"Iturri guztiak ireki ditut"


1991ko urtarrilaren 20an
RUPER ORD0RIKA
"Iturri guztiak ireki ditut"
Ruper Ordorika Gasteiz, eta Bilbo, eta beste hiri batzutako oñatiarra dugu. Rock tankerako musikak bere denborari eta euskarak bere inguruari lotzen duten mutil altu samarra. Esan gura duena ondo esaten duela ez bazaio iruditzen, begirada joaten zaio bila. Gitarrarik gabe atzeman dugu Lasarteko hotelean.
ARGIA. Zure historia Pott-en hasi zela jo ohi baldin bada ere, konta iezaguzu zer-edo-zer lehenagoko denborez.
RUPER ORDORIKA. Bueno, ni Oñatikoa naiz baina hamabi urterekin Gasteiza joan nintzen, eta nik uste dut distantzia horrek, Gasteizko giroa erabat erdalduna bait zen, eragin handia izan zuela ni kantuan euskaraz hasteko garaian. Esker txarrekoa baldin bada ere, ni han pasabidean sentitu izan naiz; han eta leku gehienetan, egia esatera. Beti Oñatira, jaioterrira itzultzen naiz.
A. "Mundu guztia arrotza al da ene herrian"...?
R. O. Bai, nire kanta baten gaia da hori. Gogoratzen naiz behin Arestiren paperak ikusten, inbentarioa egiten, "inoiz Euskadi Estatu bada, multinazionala izango da" irakurri niola.
Potten historiarekin segituz, lehengoan 1973ko argazki bat topatu nuen, non kantan ari zen mutil bati gitarraz laguntzen ari nintzaion. Nik orduan etxean-eta ingelesez egiten nuen. Labeguerie-eta ezagutzen nituen, "Ez dok hamairu" behin ere ez nuen ikusi baina gure aurrekoak bai. 20 urterekin hasi nintzen euskaraz kantatzen. Orduan musika euskaraz dantzaldietan egiten zen, Koxka bezalako taldeekin.
Oso ongi gogoratzen naiz Benito Lertxundi, Oñatin, ikusi nuen aurrenekoaz. Orduan oso eritzi politiko sendokoa nintzen, arrazoi apologetikoengatik, defentsan, gaztetako ``identitate arazoak", esan gura dut, kezkatua nintzela, "zergatik ez euskaraz?", galdetzen nion neure buruari. Benitorekin egun hartan elkar hizketa luze bat izan nuen, erdaraz nik ez nuelako euskaraz egiten, gero hark idatzi ere egin zidan, material batzuk bidali... Orduan hura Davy Graham-en musikarekin eta Lizardiren porma batekin ari zen gauza bat egiten, eta nik hura entzunda harrituta gelditu nintzen eta Benito ere bai Grahamen musika ezagutzen nuelako, bion artean hizpidea izan zen, gero Xabier Lete eta Mikel Laboaren jarraitzaile ere izan nintzen, etxean ja egiten nuelarik zerbait. Benitoren zenbait burutaziorekin bat nentorren orduan, nahiz oso kritikatua zen momentu hartan: kantu zaharren ildotik. Nik bi urte egin nituen kantu zaharrak ikasten musika tradizionalarekin beti izan dudan atxikimen horrekin ez bakarrik euskalduna... Natxo de Felipe ere ezagutu nuen, berari buruz ere latzak esaten ziren eta nik haiek gezurrak zirela konprobatu nuen; Oskorri izan zen hain zuzen ere ni eszenarioetara bultzatu ninduena.
A. Potten sartzen gara hortaz.
R. O. Han izan ginenontzat oso urte bereziak izan ziren haiek. Denboraz ikusita oso garbi ikusten dut: hura Bernardo Atxagaren inguruan sortu zen. Nik "Panpina ustela" ezagutu nuen eta han Atxagak argitaratu zituen bi poemarekin erabat inpresionatuta gelditu nintzen; ez zen gustatzen zitzaidan gauza bat: Lasa, Aresti ere oso gustoko nituen, baizik eta "mekaguen, naihago nuke nik idatzi izan banu", hark zioena eta esateko modua, nire burua erabat identifikatuta ikusi nuen. Hala ezagutu nuen ordurako "Ziutateaz" kalean zen eta hango bi kanta egin nituen eta ja egunero elkartzen ginen. Halaxe elkartu ginen gero Joseba Sarrionaindia, Joxe Mari Iturralde, Jon Juaristi eta geroxeago Manu Ercillarekin ere.
Oso mugimendu dinamikoa zen. Oraindik euskaldungoak ez zuen toki ofizialetan lekurik eta indarrak alde kreatibora zuzentzen ziren gehiago. Potten gauzak ikusteko erabat eztabaidatzen zen, gu denontzat eraikuntza ezarri zen. Giroa ideologien arabera taldekatuta zegoen, eta gurean diferente zen: era guztietako jendea ginen ideologiaz eta erdal kulturarekin bagenuen, adibidez, kontaktua. Heterodoxoak ginen, ofizioari buruzko kezkek mugitzen zuten taldea.
Nik uste dut Potten fruiturik onena «Etiopia» argitaratzen laguntzea izan zela.
A. Zure "Etiopia" "Hautsi da anphora" izango zen.
R. O. Bai, geroxeagokoa izan zen baina.
A. Zure lau diskoen inspirazio iturriak zein izan dira,
R. O. Lehenbiziko hartan baziren kantuak, baziren poema kantatuak eta baziren bertsoak. (Zein diferentzia dagoen? Poema kantatuak papererako egindakoak dira, kantuetan egitura berezi bat behar da gehienetan eta gakoa melodia bidez-edo eman beharra dago). Musika taldean berriz batzuk rocketik zetozen, besteak euskal musikatik: nire konponente guztiak sartu ziren hartan. Oso akustikoa zen eta tematikan, Atxagagandik oso gertu nenbilen.
Bigarrengaun («Ni ez naiz Noruegako errege») nire, Atxaga, Jimu eta Sarriren letrak baziren, eta talde sonoridade baten bila nenbilen, nahiz eta oraindik oso erabateko talde lana ez izan. Jende aurreko lanaren ondorioak ere ikusten ziren.
«Bihotzerreak» talde-diskoa izan zen: arregloetan-eta denok parte hartu genuen, eta egituraz kantuak ziren haiek. Lehenengoz letrak nireak ziren erabat.
Azkeneko honetan iturriak ireki ditut. Kontradiktorioa badirudi ere, nire hasieretara joan naiz. Hirugarrengoan pentsatu bait nuen: "hemendik segituz gero, nire bide guztia hobekuntza teknikora doa" –nire burua sofistikazio maila batean ikusten nuen, niregandik urrun xamar zegoena. Ez nuen orijinaltasun faltsuaren bila ibiltzerik nahi, eta nire gustoko iturri guztiak ireki ditut. Banuen, esan nahi dut, fijazio bat giroak lortzeko, arazo musikaletan murgilduta nenbilen, eta –neuretzat behintzat–behin korrekzio maila bat izanez gero horrek ez zeukan sentidurik.
A. Beste alor batera pasatuz: inoiz itzultzaile izan zara.
R. O. Bai, eta asko gustatu zait, baina egin ditudan lanak ez dira neuregandik sortu, onartu izan ditudan eskaintzak izan dira. Ingelesetik itzuli, ingelesezko erreferentziak erabili izan ditut, ez partikularzki miresten nituelako, nire mundua momentu batean anglosaxoia izan zelako baizik. Nik musika anglosaxoira rockaren bidez sartu nintzen, baina gerora, Irletako kantu tradizionala ezagutzen saiatu naiz –hango tradizioak oso gertukoak dira guretzat, mundu atlantikoa oso interesantea da.
A. Beti musikarako idatzi izan duzu edo beste lanik al duzu?
R. O. Ganza bakan batzuk baditut, baina ez dut argitaratzerik pentsatzen, poesia denik eta modurik serioena bait da. Nik kantuak egiten ditut bakarrik.
A. Bakarkako lana, talde lana, nola sentitzen zara?
R. O. Talde lana zaila da, puntu bat lortu behar da... Beharra dago ordea, sonoridade aldetik, eta alderdi prakliko bat du... Baina aurrerantzean ez dut kentzen bakarka egiteko aukera. Jendea lehen kantautore gisa ibiltzen zen, baina ez da zirkuitorik izan, plazan kantuan ibiltzeak ez dio aukera handirik eman bakarrik aritu nahi izan duenari.
A. Pottekoekin zein harreman duzu gaur egun?
R. O. Oso estua, oso estua. Bizirik, erabat. Orain, begi-bistako arrazoiez, Sarrirekin testuen bidez daukat harremana, baina Jimu eta Atxagarekin kontaktuan nago etengabe. Atxaga beti da nire lehen irakurlea. Jimu Iturralderekin ere harreman handia daukat. Azkenaldian nik neronek idazten ditudan kantuak egin dezakedan aportaziorik interesgarriena delakoan. Beste inoren testu bat hautatzeko nolabaiteko afektua behar dut. Horregatik sartu dut laugarren honetan Sarriren "ene begiek" izeneko kantu hori. Iruditzen zait testu horrek aukeratu nauela ni eta ez nik testua.
A. Zein sentimendu duzu hizkuntzarekiko; inoiz angustiarik sentitu izan duzu?
R.O..-Bai, batzutan burutazio ilunak ditut euskal munduari buruz. Aldaketa kualitatibo ikaragarri bat ikusten dut; ez ote garen ingurune enblematiko batean geldituko, non hizkuntzak beste paper bat hartuko duen.
Batzutan euskal munduan egoteak ito egiten nau, "sentimentu trajikoa" bait dut. Musika zaharrekin ere gertatzen zait: Bizkaiko trikitixa, esate baterako, nola desagertzen den ikustea. Halako tristura bat sentitzen dut, eta distantziatu nahi nuke; baina ezin dut distantziatu. Finean, denok gaude esentzialismo baten barruan ("euskal izpirituaren frantziskanismoa" aipatu zuen Letek), gehiago edo gutxiago. Hau gatazka leku ikaragarria da.
A.-Europako nazio txiken patua...
R.O.-Nazio bakoitzak bere ezberdintasunak edukiko ditu, gurean gakoa hizkuntzaren inguruan dagoela ikusten dut. Mutikoek oso ondo egin dezakete euskaraz, baina hizkuntzak balio izateko mundu bat behar du: euren heroeak euskaldunak al dira? Izatez gero: buztinezkoak ote dira?
Honelakoetan sartzea arazoa ere bada baina arrisku handi bat ikusten dut: kreazio munduan gauzak abertzaletasunaren ildotik neurtzea; hori aberraziotik oso gertu egon daiteke. Haize gehiago behar dugu.
A. Musika munduan...
R.O. Azken urteotan geneukana defendatu dugu. Eraiketan ihardun dugu. Musika munduan zirkuitoak ondo ezarrita daude; hori lortuta dagoenez gero, geure mundua zabaltzen saiatu behar dugu. Beste bide batzuk ibili behar ditugu; hori izan da nire asmoa Madrilen argitaratzean, adibidez. Batzuek ez dute hemendik irteteko batere interesik: ondo iruditzen zait–baina, zergatik ari dira hainbat talde desagertzen? Horri erantzun behar zaio. Rock taldeek, edo estruktura horiek erabiltzen dituzten beste taldeek, zirkuito itxiak atzematen dituzte.
A. Estatu espainolera zabaldu ohi zarete.
R. O. Diru problema hutsa da. Gauzak ez dira beste inundik bideratuko: bertatik bideratu behar dira, eta, non dago hori bultzatuko duen egiturarik? Konprobazio batetik abiatzen naiz: euskaraz kantatzea oztopo handi bat da –neuk ez nuen onartu nahi, baina azkenean hala da. Taldeak dexente ari dira Euskal Herritik irteten, baina erdaraz. Jira bat edo beste egitea badago: Hertzainekin Italia, Suitza eta Alemanian izan ginenean bezala, edo Cuban, baina frankotiradore lanak dira horiek; eta hortik egitura bat sortzera. .. Literaturan Atxagarekin gertatu dena;eta kanpoko ispilu horren beharra badugu.
A. Itxiegi aritzen gara?
R. O. Sartuz gero euskal munduan, toki bat lortzen ahal duzu baina, arrisku handi bat dago: horren arabera jokatzea: "Jendeak zer nahi du, zer espero du?", horri erantzutea . Bide horrek mediokridadeari –zentzurik arruntenean– ateak irekitzen dizkio. Euskal musikaren inguruan honelako gauzak entzuten dira: "Zergatik rap edo reagge musika egingo duzu?" "lnork egiten ez duelako". Horrorea! Edo alderantziz: ezberdintasun bila ibiltzea, ez beste batek egiten duenaren tankerakoa egin nahi izatea. Azkenean: nork bere ofizioari ondo jarraitu, ez da besterik egin behar.
A. Zer diozu euskalkien eztabaidaz?
R. O. Oso debate interesgarria da, hemengo hizkuntza literarioak behar-beharrezkoa du. Nik kanturako askotan erabiltzen dut euskalkien arteko ezberdintasuna, erregistro ezberdinak lortzekotan. Disko honetan lizentzia ugari hartu dut, gehienbat Bizkaiko berberatik. Azentuaren erabilpena behar-beharrezkoa ikusten dut nire lanetan.

NORTASUN AGIRIA:
1956ko San Roque egunean jaio zen
Bere aititxe-amamak batzuk ataundarrak, besteak bilbotarrak ziren
Bere lanik serioenak, «besterik ezean», sukaldeko mahaian burutu ditu
«Ez dakit zer pasatzen zaidan poesia asko irakurtzen dut, baina euskal poesiarik ez»
Ez zaio lotako ametsik gogoratzen
Nongo kaleetan ibiltzea gustatuko litzaiokeen galdetuta, Sarrionaindia parafraseatzen digu «Urrin deritzan aberriko kaleetan».

Pablo Sastre
34-38


GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakORDORIKA1
PertsonaiazORDORIKA1
EgileezSASTRE2Kultura

Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude