Zu ez zaren hori


2023ko irailaren 15an - 10:07
Azken eguneraketa: 12:18
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ez. Zuk ezin duzu izan, ez: ezin duzu indarkeria matxistaren biktima izan. Nola izango zara zu biktima “horietako” bat? Zuk, unibertsitateko ikasketak dituzun horrek, kultura, familia normatiboa, dirua, etxea eta asteburutarako furgoa dituzun horrek. Ez, zuk ezin duzu biktima izan, inork ez luke sinetsiko; ezta zuk zeuk ere. Teorian badakizu edonori gerta dakiokeela (eta hori aldarrikatu izan duzu beti), baina izan gaitezen zintzoak: zuk ez duzu inoiz ere benetan halakorik sinetsi, profil konkretuak daudela iruditzen baitzaizu, besteen aurrean onartuko ez duzun arren. Ez, zuri isilpean pena ematen dizute “halako emakumeek”, eta horma ikusezin bat altxatu duzu zure eta haien artean.

Ez dauka zentzurik: talde feministako kidea zara eta gerrian tatuatu zenuen orain dela hiru urte emakumeen borrokaren ikurra, zer dela eta planteatu galdera hori? Zeure ingurukoak ere neska kañeroak dira eta ez duzue erasotzailerik onartzen. Tira, egia da baten batek arazoak izan dituela bikotekidearekin, baina kaiku hutsa den batekin maitemindu zelako eta burua galdu zuelako baino ez. Garbi ikusten zenuten besteok gaizki ari zela tipo horrekin elkartu zenetik. Altuan aipatzen ez bazenuen ere, zure laguna apur bat galduta zegoela iruditzen zitzaizun, eta nahi gabe, epaitu egiten zenuen. Paper gainekoa badakizu, baina errealitatean ez zenuen ondo ulertzen zergatik ez zuen harremana uzten. Esan egia: ahula iruditzen zitzaizun, mendekoa, inozoa, traketsa, babesgabea, iruditegi tradizionalarekin bat datorren “benetako biktima”. Eta zuk gorroto duzu irudi hori. Ezin duzu jasan. Biktimizazio egoerak jazo dituzten emakumeen indarra eta ausardia aldarrikatzen eta goraipatzen dituzu, baina sekretuan ez duzu uste zu bezalakoak direnik. Ez, zuk oso ezberdin jokatuko zenuke.

Ezinezkoa da zu biktima “horietako” bat izatea. Zuri ezin zaizu gertatu, zuk ez zeniokeelako halakorik egiten “utziko”

Ez, zure kasua bestelakoa da, zuk ez baitaukazu ahul itxurarik, justu alderantziz: ezagutzen zaituztenek badakite emakume azkarra eta bizia zarela, nortasun handikoa eta jenio txarrekoa. Bai, ziur zara, ezinezkoa da zu biktima “horietako” bat izatea. Zuri ezin zaizu gertatu, zuk ez zeniokeelako halakorik egiten “utziko”. Ederra jarriko zinen gero! Ez. Zuri ez dizu inoiz ere lagunekin ez joateko esan, edota nola jantzi behar duzun agindu. Ausartuko balitz sikiera! Berehala hautemango zenuke norekin ari zaren tratuan.

Bestalde, egia da ez dakizula zergatik edo nola, baina beti lortzen du lagunekin lotu dituzun gauak bertan behera uztea, eta badakizu estuak diren praka horiek ez zaizkiola gustatzen; horregatik dagoeneko ez dituzu jartzen. Errudun sentiarazten zaitu begiradarekin, baina zuk nahi duzulako egiten duzu hori guztia, zeure erabakiz, nahiago duzulako berarekin “ondo” egon. Beno, ondo, edo bestela esanda, lasai. “Berarekin egon nahi dudalako egiten dut” esaten diozu zeure buruari, baina egia da azkenaldian apur bat isolatuta sentitu zarela, ez baitzara lehengo lagunekin nahi beste elkartzen. Mugikorrarekin ere berdin: berea ikusten uzten dizu, konfiantza aitzaki, eta ondoren zeure burua behartuta ikusten duzu zure uztera, mesfidantzarengandik ihesi. Tira, ez dio axola, ez daukazu ezer ere ezkutatzeko, eta bera lasaiago geratzen da. Ez dago zuen arteko sekreturik. Edo hobe esanda: zuk ezin diozu informaziorik gorde, bestela urduritzen hasten delako. Baina nahi duzulako egiten duzu horren aldeko hautua, haren hobe beharrez.

Ez, gertatzen ari den hau ez da indarkeria, zuri ez baitizu oihurik egiten. Ez zenioke halakorik onartuko. Isiltasunarekin ulertarazten dizu berak haserrea: egunak ere egon daiteke zeure mezuei erantzun gabe, zer gertatzen zaion asma dezazun. Halakoetan elkarrekin zaudetenean aldarte txarrez egoten da, eta silaba bakarrez erantzuten dizu. Barkamena eskatzen diozu, errurik ez duzun arren, berari barkamena eskatzea gehiago kostatzen zaiolako, familian inoiz ez baitiote erakutsi zer den (hala esaten dizu). Berak zuri ez dizu inoiz eskatzen, edo oso gutxitan, edota “baina” bat tartean dela aipatzen ditu hitzok.

Ez, gertatzen ari den hau ez da indarkeria, zuri ez baitizu oihurik egiten. Ez zenioke halakorik onartuko. Isiltasunarekin ulertarazten dizu berak haserrea

Onar dezagun egia: ahots ozenez hitz egin izan dizu. Baina zuk badakizu izaera gogorra daukalako jartzen dela horrela. Zuk ere ahotsa altxa izan duzu; hori ere egia da. Keinuak egiten ditu, eta zarata, haserre dagoela jakin dezazun. Nazkarekin begiratu izan zaitu noizbait. Baina zu ez zara kikildu, ez horixe! Zuk kontra egin izan diozu beti eztabaidatu duzuenetan. Gehiago haserretu da. Begirada aldatzen zaio orduan. Negar egin duzunetan (gutxitan), xantaia egiten ari zarela leporatzen dizu eta haurrak bezala portatzen ari zarela. Batzuetan zeure malkoen aurrean poztu egiten dela iruditu zaizu. Baina ez, ezin da izan. Gero damutu egiten da. Ez du esaten, baina zuk badakizu damutzen dela, eta barkatzen diozu, enpatia muturreraino eramaten baduzu gehiago maiteko zaituelakoan.

Ez, ez zaitu inoiz ere jo: zuk ez zenuke muga hori zeharkatuko (ez beste zenbaitek bezala). Behin edo birritan “nahi gabe” jotzeko zorian egon dela iruditu zaizu, kontrola galtzeko puntuan, baina ez, ezinezkoa da: barruak husteko baino ez dio ondoko paretari kolpea eman. Zuri ez lizuke inoiz ere minik egingo. Min fisikorik, esan nahi dut. Atea txikitu zuen, hori bai. Beldurra pasa zenuen segundo batez, baina beldurra baino ez zen izan.

Ez, zu ezin zara biktima izan: ez duzu zeure buruan marraztu den profila betetzen. Aldi berean, ondo dakizu ez dagoela profilik, estigma dela hori, baina ez. Ezin daiteke izan eta kitto! Zu ez zara telebista eta irratiko kanpainetan iragarri duten emakume hori, zuk zeuk ere nahi gabe askotan epaitu duzun hori.

Eta bera? Nola izango da bera erasotzailea? Hala balitz zuk jakingo zenuke, antzemango zenioke. Hain dirudi tipo irekia, lagunkoia, konprometitua… Tabernan sartzen denean inguruko guztiak altuan agurtzen ditu eta denek esaten dizute zeinen “krak” den zure mutila. Eta bai, pentsatzen duzu, pertsona arrakastatsua ematen du, baina itxuraz bakarrik. Gertutik ezagututa, lagun gutxi dituela ikusi duzu, denek huts egiten diotela sentitzen baitu. Ingurukoen begietara justiziaren aldeko borrokalari amorratua ere bada: beti dago pankarta atzean, besteengatik daukan oro ematen. Beno, hobe esanda: zu ez diren besteengatik dena ematen. Zuregatik aspaldi da ez duela ezer ere egin.

Hasieran ez. Hasieran bestelakoak ziren gauzak: zuregatik munduaren azkenera joango zela zirudien. Dena zihoan azkar zuen artean, dena ziren pasio-eztandak eta etorkizunerako promesak. Ustez gorroto zenituen maitasun-istorio erromantiko horietako batean murgildu zinen nahi gabe, arauaren salbuespena izateko irrikan. Orain gogoratzea kosta egiten zaizu, baina bera beste norbait zen harremanaren lehenengo boladan. Batzuetan oraindik ere gertatzen da ordu on batzuk dituzuela eta itxaropena berpizten zaizula. Hala ere, gero eta urriagoak dira une horiek, eta gero eta gehiago konformatzen zara momentu “lasaiak” izatearekin.

Zuri ere buruan sartu dizu hori: zer motako lagunak eta familia dira zure bikotekidea onartzen ez dutenak?

Ez, hasieran zeharo ezberdina zen dena: zure bila joaten zen egunero lanera, planak antolatzen zituen eta zeinen “ezberdina” zinen goraipatzen zuen. Geroago, lanera zure bila egunero joaten zelako, lankideekin jardunaldi osteko tragoa hartzeari utzi zenion. Batez ere Urkorekin egotea ekiditen hasi zinen, zure bikotekideak uste baitu zurekin zerbait nahi duela eta zuk ez diozula nahikoa irmo ezetz esan, zuri ere haren arreta izatea gustatzen zaizulako, noski. Gaizki sentiarazten zaitu. Berdin dio zenbat aldiz esan diozun ezetz, oker dabilela. Urkoren mezu bat jasotzen duzun bakoitzean kopeta iluntzen zaio eta gerra hotza hasten du.

Dagoeneko zeure buruan zerbait irudikatzen hasia zara, baina ez, ezin daiteke izan imajinatzen ari zaren hori. Tipo orekatua zela ziurtatu zizun elkar ezagutu zenutenean, baina bere neska-lagun ohiarekin “zorte txarra” izan zuela eta horrek emozionalki gaizki utzi zuela. Egia esan, bere hitzetan denak izan dira kabroiak, putak edo eroak, eta minduta sentitzen da, mesfidati. Zu ezberdina zinen harentzat orduan, baina orain ez daukazu hain garbi kabroi, puta edo erotzat dituen horiekiko tartea hainbestekoa den. Neska-lagun Santua baino ez du gillotinatik libratu. Azken hura beti izan da zu baino askoz hobea: zu baino politagoa, azkarragoa, sakonagoa, sexy-agoa, ulerkorragoa eta, oro har, neska-lagun hobea. Berak ez dizu hala esaten, noski. Gozo jarriko zinateke bestela! Baina zutaz ez du inoiz ere horrela hitz egiten. “Arruntegia” bihurtu zara zutaz hala hitz egiteko. Gutxitan onartzen diozu zeure buruari, baina bere bikotekide ohi Santu harekin daukan irudiaz jeloskor sentitzen zara. Ez diozu esaten. Beno, noizbait aipatu izan diozu nola sentitzen zaren, baina zoratuta zeundela esan dizu eta arazo larria duzula gai horrekin. Eta zu ez zara inoiz ere jeloskor eta zalantzati sentitu, orain bai, ordea; orain mamu batek urduritzen zaitu eta ez dakizu nola aurre egin.

Ez da zure errua, zuk ez duzu erasotua izatea hautatu edo onartu eta ez duzu zeure burua zertan kondenatu

Azkenaldian zure autoestimuak inoiz baino gehiago egin du behera eta triste eta urduri esnatzen zara. Gaitz ororen iturria zeu zarela uste duzu eta berak harremana ilundu izana leporatzen dizu. Dena da zure errua orain eta bera ez dago inoiz ere aldarte onez. Jende guztiak du zerbait bere kontra (lanean, familian, bikotean, lagunartean…) eta bera besteen biktima da, baita zurea ere. Zu dagoeneko akituta zaude eta ez zara bera animatzeko gai, lehen egiten zenuen bezala: banpiro emozional horrek eguzkia itzali dizu. Begirada bakar batez dakizu nolako umorea duen eta oin-puntetan pasatzen zara bizitzatik bera gertu daukazunean. Bakarrik zaude eta dagoeneko ez duzu lagunengana jotzen, zure ingurukoak ez baitzaizkio gustatzen kritika txikia egin ziotenenetik. Zuri ere buruan sartu dizu hori: zer motako lagunak eta familia dira zure bikotekidea onartzen ez dutenak? Zuri, ordea, beste zerbait darabilkizu buruan: zer pentsatuko lukete besteek berari buruz benetan nolakoa den jakingo balute? Eta okerrago: zer pentsatuko lukete zutaz? Lotsa eta errua, lotsa eta errua. Ez zaizkizu gainetik kentzen.

Ez, “honek ezin du indarkeria matxista izan” esan duzu, baina ezezagun batek idatzitako artikulua irakurtzen ari zarela korapiloa sentitu duzu tripan eta taupadak bizkortu egin zaizkizu. Malko bat edo bi isuriko zenituen akaso, edo botaka egiteko gogoa sartuko zitzaizun. Apur bat zorabiatuta bazaude ere “ezin da izan” errepikatu duzu. Baina orain badakizu baietz, izan daitekeela, eta edozein emakumeri gerta dakiokeela, zoritxarrez, zuri ere gertatu zaizun moduan.

Besteei hainbatetan esan diezun hori errepikatzera nator: ez da zure errua, zuk ez duzu erasotua izatea hautatu edo onartu eta ez duzu zeure burua zertan kondenatu. Ez zaude bakarrik, hemen duzu nire eskua. Begiraidazu berriz ere: ingeniaria, postaria, ilehoria, gizarte-langilea, ama, dibortziatua, nerabea, literatur zalea, langabea, intelektuala, feminista, atzerritarra, poeta, abertzalea, militantea, zaintzailea, beltza, amona, ikaslea… Altxa begiak eta kendu judizioen ingudea zamatik. Bada garaia biktimizazio egoerak jasan dituzten emakumeen gaineko estigma behin betiko baztertzeko eta ikusmira dagokion lekura zuzentzeko. Arazoa ez da emakumeok biktimaren molde edo iruditegi sozialera egokitzen garen edo ez: benetako arazoa ondoan ditugun erasotzaileak dira. Eta horiek profilatzen, seinalatzen eta, oro har, indarkeria matxista identifikatzen, badugu aurretik lan eskerga.

Idoia Galán López, psikologoa

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


Eguneraketa berriak daude