Helduen hezkuntzari buruzko jardunaldiak burutu dira Irlandan


1986ko azaroaren 09an
AEKko Josu Zabalori elkarrizketa
Josu Zabalo bertan izandako euskal partaidearekin hizketan
Helduen hezkuntzari buruzko jardunaldiak burutu dira Irlandan
Irlandako Dingle penintsulan burutu ziren Urriak 20tik 26ra bitartean "Hizkuntza minorizatuak dauden herrietako helduen hezkuntzari buruzko jardunaldiak".
Bertan Europako zazpi herrietako ordezkariak batu ziren, Euskal Herritik Josu Zabalo eta Jesus Naberan ere bertan izan zirelarik. Ihardunaldi hauek Europako Elkarte Ekonomikoak duen hizkuntza minorizatuetarako sailak antolatu zuen. Bertako emaitzataz eta giroaz hitz egiteko Josu Zabalo AEKko partaidearengana jo dugu, eta hona hemen solasaldi atsegin batetan kondatu diguna.
ARGIA.- Hasteko kontaiguzu zertan izan diren aipaturiko Ihardunaldi horiek, ze gai aztertu duzuen eta abar.
JOSU ZABALO.- Gai nagusia izan zen helduen hezkuntza eta bilakaera hizkuntza minorizatua dagoen herrietan. Hiru azpigai burutu ziren gai hori zehatzago aztertzekotan: helduen heziketarako beharrak, lanpostuak promozionatzeko zereginak, eta hirugarrena herri bakoitzean ze bulego edo erakunde antola daitekeen hori aurrera eroateko.
Zergatik eztabaidatu den han lanpostuen sortzearena? Hizkuntza minorizatua daukaten Europako hainbat herritan duten problema da hiztun kopuru txikiaz gain, hizkuntza hori dakitenak hitz egiten den lekuetatik kanpo doazela langabeziak eraginda. Horri aurre egiteko ikusten den bidea da hitz egiten den lekuetan lanpostuak sortzearena, bertan hiztunak geldiarazteko, eta hitz egiten duen jende berria erakartzeko. Gai honi garrantzi handia eman zaio aste horretan.
A.- Eta beste bi gaiak?
J.Z.- Beste bi gaiak izan dira: bata helduen hezkuntza, eta bestea bulegoak edo erakundeak sortzearena gaia bideratzeko. Aurreko kongreso batetan erabaki zen bulego edo erakunde horiek bultzatu behar zirela ofizialak izan ez arren. Kongresu honetan ere hori azpimarratu izan da, laguntza gehiago eman behar zaiela erakunde boluntarioak edo ofizialak ez direnei. Helduen hezkuntzarako beharrak aztertu ditugu taldeldean Catalunya, Euskal Herria eta Irlanda egon gara. Denon artean txosten-proposamen bat egin dugu bost punturen inguruan: lehenengoa kontzientziatzearen beharra, bigarrena hizkuntzari garrantzia eta lekukotasuna emateko bideak markatzea, hirugarrena zen hizkuntza hori bultzatzeko ze eskola moetak egin daitezkeen, laugarrenak aztertzen zuen aurreko puntuak garatzeko ze laguntza behar den bai hizkuntza politikatik, diru aldetik, azpiegituratik, zein erakunde ofizialetik zein ofizialak ez direnetatik.
A.- Lau egunotan tratatu duzuenaren bilakaera nolakoa izan da?
J.Z.- Kongresu honen benetazko hasera izan da asteartean; egin dugu herri eta erakunde bakoitzaren azalpena, gure kasuan AEK-ren azalpena, zelan dagoen hizkuntza Euskal Herrian eta halakoak. Arratsaldean hasi ginen lan taldetan, gu izan ginen helduen hezkuntzarako beharrak aztertzen zuen taldeko partaide. Hurrengo egunean aurkeztu genuen denon artean eginikoa besteok entzun eta galderak eta kritikak aurkezteko. Gero, beste taldeetako lanak hartuz denon aportazioak baitatzen zituen txostena prestatu dugu Europako Elkarte Ekonomikoan dagoen hizkuntza minorizatuetarako bulegoari zuzentzeko. Bulego hoenk jasoko du kongresuan ateratako erabakiak, gero proposamen horiek Europako Parlamentura, bidaltzeko. Parlamentuko batzordeak egingo dizkio behar besteko enmiendak, birridatziko ditu proposamenak eta aurkeztuko ditu, Europako Parlamentuan erabaki ditzaten diru laguntzak. Kongresu honen helburua zen puntu horiei buruzko proposamen batzu idaztea, oinarrizko materialea izan dadin.
A.- Nork antolatzen du Kongresu hau, edo Ihardunaldi hauek?
J.Z.- Kongresu honen bultzatzailea izan da EEE-ko hizkuntza minorizatuetarako bulego hori, praktikan John Kennedy irlandarrak antolatu badu ere, Dingle Penintsula edo Kerry Konterriko hizkuntzarako batzordeak lagunduta.
A.- Ze herritako ordezkaritzak bildu zarete bertan?
J.Z.- Euskal Herritik joan gara Josu Naberan eta biok, Katalunyatik hiru lagun, Bretainiatik bi, Scotlandetik bost, Fryslandetik bi, eta Irlandatik beste guztiak, guztira hogeitamar inguru.
A.- Zer dela eta zuek gonbidatuak izatea Euskal Herritik eta ez egotea erakunde ofizialik?
J.Z.- Guk hartu genuen gonbidapena Estatu mailan dagoen EEE-renpeko hizkuntza minorizatuetarako arduradunak Aurelio Argemi katalanak bidali zigun. Berorrek egin zituen kontaktuak hemen, Catalunyan eta Galizan, informazioa eman ondoren ihardunaldi hauetaz galdetu zigun ea guk gai horietaz zerbait esateko geneukan, eta baietz esandakoan gurea azaltzera joan izan gara.
A.- Zer aportatu dio AEKak kongresu honi, zer proposatu duzue eta zer onartu da?
J.Z.- Kongresu horretan argi ikusi da beste herrietan bide instituzionalak erabiltzen dituztela nagusiki, guk Euskal Heritik erakutsi duguna izan da bide ezofizialetatik ere badagoela zer esan eta zer egin. Guk aportatu dugu aurten martxan jarri dugun ekinbidezko irakaskuntzaren berri, eta bide ofizialetatik abiatuta doazenen aurrean eritzi desberdina markatu dugu. Bestalde azaldu dugu kontutan hartu behar dela ingurua hizkuntzak normalizatzeko bidean, ikastera doazen helduak ezin ditugula hartu elementu isolatutzat, gizarte inguru baten kokatuta daudelako. Enfoke hori ez zen egiten lehenengo egunetan, dena zihoan bide ofizialetik, presupostu ofizialak, Europako ez dakit zein eta ez dakit nor. Ematen zuen hizkuntza minorizatuak salbatzeko nahikoa zela diru laguntza, batete kontutan hartu barik ingurune soziala.
A.- Zein da zure ustez ingurune sozialaren garrantzia?
J.Z.- Nire ustez garrantzi handia dauka. Beste herriek hitz egin dutenean hizkuntzaren problematikari buruz ikusi da beste herrietan badagoela egoera larria hizkuntza aldetik. Hor, Irlandan adibidez ematen da kontraesana, mundu guztiak dauka eskubidea eta posibilitatea gaelikoa ikasteko eta ofiziala da, baina gehienak erabiltzen duten hizkuntza ingelesa da. Hori hemen gertatuko balitz, mundu guztiak edukitzea eskubidea euskara ikasteko ba jenteak ikasiko luke, baina euskarari ez bazaio bere benetazko balio soziala ematen gertatuko da Irlandakoa, gaelikoa erabiltzen den lekua hiru eskualdetara mugatzen dela, eta hori esfortzu handiak eginda gainera. Kontestu soziala ez badugu euskalduntzen edo tokian tokiko hizkuntza erabiltzen alferrik izango da pertsonak ente aislatutzat hartuta euskalduntzea, gizartea ez bada euskalduna.
Erabilera soziala ez bada hedatzen ez dira helburuak betetzen. Gure helburua bada Euskal Herri osoa euskalduntzea eta ez bakarrik euskaldunen kopurua mantentzea, inzitzentzia soziala lortzea ezinbestekoa da.
Catalunyan ikusten duten bidea egoera diglosikoa gainditzeko umeen hezkuntzatik doa, baina hango problematika desberdina da ze han gehienek katalaneraz hitz egiten dute, edo errezago daukate ulertzeko behintzat, baina hori ez da gertatzen Euskal Herrian ez Irlandan, ezta Bretainian ere. Oso hizkuntza desberdinak direlako euskara eta erdera, edo bretoia eta frantzesa, adibidez. Catalunyan indar handia ipintzen dute maisu maistren bermoldaketan, katalaneraz klaseak emateko gaituak egon daitezen, baina helduen hezkuntzan ez zuten gehiegirik inziditzen ordea. Euskal Herrian umeen irakaskintza garrantzitsua da, edota hori garatu eta bultzatu egin behar da, baina helduen ikaskuntza ez bada kontutan hartzan eta bere garrantzia ez bazaio ematen gertatuko da Irlandan bezala. Hango eskoletan ikasten da gaelikoa, baina batez ere idazten eta irakurtzen, orduan hitz egiteko ez da erabiltzen, bizitza sozialean ingelesa erabiltzen delako. Hortik dator inguru soziala euskalduntzeak daukan garrantzia.
A.- Zuk uste duzu Europako Elkarte Ekonomikoak ezkenean Euskal Herriko AEK subentzionatuko duela edo?
J.Z.- Behintzat gauza bat atera dugu garbi, guk pentsatzen genuen Europako Ekonomia Elkartera jotzeko entitate ofiziala izan behar zenuela. Han esan digute, Europako EEEn dagoen estatuk eta hor barruan edozein herriko erakundeek badaukatela eskubide osoa ofizialak izan ala ez laguntza eskatzeko, horretarako kontutan hartu behar da badaudela programa batzu, eta programa bakoitzak markatzen dituela baldintza batzu, eta horiek betetzen badira ez dagoela arazorik eskatzeko. Aztertzen ari gara zein diren programa konkretuak eta ze baldintza eskatzen duten horietarako, eta ea programa horiek Euskal herrira egoki daitezkeen.
Beste gauza bat da gu Kongresu honetara joan arte ez genuela inolako informaziorik holako proiektuak esistitzen zirenik ere, eta bertan jakin genuen badagoela baita pertsona bat Eneko Landaburu izenekoa komisionatuta Euskal Herriko arazoetarako, hizkuntza aldetik. Eskatu genuen programa horiek zabaltzea dauden erakunde eta herri guztietara eta ez bakarrik gobernuetrara.
Iñaki GOITIOLTZA
42-43

GaiezHizkuntzaBesteak
PertsonaiazABALO1
EgileezGOITIOLTZA1Hizkuntza

Eguneraketa berriak daude