"Korrikalari Zurien Artean, lehena Izatea Amesten Dut"


1992ko martxoaren 22an
Martin Fiz korrikalariari elkarrizketa
Martin Fiz
"Korrikalari Zurien Artean, lehena Izatea Amesten Dut"
Azken urteotan beltza da krosean kolore nagusia. Keniarrak, marokkoarrak, etiopiarrak... munduko zelai guztietako jaun eta jabe bihurtu dira. Hala ere, euskaldunak ohitu gara geure ordezkari bat afrikarrez inguraturik ikustera: Martin Fiz, alegia. Euskadi eta Estatu espainiarreko txapelketak irabazi eta gero, Bostonen izango den Munduko Txapelketaren zain dago korrikalaria.
ARGIA. Azken hilabetean Euskadiko eta Espainiko txapelketak irabazi dituzu. Kirol kroniketan kondatu diguten bezain erraza izan al da?
MARTIN FIZ. Ez da hain erraza izan. Egia da Cacereseko zirkuitoak mesede egin zidala aldapaz beteriko zirkuito bat bait zen. Normalean oso ongi moldatzen naiz horrelakoetan. Garaipenak argiak izan dira, baina arazoak jarraiko zazpi hilabeteko prestakuntzan jazo zaizkit: ukaldiak, gripeak...
A. Dena den, hau ez da lotzen duzun lehen Espainiako Txapelketa.
M.F. Ez. 1990 urtean Lizarran irabazi nuen beste bat. Irabazi dudan txapelketarik atseginena izan da. Euskal Herrian lortu nuelako, nere etxean. Urte hartan egin nuen denboraldia ezin hobea izan zen, lehiaketa guztietan, estatu zein nazioarteko mailan lehen hiruen artean sartu nintzen eta. Hala eta guztiz ere, aurtengo Espainiako Txapelketa irabaztea errazagoa izan da.
A. Txapelketa horretan behintzat, Albentosa, Gonzalez, Prieto, Serrano eta Alejandro Gomez bezalako korrikalariak desagertu egin direla ematen du...
M.F. Bai, baina oraindik hor darraite. Neguko krosa alde batera utzi dute nonbait, entrenamenduak Udako Olinpiadei begira egiten ari direlako. Normala da haiek formarik onenean ez egotea. Datorren urtean ordea, gogor egingo diote berriro krosari. Denboraldi honetako txapelketan nire arerio nagusia Carlos Adan gaztea izan da. Aurreneko espainiarra izan arren, nik ez nion beste lehiaketetan erakutsitako indarra antzeman.
A. Cacereseko zirkuitoa eta Munduko Txapelletakoak antz handia al dute?
M.F. Hasiera batean hala diote. Dena den, Caceresen zirkuitoa lehorra da eta 25 gradu izan genituen. Bostonen aldiz, negua da orain. Esan didatenez, hango eguraldia Gasteizkoaren antzekoa da. Nere aldeko abantaila izan liteke hori. Baina zailtasunei dagokienez, ordu aldaketa daukagu.
A. Zer itxaropen dituzu Bostoneko txapelketarako?
M.F. Lehen atleta zuria izateko ametsa daukat. Aurten keniarrak gainditu ahal izan dituen atleta zuri bakarra ni izan banaiz ere, afrikarrei irabaztea ia ezinezkoa da. Aurreneko zuria izateko, etsairik handienak Castro anaiak, Antiboo eta Panetta izango dira. Sailkapen orokorrean munduko hamabost onenen artean sartzea litzateke helburua. Orain dela bi urte hamabostgarren tokian bukatu nuen, eta zurien artean hirugarrena izan nintzen. Munduko Txapelketa loteria bat da, eta afrikarrek egiten dutenaren arabera jokatzen dugu besteok. Esaterako, iaz Antonio Prieto Espainiako txapeldun gisa joan zen. Bapatean, batere indarrik gabe geratu zen eta 99. postuan bukatu zuen. Nere ustez txapela Fita Bayesa etiopiarrak, Khalid Skah marokkiarrak (azken bi urtetako txapelduna), edo Musa Estaroi keniarrak jantziko du.
A. Kirolari afrikarrei buruz gauza asko esan ohi dira: oinutsik korrika egiten dutela, bizitza osoa korrita egiten aritu izan direla, Europara entrenatu gabe datozela...
M. F. Haiek ez dauzkate guk ditugun zerbitzu abantailak. Inguratzen dien giroak kroserako beharrezkoa den gogortasuna ematen die. Oso korrikalari langileak, borrokalariak dira. Guk ez dugu haien sufritzeko ahalmena. Adibidez, Kenyan eskolak etxetik hogei kilometrotara daude eta umeak korrika joaten omen dira. Europara heldu zirenean era zorakiloz, taktika edo teknikarik gabe korrika egiten zuten. Egun aldiz, Estatu Batuetan edo Italian bizi dira, berezko managerrak eta kontratu altuak dituzte... Hortaz, guztiz profesionalak direla esan genezake.
A. Beste gai bat ukituz, Olinpiadetan ere egotea pentsatzen al duzu?
M. F. Nahiz eta oso zaila izan, beharrezko marka lortu nahi dut. Honetarako oso kirolari onak utzi beharko ditut kanpoan: Albentosa, Prieto, Gomez. 10.000 metrotako finalera iristea eta ahalik eta hobekien egitea gustatuko litzaidake. Niri 5.000 metrotako frogan parte hartzea gustatuko litzaidake, baina iaz, Tokion, nik parte hartzeko frogarik egokiena ez zela konturatu nintzen. Lasterketa taktikoak dira, azkeneko metroetan erabakitzen direnak, eta nik hoietan ezer gutxi egin dezaket.
A. 92. urtearekin, aurrekontu guztiak muxarratu egin dira. Zer moduz dabil atletismoa honi dagokionez? Zuk laguntza motarik jasotzen al duzu?
M. F. Oraintxe bertan ari dira laguntzen, Olinpiadak hemendik bost hilabetetara danzkagulako. Halabaina, kirolari guztiak 93an gertatuko denaren beldur gara. Guretzat datorren urtea hondamena izan liteke. Hala ere, nire egoera bestelakoa da eta ezin naiz kexatu. 'Reebok' etxearekin oso kontratu ona daukat eta Federazioaren beka bat jasotzen dut.
Etorkizunean esponsorren paperak funtsezkoa izan behar du. Esponsorren laguntzarik ez badago, markak ezin izango dira hobetu eta atleta bakoitzak bere bizitza aurrera ateratzeko beste gauza batzuk egin beharko ditu. Honexegatik, komunikabideak–eta bereziki telebistak–joko honetan sartzen saiatzen gara. Honekin baten. Euskal Herrian ditugun froga handiak (Zornotza, Elgoibar, Lasarte) mantentzeko publizitatea guztiz beharrezkoa da. Bestela, guzti hau pikutara joango da.
A. Zure ustez, euskal atletismoaren historian zu heldu zaren mailara iritsi al da norbait?
M.F. Maila handiko korrikalariak egon dira. Gaur egun ere gailurrean dauden atletak ditugu. Horra hor Victor Rojas, Blanca Lacambra. Maite Zuñiga, Cristina Castro, Jon Azkueta... Uste dut Maite Zuñiga eta biok euskal atletismoaren historiara pasatuko garela. Maite, Olinpiada batetako final batetan egon den lehen emakume euskalduna izateagatik, eta ni, krosean orain arte egin ditudan markengatik.
A. Euskal Herrian nazioarteko lehiaketa garrantzitsuak ditugula esan duzu lehen. Nola ikusten duzu euskal atletismoaren oraina eta etorkizuna?
M.F. Nire ustez, Euskal Herria atletismoaren sehaska da. Korrikalari atzerritarrak hemen daude negu osoan eta niri ez litzaidake etxetik kanpo egon behar izatea gustatuko. Kirolariak diren bezainbatean, Espainiako txapelketan bigarrenak sailkatu ginen, Madril, Gaztela edo Katalunia bezalako federazio indartsuak gaindituz. Hortaz, maila nahiko ona da. Etorkizuna, lehen azaldu dizudan bezalaxe, diruaren menpe dago.
Euskaldunok krosarekiko dugun zaletasuna ere aipatuko nuke. Lasarteko krosean 15.000 pertsona ikustea izugarria da. Joan den urtean hirugarrena izan nintzen helmugan eta daukaten guztia ematen dut beti han.
A. Gaur egun maila handiko edozein atletarentzat mediku baten aholkuak funtsezkoak dira. Atletak dopingaren beldur izaten zarete?
M. F. Buf! bai. Adibidez, nik zazpi kontrol egin behar izan ditut aurten. Ben Johnson harrapatu zutenean une gogorra izan zen eta atletismo munduak goitik behera sentitu zuen horren eragina. Orain ordez, Krabbe alemaniarraren kasua agertzerakoan, estali egin nahi izan dute. Eta nire eritziz, Johnsonek ordaindu zuen bezala. Krabbek ere ordaindu beharko luke.
Gripe bat duzunean, 'Frenadol' edo Disolbon' bezalako produktuak hartu behar dituzu, eta dopinga ematen duten botikak dira horiek. Batzuetan dopinga emango duzun beldur zara, baina ez dago beste irtenbiderik, sukarra ez bait da esnea edo eztiaren bidez desagertzen. Guzti honetan mediku baten aginduetara egotea inportantea da.
Hau Formula-1 bezalakoa da, kotxerik onena duenak irabazten du. Talderik onena eduki behar duzu, medikurik onena, zure hankak ezagutzen dituen masaiari bat... Ia makinak gara jadanik.
A. Noiz arte ikusiko dugu Martin Fiz Euskal Herriko zirkuitoetan?
M.F. Nekatu samar nago. Hala eta guztiz, hiru edo lau urte gehiago norgehiagoka ari izatea espero dut. Gainera, datorren urtean Zornotzan izango da Munduko Txapelketa eta nire zalegoaren aurrean postu ona egin nahi dut. 'Reebok' taldearekin orain bukatuko zait kontratua. Hiru edo lau urteko konpromezua eskatuko diet, gehien jota Atlantarako hurrengo Olinpiadaraino. Kirol hau oso gogorra da eta bizitzaz gozatu nahi dut, honela ere zoriontsua naiz, baina Gasteiz eta guztiz ahaztu zaizkidan lekuak ezagutu nahi ditut.
Ismael Mendibil

NORTASUN AGIRIA:
Orain dela 29 urte jaio zen Gasteizen. Hamairu urte zituela hasi zen atletismoan Futbolzale amorratua da. Egunero zazpi orduz entrenatu behar izaten du. Bere bizitzan jasandako unerik latzena Acenor orain bizi izaten ari den krisia da. Bjorn Borg da gehien miresten duen kirolaria. Gasteizen kirol denda bat eta taberna bat zabaldu ditu berriki.
34-38

GaiezKirolaAtletismoa
PertsonaiazFIZ1
EgileezMENDIBIL2Kirola

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude