Zubietako aurreko erraustegia geratu zenetik bost urte bete dira

  • Astearte honetan bete dira bost urte Zubietan eraiki asmo zuten lehen erraustegia geratu zenetik. 2013ko azaroaren 13an izan zen. Garai harta EHBildu buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta enpresa talde eraikitzaileak erraustegia geratzeko akordioa erdietsi zuten. 

Erraustegiaren aurkako manifestazioa urriaren 27an. (Argazkia: Noaua)
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko azaroaren 14an - 13:19

Gerora, egungo GHK-ko EAJ eta PSE-ko agintariek bigarren erraustegi bat eraikitzea erabaki eta lanak abiarazi zituzten, aurreko erraustegia geratzeko erabakia epaitegietara eramatearekin batera. Gogoan izan, Espainiako Kontu Auzitegiak 2013an eraikitzekoak ziren Zubietako erraustegia geratu izana ez zela delitua izan adierazi zuen urria hasieran. Honenbestez, Madrilgo epaitegi honek errugabetu egin zituen, egungo Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) EAJ eta PSE-ren agintariek salatu eta joan den apirilean epaitu zituzten garai hartako EHBilduren bi ordezkariak, Ainhoa Intxaurrandieta (GHK-ren lehendakari ohia) eta Iñaki Errazkin (ingurumeneko foru diputatu ohia). Gogoan izan, bi ordezkari politiko hauei euren poltsikoetatik 46 milioi euro inguru ordaintzea eskatzen zieten EAJ eta PSE-ren egungo agintariek, 2013an Zubietako erraustegia eraikitzea geratzea erabaki izanagatik.  

Erraustegia, ETB-ko “Katebegia” saioan 

Egun Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia izan zuten hizpide aurreko asteko ETB-ko “Katebegia” saioan. Erraustegia defendatzen dutenen eta aurkako zenbait ahots bildu zituen ordubeteko dokumentalak. 

Tartean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko ordezkari batek ere parte zuen dokumentalean. Europan nahiz munduan hainbat tokitan erraustegiak ixten eta debekatzen ari direla ohartaraziz, zentzugabekeriatzat jo zuen Zubietan erraustegia eraikitzea, erraustegia geratzeko hamaika arrazoi daudela argudiatuz. Tartean, martxan direla Gipuzkoan gaikako bilketa %70etik gora igoarazi duten alternatiba merkeago eta osasuntsuagoak.

“Ez dago besterik”

“Lasai egon gaitezke”, zioen Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok Zubietan egiten ari diren obren eremutik bertatik, ETB-ko kameren aurrean. Hondakinak erraustea defendatu zuen energia iturri gisa. Zubietan Europako herri aurreratuenek erabiltzen duten punta puntako teknologia baliatuko dutela zioen, Europan hainbat erraustegi eraiki dituen enpresa bateko ordezkariak zioen moduan.

Erraustegia 2019. urte amaierarako martxan egotea aurreikusten du Asensiok, eta Zubieta gainean kokatuko diren azpiegiturekin “uste dut konponduta izango direla gure arazoak”, hondakinak Zabalgarbira garraitzen segi beharrik izan gabe. Eta horrekin, “gure ametsgaiztoen amaiera, gipuzkoarron arteko talka amaituko da”. Etorkizunera begira, egun %53an dagoen Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa %70era igoaraztea dute helburu. Gainerako %30a kudeatzeko erraustegiaren beharra defendatu du ingurumen diputatuak. “Ez dago besterik”, bestela, “zabortegiak ireki behar” zirela eta hori litzatekeela erabaki txarrena.  

Modu honetan, bere ustez Gipuzkoak duen egoera okerrenari irtenbidea aurkitu diote, hondakinak kudeatzeko azpiegitura ezari alegia. Eraikitzen ari diren erraustegia geratzeko herri mugimendu anitz eta milaka herritarren eskakizunari dagokionez zioen, errespetatzen dituen arren, “geroz eta gutxiago dira. Oso mugimendu txikia da. Baina gehiengoaren iritzia errespetatu behar da”, 2015eko hauteskundeetako emaitzei erreferentzia eginez.

“Berriro berdina egingo nuke”

Berriki, Espainiako Kontu Auzitegiak egungo GHK-ko EAJ eta PSE-ko agintariek salaturiko EHBilduko ordezkari Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetu izanaren harira onartzen zuenez, “pixka bat harritu digu nolako argudioak erabiltzen diren”. Gogoan izan, helegitea aurkeztuko dio GHK-k aipatu epai honi.

Berriki 2013ko azaroan, erraustegia geratzeagatik errugabetu zituen garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta Foru Aldundiko ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkin ere elkarrizketatu zituen saioak. Duela bost urte erraustegia geratzeko erabakia hartu izanagatik 46 milioi ordaintzea eskatu diete GHK-ren EAJ eta PSE-ko agintariek. Epaileak arrazoia eman die. “Ez zen espero genuena”, zioen Intxaurrandietak. Justiziarengan ez zutela esperantzarik, eta ezustean jaso dutela aldeko epaia. 

Baina denboran atzera eginda, argi dio Intxaurrandietak. “Berriro berdina egingo nuke”. Gaineratzen zuenez, “Gipuzkoarren interesak defendatu genituen” eta orain, “botereak larrutik ordainarazi nahi digu”.

Errazkinek Asesoren hitzak ukatu zituen. Erraustegia geratu ostean, alternatiba aurkeztu zutela gogorarazi zuen; Gipuzkoan utziak zeuden harrobiak berrerabili eta azpiegitura deszentralizatuen alde eginiko apustua oroitarazi zuen. 

Erraustegia eraikia eta martxan ikusiko ote dugun galdetuta, Errazkinek “arriskatu egingo gara?” galdetzen zuen. 10-15 urte igarota, erraustegiaren kalteen eragina nabarmentzen hastean, “atzera bueltarik ez denean, zer esango dugu?” galdetzen zuen.

Erraustegiaren etorkizunaz galdetuta, Intxaurrandietak argi zioen.”Batek daki. Hauteskunde batzuk daude aurretik”. Etorkizuna, herritarren erabakiaren esku egongo dela gogorarazi zuen. 

Eztabaida eske

Gipuzkoa Zutik mugimendutik ETB-k erraustegiari buruzko dokumentala eskaini arren, “erraustegiari buruzko eztabaida tekniko bat eskatzen jarraitzen dugu” gogorarazi du sare sozialen bidez. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eskaera honekin bat egiten zuten 10.000 herritarren sinadurak entregatu zizkiola Euskal Telebistari gogorarazi dute.

Albiste hau Noauak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude