Kaka ongarri bihurtu

  • Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


2021eko abuztuaren 13an - 07:27
Irudia: Susanna Martín.

(Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue)

Normaltasun berria delakoa lehengo normaltasun kapitalista eta patriarkalaren oso antzekoa dela azpimarratu du Steilas sindikatuko idazkaritza feministak COVID-19 pandemiaren inguruko gogoeta feministak liburuaren hitzaurrean: “Etxeko lanek eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen (haurrak, adinekoak...) zaintzak ikusezin eta prekario izaten jarraitzen dute. (…) Noizko benetako zainketa-sistema publiko bat, mundu osoan pobretutako pertsonak beren patura abandonatzen eta heriotzara kondenatzen ez dituena?”.

“Pandemiak eragindako mina eta kaltea, zaintza-sistema berri bat sortzeko aukera bihurtu behar dugu”, idatzi du Arantza Urkaregi sindikalista feministak aipatutako liburuan. Osasun-krisia abagune izan daiteke mugimendu feministak aldarrikatzen duen sistema publiko-komunitario hori bultzatzeko? “Baliteke, kaka ongarri bihurtu dezakegu. Baina amorrua ematen dit krisi baten bultzakada behar izateak”, erantzun du Martak*, erreportaje honen bigarren atalerako bere istorioa kontatu duen emakumeak. “Itxialdiaren erromantizazioa klase-pribilegioa da”, irakurri genuen pankarta batean konfinamenduaren hasieran. Erromantizaziorik gabe, baina saia gaitezen bidea ongarritzen.

Zaintzen legea

Hego Euskal Herriko zahar etxeetan, 2020eko martxoa eta ekaina bitartean, 1.042 egoiliar hil ziren eta beste 457 gehiago urtarrilera arte. Koronabirusaren ondorioz hildakoen herena izan dira.  Erresidentziak kartzela bihurtu direla, inoiz baino agerikoagoa izan da isolatuak eta bakardadeak jota geratu diren pertsonen behar emozionalak kontuan hartzeko baliabide falta. Urkaregiren ustez, erradiografia horrek frogatzen du egoitza-ereduaren inguruko eztabaida sakona egiteko garaia dela eta, are gehiago, “zaintza-sistemaz, bere osotasunean, hausnartzeko”.

Zumaia, Azpeitia eta Zestoako jubilatu talde batek 2019an sortu zuen Irauli Zaintza plataforma, baina pandemiak “borobildu egin du egitasmoaren zentzua eta premia”, azpimarratu du egitasmo honen kide den Xanti Ugartek. Zaintza-eredua iraultzeko gakoa eskumen aldaketan datzala defendatzen dute: “Diputazioak dira problema, kalitate demokratiko baxuko instituzioak dira, legislatiboak ez dauka eragiteko botererik. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu hezkuntza sistema eta osasun arreta. Adineko pertsonen arreta, ordea, diputazioen zerbitzu sozialen markoan kokatuta dago, asistentzialismoari lotuta egon delako historikoki”.

Porrota agerikoa da: foru aldundiek egoitzen pribatizazioaren alde egin dute eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzak kudeatzeko dirulaguntza xumeak ematen dituzte. Erresidentzien egoera, lan baldintzak eta prezioak desberdinak dira lurraldez lurralde eta, ondorioz, ezin dira langileen plataforma bateratuak egin, nabarmendu du Ugartek.

Hurrengo hauteskunde autonomikoei begira alderdi politikoei aurkeztuko dieten proposamena honakoa da: Eusko Legebiltzarrean zaintzen inguruko lege bat garatzea, Jaurlaritzak eskumenak hartu eta marko bateratu eta parte-hartzaile bat ezartzea ahalbidetuko duena. Proposamena unibertsitatean, sektore profesionalen artean, sindikatuetan eta pentsiodunen mugimenduan azaltzen ari dira.

Esklabo jada ez

“Etxeko langile egoiliarra naiz eta kaleratu naute COVID-19aren kutsatzearen beldur direlako”. “Bi urtez lan egin nuen langile egoiliar gisa haurrak zaintzen eta kaleratu naute, inolako prestaziorik jasotzeko eskubiderik gabe”. Bizkaiko eta Gipuzkoako emakume etorkinen lau elkartek sustatu zuten erresistentzia kutxa aurkezteko bideoan halako hamaika testigantza jaso zituzten. Konfinamendua hasi zenean familia askok zaintzaileak kaleratu zituzten. Espainiako Gobernuak sektore honentzat dirulaguntza bat iragarri zuen, baina Gizarte Segurantzan alta emanda zeudenek baino ezin zezaketen eskatu, hortaz, kanpoan utzi zituen zaurgarrienak, ezkutuko ekonomian ari zirenak. Kontratuarekin lan egiten zutenek ere ez dute langabeziarik kobratu, etxeko langileen erregimen bereziak eskubide hori ukatzen die eta. Bestalde, isolamendua bereziki gogorra egin zaie paperik gabeko barneko etxeko langileei, Poliziaren beldur ziren eta.

Egitasmo horretan parte hartu zuten Mujeres con Voz eta Trabajadoras No Domesticadas taldeetako kidea da Paloma C. Ruiz. Pandemia hasi zenean etxeko langile egoiliar izateari utzi berri zion, orduka lan egiten hasteko. Elkarteetako abokatuen aholkularitzari esker lortu zuen bere nagusiekin akordio batera heltzea eta lana mantentzea. Itxialdiak hausnarketa sakona egiteko parada eman dio: “Ulertu dut bizitza gehiago baloratu behar dugula. Eta ulertu dut neure burua baloratzen ez badut, inork ez nauela baloratuko”. Haren lagunek bizi izan dituzten egoerak ikusteak bere lan hautua politikoa bihurtu du: “Oxala denok 24 orduko etxeko lanari ezetz ezango bagenio. Umiliatuak gara, esklaboak, arrazakeria gailentzen da, izaki ikusezinak gara”.

Marta: "Kaka ongarri bihurtu dezakegu, baina amorrua ematen dit krisi baten bultzakada behar izateak”

Bi gertakari mingarri ditu memorian iltzatuta: COVID-19ak gogor jo zuen etxe batean, andreari entzun zion kontatzen ez zuela ezta armairu bat irekitzeko nahikoa indarrik ere. “Bere etxeko langileari, ordea, gaixorik zegoen arren, lan guztia egiteko indarra izatea exijitzen zion”. Beste lagun bat adineko emakume batekin bizi da baserrian: “Martxotik ekainera ez zen etxetik atera. Oso gogorra egin zitzaion. Egunean bi ordu libre eskatzeko eta gutxienez ortutik paseatzeko animatzen nuen”. C. Ruizek birusa zuten lagunei erosketak eraman dizkio haien logeletara. “Etxe barneko moldean ia lau urtez aritu naiz eta ugazabek inoiz ez didate galdetu: ‘Ondo al zaude, neska?’ Orain etengabe galdetzen digute. Ez estimatzen gaituztelako, ez hezur-haragizkoak garelako eta materia berberaz eginak gaudelako, baizik eta kutsatuko ditugun beldur direlako”.

Zaintzen sektore profesionala demokratizatzea eta duintzea da Maitelan kooperatibaren helburua eta, horregatik, etxe barneko moldearen kontrako jarrera irmoa daukate, “neoesklabutza” dela ulertzen dutelako. Hernanin, Ahmer SOS Arrazakeriaren babesarekin sortu zen 2019an langile bazkideak (zaintzaileak), bazkide erabiltzaileak (zainduak) eta bazkide kolaboratzaileak biltzen dituen gizarte ekimeneko kooperatiba. Helburua da garbiketa eta zaintza lanetan ari diren emakume etorkinen egoera hobetzea, kooperatibako bazkide bihurtzerakoan etxeko langileen erregimen berezitik atera eta erregimen orokorreko baldintzetan lan egin dezaketelako. “Horrek segurtasun handia ematen du eta duintasuna dakar”, azaldu du Maitelaneko bazkide kolaboratzaile batek. Egitasmoa ezagutzera ematen hasi ziren momentuan heldu zen pandemia: “Konfinamenduak frogatu du gure proiektua behar-beharrezkoa dela”, gaineratu du.  

Paperik gabe dauden emakume etorkinen egoeraz kezkatuta, Maitelanen apustua da kooperatibak emakume horiei paperak lortzeko behar duten lan kontratua eskaintzea. Arazoa da legeak bi baldintza jartzen dituela: enpresak 10.000 euroko gutxieneko kapitala izatea eta langileei lanaldi osoko aurrekontratua eskaintzea. Pandemiak eragindako krisiak ez du lagundu egonkortasun ekonomiko nahikoa lortzen, baina datorren urterako helburu hori betetzea espero dute.

Bestalde, kontziente dira haien prezioak merkatukoak baino garestiagoak direla eta horrek zerbitzua “elitista” bihurtu dezakeela. Saiatzen dira familia prekarioei deskontuak egiten, baina uste dute gakoa diputazioei ardura eskatzea dela, zaintzak publifikatzeko baliabideak jarri ditzaten: “Mendekotasun maila handiena diagnostikatzen diotenak 900 eta 1.000 euro arteko dirulaguntza kobratzen du. Diru horrekin ezin da zaintzaile bat baino gehiago kontratatu”.

Irauli Zaintzaren esanetan, familientzat egun osorako etxeko langilea izatea irtenbide merkea da, esplotazioan oinarrituta dagoelako. Malen Etxea emakume etorkinen elkartearekin elkarlanean sortu zen plataforma horrek ere eredu horren aurka egiten du: “Euskal instituzioek diote arazoaren eskumena Estatuak daukala, baina alkate guztiek dakite haien herrian eta familietan nor ari diren etxe barneko zaintzaile. Ezin dugu esan hori Madrilek konpondu behar duela eta bitartean egoera aprobetxatu”, dio Ugartek.

Konponbide posible bat esperimentatzeko proiektu pilotoa aurkeztu dio Irauli Zaintzak Zestoako Udalari. Pentsiodun berriek auzoko zaharren zaintzan inplikatzeko konpromisoa hartuko dute: bakarrik daudenei konpainia egin, kalera irteten lagundu, haien beharrak identifikatu… Proposamen horren beste ardatza etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea izango litzateke, hala adinekoek zaintza profesionala babes komunitarioarekin uztartuta jaso dezaten. “Herri txikietan eta hirietako auzoetan komunitatea antolatzea bideragarria iruditzen zaigu. Jubilatuek parte hartzeak, gainera, indarra emango dio”, espero du Ugartek.

Zaintza sareak egonkortu

Eskolak eta lantokiak itxi zirenean, etxe barruan zaintzen arduren genero arrakala sakondu egin zen. Nahia Idoiaga Mondragon, EHUko Hezkuntzaren Psikologia Saileko irakasleak, Steilaseko liburuan eman ditu ikerketa batean jaso dituen datuak: galdetegia erantzun zutenen artean, %32,1ak esan zuen haren etxean emakumezkoek soilik eskatu zutela kontziliatzeko neurriren bat lanean –murrizketa, eszedentzia, telelan eskaera…– eta soilik %11,3k erantzun zuten gizonezkoek eskatu zutela. “Zaintzaz hitz egin digute, elkar zaintzeko eskatu, norbere burua zaintzeko, gure txikiak zaintzeko, gure nagusiak zaintzeko, baina non egon dira zaintzen aldeko politikak? Baliabide ezen aurrean hainbat eta hainbat emakumek karga sozial hori gure gain hartu behar izan dugu, ezinean jardunaz”, idatzi du Idoiagak.

Baliabide ezaren aurrean, auzo eta herrietan zaintza sareak barra-barra sortu ziren. “Adinekoei erosketak egiten lagundu genien, gaixotasun degeneratiboak zituztenentzat osasun arreta lotu, behar ekonomikoak zituztenak zerbitzu sozialetara bideratu, haurrak zaintzeko gure burua eskaini genuen…”, gogora ekarri du Xabi Valdorrek, Gasteizko Batera zaintza sare herritarreko kidea. Zaintza sare horiek desaktibatzen joan dira, baina egitasmo komunitario berrietarako bidea zabaldu dute. Pasa den apirilean ezagutzera eman zen Judimendiko elkartasun sarean parte hartzen du Valdorrek orain. Proposatu dituzten “proto-ideiak” aipatu ditu, besteak beste, goizean goiz lanera joan behar duten gurasoen haurrak eskolara sartu arteko ordura arte zaintzeko sistema komunitarioa sortzea.

Zaila da jakitea ea itxialdian auzokoekin boluntario aritu direnek harreman hori mantendu duten, baina Valdorrek baietz espero du. Ondoren irakurriko dituzuen kontakizunek hori sinesten laguntzen dute. Erromantizaziorik gabe, Mari Luz Esteban antropologo feministak Steilasen liburuan gogoeta baikorra egin du: “Nola edo hala, esan daiteke larruazalaren mudantza-prozesu indibidual eta kolektiboa bizi dugula, sentipenen, zentzumenen eta emozioen birkonfigurazio orokor bat. Eta horretan ere ez dut uste ‘lehengora’ itzuliko garenik”.

* Erreportaje honetan hainbat solaskidek ezizena erabili du. 

 

Txikitik eragiten: Itxialdiko kontakizun ederrak

 

“Zaintzak eta ekonomia konpartitzen ditugu”

 

Martak 12 urteko semea du eta Inmak 12 eta 8 urteko alabak. Eskola libre bateko kide zirela ezagutu zuten elkar. Biak bananduta daude eta parez pare dauden etxeak erostea erabaki dute zaintza komunitarioa egiteko. Pandemiaren albo-kalteek haien bizikidetza proiektuan urrats berriak ematen lagundu diete: “COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz, orain ekonomia ere konpartitzen dugu. Harreman orekatua lortu dugu eta arlo emozionalean ere oso gustura gaude”. Martak lana galdu zuen eta Silvia, ordea, medikua denez lanpetuago dabil. Hortaz, Silvia lanean ari den bitartean, Martak haurrak zaintzen ditu, bazkaria prestatzen du eta denek elkarrekin jaten dute. Silviak laguntza ekonomikoa ematen dio Martari: “Ama izan nintzenean, nire ikasketak bertan behera utzi behar izan nituen eta orain, online moldeari eta lagunaren babesari esker, berrartu ahal izan ditut”.

Irudia: Susanna Martín.

 

“Auzokoen artean guztia jaso eta eman dugu”

 

Ainhoak auzokoak agurtu baino ez zituen egiten pandemia baino lehen, baina itxialdian hasi zen beste hiru emakumerekin eskaileretan bermuta hartzen. Behin Ainhoak sagar tarta prestatu eta auzokoen artean banatu zuen. “Tuperrak gora eta behera igaro genuen konfinamendua. Batek kroketak egiten zituen, beste batek arrozesnea. Niri lagun bat hil zitzaidan eta auzokoak izan nituen alboan. Baten ama zaharra da eta goiko pisuan bizi da. Laguntzen diogu erosketak igotzen. Oso polita izan da, behar dugun guztia eman eta jaso dugu: babes emozionala, azpiegiturak, erosi ezin genuena…”. Dinamika hori mantendu dute eta gainerako auzokoen artean zabaltzen saiatu dira. “Bosgarren pisuan bizi den familiari, jatorriz Errumaniakoa, sabaia apurtu zitzaion eta auzoko guztiak joan ginen laguntzera”, Bilboko San Frantzisko auzoan bizi dira eta haien auzokoa da Ertzaintzaren gehiegikeriak grabatzeagatik zigortua izan den emakumea. “Bizilagunok lortu genion abokatu bat”. ELLAS Bilboko Auzo Garaietako emakumeen argazkigintza eta memoria proiektu parte-hartzailearen sustatzailea da Ainhoa. Konfinamenduan bere eraikineko adineko bizilagunek argazki albumak atera zizkioten eta auzoko bazterretan argazkiak itsatsiz arte interbentzio bat egin zuten elkarrekin.

Irudia: Susanna Martín.

 

“Behin esan zidan ni besarkatzeko irrikitan zegoela”

 

Itxialdian 80 urte inguruko auzokoari, Lolari, erosketak eta errekaduak egin zizkion Julenek. Ohitura bat hartu zuten: arratsaldeko 8etan, jendea balkoira txalotzera ateratzen zenean, haiek eskailera-burura irteten ziren eta elkarrekin zigarro bana erretzen zuten. “Egunerokotasun horrek gure harremana aldatu zuen, gertutasuna indartu zuen”. Behin Lolak komentatu zuen hankak handituta sumatzen zituela, eta hurrengo egunean, arratsaldeko 8etan, ez zen atera. Egun batetik bestera hil zen. “Oso berezia eta maitakorra zen. Behin esan zidan ni besarkatzeko irrikitan zegoela, baina ez genuen aukerarik izan”. Julenek Lolaren txakurraren ardura hartu zuen, hark hala eskatu baitzion behin. “Iruditzen zait utzi didan ondarea dela. Zaintza ardura bezala ikusten dugu, baina uste dut opari bat izan daitekeela, niretzat erronka bat izan da eta oso lagungarria egin zait”. Etxez aldatu behar izan du, pisuaren jabeak ez baitzion erraztasunik eman diru sarrerik gabe geratu zenean alokairua ordaintzeko. Pisukideak ditu orain eta saiatzen da haiekin harremana estutzen. “Komunitatea sendotzearen grina piztu zaigu. Txakurra izateak, gainera, lagundu dit auzokoekin hitz egiten!”.

Irudia: Susanna Martín.

 

“Koronabirusak salbatu du gure harremana”

 

Luciak eta Peiok hamar urte daramatzate bikote harremanean. 2020ko martxoan erabaki berri zuten ez zeudela elkarrekin jarraitzeko prest. Baina orduan konfinamendua hasi zen eta egun osoa elkarrekin pasa behar izan zuten. Derrigorrezko itxialdia deserosoa izan zen hasieran, baina konponbidea bihurtu zen. “Hausnarketarako aukera eman zigun. Gelditzeak erakutsi zigun aurretik generaman erritmoa ez zela jasangarria. Konturatu ginen lehentasuna ematen geniola gainerakoari (militantzia, ikasketak, familia…) eta gure harremanari buruz soilik hitz egiten genuela biotako bat lehertzeko zorian zegoenean”. Konfinamenduan lanketa hori egin zuten eta elkarrekin gozamenerako jarduerak egiten hasi ziren: xakean jolastu, pelikulak ikusi, bainu luzeak hartu… “Koronabirusak testuingurua eman digu gure harremana salbatzeko. Orain erronka da espazio horiek mantentzea. Frogatu dugu gelditzea posible dela eta, are gehiago, beharrezkoa dela!”.

Irudia: Susanna Martín.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
Burujabetzarako bidea elikatzen

Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]


Osasuna autokudeatzeaz
COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


Energia komunitateak Nafarroan
Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitatearen bidez Hernani burujabetzarantz

Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]


Eguneraketa berriak daude