Zenbat du proposamen elektoralistatik eta zenbat egingarritik?

  • Berritzaile eta aurrerakoi sena atera dute PSE-EEko sozialistek EAJrekin batera gobernantzen duten Euskadin. Eta bigarrenez –M8 jaiegun bihurtzeko proposamena–, ustekabean hau ere, zalaparta sortu dute eragileen artean. Lan eta Enplegu sailburuari plenoko nozioan inork aipatu ere ez zion egin; poltsikotik atera zuen lau eguneko lan astearen ideia proposamena. Nazioartean geroz eta erreferentzialagoa den proposamena bere figurarekin lotzea lortu du Mendiak.

Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu sozialistak egin zuen iragarpena martxoaren 3an, Eusko Legebiltzarrean: "Praktikan jarri nahi dugu lau eguneko lan astea soldata murriztu gabe eta lan jardunaldia luzatu gabe, eta sakon aztertu produktibitatean eta familia kontziliazioan zer nolako eraginak dakartzan". (Argazkia: Irekia)

2023ko martxoaren 07an - 11:30
Azken eguneraketa: 13:14

Kontatu genuen ARGIAn nazioartean forma har dezakeen egitasmoa dela lau eguneko lan astearen fenomenoa, Britania Handiko probaldia horren adibide delako: soldatak mantenduz, lau egunera murriztu dute lan-astea bertako 61 enpresak, azarora arte iraungo duen proba pilotuan. Parte hartzen ari diren enpresek erantzun duten inkestaren arabera, produktibitatea ez da jaitsi, oso gustura daude esperientziarekin eta litekeena da probaldiaren ostean lau eguneko lan-astea mantentzea.

“Herritarrek beste gauza batzuk eskatzen dituzte gaur egun”, esanez hasi zuen iragarpen preziatua Mendia sailburuak Gasteizko Legebiltzarreko kontrol saioan, martxoaren 3an. Parlamentari eta alderdikide sozialista Ekain Ricok galdetu zion ea “zein berrikuntza” aurreikusten zituen bere sailak hemendik eta legegintzaldia amaitu bitartean, eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaian hitz egindakoaren berri eman zuen Mendiak –CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak osatzen dute elkargoa–.

“Entsegu praktikoa eta azterketa sakona behar duen ekintza berritzailea da (...) Praktikan jarri lau eguneko lan astea soldata murriztu gabe eta lan jardunaldia luzatu gabe, eta sakon aztertu produktibitatean eta familia kontziliazioan zer nolako eraginak dakartzan”, adierazi zuen Mendiak gaztelera hutsean egindako iragarpenean.

"Praktikan jarri lau eguneko lan astea soldata murriztu gabe eta lan jardunaldia luzatu gabe, eta sakon aztertu produktibitatean eta familia kontziliazioan dituen eraginak"

Gazte eta langileen talentuaz ere mintzo zen Lan eta Enplegu sailburua; hau da, Euskadi langileak erakartzeko moduko lurraldea bihurtzeaz. Paradoxikoki, euskarak talentua "urrunarazten" duela esaten dute hain justu ere mahai horretako sindikatuek. Lau eguneko lan astearekin ados agertu dira bai CCOO eta bai UGT; gainontzeko sindikatuek, berriz,“propaganda hutsa” dela adierazi dute.

Ez zen isilik geratu Elkarrizketa Sozialaren Mahaia osatzen duen laugarren hanka: Mendiak iragarpena egin eta heldu zen ordu gutxira Confebasken protesta mezua. Ohar bidez, bi paragrafo eskasean, lehen unetik azpimarratu zuen “Mendiaren proposamen bat baino ez dela” eta elkargoan ez dela bozketara jarri oraindik; jartzen denean, hori bai, zalantzarik balego, patronalak aurka bozkatuko du. “Ekonomia krisi garaietan soluzio praktikoak proposatu behar dira”, azpimarratu zuen Confebaskek.

Jeltzaleak, urak baretzera

Iñigo Urkullu lehendakariak Arabako Mendialdera egindako bisitak aparteko interesik sortu bazuen, ez zen bisitaren zergatiarengatik izan, lau eguneko lan asteaz galdetzeko baizik. Bakezale tonuan hitz egin zuen lehendakariak: probak egitea ondo dagoela seinalatu zuen, beti ere inor behartzen ez bada. Alegia, borondatezko zerbait denez guztien ahotsa entzun beharko dela.

Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk tonua gehixeago altxatu zuen Radio Euskadin eginiko elkarrizketan. Lehen unetik zalantzan jarri zuen enpresen eraginkortasuna eta azpimarratu zuen, ez dela kasualitatea Foru eta Udal hauteskundeak bi hilabete barru tokatzea. Proposamenaren aurka dagoela ere ez zuen esan nahi izan; langileen produktibitatea aztertzea interesgarria dela adierazi zuen.

Urkullu: "Ez da gai erraza, enpresen eta langileen borondatea errespetatu behar da". Araba Mendialdeko Ekiola proiektuko obrak bisitatu ditu astelehen goizean. (Argazkia: Irekia)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enplegua
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Eguneraketa berriak daude