Aurki 100 Urte Beteko Dituen Aita Damaso Intza Gure Aldizkariaren Sortzailearekin


1986ko maiatzaren 18an
Aurki 100 Urte Beteko Dituen Aita Damaso Intza Gure Aldizkariaren Sortzailearekin
1919.ean sortu zuten Iruñeako kaputxino batzuk gure ARGIA honen ama ZERUKO ARGIA, euskal kazetaritzaren habe zaharrena. Sortzaile den Aita Intzagana zoaz. Eguzki galdapean Iruñeako Errotxapean dagoen komentuan aurkitzen duzu elbarrientzako aulki horietako batean eserita, bakar bakarrik terraza batean, ikusten ez duten begiak zabalik, ia osotoro gortua, hizketan hasi ahala lerdea ahotik abitora, negarrezkoak ez, gaitzak sortutako malkoak begietan, dardarrez eskuak, aurpegi zimela, ahots eztia, galdera bat egin eta erantzuna zeharo bestelakoa, Kubako gerra galtzerako 13 urte beteak. Ezin euskara batua eraman, gipuzkera kuttun. Euskal kazetaritza aipatu eta, aldizkaria erlijioarekin lotuko beti berak, ZERUKO ARGIA Euskal Herriko kristauentzat. Eta konturatzen zara pelikula diferentean bizi zaretela, bai, pelikula diferentean, baina...
GALDERA:Zu,Damaso, Zeruko Argia aldizkingiaren sortzaile zaitugu.
ERANTZUNA: Artean ez geneukan euskaraz "Irugarrengo frantxiskotarra'' deitzen zena besterik, 1911.ean sortu zena, zortzi orrialdekoa, hori besterik ez genuen euskaraz Euskal Herriarentzat, eta ikustean aldizkingi hari horren harrera ona egiten zitzaiola bazter guztietan, ia Euskal Herri osoan, uste dut 5.000 harpidedun, beste zerbait egiteko asmoa hartu genuen. Hura ez zen bakarka egina, alkartasun bat zen "Irugarrengo frantxiskotarra". Hura sailka bildurik egoten zen. Ikustean guztien artean horrenbeste maite zutela eta hain atsegin zitzaiela gure Buenabentura oieregiarrari gogoratu zitzaion egin behar genuela beste bat Euskal Herrian oraindaino izan ez zen bezalakoa, eta hori euskal abesti ta guzti, hilabetero, ta hala, hartarako Aita Buenabentura bera hasi zen alde batean eta bestean galdezka bere aita probintzialari nork lagundu nahiko zukeen gure lanbide horretan, eta ikusirik hain gogo onez hartzen zutela, ikusirik batzuk eta besteak eskeintzen zirela geren lanetarako, orduan gure aita honek egin zuen lehendabizikoan "Irugarrengo frantxiskotarra"rekin egin zuena.
Gure aita kaputxino katalandarrek orduko sorturik zeukaten "Irugarrengo frantxiskotarra" eta hori hain polita ikusirik, gure aita probintzial Kataluñan hazi hari erakutsi zion Buenabenturak eta honek: "gizona, ez nekien bagenuenik horrelakorik, baina guk egin genezake beste bat honetxen antzekoa" esan zion, "bai zera ta, nork?" "Aita Damasok eta nik" erantzun zion Aita Buenabenturak "eta beste batzuk ere badira, hartarako eskentzen direnak". Orduan esan zuen aita probintzialak: "bueno, hori egin daitekela uste baduzu esaiozu Aita Damasori bera izan dadila zuzendari ta bertatik sor dezazuela aldizkingi hori, zuk ikusi zer egin nahi duzuen."
Eta bata ta bestekin hitz eginez "Irugarrengo frantxiskotarra" sortu zen Euskal Herria guztirako, hara.
GALDERA: Artean sortu gabea zenuten Zeruko Argia.?
ERANTZUNA: Bai, artean sortu gabea zen "Zeruko Argia". Gero, gure xedea gertatu zen "Zeruko Argia"rekin, "Irugarrengo frantxiskotarra" sei milataraino zabaldu zen Euskal Herrian eta hori ikustean gure Aita Buenabentura badator esanez: aizu, ikusi honako gure aita kaputxino gaztelarrek daukaten beste aldizkingi hau, "El gran mensajero seráfico", begira zer polita den, ba hau bezain ona ta hobea egin behar dugu guk kaputxinoek Euskal Herrian. Nik esan nion: zoaz hortik, ez halako txorakeriarik esan, lehen hor gabiltza hirugarren ordenaren aldizkingiarekin hau dela ta bestea dela ta batzutan estu samar eta orain zera, berria, eta halako neurritako aldizkingia, ez horren ametsik egin. Baina Aita Buenabentura setosoa zen, bere asmo honetan iraunkorra eta joaten zaio gure aita Probintzial lehen izandakoari eta lehen "Irugarrengo frantxiskitarra" sortzea iritsi zuaneri eta erakusten dio kaputxino gaztelarrek egindako "Mensajero seráfico" hori ta esaten dio: begira zein aldizkingi ederra duten gure aita gaztelarrek, guk egin behar dugu beste bat hobea Euskal Herrirako.
GALDERA: Barkatu Aita Intza, zein zen Aita Buenabentura.
ERANTZUNA: Hura zen nere lagun ikastaro guztietan, Oieregiko semea, maisu baten semea, bere aita maisu zen, gaztelarren aldizkingia bezalakoa egin nahi zuen. Gure herriak ez bait zuen "Irugarrengo frantxiskotarra" eta "Jangoikozale" sortu berria besterik. "Guk sor dezakegu 25 orrialdekoa hilabetero euskarazko abesti berri euskaldunak eman ditzakeena. Eskeini zaizkit Aita Donosti eta beste batzuk". "Zoaz ba Aita Damasorengana" agindu zion Aita Probintzialak "eta esaiozu nere borondatea dela eta bertatik bera izan dadila haren zuzendari", eta hortatik sortu ziren bi aldizkingiak, bestenaz ez ziren sortuko ez bata ta ez bestea. Zeruko Argia 19.ean sortu zen.
GALDERA: Gerran eta zer moduz?
ERANTZUNA: Badakizu zuk ere, orduan ez genezakeen aurrerapenik egin, atzerapena etorri zitzaigun, eta euskara galtzeko bidea sortu zen, halaxe. Nere adiskideen artean odola isurtzen ikusi nuen, bai jauna, "Argia"ren zuzendari zena adibidez, ez dakit nola deitzen zen, euskaldun bikainak eta edade onenean hil zizkiguten batzuren batzu. Bata Donostiakoa zen, "Argia" aldizkingiaren zuzendaria, "Argia", "Zeruko Argia" ta gero sortu zuten han. Hil zuten zuzendari hori etxez etxe ibiltzen zen "Argia" saltzen, "Argia" saltzen zuten, baina "Zeruko Argia" utzi gabe.
GALDERA- Badakigu bestalde ibili zinela garai batean Nafarroako aditza biltzen.
ERANTZUNA: Bai hala ibili nintzen euskaltzain aukeratu nindutenean eta euskalki eta berexki guztiak edo gehienak biltzeko asmoan hasia nintzen, baina lan gogorra da ta ahal nuena eginez banindoan ni ta gero euskaltzain aukeratu nindutenean horrexek behartua aurkitzen nintzen lanari ekiteko. Ta horixe, jarraipena behar da.
GALDERA: Herriz herri ere ibili zinen esaera zaharrak biltzen.
ERANTZUNA: Bai, herri askotan ibili nintzen, lehendabizi nere hitzaldiak eta nere lanak egiten nenbilen artean han hemen aurkitzen nituen esaera oso politak, eta esaten nuen, hau aberastasun handia dugu ba, holaxe hasi nintzen pixkaka pixkaka biltzen, eta euskaltzain egin nindutenean gehixeago bildu nituen eta hargatik argitaratu ziren bederatzi orrixki "Euskera" aldizkingian. Eta haiek argitaratuta gehiagoko asmorik ez neukan baina, euskaltzain egin ninduten eta, zerbait egin behar. Batez ere herri batzutan oso harrera ona egin zidatelako. Beran adibidez, hara joan nintzen ta han nenbilela galde egin zidan hango euskaltzain garai hartan zen batek, ea zenbat esaera zahar bildu nituen: "150 bildu ditut" nik, "hainbeste bildu duzu" berriz berak, "zoaz ba beste herrietara, ez zazula lan hori eskuetatik utzi, Euskaltzaindiak lagunduko dizu lan honetan nik hitzematen dizut" eta orduantxe saiatu nintzen beste herrietan biltzen.
GALDERA: Aizu Aita Intza, nola ikusten duzu gaur egun egiten den eta idazten den euskara, euskara batu hori?
ERANTZUNA: Hori diozun ezkeroz, Euskaltzaindiari oraindik hitz bat esateko asmoa lehen banuen nik, eta hau zen: Euskaltzaindiak behin batean galde bat egin zidan. Euskaltzainburuak idatzi zidan hainbeste esaera zahar bildu nituela ikusirik eta esan zidan: zergatik ez diguzu Euskaltzaindian erakusten nola egin daitekeen lan hau ugariago?
Nik garai hartan, ez dakit zergatik, nolanahi delarik, ez nuen hori gogoan hartu, orain ahuldurik nago eta ezin dut ezer egin, baina aurreko urteetan gogoan erabili dut nik Euskaltzaindiari hil baino lehenago hauxe erakutsi behar diodala. "badakizu esaera zaharrak biltzeko biderik hoberena, lehen bildurik daudenak eskuan direla, joan herriz herri euskara hutsik egiten den etxeetara eta hor ekin, ikusiko duzue, zenbat eta zenbat uste ez duzuenak aurkituko dituzuen"» esan nahi nion Euskaltzaindiari hil baino lehen. Euskaltzaindiari ez diot hori esan, baina esateko asmoa erabili dut gogoan orain baino lehen.
GALDERA: Aita Intza, nola ikusten duzu mundua gaur egun. Gaztetan izango zenituen esperantza batzu, bete al dira?
ERANTZUNA: Mundua beti mundu. Onik aski badu, baina gaitz nahikoa. Bestenaz garai hartarako polita genuen ba Gipuzkoa, gipuzkoera, gipuzkoera egiten nuen, hori baita euskalkirik zabalena eta ugariena ere nere ustez.
GALDERA: Minduta zaude euskara batuarekin?
ERANTZUNA: Damuturik nago bai, euskalkiak behar dira. Euskara batuarekin zaildu besterik ez baitugu egin Euskal Herria, zer ugaritu du, zera sartu ditu, hainbeste ta hainbeste erdarazko hitz, edo frantsesetik hartuak edo españoletik, eta hori egin beharrean lehen esan dizudana egin behar zen, herriz herri Euskaltzaindiak ezarri euskaltzain bat hartarako, ta dihoala etxez etxe euskara hutsik hitz egiten duten etxetara eta hantxe saiatu lehendik bildurik dauden euskalkien bidez hitz eta zera berriak biltzen, hori da biderik egokiena eta erosoena.
GALDERA: Ikusiz gaur egungo ARGIA zer den irakurtzen al duzu?
ERANTZUNA: Ez dut jarraitzen, "h" hori ez baitut batutzat hartzen, batasunaren arrastorik ez dut inon harrapatzen nik, batasunik eta irabazbiderik ez dut ikusten.
GALDERA: Jarraitzen duzu gaurko euskal mogimendua?
ERANTZUNA: Zer nahi duzu, badakizu ezin nezake nik irakurri, aspaldiko urteetan ikusmena galdu nuen eta egunerokoak eta irakurtzeko ikusmena galdu nuen, orain ez dezaket ikusi ezta hizkirik handiena egunerokoan.
GALDERA: Osasunez nola zaude?
ERANTZUNA: Daukadan adinean izan dezakedan hobekienik nere ustez, egia da orain aldian halako txorabio batzuk edo uste ez ditudan batzuk gertatzen zaizkidala, gaur goizekoa bezala, esan didate egin didatela omenaldi edo halako zerbait, Euskal Telebista eta Telenavarra egon omen dira, baina ni ez naiz ezertaz ohartu. Bestalde, katarroa ere nerekin daukat. Egunero nere garbialdiak egiten ditut, eztarriaren garbialdiak egiten ditut eta horri eskerrak irauten dut. Indar eginez heldu da berez halako eztul bat eta lehertzen da nere karkaxa, sail bat handia, jarraio, behin eta berriz eta horrela ateratzen da asko, asko, bat aspertu egiten da lan hori egiten, baina egunero gauerdian edo eguardi ondoan edo dena dela orduan batez edo biez hori egin dut nik aspalditxoan, horri eskerrak irauten du nere ahotsak. Nere eskuzapietara egunero lau bat aldiz botatzen dut karkaxa. Zikintzen baititut lau bat sudur zapi egunean. Itsua ere banago, ezin diezaioket eguzkiari zuzen begiratu nekatu egiten naiz, begiak itxi erazi egiten dizkit.
GALDERA:Lo ondo egiten al duzu?
ERANTZUNA:Lo ona, bueno, holaxe, holaxe egiten dut. Baitare aspalditxo honetan amets asko.
GALDERA: Zein dira Aita Intzaren ametsak?
ERANTZUNA: Alde askotarakoak dira, oi oi oi, ez daiteke esan.
GALDERA: Ezin daiteke esan? Kontaiguzu baten bat.
ERANTZUNA: Gutxien uste duzun moetatik heldu zaizu amets bat, hain ederra. Izaten dudan ametsetako bat hau duzu, lurreko etxerik aberatsenetan saltzen diren euskal liburuak eta horren antzekoak, batzutan pilaka, Jaunak begien aurrean jartzen dizkit. Beste batzutan eliz handiak apainduri guztiekin, jo, baina nolakoak izaten diren eliz horiek, Jaungoikoak bakarrik asmatzen ditu ta aingeruek buru aurrean jartzen halako gauzak.
GALDERA: Aita Intza, zuk nola ikasi zenuen euskaraz idazten?
ERANTZUNA: Euskara nik ikasi nuen jaiotzez nere gurasoak euskaldunak ziren eta denekin euskaraz aritzen nintzen. Irakurtzen euskaldun jakintsuen irakurketen bidez ikasi nuen. Jakin behar duzue nik euskara galdu nuela Tudelan lau urtez apaizgai egonda. Joan zitzaidan behin ama bisita egitera eta nik euskara ahaztuta izaki, hark, jakina, erdararik ez zekien, eta negarrez hura alkarri ezin ulertu geniolako. Herriko neskatxa bat harekin etorria zen beharrik, eta hari bidez ulertu genion alkarri. Ni Tudelara apaizgai eraman ninduen apeza euskalduna eta euskaltzale zen, eta joan aurretik esan zidan han nengoen bitartean ez gero euskara ahazteko, baina nik ahaztu egin nuen, eta handik urte batzuetara berriz alkar ikusi genuenean gogora erazi zidan orduan esandakoa, eta nik emandako hitza bete ez nuenez, esan zidan berriz ere euskaraz hitzegiten hasi behar nuela. Hartarako hara zer egin nuen. Bagenuen garai hartan astean behin ostegunetan tarte bat gaztelaniaz hitz egin ezin genuena, tarte hura lateraz hitz egiteko genuen, eta aita hark agindu zidan neri eta nere adiskide Buenabenturari debekatua zegoela erdaraz hitz egitea eta euskaraz hitz egin behar genuela. Bestetik euskal liburuak erosi genituen euskara gehiago ez atzentzeko.
GALDERA: Daukazun adina izaki, zer eskatzen diozu bizitzari?
ERANTZUNA: Jaunari eskatzen diot iraupena eman diezaion gureari eta aurrerantzean ere bai, geren arterako eta Euskal Herri osorako, zer nahi duzu ba?
GALDERA: Gazte zinela ez al zenuen begiratu xamur bat ere herriko neskatxentzat?
ERANTZUNA: Beste aldera, guzti horiek beste aldera. Ni kaputxino sartu nintzenerako gogo garbi garbia izan nuen kaputxino ta apaiz izatea, eta beti jarraio nion nik nere asmo eder horri, Jaunak emandako asmo eder horri, holaxe.
GALDERA: Zenbat urte dituzu orain?
ERANTZUNA:99 urte dira Araiz bailarako Intzan sortu nintzela, aurtengo urriaren l8an beteko ditut 100 urte.
Iñaki CAMINO. Josu LANDA
27-31

GaiezKomunikabidPrentsaAldizkariakArgiauzendariak
PertsonaiazINTZA1
EgileezCAMINO1Komunikabid
EgileezLANDA2Komunikabid

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude