Zerga politikak eta justizia soziala

  • Mundu honetan ezer ez da ziurra, heriotza eta zergak izan ezik”. Benjamin Franklinek esan omen zuen 1789an eta, egia esateko, ez zaio arrazoirik falta. Erresuma Batuko lehen ministroaren zergak murrizteko proposamenak hondamendia ekarri zuen bertako ekonomian eta neoliberalismoaren ikur izan diren erakundeak, Nazioarteko Diru Funtsa besteak beste, aberatsenei zergak igotzearen alde agertu dira. Zergen inguruko eztabaida, hortaz, hizpide nagusi bilakatu da.

Argazkia L. Rico / EFE
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2022ko abenduaren 16an - 09:54

Euskal Herriko banaketa administratiboak ez du errazten zergei buruz hitz egitea. Ipar Euskal Herrian Frantziako araudiak finkatzen ditu tributuak eta hegoaldean egoera are konplikatuagoa da. Lurralde bakoitzak zuzeneko zergak ezartzeko eskumena dauka: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Ondarearen Gaineko Zerga eta Sozietateen Gaineko Zerga nagusiki. Zeharkako zergak, ordea, estatuak arautu eta Foru Ogasunek eta Nafarroako Ogasunak biltzen dituzte. Hego Euskal Herrian, beraz, lau ogasun propio ditugu: Nafarroako Ogasuna eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Ogasunak.

Progresibotasunean atzera

Zuzeneko zergak pertsona guztiei eragiten dietenak dira eta norberaren ezaugarrien arabera zergazten dira: lortutako errenta eta daukaten ondarea aintzat hartuta. Zuzeneko zerga ezagunena PFEZ. Zerga progresiboa da, hau da, zenbat eta gehiago irabazi aplikatu beharreko tasa handitzen doa. Zeharkako zergek, ordea, erabilera edo kontsumoa zergatzen dute. Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZ) ohikoena da eta produktu edo zerbitzu bat kontsumitzean ordaintzen da. Tasa orokorra %21ekoa da baina badira tasa murriztua (eta supermurriztua) duten ondasunak, oinarrizkoenak batez ere. Kontua da pertsona guztiek ordaintzen dutela BEZ tasa bera, aberatsa ala errenta baxukoa izan.

Erregaien gaineko zergekin ere gauza bera gertatzen da. Zerga hauek, hortaz, ez dira batere progresiboak. Espainiako egungo zerga sistemak, 1977an ezarria, progresibotasuna du ardatz, baina azken hamarkadetan progresibotasuna galdu du. Zerga zuzenen tasak mantendu edo jaitsi dituzten bitartean, BEZa bezalako zergak igo dituzte.

2021ean Hego Euskal Herriko ogasunek diru gehiago bildu zuten zeharkako zergetan (10.188 milioi euro) zuzenekoetan baino (9.828,4 milioi euro). Hau da, diru gehiago bildu zen progresiboak ez diren zergen bidez. Justizia fiskalik ez, hortaz.

Beste herrialde batzuetan zerga sistema progresiboagoa da. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) datuek hori argi azaltzen dute. Hego Euskal Herriko ogasunek zeharkako zergen bidez bildutako euro bakoitzeko 0,96 euro biltzen dute zuzeneko zergen bidez. Proportzio hori Alemanian 1,25ekoa da eta Europako batez bestekoa 1,15ekoa. Badute, hortaz, gure ogasunek lana progresibotasuna lortzeko.

Arazoa, baina, eskumenetan dago. Zuzeneko zergak arautzeko ahalmena duten bitartean, zeharkakoak Espainiako Gobernuak ezartzen ditu eta Euskal Herriko ogasunek bildu baino ez dituzte egiten.

Sozietateen gaineko zergak pisua galdu du

Hego Euskal Herriko ogasunen datuak aztertuta azpimarratzekoa da Sozietateen Gaineko Zergak garrantzia galdu duela. 2011an zerga bilketa guztiaren %9,4 suposatzen zuen. Hamar urte beranduago, enpresen mozkinen ekarpena %7,3ra jaitsi zen. Galera hori lehenagotik ere bazetorren.

Bizkaiaren kasuan, esaterako, Sozietateen Gaineko Zergak %11,3ko pisua izan zuen 2003an. Enpresen ekarpenek behera egin duen bitartean langileen gaineko zergek eta kontsumoaren gainekoek gora egin dute.

Presio fiskala, Europakoaren azpitik

Herrialde batek zergen bidez biltzen duena Barne Produktu Gordinarekin alderatzeari esaten zaio presio fiskala. Laurogeigarren hamarkadan EAEk estatu mailako presiorik altuena bazuen ere, egun baxuena duen erkidegoa da, Nafarroarekin batera. Presio fiskalaren datuak, berez, ez du ezer esan nahi. Bildutakoarekin gizartearen beharrizanak asetzeko eta ongizatearen estatuari eusteko balio badu, ontzat hartu daiteke.

Kontua da zerbitzu publikoak nabarmen okertu direla azken urteotan. Euskal administrazioek, baina, zerga sistema eraldatu beharrean zorpetzea handitzera jo dute. 2008tik zorpetzea BPGaren %1etik %15era pasa da eta zorraren zama hiritar guztiek ordaindu beharko dute.

Espainiako datuei begiratuta, nabarmentzekoa da Europako herrialde aurreratuenekin dagoen aldea. 2019an Espainiako presio fiskala %34,6koa zen bitartean, Frantziakoa %45,4koa zen eta Alemaniakoa %38,8koa.

Eta askotan ongizatearen eredu erabili diren iparraldeko herrialdeekiko aldea ere nabaria da: Danimarkan %46,3 eta Suedian % 42,9koa da. Espainian lurpeko ekonomiak duen pisuari leporatu ahal zaio alde hori eta egia da azken urteotan zertxobait murriztu dela arrakala. Aldea, hala ere, nabaria da.

Fiskalitate berriaren beharra

Zerga sistemak gizartearen erronkei aurre egiteko tresna behar du izan eta horrek gero eta aldakorragoa den egoerari moldatzea eskatzen du.

Trantsizio digitala eta ekologikoa hizpide dugun garai hauetan tributazio eredu berriaren inguruko hausnarketa gero eta beharrezkoagoa da. Fiskalitate berdearen inguruko proposamen asko jarri dira mahai gainean azken urteotan. Deskarbonifikazioaren aldeko apustuan elektrifikazioaren garrantzia ikusita argindarraren gaineko zergak jaitsi, hondakinen eta errausketaren gaineko tributuak ezartzea, erregaien zergatzea areagotzea, hirietan sartzeko bidesariak ezartzea eta matrikulaziorako fiskalitatea aldatzea dira aztergai dauden neurrietako batzuk. Gehien kutsatzen duenak gehiago ordaintzea dute helburu proposamen gehienek. Errenta mailaren araberako zerga sistema ezartzea ere aldarrikatzen dute hainbatek, isun eta tributuetan progresibotasuna ere isladatzeko.

Digitalizazioak eta robotika industrialaren erronka ere mahai gainean daude. Robotei tributuak ezartzea edo produktibitatearen araberako zergak diseinatzea dagoeneko aztergai dauden alternatibak dira. Digitalizazioak lanpostuen galera ekartzeaz gain zerga bilketaren murrizketan eragingo du eta horrek zergatzea birdiseinatzea eskatuko du.

Argi dago zerga politika herri ereduaren oinarri nagusietako bat dela. Justizia sozialaren ikuspegitik bada zer aldatu eta trantsizio ekologikoaren aldetik ere eztabaida interesgarri bezain sakona dago zabalik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fiskalitatea
Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


2023-02-01 | ARGIA
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan fiskalitatea aldatzeko asmoa agertu dute EAJk eta PSOEk

Bi alderdiek azaldu dutenez "elkarrizketak" abiatu dituzte zerga sistemaren inguruko erreforma egiteko. Helburuetako bat "progresibitatea handitzea" izango dela diote, baina prozesua udal eta foru hauteskundeen ondoren amaituko dela ohartarazi dute.


Eguneraketa berriak daude