«Borrokaren zama guztia ezin da presoen gain jarri»


1993ko otsailaren 21an
Isidro Etxabe "Zumai"ri elkarrizketa
«Borrokaren zama guztia ezin da presoen gain jarri»
Isidro Etxabe «Zumai»:
Hamabi urte daramatza preso Isidro Etxabek, torturen ondorioz hil zen Joseba Arregirekin batera atxilotu zutenetik, eta aurretik beste batzuk eman zituen klandestinitatean. Hirugarren gradua izenekoan ipini zutenetik, asteburuetan irteten du espetxetik, igandeetan itzultzeko. «Txikierdi» bere jaiotetxearen ondoan mintzatu gara berarekin, noizbait arrain ugari eskainiko zuen erreka ondoan.
ARGIA. Zein da zure eta ETAko presoen kolektiboaren arteko harremana?
ISIDRO ETXABE. Gertaera mingarri guztien ondoren, urte guzti hauetan nirekin harreman sendoak izan dituztenekin lehengo harreman berak ditut. Inolako aldaketarik ez dut sumatu, are gutxiago hutsunerik, nire inguruan. Espetxe guztiak ez ditut ezagutzen, baina beste espetxeetan dauden lagunek berdin idazten dizkidate eskutitzak.
A. Hiru adjetibo irakurri ditugu zure jokabideari buruz: `damutua', `bergizarteratua' eta `insolidarioa'. Zer diozu?
I.E. Lehenik zera esan nahi nuke: borroka urte luze hauetan egindako ezertaz _egin izan ditudan garai eta egoeran kokaturik_ inoiz ez naizela damutu. Beharrezkoak eta nahitaezkoak zirela sinetsi izan dut eta.
Dena den, hirugarren graduaren politikari buruzko argumentu faltak eta bereziki gai honi buruzko debate sakon baten ezak eraman ditu hori esan dutenak horrela jokatzera, deskalifikazio politiko batean eroriz. Urrats horiek eman ditugunok politikoki anulatu nahi izan gaituzte, nahiz eta jakin jokabide horrekin mugimenduan nolabaiteko dibortzio bat sortzen ari zela herri bakoitzeko egitura gidarien eta herri sentimentuaren artean.
A. Nola sentitzen da ETAko kide liberatu izan den bat presoen kolektibotik kanporatuta?
I.E. Mindua. Izan ere, nirekin gertatu den guztia erakunde barneko ezadostasun politiko baten ondorio bat baino ez baita izan, barne oreka politiko baten apurtzearen ondorioa alegia. Mugimendutik zenbait jende bidaltzen hasita zegoen, eta nik hauetako batzuekin nituen harremanak ezagututa, aprobetxatu zuten gurekin egin dutena egiteko.
A. Zergatik ez dituzu errespetatu kolektiboak hirugarren graduari buruz hartutako erabakiak?
I.E. Erakundean estrategia aldaketa eman izan zenez gero _aipatu dizudan barne oreka politiko horren apurtzearekin_, guk estrategia politiko horrekin ezadostasun nabaria genuen. Egonezin politiko eta pertsonala areagotzen zihoan eta zuk aipatzen duzun erabaki hori sasi eztabaida baten ondorioz hartua izan zenez, hirugarren graduak eskaintzen zituen onurak onartzea erabaki genuen.
Gertatutako aldaketa batzuekin ez zaude ados, beste aldetik aurrera begira ezer datorrenik ez duzu ikusten... Zer egiten dugu presook? Zerbait egitekotan kalean egin beharko dugu! Borrokaren pisu guztia presoengan ezarrita dago gaur egun, mugimenduaren adarrik ahulena denean.
A. Hirugarren graduan sartzeko ETArekiko jarrera kritikoa adierazi behar omen da. Zure eta Jon Urrutiaren elkarrizketa grabatu haiek ez al zuten paper hori bete?
I.E. Gobernu espainiarrak beti erabili ditu eta erabiliko ditu kontraesanak sortzeko baliagarri gerta dakizkiokeen aukerak. Baina ezinezkoa dena zera da, mugimenduaren metodologian bat ez datozen iritziak izateagatik Jon Urrutia eta biok erabili gaituzten bezala erabiltzea.
Gainera, ezin da ahantzi hirugarren gradua hartzeak kritikoa izatea esan nahi duela, eta ez alderantziz, zuk diozun bezala. Gero, mugimendu barrenean maniobratzeko kapazitate falta ere erakutsi dugu: preso guztiei bezala zegozkigun onura penitentziarioak orain arte sistematikoki ukatu dizkigu Gobernuak, eta horiek ematen hasi zaizkigunean onartzen ez jakiteak eman dio aukera hau Gobernu espainiarrari. Eta maila pertsonal batetik begiratuta, oso zaila da atea zabalik ikusi eta horri ezetz esatea, eta hori behar bezala neurtzen ez da jakin. Denok ez gara berdinak, eta zirriztu bat utzi behar da, bidezidor bat. Ezin da pisu guztia presoen gain ezarri, beste edozeren gainetik pertsonak baikara.
A. ETAko presoen kolektiboak bide bat dauka markatuta. Zuk horren aurrean zerbait eskaintzen al duzu?
I.E. Zaila egiten zait horri erantzutea, behar bada presoen gain ezarritako presio guzti horri aurre egiteko ahalmenik ez dudalako ikusten. Lehen genuen babes sozial hura galtzen ikusten dut, ahultzen. Kolektibo izena bera izen bezala manten daiteke, baina izaki bezala baldintza hauetan oso zaila ikusten dut.
Halako etsipen bat sortzen hasia dela ikusten dut. Beti epe batzuekin jokatu da, eta epe horiek badoaz bat bestearen atzetik. Gauzak eskuetatik aldegin baligute bezala ikusten dugu, bai nik baita azken aldi honetan aurkitu ditudan presoek ere. Denbora gure aurka doa. Zure galderari erantzutea ez da erraza... Irtenbide bat bilatu behar zaio egoera honi.
A. Hainbeste presoren artean zu baldin bazara hirugarren gradua eman zaion bakarretakoa, zuk Espainiako Gobernuari zerbait eman diozula pentsa daiteke...
I.E. Urte guzti hauetan hirugarren graduaz baliatuz baldintzapeko askatasuna lortu edota erregimen irekiaz baliatu izan diren gehiago ere izan dira. Gure aurretik multzo bat atera da horrela eta inork ez du ezer esan. Zergatik gurekin? Ez dut ulertzen, eta ez dut sekula ulertuko. Bestalde, Gobernu espainiarrak pentsa eta egin dezakeenaren erantzule ez naiz ni.
A. Baina Espainiako Gobernuak joko bat egin du zure disidentziarekin.
I.E. Esan dizut, ez naiz Gobernu espainarrak egiten dituen jokoen erantzule, bakoitzak bere jokaera politikoen erantzukizuna baino ez du. Oso garbi daukat, gainera, Gobernu espainiarrak eta zenbait alderdi politikok urte guzti hauetan _gehienbat hiruzpalau urteotan_, nahiko trebe erabili izan dituztela egindako zenbait hankasartze politiko eta operatibo; zenbait militante zentzudun eta zintzoren baztertze tamalgarria eta zenbait ekintza armaturen ondorioz izandako neurrigabekeria negargarriak alegia. Eta hori abertzaleen asmo eta helburu politikoen kaltetan izan da.
A. Zein da zure iritzia ETAri eta borroka armatuari buruz?
I.E. ETAk eta bere inguruan urteetan zehar eratu eta borrokatu izan den mugimendu politikoak orain dela gutxira arte izan duen berezitasun nagusietariko bat herriarekiko lotura estua izan da, abertzaleen nahi eta helburuekiko gorde eta garatu duen lotura. Gaur ez bezala.
Ez naiz analista politikoa, baina argi dago ETAren munduan borroka armatua helburu politikoak lortzeko tresna moduan erabili dela, beti herriaren sentsibilitatearekin jokatuz. Nik uste dut helburu horiek gaur egun epe logikoak errespetatuz gauzatuak izan behar zirela, baina errealitateak kontrakoa esaten digu. Bestalde, Euskal Herrian egon den eboluzio sozialak adierazten digu gaur egun borroka armatua ez dela tresnarik aproposena eta aholkugarriena, zeren eta euskal sentimendua batu beharrean zatitu egiten baitu. Borroka armatu honekin helburuak hurbildu beharrean urrundu egiten zaizkigun susmoa dut.
A. 1980an harrapatu zintuen poliziak, Joseba Arregirekin batera. Zer aldatu da geroztik?
I.E. Lehenago, borroka armatuaren isladak herria geureganatzen zuen, geure eginahal politikoetara. Gaur egun gero eta multzo sozial zabalago bat pilatzen du geure ekimen politikoaren aurka, eta geure baitan egonezin nabaria eragiten du. Azken urteetako ekintza motekin, gainera, gero eta zabalagoa bilakatu da gure aurkako multzo sozialaren metaketa aktiboa. Nik ez dut esaten erakundearen izpirituak desagertu behar duenik, are gutxiago bere ekimen politikoak. Baina independentziaren alde borrokatzen garenontzat nahitaezkoa da gehiengo politiko zabalak pilatzea, gizarte berri baten oinarri demokratikoak ezarri ahal izan ditzagun. Alderdi abertzale guztiak autodeterminazioaren alde jartzea beharrezkoa dugun bezala.
A. Zein aldaketa ezagutu du euskal presoen egoerak urte hauetan?
I.E. Aldaketak izan dira, bai, baina horiek arlo penitentziariotik zuzenduak izan dira, sakabanaketa eta abar. Baina presoak pertsona bezala jasan duen aldaketa, bereziki, gizartearen eboluzioarekin batera lotuta doala esango nuke, zeren eta, azken batean, espetxea gizartearen ispilu bat besterik ez baita. Agian presoen artean momentu aipagarrienetarikoa Algerren gertaturikoa izan zen. Eta honetan nahiko ongi informatua izan nintzen bere garaian, abokatua eta laguna dudan Iñaki Esnaolaren bidez.
A. Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera politikoa?
I.E. Uste dut denok daukagula nahiko garbi herri honek bere garapen politiko eta ekonomikoa izan dezan gaurko egoera kezkagarri honi irtenbide orokor bat eman beharra, gero eta zatituago eta urratuago daukagun Euskal Herri hau osatu ahal izateko. Maiz aldarrikatzen dugu denok herriaren nahien alde ari garela, baina bai abertzaletasunaren bide bat ibili dugunok baita besteek ere, ikusi beharko genuke herri honen biztanleen hein zabal bat gero eta urrunduago dagoela politika mundutik, konpromezuaren mundutik. Eta Euskal Herrian inoiz baino beharrezkoa dugula berpizkunde politiko bat bultzatzea.
Nazioartean ere abagune berezi eta aldakor bat bizi dugu, Europa aldaketa politiko eta sozial sakonetan murgildu da, eta Euskal Herriko abertzaleek ez dute inolaz bere aldarrikapen nazionala lau haizeetara goratzen. Abertzaleon zatiketatik irteteko elkarlana bultzatu beharko genuke, herri honi aspaldidanik zor zaion nazio burujabetasuna berreskuratu ahal izateko, eta preso politiko abertzale guztien askatasuna lortzeko.
Argazkiak: Garbiñe Ubeda
Pello Zubiria
8-11


GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakBeteak
PertsonaiazETXABE3
EgileezUBIRIA2Politika

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude