Zentro-eskuina garaile estatuan, EH Bai eta FN nabari dira gurean

  • Ipar Euskal Herriko bozemaileen %52k parte hartu du bozen lehen itzulian. Departamendu osoan %53k bozkatu du, Hexagonoan %51k. Abstentzioa espero baino txikiagoa izan da. Estatuko bozemailea homogeneoa da. Frantzian eta Iparraldean zentro-eskuina garaile da. PSk behera egin du eta FNk gora. EH Bai bost kantonamendutan izanen da bigarren itzulian.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2015eko martxoaren 23a

Frantziako politika bipartidismotik hiru alderdien arteko joko izatera iraganbidean dago. FNk (Fronte Nazionala) UMPren eta PSren nagusitasuna hautsi dezake aurki. FN PSren heinera igo da Departamenduetako bozetan. Bigarren itzuliak zehaztuko du aldaketa honen tamaina. Ipar Euskal Herrian ere FN errotzen hasia da. Adibidez, Errobi-Aurrin bigarrena izan da eta bigarren itzulian lehiatuko da. Alabaina, EH Bai da zentro-eskuinaren eta ezker klasikoaren artean espazio gehien irabazi duena. Bost kantonamendutan izanen da bigarren itzulian: Mendialdean, Uztaritze-Errobi-Urdazurin, Donibane Lohizunen, Bidaxune-Amikuze-Oztibarren eta Errobi-Aturrin. EH Baik 14.357 boz eskuratu ditu guztira. Beste aukera abertzaleak (EAJk) 1.243 boz besterik ez du erdietsi. Edonola ere, Estatuan, Erregioan, Departamenduan nola Ipar Euskal Herrian, zentro-eskuina (UMP buru) izan da garaile bozen %34rekin. FNk %25 jaso du. PS %20 inguruan geratu delarik.

24etatik bat bera erabaki gabe

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak 54 ordezkari izango ditu. Biarnoko 30 eta Ipar Euskal Herriko 24. Alta, bakarra ere ez da hautatua izan oraingoan. Hona lehen itzuliko emaitzak eta bigarreneko aukerak:

– Errobi-Aturri: EH Baik bozen %37,90 jaso du. FNk %16,74. Zentro-eskuinak %14,40 eta Ezkerreko Batasunak %14,02. Haatik, EH bai eta FNren artean izanen da kontseilarien lehia. Bigarren itzulian parte-hartzeko, bozen %15etik goiti eskuratu behar baita.

– Bidaxune-Amikuze-Oztibarre: Eskuineko Batasunak bozen %47,48 jaso du. EH Baik %20,83 eta Ezkerreko independenteek %20,11. Biak izanen ditu arerio.

– Baiona 1., 2. eta 3.: 1. barrutia Eskuineko Batasunaren eta Ezkerreko Batasunaren artean erabakiko da. Bozen %48,26 eta %22,31 jaso dute hurrenez hurren. 2. barrutian, PSko hautagaitzak (Christophe Martin- Juliette Muller) bozen %24,49 erdietsi du. Eskuineko Batasuna (%22,62), FN (%18,46) eta Ezkerreko independenteekin (%16,98) lehiatuko da. 3. barrutian, eskuin-zentroa (UMP-UDI) garaile izan da bozen %32,83rekin. Alta, PSko hautagaitza (%32,24) hein berean bozkatua izan da. FN izan da hirugarrena bozen %13,99rekin.

– Donibane Lohizune: UMPk irabazi du bozen %28,74rekin. EH Bai bigarrena izan da %14, 94 lorturik. UDIko zentristak hirugarrena (%14,41). FN laugarrena, %13,01rekin. Kasu honetan, salbuespenez, EH Bai eta UDI zentrista UMPrekin lehiatuko dira.

– Uztaritze-Errobi-Urdazuri: Eskuinak bozen %30,22rekin irabazi du. Atzean EH Bai izan da, bozen %18,02 eskuraturik. Zentroko independenteak %14,74rekin, FN %13,71rekin eta Ezkerreko Batasuna %13,31rekin izan dira hautatua.

– Miarritze: Eskuineko Batasuna bozen %27,21rekin garaile izan da. Ezkerreko Batasuna bozen %22,46rekin bigarren. FN hirugarren, bozen %13,73rekin.

– Angelu: Zentro-eskuina (UMP, UDI) nagusiki garaile, bozen %40,69rekin. PS bigarren, %29,88rekin. Hirugarren FN bozen %15,16rekin. Barruti honetan FN ez da bigarren itzulian lehiatuko.

– Baigura-Mondarrain: UDI zentristak lortu du boz gehien: %35,41. Vincent Bru kontseilaria. Eskuineko Batasuneko Beñat Intxauspe kontseilaria da ere (bozen %25 jaso du). Beraiek dira lehiakide nagusiak. EH Bai ere lehiatuko da, bozen %18,16 eskuratu baitu.

– Hendaia: PSk (Ecenarro-Cottencon) irabazi du bozen %29,49rekin. Eskuineko independenteak (Salaberry auzapez ohia buru) bozen %18,39 jaso du. EH Baik %13,62, Eskuineko Batasunak %13,36 eta FNk %12,92 jaso dituzte. Lehen bien artean jokatuko dira kontseilarien kargua bigarren itzulian.

EH Bai egonkortu da

Iparraldeko argazki hau lagin gisa balia daiteke Estatuko emaitzei buruzko ideia bat egiteko, tokian tokiko ezaugarriak eta koalizioak kontuan harturik. EH Bai egonkortu da Iparraldean, FNk aurrerapauso handia eman du Estatuan. Frantziako bipartidismoa iragana izan daiteke. Bigarren itzuliak zehaztuko du aldaketaren nondik norakoa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Ipar EH-ko politika

Ipar EH-ko politika kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude