Emakumeak borrokan

Zenbatekoa da nafar diputatu eta senatarien ondarea?

  • Sei diputatu eta lau senatari izanen ditu Nafarroak Madrilen. Euren ondare eta errenten aitortza ikusgarri dago Espainiako Diputatuen Kongresuko eta Senatuko webguneetan. Hauexek dira zenbakiak.

Euskalerria irratia @fm983irratia
2019ko ekainaren 11

  Erreportaje hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Nafarroak Madrilen sei diputatu eta lau senatari izanen ditu: Ana Beltran (PP), Sergio Sayas (NA+), Carlos Garcia Adanero (NA+), Santos Cerdan (PSN), Conchi Ruiz (PSN), Ione Belarra (Unidas Podemos), Alberto Catalan (NA+), Amelia Salanueva (NA+), Ruth Goñi (NA+) eta Toni Magdaleno (PSN). Zer da deklaratu dutena ondare eta errenta gisara? Bada hemen datuetako batzuk: 

Nafarroako PPko presidenteak eta Madrildik diputatu izanen den Ana Beltranek dio 547.000 euro dituela kontu korronteaneta lau etxebizitza dituela Nafarroan, Huescan, Malagan eta Zaragozan. Horrez gain, Zaragozan landa eremuko eraikina eta lur-saila dituela ere adierazi du. Lau industria-naberen %25aren jabe dela ere aitortu du. Nafarroako parlamentutik 58.481 euroko diru sarrerak izan dituela esan du eta Madrilen zuen etxebizitza baten salmentagatik 150.000 euro jaso dituela. 700 euro jasotzen ditu alokairuan due etxebizitza batengatik eta bankuekin duen maileguagatik 495.000 euro zor ditu. Akzioak ere baditu 318.000 euroko balioarekin eta Mercedes markako autoa. 

Navarra Sumako Sergio Sayasek bere aldetik 38.000 euro jaso zituen parlamentutik. Pisu bat eta herentzia duen etxebizitza bat dituela aitortu du. 106.000 euro ditu kontu korrontean. Bankuarekin zorretan du mailegu bat 121.000 eurokoa eta beste mailegu bat 31.000 eurokoa. Lancia markako autoa ere badu. 

Carlos Garcia Adanero alderdikideak 39.600 euro jaso zituen parlamentutik eta 14.400 euro UPNren talde parlamentarioko koordinatzaile izateagatik. Iruñean pisu bat du %50ean eta kontu korrontean 4.738 euro ditu. 201.350 euroko zorra du bankuarekin mailegu bat hartu baitzuen. 

Sozialistek zer dute? Bada Santos Cerdanek 64.200 euro jaso zituen PSOEko nominatik, etxebizitza baten jabe da eta 9.700 euro ditu kontu korrontean. 32.172 euroko zorra du bankuarekin mailegu bat duelako eta 41.800 euroko beste bat apirilean erositako Volvo markako auto batengatik. 

Conchi Ruizek parlamentutik 43.725 euro jaso zituen, 5.198 euro jaso ditu Hezkuntza Departamentutik antzinatasuna dela-eta eta 459 euro San Adriango Udalean zinegotzi lanak egiteagatik. Bi etxebizitza ditu Nafarroan bata %50ean eta bestean %10ean herentzia batengatik. Lokal bat ere badu %50ean eta lursaila %10ean. Kontu korrontean 24.000 euro dituela aitortu du eta 15.584 euroko mailegua zorretan bankuarekin. Bi auto ditu: Hyundai eta Suzuki. 

Unidas Podemoseko Ione Belarrak 56.500 euro ditu lanagatik jasotakoak eta kontu korrontean 61.000 euro dituela aitortu du. Ez du mailegurik duenik adierazi. 

Senatariak guztira, lau

Navarra Sumako Amelia Salanuevak adierazi du etxebizitza bat duela, 276.763 inbertsio fondo batean, 9.981 akzioa burtsan eta 49.415 kontu korrontean. Aurrezteko planean 59.300 euro eta 3.700 euro pentsio planetan. Hiru autoren jabe da: Mercedes, BMW eta VW polo bat. Bankuarekin 21.125 euroko mailegua du. 

Alberto Catalanek 47.200 euro jaso ditu parlamentutik, nekazaritza lanengatik 356 euro eta 12.107 euro eraikinen alokairuengatik. Etxebizitza baten %50aren jabe da eta apartamentu baten %50aren jabe. 29.500 euro ditu kontu korrontean eta pentsio fondoetan 94.700 euro. Bi kotxe badituela ere aitortu du: Volskwagen Golf bat eta Volkswagen Touran bat. Bi mailegu ere baditu: 46.000 euro zor ditu horiengatik. 

Ruth Goñik 11.316 euro jaso zituen Ciudadanos alderditik eta 19.987 euro Nafarroan alokairuan dituen eraikinetatik jasotako irabaziengatik. Pisu baten jabe dela esan du eta bi etxaberen jabe ere bai. 37.400 euro ditu kontu korrontean. Inbertsio fondotan 1.971.452 euro dituela aitortu du eta 291.000 euroko mailegu parte-hartzailea Nafarroako alokairuko elkarte baten bidez. 

Azkenik, Antonio Magdaleno sozialistak 44.356 euroko diru sarrerak dituela adierazi du Kantabriako Unibertsitatean egindako lanaren truke eta 3.300 euro Urrutiko Unibertsitatean egindako tutore lanengatik. 42.000 euro ditu kontu korrontean eta etxebizitza baten %50 du baita pisu baten erdia ere. Seat Exeo autoa ere %50ean du. Santander Bankuan 5.860 euro ditu akzioetan.

Kanal hauetan artxibatua: Nafarroako politika  |  Nafarroa

Nafarroako politika kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude