Bost herri txiki energia trantsizioan tiraka

  • Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa handiak ahalegin berezia egiten ari dira sor daitezkeen aldaketen aurrean haien negozio lerroak ongi kokatzen. Ondoko lerroetan azalduko dugu energia komunitateak Nafarroan zertan diren.


2021eko abuztuaren 11n - 16:16
Urroz Hirian eraiki duten eguzki baratzea, frontoiaren ondoan. (Arg.: X. Letona)

Aurreko orrialdeetan azaldu dugu energia komunitateak zer diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan nola garatzen ari diren, besteak beste Ekiola, Edinor eta Goienerren eredu desberdinen arteko lehia zertan den erakutsiz. Nafarroan prozesua geldoago doa eta oraindik ez dago tamainako garapen eta lehiarik, baina ereduak sortzen ari dira apurka eta sumatzen da urte gutxitan energia komunitate ugari eratuko dela. Zein eratakoak baina? Enpresa handi batek egindako instalaziotik elikatzera mugatuko den herritar taldea izango da, edo bere energia burujabetzaz egiazki arduratuko den energia komunitatea?

Nafarroan oraindik ez dago herritarrak muina diren energia komunitaterik, baina sortze bidean dira batzuk. Eta bide horretan, tokiko erakundeak giltzarri dira. Nafarroako Gobernuak argi du aurrekariak behar direla etorkizuneko komunitateei ereduak eskaintzeko eta elkar lanean ari da Abaurregaina, Gares, Garralda eta Urrotz Hiriko udalekin. Hor dago, baita ere, Galar-Espartzako energia komunitatearen eredua. Hemen geldoa doa, baina kontuan hartu behar da Europako iparraldeko herrialde askotan aspaldi ari direla jardunean komunitate hauek, eta hainbatetan gainera, herritarrek kontsumitzen duten energiaren erdia dagoeneko haien bidez egiten dutela.

Horrez gain, Nafarroako Gobernua Iruñeko Arena Nafarroa kirol eraikineko komunitate energetikoa ari da bideratzen esperientzia pilotu gisa. 422 panel fotovoltaiko jarriko ditu kirol aretoaren teilatuan, 168ko kilowatteko potentziarekin eta honen inguruan biltzen diren herritarren komunitateari 300.000 euroko diru aurrezpena ekarriko dio 20 urtean, Nafarroako Gobernuak proiektua aurkeztean azaldu zuenez. Komunitatean autokontsumoa egiteko legez baldintza da etxebizitza energia sortu den puntutik 500 metroko erradioan izatea.

Arena Nafarroako teilatuan jarritako eguzki-plaken bueltan ere eratu dute energia komunitate bat. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

 

 

 

Galar-Espartza aitzindari

Iruñerriko Galar Zendea udalerriko kontzejua da Galar-Espartza eta 2019an ekin zioten energia komunitatea sortzeko ibilbideari. Ramón Lakuntza komunitateko kideak dioskunez, “oraindik ere halakorik egitea debekatua zegoenean hasi ginen”. Frontoiko teilatuan jarri dute 40 kilowatt (kW) potentziako egitura fotovoltaikoa. Proiektua aurrera ateratzeak 20.000tik gora euroko kostua izan du eta, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin, kontzejuak 9.000 euro jarri beharko ditu. Lau urtetan amortizatua izango dutela aurreikusten dute. Kontzejuak hartu du bere gain inbertsioa eta 40 herritarrek bat egin dute komunitatearekin.

Gaueko argiztatze sistema zaharkitua zuten eta hor irensten zuen energia gehien herriak. Hori berrituta eta komunitatea sortuta, kontzejuari 2.000 euroko aurrezpena ekarri dio urtean eta herritar bakoitzari 40-45 euro. “Herritarren kasuan ez da asko –diosku Lakuntzak–, baina guk hasieratik argi genuen negozioaren ikuspegia ez zela garrantzitsuena. Hori bai, ikusita aurreztu egiten dela, gure bazkideak eta herritarrak animatuko ditugu haiek ere plakak jar ditzaten. Gure helburu nagusia da energia berriztagarriak bultzatzea; eskaini dizkiguten parke fotovoltaiko handien aurka gaude, baina horiek alternatibak behar dituzte, eta horretan gaude. Azken finean, gure asmoa burujabetza energetikoa lantzea da, horrek esan nahi duen guztiarekin”. Espartza-Galarren arrakastak bidea ireki du eta datorren urtean haren lorratzean abiatuko dira udalerriko beste sei kontzeju (zortzi dira guztira).

Emasp energia kontsumorako kooperatibaren laguntza izan dute bidean eta entitate juridiko gisa eratu beharrean, kooperatiba honetako azpitalde gisa eratu dira. Emasp Nafarroan sortutako kooperatiba txikia da, Energia Gara edo Goienerren izpirituaren bueltan sortutakoa; hirurak dira Europan gisa bereko kooperatiba txikiak biltzen dituen Rescoop elkartekoak. Alde juridikoa lotzea da komunitate hauen osatze lanetan ari diren talde guztien aldapa neketsua eta, Lakuntzak aipatu digunez, “formula honekin buruhauste ugari saihestu ditugu”.

 

 

Galar Espartzako frontoiaren gainean jarri dituzte eguzki-plakak. (Arg.: X. Letona)

 

 

Garesen herritarrak bakarrik

Garesko udala 2015etik tinko ari da energia burujabetzaren bidean, orduan Gares Energia sortu zuten bi energia proiektu aurrera ateratzeko: batetik, 1918tik 1980ra jardunean egon zen herriko zentral hidroelektriko txikia berrabiarazteko; eta bestetik, frontoian plaka fotovoltaikoak jartzeko. Neurri batean, duela mende bateko eredura itzultzea da kontua: orduan, Nafarroan, herriak eta eskualdeak hornitzen zituzten hamaika zentral elektriko ziren, gero energia enpresa erraldoien bultzadapean desagertu zirenak. Orduko zentral elektriko haien pareko dira frontoi gainetan eraikitzen ari diren egungo eraikuntza fotovoltaikoak.

Frontoiko teilatuen erdia udalak erabiltzen du eta beste erdia eratzen ari den energia komunitatearen bazka emaile izango da. Hamabi bat pertsonak osatzen du Gares Energia talde eragilea. Orain Garesbide sortu dute, talde sustatzailea, 20-25 pertsonez osatua eta gehienez 40 lagunekin eratu nahiko lukete komunitatea. 60 kW-eko egitura eraikiko dute, guztira 80.000 bat euroko inbertsioa eginez. Une honetan buru-belarri ari dira egitura juridikoan eta urte amaierarako sortua izatea espero dute. Instalazioak ez du misterio handirik, behin ekinda astebetean eraikia izango dute eta 2022ko lehen seihilekoan komunitate osoa martxan izatea espero dute.

Autohornikuntzaren bidez, gaur egun, batez beste iritsi daiteke etxe bateko kontsumoaren %35 asetzera, eta oso eraginkorra izanda %40 ere bai. Argindarraren fakturari begira, beraz, irudikatu daiteke bide honen garapen handiak zein galera ekar diezaiekeen gaur egun elektrizitatearen merkatua kontrolatzen duten enpresa erraldoiei.  

Pirinioetan ere bai

Abaurregaina eta Garraldan ere ari dira energia komunitateak eratzeko lanean. Abaurregainako alkate Patxi Enkajek azaldu digunez, lehen udalak bazuen elektrizitate lerro bat, baina saldu egin zen eta horrekin burujabetza maila bat galdu zutela sentitu zuen herriak. Eta energiaren esparruan zerbait egin beharra ere bai.

Orain instalazio fotovoltaikoa sortuko dute frontoiko teilatuan. 57 kW-eko instalazioa izango eta proiektuak, bere fase guztiak kontuan hartuta, 60.000 euroko inbertsioa eskatuko du. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza handia espero dute. Guztira hiru urteko prozesua da eta orain hasi da prozesu parte-hartzailea, Artelana enpresaren gidaritzapean. Arankoa abokatu bulegoarekin ari dira  aholkularitza prozesuan eta Kisar enpresarekin alde teknikoan. Nafarroako Pirinioetan oso sustraituta dago auzolana eta lan molde horrek asko laguntzen die prozesu honetan.

Garraldan 190 pertsona bizi dira eta 42 etxek parte hartu nahi dute energia komunitatean. Energiaren alorrean tradizio historikoa duen herria da 1914an errota zahar bateko ur jauziarekin lortzen baitzuten herri osorako argindarra. Duela 18 urte arte, ur jauzi hori kudeatu duen La Garraldina kooperatibaren eta udalaren artean bideratu dituzte herriko energia kontuak.

Dani Irigoien udaleko lau zinegotzietako bat da eta energia komunitatea sortzeko itulari ari da: “Iazko festetan energiari buruzko hitzaldia eman genuen herrian eta sortu zen interesa ikusita, hemeretzi pertsonako taldea abiatu ginen kontu honetan”. Foru Gobernuarekin harremanetan jarri eta Abaurregainaren gisako prozesu parte-hartzaileari ekin zioten.

Oraindik erabaki behar dute eraikuntza fotovoltaikoa udaleko teilatuetan egin edo eguzki baratzea izango den. “Baina zailena da zein entitate mota izango garen erabakitzea”. Udala ere komunitatearen parte izango da, “baina bat gehiago bezala, prozesu honetan lurra edo udal teilatuak utzi behar dituelako”. Abaurregainan aipatutako hiru enpresak ari dira aholkularitza lanetan hemen ere. Garralda hornitzen duen ur iturriarekin ere soberakina du herriak eta aztertzen ari dira horrekin eraikuntza hidroelektriko txiki bat bideragarria litzatekeen. “Azken finean –dio Danik– orain eraikuntza fotovoltaikoarekin ari gara, baina aurrera begira, gure helburua da herri osoak duen energia beharra guk geuk sortu eta kudeatzea”.

Energia komunitatearen sustraira joz gero, haren oinarrian behetik gorako bidea dago, kudeaketa demokratikoa, formakuntza, energia kontsumoa gutxitzea... eta funtsean, trantsizio energetikoari aurre egingo bazaio, gizarte honen eraldaketa ekonomiko eta soziala

Iruñetik ekialdera den Urrotz Hirian udalak dagoeneko eraiki du 90 plakako 36 kW-eko baratze fotovoltaikoa, eta sortuko den elektrizitatearekin udaletxeko eraikinaren beharrak aseko dira; han dira osasun egoitza, farmazia, erretiratuen kluba, kultur aretoa eta mankomunitatearen egoitza. Eskolako eraikinaren argindar beharra ere aseko da. Aipatu guztiarentzat energiaren %34 bideratzea espero dute eta gainerakoa komunitatean parte hartzeko prestutasuna agertu duten 100dik gora herritarrentzat izango da. 55.284 euroko inbertsioa egin du udalak proiektuan eta Foru Gobernuak erdia jarri du dirulaguntza gisa. Aholkularitza lanetan aritu den Emasp energia kooperatibak egindako kalkuluen arabera, proiektu honekin urtean zehar 26 tona CO2 gutxiago igorriko du herriak atmosferara, hau da, 234 pagoko basoak 80 urtetan xurgatuko lukeen kopurua.

Ikusten den moduan, energia komunitateen abiada oraindik txikia da Nafarroan, baina proiekzio handia du. Energia komunitatearen sustraira joz gero, haren oinarrian pertsona, komunitatea, kontzejua, udala eta tokiko erakundeak daude, haien energia beharrak sortu eta kudeatzeko. Behetik gorako bidea dago, kudeaketa demokratikoa, formakuntza, energia kontsumoa gutxitzea... eta funtsean, trantsizio energetikoari aurre egingo bazaio, gizarte honen eraldaketa ekonomiko eta soziala. Hitzak hitz, bistan da energia komunitatearen bueltan diren eragile guztien asmoa ez dela hori. Energia burujabetzaren bidean, beraz, energia komunitatea herritarrek gogor borrokatu beharko duten beste eremuetako bat izango da.

Artikulu hau ARGIAren "Aktualitatearen Gakoak" aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du "Gakoak". Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2021
2021-08-13 | June Fernández
Zaintza sistema
Kaka ongarri bihurtu

Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.


Burujabetzarako bidea elikatzen

Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]


Osasuna autokudeatzeaz
COVID-19: Non dira osasunaren prebentzioa, burujabetza eta iraunkortasuna?

Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitateak
Eraldaketa erreala... edo diru publikoz egindako negozioa

Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]


2021-08-10 | Estitxu Eizagirre
Energia komunitatearen bidez Hernani burujabetzarantz

Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]


Eguneraketa berriak daude