eta tentazio iraunkorra da.
Gero, hainbat alorretan ez dugu aurrera egin. Kanpora begira hainbat zirrikitu ireki bazaizkigu ere, oraindik euskaratik erdarara ez da itzultzen, kasu. Ni hurbilen ukitzen nauen kasuan, Pamiela argitaletxea, bi hizkuntzetan ari da, baina ez du horrelako pausorik eman. Hor merkatuak agintzen du eta ez dago garbi erdal irakurleak nola erantzungo duen.
A. Euskara estandarra dela, argitaletxeen politika... Nafarroan baztertuak zaudetela aipatzen da sarritan.
A.E. Euskara batuak nafarrera arras ongi tratatu du. Lexikoaren problema dago, baturako nahi den hiztegi horrek gipuzkeraren antza handia baitauka. Hor soziologia aurka dugu, gu periferian geratzen gara. Inguruetara hurbiltzeko ahalegina falta da eta barneratua dago berriz, zilborrari begiratze hori; bertsolaritzan gertatzen da, literaturan eta beste alor batzuetan ere.
A. Itzultzaile lanetan aritzen zara Diputazioan. Zuen lanak ba al du inongo eraginik?
A.E. Diputazioko 14 itzultzaileetatik 11 aldizkari ofizialarekin gabiltza. Horrek kanpora begira ez du inolako proiekziorik. Euskararen normaltzeari begira ez du inongo eraginik eta hori gogaikagarria da. Oso luzera begira ez bada, alferrikako lanean ari gara.
Diputazioak urtero liburu mordoa ateratzen ditu erdaraz, jendearengana iristen direnak, eta horiek ez dira euskaratzen. Eta buletinak berriz, adreiluak, inork irakurtzen ez dituenak, itzultzen ditugu. Lehentasunak ez daude ondo markatuta; buletina itzultzeak kate batean azkena beharko luke. Gainerako katebegiei nork eusten die haatik? Inork ez.
A. Euskararen Legeak sakoneko aldaketarik ezagutuko al du?
A.E. Egungo indar koerlazioak kontuan hartuta _ez da epe motzean aldatuko eta aldatzekotan makurragora_, garbi dago aldaketak puntualak eta ondorio handirik gabekoak izango direla, nahiz eta jendearen ikuspuntutik ofizialtasun itxura handituko den, eta hori inportantea da.
Zer da inportanteagoa, ordea? Nafarroako Diputazioko zerbitzu nagusietan sare elebiduna sortzea ala Kaskanteko eskola publikoetan euskarazko adarra sortzea? Euskaldunak non gauden ikusirik (orain dugun lurraldea galtzen badugu ez dugu zereginik), inportanteagoa deritzot leitzarra Iruñera etortzen denean mahaiaren atzean izango duen funtzionariak euskaraz jakiteari.
Lehentasunak ez daude ongi markatuta eta gogaikarria da. Begibistako gauzak direnetan (Kaskantekoa ere begibistakoa da), aitzinapauso txiki bat lortzeko zenbat izerdi eta lan! Hilabetetak eta hilabeteak Parlamentuan eztabaidan... Hizkuntz Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren orain arteko borroka handiena, kasu, euskal zonaldeko herrien izen euskalduna idazki ofizialetara eramatea izan da!
J.J. Petrikorena
46-49

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaLiteraturaIdazleakEPALTZA1
PertsonaiazEPALTZA1
EgileezPETRIKOREN1Kultura

Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Eguneraketa berriak daude