Zuhaitzen %80 birlandatuko dira ala %86 baino gehiago moztuko dira?


2023ko irailaren 19an - 08:03
Azken eguneraketa: 10:11
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Basque Culinary Center (BCC) berriaren proiektuaren arduradunek Groseko egoitzaren eraikuntzaren ondorioz Manteon desagertuko den landarediari buruz egin dituzten adierazpenek kontzeptuen nahasketa erakusten dute "15 zuhaitz eta 73 zuhaixka" aipatzen dituztenean, eta jarraian, "eraikinaren aztarna berdea ia egungoaren berdina" izango dela esaterakoan. Biologoa eta ingurumen-teknikaria naizen aldetik, honako azalpen hau emateko baimena dudala uste dut: zuhaitzen eta zuhaixken arteko bereizketa ez da zientifikoa, eta ez du inolako garrantzirik aztarna berdeak, ingurumen-eragin eta antzeko ezer kalkulatzeko orduan.

Azalduko dut: ez dago irizpide tekniko adosturik zuhaitza eta zuhaixka bereizteko, baizik eta espezie bakoitzak heldutasunean lor dezakeen gehieneko garaierarekin erlazionatzen da nahiko lausoki (hau da: altuera jakin bat baino gehiago har dezaketen espezieak, zuhaitzak; azpitik geratzen diren zurezko landareak, zuhaixkak) eta autore batzuek muga 2 metrotan jartzen dute, beste batzuek 5 metrotan, etab. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako "Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gida"-n (Aizpuru et al., 2010), berariaz jasotzen da zuhaitzen eta zuhaixken artean bereizteko zailtasun hori, eta Manteon ugarienak diren milazken txanda denean, "zuhaitz txikia" erabiltzen dute. Alderdi Ederren, bestalde, bada milazkei (Kontxako gaizki deituriko tamarindoei) eskainitako informazio-panel bat, non honako hau irakur daitekeen: "Erne ibili behar da arbola aparta hauen berezitasunekin".

"Zuhaitzen %80 birlandatuko dira" dioten egunotako titular horiei buelta eman dakieke eta honela adierazi: "Zuhaitzen %86 baino gehiago moztuko dira". Efektua ez da bera

Beraz, “zuhaitzen %80 birlandatuko dira” dioten egunotako titular horiei (Manteon BCC berriak okupatu nahi duen partzelan dauden 88 aleetatik –15+73– soilik 12 kontuan hartuz, besteak zuhaixkatzat hartzeagatik baztertu baitituzte), buelta eman dakieke eta honela adierazi: "Zuhaitzen %86 baino gehiago moztuko dira" (88tik 76, milazkak arbolatzat har daitezkeelako). Efektua ez da bera.

Edonola ere, ale batek ekosistemen zerbitzu berak eskainiko ditu, ingurumen- eta herritarren osasun-onura berberak, hala zuhaitza nola zuhaixka deitu. Kontua da Manteoko milazka zaharrak bertan dauden zuhaitzak (platanondoak gehienbat) bezain handiak eta enbor lodikoak direla, eta, Nafarroako Etorbideko ezpondan mende erdi baino gehiagoan bizi izan eta gero, adaburu hain hostotsuak garatu dituzte, ezen, nahiz eta eraikin berriaren azalera guzti-guztia alfonbra berdez estali (BCCren proiekturako kontratatutako paisajista ezagunak onartu duenez, eraikineko estalkian 20 zentimetroko lur-geruza batekin landareztatze aukerak mugatuak dira), honen “aztarna berdea” nekez izango da gaur egungo parkearenaren parekoa.

"Olatuen bidea"-n hazi ahal izango diren landaretxoek ezin izango dute inoiz itzala eskaini, oxigenoa sortu, txoriei babeslekua eman, zirkulazioaren zarata moteldu, karbono dioxidoa finkatu, euri-ura iragazi edo gure begiak naturaz bete, gaur egun Manteon hazten diren zuhaitzek, zuhaixkek, arbolek edo, dei ditzatela nahi duten moduan, landare eder horiek egiten duten bezala.

Leire Paz Leiza, biologoa eta ingurumen teknikaria

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


Eguneraketa berriak daude