Asteazkenean eseri dira epailearen aurrean Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunak, 2020an gertatutako lan heriotzaren harira. Epaileak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 30.0000 euroko kalte-ordaina ordaintzea ezarri die bi akusatuei.
2020ko otsailean Bassirou Dione langileak bizia galdu zuenetik lau urte igaro direnean, gaur eseri dira epaile aurrean Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunak. Gertatutakoa argitzea helburu zuen epaiketa, eta fiskaltza, akusazio partikular eta defentsaren arteko akordioarekin bukatu da: akusatuek delituak onartu dituzte eta urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dute, Dioneren senideei 30.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko aginduarekin batera.
Sententziak frogatutzat jotzen du Zorroza Gestión de Residuoseko arduradunek ez zizkiotela Dioneri beharrezko segurtasun neurriak eman, eta horrek eragin zuela honen heriotza
Epaiketaren beharrik gabe onartu dute bi akusatuek gertatutakoa estaltzeko asmoz Bassirou Dioneren gorpua mugitu zutela zortzi metroko altueratik amildu ostean. Epaileak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri die bi akusatuei langileen segurtasunaren aurkako delitu batengatik, eta urtebeteko espetxe zigorra zuhurtziagabekeria larriko giza hilketagatik. Gauzak horrela ez dira espetxean sartuko ugazaba eta arduraduna. Halaber, akordioan jasotakoaren arabera, 30.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko diote Bassirou Dioneren familiari.
Sententziak frogatutzat jotzen du Zorroza Gestión de Residuoseko arduradunek ez zizkiotela Dioneri beharrezko segurtasun neurriak eman, eta horrek eragin zuela honen heriotza.
Bassirou Dione 24 urteko gaztea 2020ko otsailaren 24an zendu zen Murgako industriagunean kokatutako Zorroza Gestión de Residuos enpresan, zortzi metroko altueratik amilduta.
Hasieratik argi-ilunez inguratutako heriotza izan zen jatorri senegaldarreko beharginarena. Hondakinen kudeaketaz arduratzen zen enpresa lan-baldintza eta tratu txarrengatik ezaguna zen, eta gertatutakoak berehala piztu zituen susmoak eskualdean.
Otsailaren 24an, astelehena, 17:30ean jaso zuten abisua larrialdi-zerbitzuek, baina enpresa inguruan zeuden lekukoek ez zuten aparteko mugimendurik ikusi une horretan. Bai, ordea, astelehenetik astearterako gauean; istripua gertatu ostean Zorroza Gestión de Residuos pabiloiko zaborra ateratzen aritu ziren bertako kamioiak, eta otsailaren 25ean Ertzaintza eta Osalan agertu zirenerako ingurua guztiz garbi aurkitu zuten.
Foku guztiak zaborren kudeaketa enpresaren gainean zeudela, Osalanek enpresako arduradunek larrialdi-zerbitzuei emandako hasierako bertsioa gezurtatzen zuen txostena plazaratu zuen.
Bassirou Dione 8,7 metroko altueratik amildu zen. Dionek astebete zeraman lanean Zorroza Gestión de Residuos enpresan, eta eskuko eskailera batera igota teilatuko hainbat elementu konpontzen zebilen beste bi lankiderekin batera, beharrezko segurtasun neurririk eta formakuntzarik gabe.
Osalanek datu argigarri gehiago plazaratu zituen txostenean, eta iradoki zuen hainbat elementu aldatu zituztela istripua gertatu zen tokian, ezbeharra jaso ostean.
“Pandemiak eta Amurrioko Epaitegiko funtzionamenduak luzatu du prozesu guztia”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari akusazio partikularraren abokatu den Andoni Hernandezek. Gaur, maiatzak 8, Dioneren heriotzatik lau urtera Gasteizko Justizia jauregian elkartu dira alde guztiak, gertatutakoa behingoz argitzeko asmoz.
Akusatuen aulkian Zorroza Gestión de Residuos enpresako ugazaba eta arduraduna eseri dira. Beste bost lagun zeuden deituta epailearen aurrean deklaratzera: Osalaneko bi teknikari, Zorroza Gestión de Residuos enpresako bi langile, eta ertzain bat. Epaiketara sartu aurretik, ordea, akordioa erdietsi dute alde guztiek.
Hernandezek berak akordioaren aukeraren inguruan ohartarazi du komunikabidea epaitegiko atarian: “Azken egunetan hurbilketa egon da akusatuen aldetik, egozten zitzaizkien delituen aurrean aringarriak bilatzeko helburuarekin”.
Bai arestian aipatutako Osalanen txostenak, baita deklaratzera deitutako langilearen testigantzek ere, "zalantzarako tarte gutxi" uzten zutela adierazi du Hernandez abokatuak. Gauzak horrela, akusatuek nekez ekidin zitzaketen fiskaltzak eta akusazio partikularrak haien kontra adierazitako langileen segurtasunaren aurkako eta zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delituak.
Gaurko akordioak itxiera eman dio duela lau urte abiatutako prozesu judizialari; eta argitu egin dira, nolabait, Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunek Bassirou Dioneren heriotzaren gainean zuten erantzukizuna. Ordea, badira oraindik erantzuna behar duten galderak; hala nola, ezbeharra jaso zen unean zaborren kudeaketa enpresan lanean ari ziren jatorri senegaldarreko beharginen lan baldintzak zeintzuk ziren.
Murgako enpresaren praktikak ere argi-ilunez inguratuta jarraitzen du. Izan ere, azken urteetan ugariak izan dira enpresaren kudeaketa eta azpiegitura zalantzan jarri duten txosten eta azterketak, 120.000 euroko isunak jaso ditu. Soka luzea dakarte oraindik Zorroza Gestión de Residuos enpresako kontuek, kapitulu berrietan argitu beharrekoak.
Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]
AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]
Ostegun goizean hil da langilea, Bilboko José María Ugarteburu kalean. Astelehenean bi langile hil ziren, Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon (Bizkaia), eta asteartean beste bat Amurrion (Araba).
Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.
Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea... [+]
"Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz", salatu du LAB sindikatuko lan osasunerako Nafarroako arduradun Inko Iriartek. Atzo izan zen azken lan heriotza. Andosillako lantoki batean karga gainera erorita zendu zen 49 urteko errioxarra. Hamaika egunean... [+]
Tubos Reunidos enpresan ari zen lanean eta teilatutik behera erorita hil da, sindikatuek jakinarazi dutenez. azken honekin 22 dira 2025ean hil diren langileak.
Foruzaingoaren esanetan, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da 50 urteko langilea. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urte honetan dagoeneko 21 langile hil dira beharrean ari zirela.
Langile bat hilik topatu dute astearte goizean Laudioko Bebidas Serrano enpresan. Osalanek adierazi du hipotesi nagusia gizonak bihotzeko bat izan duela dela. Istripu honetan hildakoarekin, 2025ean 19 langile hil dira jada lan istripuetan.
Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.
Buñueleko (Nafarroa) kasuan, 34 urteko gizona makina batean harrapatuta geratu da. Arratzun (Bizkaia), aldiz, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu ostean hil da 61 urteko gizona.
Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.
2024ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute LAB • ESK • STEILAS • EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek aurtengo otsailean. Emaitza larriak bildu dituzte: geroz eta behargin gehiago hiltzen dira haien lanpostuetan.