"Herri honetan, oraindik erantzun ahalmena dago"


1988ko azaroaren 06an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Periko Solaberriari elkarrizketa.

Periko Solabarria, HBko zinegotzi
"Herri honetan, oraindik erantzun ahalmena dago"
Periko Solabarria gizon osoa dugu, hitz bakarrekoa eta urtez urte ospe pertsonal sendoa eraikitzea lortu duena. Abade, peoi, militante eta zinegotzi, errepresioa hurbiletik ezagutu du sarritan. Horren zantzua birikietan geratu zaio itsatsirik. Bere bizitzaz eta Herri Batasunaren sorreraz mintzatu izan gara, koalizioaren lehen hamar urteak betetzen diren egun hauetan.
ARGIA.– 58 urte duzu, langilea, politikoa, abadea izandakoa edo oraindik abadea, hiru semealaba...
Periko Solabarria.–Emakume batekin bizitzeko eta familia bat egiteko konpromezua hartu nuen, baina nik lehen bezalaxe segitzen dut, sekularizatu gabe. Diferentzia da administratiboki ez didatela funtzioak egiterik permititzen, baina nire ustez hori gauza anekdotikoa da. Ez dut uste bizimodu bat utzi behar dudanik Ebanjelioaren aurka ez doan zenbait gauza egiteagatik. Niri beti aurrera joatea eta hurrengo mendean bezalaxe bizitzea gustatu izan zait, eta nire ustez datorren mendean honela bizi izango dira apaizak. Norberak nahi duena egin ahal izango du. Momentu honetan elizaren boterearen biktimak gara, baina badakigu aurrera goazela.
A.–Meategietara langile joan zinen, eta bertan hainbat urte eman, ezta?
P.S.–Bai, meategi aldean hamar urtez egon nintzen, eta bertan denetarik egiten nuen, mediku, maisu, albaitari, abade... Esperientzia gogorra baina ona izan zen. Handik apurtxura ni neu hasi nintzen meategietan sartzen. Beranduago, eraikuntza lanetan hasi nintzen, eta bertan ere hainbat urte eman. Baina orain ez dut osasun onik, eta ezin dut lanean segitu. Medikuak debekatu egin dit, birikiak direla. Horrexegatik ari naiz lan instituzionaletan, Herri Batasunaren aldetik Barakaldoko udaletxean.
A.–Politikoki eraikuntzan, hau da, peoi lanetan egin egin zara batez ere, ezta?
P.S.–Bai, nire bizitza politiko eta sindikala eraikuntzaren munduan eratu da. 1964ean Estatu espainoleko lehen abade langileak sortu ziren. David Armendia eta biok izan ginen sotana kendu eta lanean hasi ginen lehenak. Guk uste genuen apaizak ere ogia izerdiaz irabazi behar zuela, eta horrela hasi ginen. Esperientzia gogorra, itzela izan zen. Bakarrik geunden, esperientziarik gabe, baina konpromezu politiko eta sakona geneukan. Langilegoaren borrokarekin konprometitu nahi genuen.
A.–Seguruen ez zuten ulertu, ez goikoek ezta behekoek ere.
P.S.–Oso txarto ulertu zen. Elizaren barnean baztertu gintuzten, txokoratu. Eta behetik ere ulertzea kostatu zitzaien, baina gero, gure bizitza ikustean, bizitza gogorra, gartzelan, pertsegiturik, orduan hasi ziren ulertzen. Francoren aurka egitearren batzutan egon nintzen gartzelan, arazo sindikal eta politikoak zirela. Zeren, hamar–hogei egun egon daiteke pertsona bat alardea eginez, baina jendeak ikusten duenean urte eta urtetan zehar segitzen duzula, orduan benetakoa dela ikusten bait dute. Gainera, arazo politiko edo sindikalak daudenean, langileek heuren tartean onartzen gaituzte eta konfidantza sortzen da. Heuretariko bat garela ikusten dute, kolektiboki jokatzen dugula.
A.– Urte guzti hauetan langile mugimenduak gorabeherak eduki ditu, eta egoera hobea edo txarragoa, baina oraingoa desberdina dela suposatzen dugu.
P.S.–Guk bizi izan genuen egoera oso gogorra zen. Ezarritako ordenaren aurka atentatzen ari ginen. Baina batasuna eta elkartasuna ziren konpentsazioak. Denok bat ginen Francoren aurka, denok ezkertiarrak. Matizak ere baziren, baina batera geunden.
A.–Gaur egun oso leku desberdinetan dagoen jendea zure etxetik pasatua da, Nicolas Redondo eta beste asko.
P.S.–Bai, ni sotano batetan bizi nintzen, oso umela, eta askotan ura metro bat t'erdi igotzen zen. Orduan kanpora joan behar izaten nuen. Hala ere etxe hura klandestinitatearen etxea zen. Denok batzen ziren han: Nicolas Redondo, David Morin, Bonifacio Rojo, Antonio Pardo, Saracibar. Han bertan, sotanoan, Ibarrolak erakusketa klandestinoa egin zuen, bera gartzelan zegoela. Militante guztiak pasatzen ziren ikustera. Bueno, klandestinoa... poliziak jakin behar zuen. Handik pasatutako jendea gero militatzera pasatu zen, EMKn, gure jendea, abertzaleak... Hango hura militantzia mintegia izan zen. Gero beste batzuk ere militantziari utzi zioten, eta bestelako gauzak egin. Osaba ere handik ibilitakoa da. Gaur egun anti–komunista da, borroka harmatua eta abertzalismoaren aurkakoa.
A.–Garai horretan jendeak, normalean, arazo nazionalari edo klase arazoari atxekitzen zitzaion, baina zaila zen arlo biei batera ekitea. Gaur egun pentsatzen da gauza biak betidanik loturik egon direla, baina gauza berria da.
P.S.– ETAren frenteak sortu zirenean, orduan hasi zen tratatzen kontua. Hemen jendea lotuago zegoen arazo sozialaz, eta beste arazoa, nazionalista, beranduago sartu zen, batez ere Ezkerraldean. Txabi Etxebarrieta gure pisuan ibili zen garaian CCOOn sartu zen. Orduan hasi zen euskal langileriaz mintzatzen. Baina oso berandu uztartu ahal izan ziren ideia sozialista eta nazionalista. Gauzak ez dira beti honelakoak izan. Frente Obreroko jendea eta ETAren lana izan zen guzti hori egitea. Bestalde, ETA asko etorri zen hona, Ezkerraldera: Eskubi, Campillo, Mario Onaindia, eta batez ere, Txabi. Apaizen mugimenduak ere eragin handi eduki zuen, Seminarioan hertsialdia egin genuenean, etab. Zamorara joan ginen eta orduan identifikazioa sortu zen. Niri neuri errepresio gogorrena orduan heldu zitzaidan, sindikalista edo sozialista izateagatik baino, abertzalea izateagatik. "Gora Euskadi Askatuta" esateagatik gizon gaixto bihurtu nintzen. Sindikalista gorria izatea oraindik onartzen zuten, baina nazionalista izatea, gainera erradikala eta borrokalariak, hori ez.
A.– Ezkerraldean sozialismoak eduki duen indarra orain ere nabaritzen da zentzu negatitoan. Horren froga UGTren indarrean dugu. Eta hala ere, testuinguru honetan, Euskaldunakoen borroka dugu, kontrako giroan. Nola izan da posible? Irla da, miraria?
P.S.–Nik uste dut LABek lan miragarria egin duela, eta HB eta ezker osoak lan handia egin du, egunez egun, lantegietan. Militante oso–osoak, borrokalariak dira, eta Euskaldunan ikusi da. Bertan ikusi dute nortzu diren benetan apoiatzen dutenak. Nazionalistak izan dira guztien lana defendatu dutenak, poliziaren aurka plantatu direnak, gobernua salatu dutenak, ituna sinatu ez dutenak... Guzti hori lan erraldoiaren emaitza izan da, eta jakina, jendeak onartu du makurtu ez garena, garaiak igaro eta jakarik aldatu ez duguna. Francoren garaian oposizioan egon gara, eta erreforma etorrita ere oposizioan gaude. Ez dugu aldatu. Beste batzuk horrenbeste aldatu dute! Guretzat oraingoa frankismo erreformatua da, baina frankista berberek segitzen dute, lehen bezala. Mozketa edo depuraziorik egon ez denez...
A.–Langile mugimenduan pausu bat aurrera eta beste bat atzera ematen dela dirudi. Euskaldunakoa ikusi ondoren pentsa zitekeen beste batzu ere anima zitezkeela, hango indar korrelazioa ere oso ona ez zelako, hasiera batetan.
P.S.–Talde minoritarioa zen. Ikusten dena zera da, langile mungimenduaren aurka ari dela den–dena batzen. Erreformako partiduak langileriaren aurrean suhiltzaileena egiten ari dira, arotik pasa erazi nahi dituzte, joku arauak onarterazi eta zentzukoak izan. Langileei zera esaten diete, demokrazian dena delegatzen dela, asanbladarik egin behar ez dela, eta ordezkarien bidez egiteko. Erreformismoaren biktimak dira langileak, eta heurek ordaintzen dute krisia, pobreziaz.
Baina Euskadin, oraindik, borrokarako kemena duen langileria dago, lotsa duen jendea, eta kalera ateratzen dena; harrika behar bada, harrika, ejerzito oso baten aurka. Hemen, oraindik, erantzun ahalmena dago, beste lekuetan ez dagoena. Kondizioak badaude, pobrezia, marjinazioa, poztasun eza, eta guzti horrek lehertu behar du. Baina antolatu behar da. Erreformak ez du antolatzerik nahi, eta orain puntu horretan gaude: marjinatuak antolatu, drogaren aurkako borroka... errealitatearen elementu distortsionatzaile gisa. Esperantza dago. Eta errealitateak, LAB, ESK-CUIS, EMK, LKI, CNT, HB...
A.–Herri Batasunaz mintza gaitezen. Hamar urte dira orain, eta hau izan daiteke orduko sorrera gogoratzeko parada egokia.
P.S.–Herri Batasuna probidentzialki sortu zen, aipatu dugun enerjia guzti hori batzeko. Jende horrek herri batekiko fideltasuna sentitzen zuen, makurtu gabe, belaunikatu gabe, erraldoiaren aurka jartzeko indarraz. Komunistak beraiek makurtu behar izan zuten, eta heurak izan ziren franskimoaren etsai handienak. Frankismoak komunistak jan zituen: leninistak izateari utzi zioten, eta monarkia onartu zuten. Eta momentu honetan sortu zen herri honen esentzia eta indarra, Herri Batasunaren bidez. 1936 urtearekiko fideltasuna zen, bere mutilak borrokan zeudela, eta beste guztien lotsarako. Bera izan da botere horren aurka posizionatu den bakarra, eta gainera gero eta gaztetasun handiagoz.
A.–Urte hauetan gora behera batzu izan dira tartean. Aipatzekotan, zeintzu dira urte hauetako gailurrak, puntu garrantzitsuenak?
P.S.– Puntu garrantzitsua presoen mugimendu osoa dugu, gartzeletako borroka... Hori etengabeko puntua da, oso garrantzitsua. Gure bahituak, presoen jarrera ausarta, pisu handikoa da. Gu arduratzen gaitu, eta boterekoak ere arduratzen dira, beste zentzu batetan. Heriotz bakoitza, hiletak... Santiren heriotzak gu guztiok astindu gintuen, Euskadi osoa. Hura lurrikara izan zen, ekaitza. Gailurra izan zen hura. Baina heriotz guztiak ere gauza bera dira guretzat. Beste arlo bat, Herri Batasunaren bizitza errefuxiatuen arazoa da. Eragina du, eta gure historia gauza guzti hauekin idazten da. Kontatu behar ditugu. Ez gara nekrofiloak, baina historia den moduan kontatu behar dugu.
A.– Hurrengo pausua negoziazioa dugu. Helburua edo bitartekoa?
P.S.–Bitartekoa da. Negoziazioa bakerako bitartekoa da. Helburua ez da bakea, normalizazioa baizik. Bakea bakarrik lortuko da kapitalismoa amaitzen denean, gizakiak beste gizakiak esplotatzeari uzten dionean. Gure ustez, KAS alternatiba ez da indenpendientzia eta sozialismoa lortzea bezalakoa, bitartekoa baizik. Oraindik demokrazia burgesa eduki beharko da, baina gure ideiak defendatzeko tresna nahikorekin. Gero etorriko da hurrengo pausua.
IÑAKI ZUBIONDO
Periko Solaberriaren esanetan, ETAren frenteak sortu zirenean, orduan hasi zen arazo nazional eta soziala uztarturik tratatzen.
"Erreformak ez du antolatzerik nahi, eta orain puntu horretan gaude: marjinatuak antolatu, drogaren aurkako borroka... errealitatearen elementu distortsionatzaile gisa".
"Emakume batekin bizitzeko eta familia bat egiteko konpromezua hartu nuen, baina nik lehen bezalaxe segitzen dut, sekularizatu gabe".
13-15


GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
PertsonaiazSOLABARRIA1
EgileezUBIONDO1Politika

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Bahitu eta preso trukea eta Trumpi gorazarre, baina laguntza humanitarioa tantaka ari da sartzen Gazan

Hasi da presoen eta bahituen trukea Palestinan eta Israelen. AEBetako presidentea heroi baten moduan hartuko dute gaur eguerdian Tel Aviven, eta Egipton goi-bilera egingo da gero, "Gazaren etorkizunaz gogoetatzeko". Bien bitartean, laguntza humanitarioa indartu bada ere,... [+]


2025-10-13 | Jon Torner Zabala
Frantziako lehen ministro Lecornuk gobernu berria aurkeztu du, Parlamentuak onartuko duen esperantzan

Duela astebete, urriaren 6an, gobernua osatu eta hamalau ordura, Frantziako lehen ministro Sébastien Lecornuk dimisioa aurkeztu zuen, bost egunera berriz ere karguari heltzeko. Kargua duela hilabete hartu zuen Lecornuk, eta orain arteko bide sigi-sagatsua zuzendu nahi du... [+]


2025-10-10 | Axier Lopez
Espainiako kolonialismoaren zuriketa Donostian: Colón eta euskaldunak

Urriaren 19ra arte dago ikusgai Donostiako Kaian Amerikako konkista eta arpilatzeari bandera berdea eman zion itsas-espedizioko itsasontzi baten erreplika: Cristobal Colónen Santa Maria. Espainiarrek segitzen dute haien loria inperiala gorazarre egiten, bertoko agintari... [+]


Marwan Barghouti ez dute aske nahi Israelgo agintariek, preso palestinarrik karismatikoena

Israel eta Hamas negoziaketa betean dira, Trumpek proposatutako su-etenerako planaren harira. Ekialde Hurbileko zenbait hedabidek informatu dutenez, bahitu israeldarren trukean askatu behar dituen preso palestinarren izenen zerrendan jarri zuten Marwan Barghouti, baina... [+]


Maria Corina Venezuelako oposizioko buruari eman diote Bakearen Nobel saria

“Venezuelako herriaren eskubide demokratikoen alde egindako lan nekaezinagatik” eman diote 2025eko Bakearen Nobel saria María Corina Machadori, Jorgen Watne saria eman duen batzordeko lehendakariak ostiral honetan Oslon jakinarazi duenez.


SAPAk AEBetako armadaren 7.000 tankeren ekoizpenean hartuko du parte

AEBetako armadak SAPA Placencia, Aperribay familiaren enpresa, aukeratu du 7.000 tankeren transmisio-sistema hornitzeko. Programa berri horrek 5.000 milioi eurotik gorako diru sarrerak ekarriko dizkio hamabost urteko epean. Borrokarako ibilgailuen flota berritzeko ekoizpena... [+]


Peruko kongresuak Dina Boluarte presidentea kargugabetu du

Hilabeteko protesta jendetsuen ondoren heldu da erabakia. Segurtasun faltaren eta pentsioen erreformaren aurka altxatu dira gazteak eta garraio publikoko langileak. 2022an ere izan ziren protestak, Boluarte boterera heldu zenean; eta ordukoan 60 lagunetik gora hil ziren... [+]


Israel hasi da armada erretiratzen eta herritarrak hasi dira itzulera prestatzen

Donald Trumpek ostegun goizaldean iragarri zuen Hamas eta Israelen arteko akordioa eta ostiral goizaldean berretsi du Israelgo Gobernuak. Oraindik, alabaina, ostiral goizean Gazan Israelgo okupazio armadaren erasoak gertatzen ari ziren, besteak beste Khan Younis hirian.


Asteasuko Mecanocaucho enpresak harremanak eten ditu Israelgo arma fabrikarik handienarekin

Elbit Systems enpresa Israelgo arma fabrika handiena eta armadaren hornitzaile handienetakoa da. Mecanocauchoren erabakia “elkartasun internazionalistaren garaipena” dela iritzi dio BDZk.


2025-10-10 | Irutxuloko Hitza
EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman ditu EHU-Palestinak

EHU-Palestinak agerraldia egin du gaur, Ignazio Barriola ikasgelategian; sarearen jardueraren berri emateaz gain, EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman nahi izan dituzte, eta emaitza horien inguruko posizionamendua ezagutarazi.


Israelgo enpresen hiru medikamenturen kontratuak ez ditu berrituko Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak Israelgo Estatuarekin edozein harreman hautsiko zituela iragarri ondoren, Osasun Sailak adierazi du ez dituela luzatuko Israelgo enpresen hiru farmakoren kontratuak.


2025-10-09 | ARGIA
CAFen Beasaingo enpresa barnean pintaketak egin ditu GKSk, Jerusalemgo tranbiaren aurka

Gazte Koordinadora Sozialistak Beasaingo CAF enpresaren barnean pintaketak egin ditu, enpresak “kolonizazio prozesuarekin lotura” duela seinalatuz, prentsara igorritako oharrean. Sare sozialetan zabaldu dute bideoa.


Hainbat ekintzaile nafar polizia-etxera deituak, Vueltako protesten harira

Atxilotuek uko egin diote polizia-etxera joateari. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta BDZ Nafarroak babesa adierazi diete ikertutako pertsonei eta mobilizazioak iragarri dituzte atxiloketak gertatzen badira.


Montxo Martínez etakidea 1975ean poliziek hil zutela erakusten duten frogak aurkeztu dituzte

Bertsio ofizialaren arabera, ETAko militante Montxo Martínez Antiak 1975ean bere buruaz beste egin zuen Madrilen, Poliziak inguratuta zuen eraikin batean. Eusko Jaurlaritzak bertsio horri eutsi zion 2015ean. Orain, GEBehatokiak ikerketa egin du eta ondorioztatu du poliziek... [+]


Eguneraketa berriak daude