Tasio Erkizia: Bilbon Abertzale Izatea


1984ko ekainaren 10an
Tasio Erkiziari elkarrizketa
Euskadi Erdia Ibaizabal Ondoan Bizi Da
Tasio Erkizia: Bilbon Abertzale Izatea
Lesakan jaioa, aspaldidanik ari da lanean Bilboaldean Tasio Erkizia. Ikastola munduan ere ezaguna, HBko kontzejala da Bilboko udalean. Eta ia Euskal Herriko populazioaren erdia osatzen duen eskualde horretaz nahi genuen mintzatu berarekin, Ibilaldira joan behar genuen aitzakiarekin. Hego Euskal Herrian azkar konpondu beharreko arazo bat Nafarroa bada, gure bigarren estuasun iturburua ez al da Bilboaldea?
ARGIA.–Herri Batasunako jendeak oso konten dirudi PNV barruan gertatzen den krisia ikusita.
Tasio Erkizia.–Krisi hori identitate krisia dela dudarik ez dago guretzat. Arazo pertsonalak ere egongo dira baina funtsean identitate krisi bat da nahiz eta gero talde borrokan eta podere nahian zehaztu. PNVk eta Euskadiko Ezkerrak aspalditxotik ez dute sinesten Euskal Herrian nazio projektu bat eraiki daitekeenik, ez epe laburrera eta ezta luzeragora ere. Poliki-poliki errejionalismo batean jausi dira. eta errejio bat beti nazio edo estatu haundiago baten zati izaten da. «Errejio» hau estatuan gero eta hobeto integratu dadin egiten dute lan horiek
Nazio projektua defenditzeko prest gaudenontzat bidea garbiago ikusten da. Bagenekien duela lau urte ere bide hori latza izanen zela. Baina eguneroko bizitzak erakusten digu uste baino latzagoa dela eta ez epe laburrera, luzarora borrokatu beharko du Euskal Herriak bere nortasunari eutsi nahi badio.
A.–Bilbo inguruko ostatu batean ari zara nazio projektuaz mintzatzen.
T.E.–Hori Bilboaldean are eta latzago ikusten da, ingurune hotzagoa eta zabalagoa delako. Esango dizut. Bilbon eta Bilbo inguruan abertzale sutsu asko dago, baina baita abertzaleen kontrako hainbat jende ere. Difuminatu samarra geratzen da eta ez da bizi herri txikietan bizi den berotasun hori. Anonimatuak beti hoztasun piska bat gehiago ematen du.
A.– Nola egiten du lana ezker abertzaleak Bilbo aldean?
T.E.–Lehenengoz azpimarratu beharra dago nazio projektu batera jendea bi bibentzia eta planteaketa ezberdinetatik heldu gaitezkeela. Sektore, bat eta ni horien artean, euskara eta euskal giroa, euskaltasuna, bizi izan dugulako, sentimentu hori razionalizatu dugunean iritsi gara nazio projektu horretara.
Baina badago beste jende multzo garrantzitsu bat, beste abiapuntu batetik iritsi dena: klase sentimentu batetik. Batez ere Ibaizabalen ezkerraldean jende asko dugu gure planteamentu berdinetara iritsi direnak bide ezberdinetatik. Nola? Klase zapalkuntza aztertzean, klase kontzientzi batera borrokan heltzean konturatu dira beren zapaltzaileek izen eta abizen batzuk dituztela. Alegia, azken finean koturatzen direla berak zapaltzen dituen klasea bera dela Euskal Herria zapaltzen duena, eta nazio askapen benetako baten alde ari direnak nagusi beraren kontra ari direla.
Jakina, kontutan eduki behar dugu arlo guztiak berdin ez ditugula sentituko, baina azken finean barrikada berean aurkitzen gara eta gainera egunetik egunera projektu berdinagoan. Badugu elkarrengandik zer ikasia, batzuek euskaltasun aldetik eta besteok klase kontzientziari dagokionean.
A.–Baina hiri haundietan ere bizirik al dirau klase kontzientziak? Ez al du lortu sistemak azkenean klase kontzientzia hori ere jatea?
T.E.- Erreforma deitu dugun prozesu horrek lasaikeria sortu du herrian, bai langileriaren artean eta bai euskaltzale sutsuen artean sartu da lasaikeria hori. Egia da langileria krisi gogorrean dagoela, sindikatu maioritario guztiak erreformismo hutsean jausi dira eta saldukerian sartu dira, eta orduan langile gehienak ere ekonomizismo huts batean erori dira.
Baina beren buruak euskaldun sendotzat jotzen zituzten hainbeste ere saldukeria horretan sartu dira. Nola ametitzen duten PNVko base euskaldunek beren burukideen jokabidea, Euskadiko Ezkerrakoek berdin, nola adibidez sartu duten trankil aski elebitasuna ikastoletan. Zenbat euskaldun ez da bere hizkuntza baztertzen ari gaur bertan Gipuzkoako herrietan eta Bizkaikoetan zer esanik ez. Bilbon bertan euskara gehien erabiltzen dutenak euskaldun berriak dira, eta horietako asko euskararen kontzientzira klase kontzientzia batetik heldu dira, edo beste borrokaren batetik.
Azken finean, nazio projektu honi ez diote eutsiko euskaltasuna bizi-bizirik daukatenek bakarrik, langile kontzientzia bizi-bizirik dutenek ere parte hartu beharko dute. Bi horiek txertatzea da bide bakarra.
A.–Bilboko auzo mugimenduak oso deigarri ziren beste herrialdekoontzat bolada batean. Horiek ere apaldu egin direla dirudi.
T.E.–Apaltze horren arrazoin askoren artean bi azpimarratuko nituzke. Lehenik, PNVk ito egin dituelako. Hiru-lau urteotan PNVren esku zeuden udalen helburu nagusienetariko bat herri mugimenduak itotzea izan da. Eta hori lortu da, mugimendu horiei inolako laguntzarik ez emanez, lehen zituzten biltoki eta lokalak kenduz, printzipioz beren kontra lan eginaz. Esate baterako, auzo elkarte batek projektu bat baldin bazekarren, alde batera uzten zen eta handik hilabete batzutara beren ideia balitz bezala aurkezten zuten. Jende asko horrela uzten joan da.
Beste arrazoin bat bada, eta sakonagoa: mugimendu guzti horiek planteamendu ekonomizista batzuetara mugatu izan direla. Kale bat konpontzeko plaza txiki bat egin dezaten, etxe bat eraiki ez dezaten... eta horrela borrokatu dira, baina planteaketa orokor bat ez da egon. Ez da txertatu borroka hori ez nazio projektu batean eta ezta klase kontzientzia batean ere. Mobilizazio interesgarriak egon dira baina helburu puntualen inguruan gehienetan. eta gehiago sakondu ez delarik, nahikoa izan da udalak zenbait arazo konpontzea edo epe baterako promesak egitea auzo elkarte horiek aurrerabiderik gabe gelditzeko.
A.–Ezker abertzaleak izan al du sekula indarrik auzo elkarteetan ezta?
T.E.–Gutxi. Mugimendu hori bizi izan dugu, eta borrokan parte hartu ere bai, baina barne-barnean sarturik ez gara egon, gure borroka gehiago finkatzen genuelako euskarazko klase, ikastola eta beste elkarte kulturaletan. Hala ere ahalegin haundiak egin izan ditugu kultur mugimendu horiek auzo elkarteekin txertatzeko.
Baina bi mugimendu horiek elkarrekin lotzerik ez da erdietsi eta hor badago hutsune historiko bat, orain bizi dugun krisian nabari den bezala. Esan dezakegu abertzaleok inguruan ibili garela, elkarlanean jokatu dugula baina gure indarrak gehiago zentratu ditugula auzoetan euskararen eta kultur munduaren alde auzo elkarte horiek behar bezala dinamizatzen baino.
A.–Denora puska bat badaramazu kontzejal lanean Bilboko udalean. Baina lan zehatz horrez gain nondik ikusten da jo behar duela ezker abertzalearen lanak?
T.E.–Betidanik gure eritzia izan da auzo mugimendua ez dela mugatu behar auzo elkarteetara, baizik eta zer esan haundia dutela bai mendi taldeek, euskarazko eskolek, ikastolek, kasu askotan txokoek ere bai... Euskal Herriaren bereiztasun bat izan da arazo batzuen aurrean organizatzeko ahalmena. Gure asmoa herri mugimendu guzti horietan parte hartzea da.
Erreformismoaren helburu bat da herriari protagonismoa kentzea, herria pasibotasun batera eramatea. Guretzat alderantziz lehen helburua da herriari partizipazio bideak eskaintzea, eta bide zabalak: bati mendia gustatzen bazaio lana mendi elkarte baten inguruan egin dezala. Frankismo garaian elkarte guzti horiek funtzio historiko bat bete zuten bezalaxe, uste dugu poliki-poliki berriro ere bete dezaketela, presoen alde, euskararen alde eta abar laguntzen duten neurrian.
Auzo elkarteetan lana sakontzea da beraz helburu bat, orokorki hiri ezberdin bat lortzen saiatu. Eta gurasoekin eta kultur elkarteekin eta abar elkarlan baten aldera eraman, herri mugimendu hori berpiztuz joatea. Badakigu ez dela urtebeterako eta birako lana. Eta hala ere pauso garrantzitsu bat emana dago: herriak badu erreferentzipuntua den bloke bat, Herri Batasuna. Izar horrek argitzen duen neurrian izango da posible bizkortze hori.
A.–Hitz politak, baina ez al da pasatako garaien irrikaz aritzea? Egoera oso aldatua dagoela esan nahi dizut alegia. Begira nondik dabiltzan gazteak.
T.E.–Gaztediarengan krisi larri bat dago, baina gehiago esango nuke egon dela. Hau da: orain dela zazpi-zortzi urte, 76-77 urteetan gazteek euforia garai bat bizi izan zuten. Eta urte haietan itxaropen haundiak zituztenek poliki-poliki beren ilusio guztiak zapuzturik aurkitu dituzte, erreforma bide honek inolako esperantzarik ez diela ematen konturatu dira, praktikan ez dela ezer aldatzen.
Garai horretan zegoen irakaskuntzak berdin jarraitzen du, areago, frankismoaren azken urteetan baino atzerakoiago dago irakaskuntza; horretaz ere eman daiteke hamaika datu, nola goazen atzera metodoetan, edukietan eta abar. Hori batetik. Eta bestetik, zer eskaintzen diete erreforman erori diren alderdiek, ze ilusio ematen die Estatutoak? Ikusi zen Estatutoa onartu zenean: inon ez zen jairik ospatu, jendea ez zen kalera irten lorpen haundia izan balitz bezala. Aberri Egunean ere alderdi horiek gero eta gehiago lotsagarri gelditzen dira; eta Aberri Egunak gazteei ia ez die ezer esaten.
Gaztediak aldiz parte hartu du Korrikan, eta ez HB inguruko gaztediak bakarrik. "pasota" deitzen dieten horietakoak ere bai. Ilusio bat eskaintzen diogun neurrian gaztedi horrek erantzun dezake. Esate baterako institutoetan hasi da berriz mugimendu guztiz esperantzagarri bat, eta orain dela hiru urte ia ezer ez zegoen. Hilketa baten aurrean ez zen inor mugitu ere egiten ezta greba bat ere, eta orain aldiz hasten da berriz.
A.–Bilboaldean euskaldunen kontrako asko dagoela zerorrek esan duzu.
T.E.–Gauzak berezi egin behar dira. Langileen artean antieuskalduntasunik ez dago. Baina Euskal Herriko burgesiarik zentralistena hemen dago eta horrek zerbitzari zintzo asko ditu, funtzionariak direla etabar, historikoki interesak eta boltsikoak Madrilen dituztenak, horregatik dira antieuskaldun; egia da burgesia horrek inguru zabala duela, eta badago Bilboaldean antieuskaldun asko.
Baina askotan esaten da antieuskaldun asko dagoela etorkinen, emigranteen artean. Eta bereizketa egin behar da: botoetan eta beste askotan ezberdinak dira azken boladako etorkinak eta orain dela hogeitabost urte etorritakoak. Ezkerraldean dugu orain dela hogei-hogeitabost urtetako emigrazioa eta hor ezker abertzaleak militante eta boto ugari ditu. Arazo latzagoa daukagu azken boladakoekin, Basaurin eta Bilboko zenbait auzotan adibidez.
Antieuskaldun direla? Ez. beste gauza bat bait da behar hainako euskal nazio kontzientzia ez edukitzea. Haurtzaroa Gaztelan eman duenak banderarenganako, kantuarenganako eta usadioetarako sentimendu bereziak edukitzea normala da, eta guk ezin dizkiegu sentimendu horiek ukatu. Baina horietako askok eta askok Euskadi sentitzen dute beren parte gisa, hainbat urtetan hemen ari direlako beren izerdia isurtzen. Gero politikoek eta komunikabideek segun eta nolako sentimentuak erabiltzen dituzten hala eramaten.dituzte emigrante horiek.
A.–Eta jende horiek PSOEri ematen diote botoa.
T.E.–PSOEk bere poderea eskainiaz, bere lanpostuak eskainiaz... manipulatu egin dituzte. Baina euskaldunen artean ere askok botoa PNVri eman diote besterik gabe podere bat daukalako. Herri Batasunak poderea balu, horietako jende askok neurri batean HBri emango lioke botoa. Lehen botoa UCDri botoa emandako hainbatek orain PNVri eman dioten bezala.
Gero, kontuan eduki behar da herri txikietan jendeak izaten duela aukera plazan edo txikiteoan gauzak komentatzeko, ikuspegi ezberdinak entzuteko. Bilbo inguruan komunikabideek izugarrizko indarra dute, eta horiek PSOEri ze kanpaina egin dioten badakigu. Gero bakoitzari bidali dioten gutun pertsonala, beren haurtzaroko herriak gogoraerazteko aitzakiaz...
Gure egin beharra zein da? Euskal Herriaganako dituzten sustrai horiek razionalizatu erazi eta sentitu erazi. Gehienek nahi dute integratzea Euskal Herrian.
A.–Aspaldiko eztabaida da euskal kultur munduaren inguruan dabiltzanen artean: posible al da etorkinak gureganatzea? Beti pizten da eztabaida hau.
T.E.–Auzoz auzo ako ibili gara, eta sarritan izan dugu esperientzia hau. Edonora joan, Otxarkoagara bezala beste edonora, eta beti lehenik euskaraz hitz egiten dut, baita euskaldun bakar bat ez egon arren ere. Lehenengo erreazioa askotan: «Jode, oye, que no entendemos!». Baina azaldu diedanean euskara denon patrimonio bat dela eta beraiek aukerarik izan ez badute beren seme alabek aukera hori eduki behar dutela, guztiok osatzen dugulako Euskal Herria, langile direnez beraiek ere Euskadiren zutabe direla, nik beti txalo beroak jaso izan ditut.
Argi eta garbi esan behar da: batetik manipulatu egiten dituzte, eta bestetik guk ez dizkiegu bideak eskaintzen integratu daitezen. Askotan akonplejaturik bizi dira. Guk jakin behar dugu konturatzen hemen lan egiten badute objetiboki askoz ere interes haundiagoa dutela Euskal Herrian beren sorterrietan baino. Beren barruan borroka batean bizi dira eta guk lagundu behar diegu gauzak razionalizatzen. Lan haundia dago, eta gazteetan eskoletan batez ere: euskal kantak, dantzak. usadioak, euskara, irakasten. Belaunaldi hau zail samarra daukagu. Baina horien seme-alabak gureak izango ditugu, lana ondo egiten badu
Iñaki ZUBIONDO

Hiri berri baten aldeko lanean auzo elkarteak zuzpertu.
Lesakako lasaitasunean jaio eta Bilboko eromenean zinegotzi.
Etorkinak integratzea posible da eta lortu behar dugu.
11-14

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
GaiezGizarteaIdeologiakAbertzaleta
PertsonaiazERKIZIA1
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Pantailarik gabeko aisialdiari ekin diote 1.553 ikaslek Ipar Euskal Herrian

Hamar egunez, aisialdi orduetan telebista, bideo-joko eta smartphoneak alboratuko dituzte gutxienez 1.553 ikaslek, Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, pantailarik gabeko alternatibak diseinatu dituzte aisialdirako, denok bat eginik deskonexio digitala errazagoa dela... [+]


Irunen gizon bati eraso egin zion ertzaina kargutik kendu dute momentuz, gertakariak ikertzeko

Gizonezkoa kolpatu zuen ertzain agentea kargutik kendu dute kautelazko neurriekin, eta gertakariak ikertzen ari da Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Unitatea. Une hartan han ziren polizia agenteen jarrera ere aztertzen ari dira.


Egipto eta Libiak bat egin dute Hegoafrikaren genozidio salaketarekin

Egiptok Camp David-eko akordioa haustearekin mehatxatu du Israel, Rafah-ko operazioarekin aurrera egiten badu. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio agindu dezala Israel Rafah-tik ateratzeko.


2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


Eguneraketa berriak daude