Zazpi egun eta mapa bat, urak emandakoa ez galtzen ikasteko

  • Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren sistema burujabe, burutsu eta ekologiko baten zantzuen atzetik abiatu gara zazpi etapako ibilaldi honetan, historiatik eta egungo esperientzietatik zerbait ikasi nahirik.

Zalamako zohikaztegia. Baldintza klimatiko eta ingurune berezietan kontserbatzen den ekosistema ahula, milaka urtetako euri tantek sortua. (Argazkia: Ura agentzia)

2021eko abuztuaren 09an - 17:00

Wall Streetetik joan den abenduan iritsi zen albisteak bat baino gehiago aho zabalik utzi zuen: ura burtsan kotizatzen hasi da. AEBetako Kalifornian azkenaldian izaten ari diren sute ikaragarriak eta horiek itzaltzeko –eta bertako nekazaritza intentsiboa elikatzeko– uraren eskasia, erregai aparta izan dira oinarrizko lehengai horrekin espekulatzeko asmoa zutenentzat. Hala, New Yorkeko burtsako Nasdaq indize famatuak markatuko du bere prezioa, “etorkizuneko lehengaien merkatuan”. Oraingoz, 1,4 milioi litro ur 486 dolarretan eros daiteke.

Etor dakigukeenaren seinale txiki bat baino ez da Atlantikoaren bestaldekoa, baina alarma guztiak piztu ditu, lehendik ere aski kezka bazen uraren pribatizazioaren inguruan. Izan ere, Kaliforniako ur eskubideak soilik merkaturatu diren arren, aditu askoren ustez zirrikitu arriskutsua ireki du: “Ondasun pribatu bihurtzen den heinean, uraren kontzeptua bera aldatzen da”, azaldu zion Euskadi Irratiari Beatriz Plaza ekonomia katedradunak. Energia, lurra, elikagaiak eta antzeko beste hainbat beharrizan bezala, ura ere inbertsio-funts putreen sareetan eror liteke. Prest al gaude erantzun kolektibo eta burujabe bat emateko? Nola dugu antolatuta gure ur hornikuntza sarea? Eta zer ikasi dezakegu iraganetik edo tokiko esperientzietatik?

Zazpi eguneko ibilbidea proposatzen dizuegu –sandaliekin, bizikletan edo California zahar batean musika tope jarrita egin daitekeena, hori zuek ikusi–, Euskal Herrian barrena hainbat txoko eta leku ezagutzeko. Ura lanbidetzat hartu dute batzuetan, bestetzuetan harreman sozialetarako ardatz izan da, biodibertsitatea bermatzeko elementu ere bai, edota energia buruaskia lortzeko iturri. Sartu mapa zakutoan, bidaia hastera doa.

LEHEN EGUNA: ANDELOS, ANTZINAKO UR ETXEKOTUA

Andelos erromatar hirira ura eramateko erabiltzen zuten kanala (argazkia: Urko Apaolaza)

 

Mendigorrian hasiko dugu ibilbideko lehen eguna, udaletxe ondoan dagoen iturria abiapuntu. Beste herri askotan bezala, XX. mende hasiera arte ez zen hiri-kaskora ura iritsi, harik eta Bernardino Ayala Txileko indianoak lan horiek finantzatu eta iturria eraikiarazi zuen arte, plaka batek gogoratzen duen moduan. Argaren meandroek besarkaturik bizi da Mendigorria, Nafarroan hasi eta amaitzen den ibai luze bezain zabala. Meandro horietako bat, hain justu, Rivaltakoa, duela gutxi berreskuratu dute hango erriberako ekosistemarentzat.

Arga gurutzatzeko, zazpi begi koskor eta Erdi Aroko jatorria duen zubia daukagu, eta handik bi aukera: batak Riosaladoko atsedenlekura garamatza, Jaitzeko Gesaltzatik datozen ur hotz eta oraindik gaziak probatzeko tokia –ez da abila izan behar izena nondik datorkion asmatzeko–; besteak, bide guztiek bezala, Erromara. Larragara bidean, Muruzabal Andion herrixka ondoan, Andelos murru zabaleko erromatar aztarnategi garrantzitsua aurkitu dezakegu. Museoa eta antzinako herria benetan dira ikusgarriak, K.o II. mendeko trazatu hipodamikoa kontserbatzen baita; duela 2.000 urte eraikitako ur hornikuntza sarea da hemengo altxor nagusia.

Erromatar ur biltegi erregulatzailea Iturranduzeko presatik biltzen zuen ura, kontrafuerteak agerian daude (argazkia: Urko Apaolaza)

Hirian gora, bi kilometrora, kontrafuertedun presa-egitura handi bat eraiki zuten orduko ingeniariek, gaur egun ere Iturranduz bezala ezagutzen den lekuan –kasu izenaren erroari–; 1980an Maria Angeles Mezquiriz arkeologoak hasitako lanei esker badakigu presa horretatik erdibidean dagoen biltegi erregulatzaile batera eramaten zutela ura –dekantagailu lanak egiten zituen piszina moduko bat, Iberiar Penintsulan bakarra–, eta handik Andelosera, azken urteetako indusketek agerian utzitako ubide batetik behera. Hala ere, erromatarrek Iturranduzeko presatik ura eramateko ez zuten bide zuzenena hartu, orografiaren jirabirak aprobetxatu zituzten sinpleki, eta Andelosen castellum aquae eraikinetik banatzen zuten ura, edateko, garbitzeko edo bainu publikoetarako. Segundoko 12 litro ur eman zezakeen sistema horrek, 2.500 laguneko hiri bat hornitzeko adina.

Adituen arabera, ingeniaritza lan hori “propaganda” gisa ere erabili zuten eta hiria inguruko biztanleentzako oso erakargarri bihurtu zen, baliabide hidrikoak edukitzea bizi-maila onaren sinonimo baitzen. Erromatar Inperioaren gainbeherarekin, Andelos Behe Erdi Aroan erabat hustu zen, eta Andion izeneko ermita baino ez zen geratu haren ondoan bizirik, egun baso berezi batek inguratuta. Mende asko igaro behar izan ziren berriz ere paraje haietako ura etxekotzeko.

Materiala garbitzeko laborategia Andeloseko erromatar aztarnategian (argazkia: Urko Apaolaza)

BIGARREN EGUNA: KODESEKO GARBILEKUETARANTZ

Argaren bazterrak utzi eta hurrengo eguneko geldiunea Araba eta Nafarroa artean egingo dugu. Eguzki goxoak lagunduz gero, ur txorroten soinua atsegin egingo zaigu. Kodes mendilerroan gaude. Hemengo herrietan (Azuelo, Bargota, Esprontzeda, Aguilar Kodes…) garbilekuak berreskuratu dituzte, eta ibilbide bat antolatzen dute urtero herritarrek. Arropa garbitzeko toki hauek XX. mendeko bilgune nagusietakoak ziren, baina abandonuan erorita zeuden aspaldian.

Batez ere emakumeentzako harreman sozialetarako espazioak izan ziren garbilekuak, baina dibertimendutik baino, prekariotik gehiago zuen lanbide horrek, askotan erreka bazterretan paratutako harrien gainean garbitu behar izaten zuten arropa, berdin Argan makurtuta –Iruñeko Arrotxapeko erriberetan XX. mende hasieran hiriko biztanleria aktiboaren %2 horretan aritzen zen– edo Urumean belauniko, Donostiako aberaskume eta turisten zerbitzura. Horregatik, XX.  mende hasieran, eta batez ere Bigarren Errepublikan, garbileku ugari txukundu eta beste azpiegitura modernoak eraiki zituztenean, lan-baldintzak hobetzeko aldarrikapen gisa ere hartu ziren.

Kodes mendilerroaren magalean dagoen Azueloko emakumeak hango garbilekuan arropak garbitzen, duela hamarkada batzuk egiten zuten bezala. (Argazkia. Azueloko Udala)

Kodeseko garbilekuen ibilbidea oinezko ibilbide bat da. Zortzi garbileku bisitatu daitezke, zein baino zein ezberdinagoa. Azuelon, bizilagunek antzezpenak ere egin izan dituzte, duela ez hainbeste hamarkada nola lan egiten zuten ikusarazteko. Emakumeak egurrezko kutxatxoetan belaunikatzen ziren hezetasuna saihesteko: “Ezin genuen tabernara joan, eta ez genuen denborarik paseatzeko, beraz garbilekua izaten zen gure tokia”, dio haietako batek. Ibilbidean zehar, garbilekuez gain, iturriak eta mendian kokaturiko uharkak ere berreskuratu dituzte, ur edangarria biltzeko harrizko egitura kupuladunak.

HIRUGARREN EGUNA: AÑANAKO GESALTZAN

Arabara egingo dugu salto orain, Añanako kuadrillara. Han dago Euskal Herriko gesaltza ezagunenetako bat. Urak, molekula bakoitzeko oxigeno atomo bat eta hidrogeno atomo bi izateaz gain, sarritan beste konposatu baliotsu batzuk ekartzen ditu berarekin, inguruak emandakoak. Horietako bat da gatza. Mende askotan, gatza gai oso preziatua izan da, batez ere elikagaien kontserbaziorako ezinbestekoa zelako, hotz industriala agertu arte. Horregatik, gatzagak historia luzeko tokiak dira.

Gatza, egun, 14.000 prozesu industrial baino gehiagorako erabiltzen da eta jarraitzen du munduko lehengai nagusienetakoa izaten: armak egiteko ere erabiltzen da!

Añanakoak baditu milaka urte: historiaurrean “behartutako lurruntze” teknika erabiltzen zutenetik hasi eta XXI. mendean paisaia kultural garrantzitsu gisa berreskuratu den arte. Tartean, gerrak, errege monopolioak eta dekadentzia garaiak izan ditu. XIX. mende amaieran merkatua liberalizatu zenean itsasoko eta mehatzetako gatzaren negozioak aurre hartu zien Añanakoa bezalako gesaltza tradizionalei, eta garraiobide azkarragoak izateak ere ez zuen lagundu. 1950ean 5.683 larrain erabiltzen ziren gatza sortzeko, bada 1990ean apenas ziren 300, eta herriko biztanleria laurdena baino ez.

Gatza, egun, 14.000 prozesu industrial baino gehiagorako erabiltzen da eta jarraitzen du munduko lehengai nagusienetakoa izaten –armak egiteko ere erabiltzen da!– ez alferrik multinazional handiek egiten dute negozioa berarekin, munduan barrena esplotazio erraldoiak dituen K+S konpainia alemaniarrak kasu, edo Euskal Herrian potasaren erauzketari lotuta, adibidez.

Añanako gesaltza. Gatza da urak askotan ekartzen duen gai preziatuenetako bat. Añanan historia luzea dute horri lotuta; erresilientzia eta produkzio eredu jasangarria izan dira paisaia kultural hori mantentzeko gakoetako bat. (Argazkia: Gatzaren Harana)

Baina erresilientzia izan da Añanako ikur nagusietako bat, erakutsi du garaian garaiko inpaktuen aurrean irauten. Horko gatza sukalderako preziatuaz izateaz gain –Eusko Label sor-markan sartu dute Leintz Gatzagarekin batera–, eskaintza turistiko eta pedagogiko gero eta zabalagoa du Gatzaren Haranak: bisita gidatuak, tailerrak, hezkuntza programak… Tokiko komunitatea, ondare immateriala eta produkzio sistema jasangarria oinarri duen eredua da beraz.

Bertan, badago oinezko ibilbide labur bat haran osoari bira ematen diona, eta hamar kilometroko beste bat ere bai, gesaltzako aparkalekutik hasi eta Arreo-Caicedo Yuso lakutik pasatzen dena. Zergatik merezi duen haraino iristeak? Euskal Herriko aintzira natural iraunkor garrantzitsuena delako, eta urtsuena ere bai, 25 metroko sakonera baitu.

Sobrongo Uraren Museoa

Añanako kuadrillatik irten gabe badugu urari errotik loturiko beste leku bat. Ebrorantz eginez, Sobron udalerrian, Uraren Museoa bisitatu daiteke, garai batean bainuetxe ezagun izan zenaren tokitik gertu. Sobrongo iturburu termaleko ur mineral medizinalak XIX. mendean oso preziatu egin ziren –Kubara esportatzen zen botilatan sartuta–. Orain ordea, bainuetxe-hotelaren aurriak baino ez dira geratzen, duela urte batzuetako beste proiektu urbanistiko antzu baten eskeletoarekin batera.

Museoak, berriz, 2018an ireki ditu ateak denbora batez itxita egon ondoren eta hainbat eremu tematikoren bidez, uraren funtzio terapeutikoez hausnartu daiteke, besteak beste.

Sobrongo bainuetxean ura botilatan sartzen. XX. mende erdialdera arte horko ur mineral medizinalak oso estimatuak izan ziren, Kubara ere esportatzeraino.

LAUGARREN EGUNA: ZALAMAKO ZOHIKAZTEGIAREN BILA

Iparraldera, Ebroko urak utzi eta Burgosen barrena ordu pasatxo gidatuz gero –bizikletan gutxienez bost ordu behar dira–, Karrantzako mutur batean kokatuko gara, hau da, Euskal Herriaren sudurraren puntan. Zalama mendiak (1.343 metro), Kantabria, Gaztela eta Euskal Herriaren arteko muga egiten du. Karrantza osoa begiztatu daiteke hortik, historia eta nortasun berezia duen harana.  

ikatz mineralez osaturiko material harro eta arina izaki, zohikatza erregai eta ongarri gisa erabili izan da eta esplotazio horrek –baita bestelako urbanizazio prozesuek ere– zohikaztegi asko desagertzea ekarri du

Baina mendi horren gailurrera ez gaitu hango paisaiak soilik eraman –igoera errazena Los Tornos mendatetik da–, baita fenomeno natural ezohiko batek ere: zohikaztegia. Erabat deskonposatu ez diren eta lurrean metatzen diren landareen sedimentuek osatzen dute buztin ilunaren tankera duen zohikatza. Batez ere euri asko egiten duen tokietan sortzen da –gutxienez 1000 mm-tik gora eta 160 egun urtean–, uretan mikroorganismo gutxiago dagoenez hostoak eta hildako landareak usteltzea zailagoa baita. Oso prozesu motela da: kalkulu batzuen arabera, ehun urtean lau hatzeko sakonera duen zohikatz geruza sor liteke asko jota.

Zalaman metro erdi eta bi metro arteko zohikaztegia kontserbatzen da. Benetako harribitxi bat. Izan ere, ikatz mineralez osaturiko material harro eta arina izaki, zohikatza erregai eta ongarri gisa erabili izan da eta esplotazio horrek –baita bestelako urbanizazio prozesuek ere– zohikaztegi asko desagertzea ekarri du. Europan XVIII. mendea baino lehen zeuden zohikaztegien %70 galdu egin da. Gurean, esaterako, Gorbeiako Saldropon Euskal Herriko zohikaztegi handienetakoa zegoen. Bada, 70eko eta 80ko hamarkadetan zohikatza modu industrialean atera zuten, ura drainatzeko sistema ezarri eta erabat deuseztatu zen arte, hainbat lora espezierekin batera.

Zalamako zohikaztegia ere desagertzeko arriskuan zegoen, baina duela hamarkada bat Bizkaiko Aldundiak esku-hartu zuen Life+ programa barruan, eta eremua babesteko neurriak hartu zituen. Milaka urtetan euri tantek sortutako ondare natural hori kontserbatzea da ondorengoei utzi beharko geniekeen herentzia ezinbesteko bat.

BOSGARREN EGUNA: TURBINAK MUGITZEN OÑATIN

1921ean, duela ehun urte hain justu, Oñatiko Udalak kontratua sinatu zuen Unión Cerrajera enpresa ahaltsuarekin, Oletako zentral-hidroelektrikoarekin herriko energia premiak asetzeko. Mende bat geroago, badirudi ur-jauzien eta Araotz errekak ekarritako uraren indarraren bidez energetikoki burujabe izateko askoz gertuagoa dagoela 11.200 biztanleko udalerria.

Debagoienan gaude, goizean goiz Karrantzatik irten, Bizkaia osoa zeharkatu, eta Aizkorri-Aratz parke naturalaren mugetan dagoen eraikin historikoaren atarian plantatu gara –hortik gertu, Araotz auzoan, badago Uraren bidea izeneko ibilbide eder bat, 8,5 kilometrokoa–. XIX. mende amaieran sortu zuten Oletako zentrala hainbat oñatiar enpresarik, eta gero, Unión Cerrajeraren esku geratu zenean, orain ezagutzen dugun eraikina altxa zuten. Baina urte mugarria 1989koa izan zen, udalak zentrala erosi eta Oñatiko Ur Jauziak SA enpresa publikoa sortu zuenean, Energiaren Euskal Erakundea ere (EEE) partaide zuela. Egun, Oñatiko Udala (%80), EEE (%10) eta Goiener (%10) dira bazkideak.

Duela mende pasatxo energia premiak asetzeko lehen pausoak eman zituzten Oñatin. Irudian, zentral hidroelektrikoa hornitzeko ur-jauziak eraikitzen. (Argazkia: Euskomedia)

“Non kontsumitu, han sortu”. Goienerren lelo horrek ezin hobekiago laburbiltzen du egitasmo honen oinarria. Izan ere, zentraletik sortutako 15.000 Mwh energia, Oñatiko udalerriko etxeetan kontsumitzen dena adina da –industriarako kontsumitzen dena gehiago da–. Energia hidroelektrikoa sortu eta banatzen aitzindaria da Oñati, beraz, eta merkaturatzea da hurrengo erronka. Norabide horretan, badute ispilu bat nafar Pirinioetan, Izaban.

Ezka ibaiko emariarekin lorturiko energia merkaturatzeko enpresa sortu zuen Izabako Udalak 2018an. Energia bertakoei salduz ateratako etekinak, gainera, eskualdean sorturiko proiektuetan inbertituko dituzte. Orain badakigu zirkulua ixtea posible dela, eta uraren nahiz bertatik sorturiko energiaren jabe izanik, udalerriak ahaldundu daitezkeela tokiko ekonomiaren eta herritarren mesedetan.

SEIGARREN EGUNA: ARTIKUTZA, BIRIKA BAT URARENTZAT

Oñati aldamenean, Udana igarota, Brinkolako geltokia dago. Gipuzkoan barrena trenean bidaiatzen hasiko dugu seigarren eguna, Araotzeko ur basak utzi eta Urumeako erribera patxadatsuraino. XX. mende hasieran Donostia Europako elite aristokratikoaren bakantza-hiria zen eta hazkunde nabarmena izan zuen. Garai haietan, Ulian eta beste hainbat tokitan zeuden iturrietatik aparte, Añarbeko errekatik hornitzen zen batez ere hiria urez.

Urumean gora eginez gero –Goizuetara daraman oinezko bide zaharra berreskuratzeko egitasmo bat badago–, Hernaniko Ereñotzu auzoa igarota zeharo aldatzen da paisaia. Nafarroarekin mugan, toki menditsu, heze eta baso anitzez estali bat aurkituko dugu, erreka eta errekasto ugarirekin. Adar nagusienetakoa da Añarbekoa. 1901ean tifus izurrite batek jende ugari hil zuen erreka hori kutsatu zelako eta zalaparta sortu zen –seguruenik aberaskumeen Donostiako atsedenaldiak izango zuen zerikusirik oihartzun horrekin–.

Artikutzan Enobietako urtegia hustuta eta arroa naturalki berreskuratzeko prozesuan (Argazkia: Donostiako Udala)

Hala, hainbat urtez kutsadura arazoari irtenbidea ezin emanik ibili eta gero, Donostiako Udalak erabaki zuen Artikutzako arro osoa erostea Nafarroako lurretan, ur garbia segurtatzeko. Sekulakoak entzun zituen orduko alkateak, dirua “alferrik” gastatzeagatik. Baina horri esker, egun babesturiko paraje natural paregabea dugu Artikutzan.

1950eko hamarkadan Enobietako urtegia eraiki zen, baina hasieratik egonkortasun eta kalitate arazoak eman zituen eta 1976an orain ezagutzen dugun Añarbeko urtegi handiagoa egin zen arro horretan behera, Añarbe Urumearekin elkartzen den tokian.

Artikutzako urtegia hustu dute orain urte gutxi, arazo iturri baino ez zelako: oxigeno eskasia uretan, metalen kontzentrazioa, faunarentzako oztopoa...  Duela mende bat bezala, Donostiako Udalak erabaki zaila hartu behar izan du berriz ere, baina arroa lehengoratzeko eta bioaniztasuna bermatzeko ezinbestekoa.

ZAZPIGARREN EGUNA: ESKUMENA TOKIKOA ETA PUBLIKOA DENEAN

Artikutzan, Bianditzeko gainean lepoa luzatuz gero, Lapurdiko kostaldeko muino lauak antzeman daitezke. Hegan ez dakigunez, Donostiara itzuli eta itsasontzian edo piraguan haraino zeharkaldi bat egitea izan daiteke aukera freskagarri bat, Baionaraino. Aturri eta Errobi ibaiak elkartzen diren tokian kokaturik, ur konpainia publikoak kudeatzen du hango hornidura eta horrek erakusten du eskala handian posible dela halako eredu bat aurrera eramatea.

 Baionako irudia: hango ura konpainia publikoak kudeatzen du. (Argazkia: Baionako Udala)

2018tik aurrera Euskal Hirigune Elkargoak du uraren inguruko eskumena Ipar Euskal Herrian: edateko urarena, ur zikinen saneamenduarena, hezeguneen eta kostaldearen ingurumen kudeaketarena, eta uholdeen prebentzioarena. Duela lau urte sortu zenetik, Elkargoaren zeregin nagusietako bat da urari dagokiona. Baina eskualde askok enpresa pribatuekin dituzte sinaturik kontratuak. Suez multinazionala da ur kudeaketaren negozioan Euskal Herrian muturra sartuta dutenetako bat. Zumarraga eta Urretxun, adibidez, aurten iraungitzen da hango udalek enpresarekin duten kontratu pribatua eta herritar talde batek eskatu du zerbitzua ez berritzeko.

Duela lau urte sortu zenetik, Elkargoaren zeregin nagusietako bat da urari dagokiona. Baina eskualde askok enpresa pribatuekin dituzte sinaturik kontratuak. Suez multinazionala da ur kudeaketaren negozioan Euskal Herrian muturra sartuta dutenetako bat

Iparraldean ere, behin eskualdetako kontratuak iraungita, aukera sortu da Elkargoaren konpainia publikora pasatzeko. Aldaketarako parada hori, baina, ez da erraza izango, eztabaida apenas eman baita herriko etxeetan; kostaldeko eta barnealdeko errealitate ezberdinak ere hor daude, eta prezioen arteko diferentziak ere bai.

CADE ingurumenaren aldeko elkarteen kolektiboa ari da ura modu publikoan kudeatu behar dela defendatzeko ekinean, berdin Elkargoko uraren batzorde iraunkorrean nola herriko etxeetan. Beren esanetan, Baionan zerbitzu “hobea eta merkeagoa” ari dira ematen urarekin eta badago gaitasuna hori horrela izan dadin beste tokietan. Prezio eko-solidario bat ere jarri diote urari Lapurdiko hiriburuan azken urteetan, diru-sarrera murritzagoak dituzten familientzat, Frantziako Estatuko programa baten baitan.

Hemen amaituko dugu gure astebeteko ibilaldia, Wall Streetetik urrun, hainbeste borrokaren lekuko izan den San Izpiritu zubi mitikoan Aturri zeharkatuz, CADEkoek Uraren Mundu Egunean esandakoa pentsamenduan dugula: “Ura funtsezko ondasuna da, ez da merkantzia. Ura gurea da”.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.]

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
2021-08-13 | June Fernández
Zaintza sistema
Kaka ongarri bihurtu

Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


Burujabetzarako bidea elikatzen

Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]


Osasuna autokudeatzeaz
COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


Eguneraketa berriak daude