Zapalduaren mintzoa


2024ko urtarrilaren 24an - 14:50

Jasandako zapalkuntzaren egiazkotasunaz eztabaidatzen segitzen duen herria gara, herri zapaldua izaten jarraitzen dugulako. Izan ere, askatasunak berekin dakar norberaren errealitatearen gaineko kontaketa, zapaltzaileak Historian hizki larriz idatzitako gezurrei berezko ahotsaz erantzuteko gaitasuna, alegia.

Euskal Herria ez da existitzen. Ez da nehoiz zapalkuntzarik egon. Euskarak modu naturalean egin du atzera. Ohiko eraso diskurtsiboa izateaz gain, hitzok gizartean berariaz zabaldu duten narrazio orokorraren adibide txikia baizik ez dira, Espainiaren batasunaren mesedetan maisuki eraikitako propaganda estrategia, hain zuzen ere. Horrela, zapalkuntza baino garrantzitsuagoa bilakatzen da horren gaineko kontaketa, egi horren arabera izango baita zapalduen jarrera: errealitatea etsipenez onartu edo altxatu eta aurre egin. Noski, botereak hitza baliatzen du egiten duena justifikatzeko eta onargarri bilakatzeko. 2011n Espainiako Historiaren Errege Akademiak bere Diccionario Biográfico Español-en Francok eragindako gerra Gurutzada edo Askapen Gerra gisa aurkeztu zuen; berriki entzun dugu Putin Ukraina desmilitarizatu eta desnazifikatu beharraz, edo Netanyahu Hamasi erantzuteko aitzakiapean Gazan genozidioa egiten ikusi. Egitea bezain garrantzitsua baita esatea.

Jasandako zapalkuntzaren egiazkotasunaz eztabaidatzen segitzen duen herria gara, herri zapaldua izaten jarraitzen dugulako

Gurera etorriz, historiografia orokorrak gutxi eta oso azaletik aztertu du euskararen zapalkuntza. Izan ere, frankismoaren errepresioa ikertu duten lanak aztertuz gero, errepresio politikoa, ekonomikoa edo soziala ageri zaizkigu, baina arlo kulturala apenas izan den landua, are gutxiago hizkuntzen zapalketari dagokionean. Gurean egin izan dira saiakera zintzoak, Euskaltzaindiaren Euskararen liburu zuria edo Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko Euskararen historia, besteak beste, baina hizkuntzen zapalkuntza sakonki aztertu barik ageri zaigu berriz ere. Torrealdaik, bestetik, erregimenak euskararen aurka erabilitako irainak jaso zituen: dialecto, jerga, ladrido, verrugas que le salen a los idiomas, cáncer de la patria, jerigonza, Que es a nuestro idioma lo que la rueda del carro de bueyes a la hélice del avión. Gaztelania, jakina, hizkuntza goren gisa aurkeztua: idioma, claro romance edo lengua del cristiano. Hura erabiltzeko gonbita eta guzti: Español, habla español edo Habla la lengual del Imperio. Horrela, erregimenaren ideologia, politikak, legeak, tresna instituzionalak eta ekintzak aztertu eta gero, kultur genozidioaz mintzatu zitzaigun Torrealdai. Ildo beretik ari zaigu Xabier Irujo, eta Espainiako eta Frantziako Estatuek Euskal Herrian euskal kulturaren aurka gauzatutako zapalkuntza genozidioaren kategorian kokatzen du.

Zapalketak beste bide bat hartu du orain, oldarraldi judiziala, eta berriz ere hitzak boterearen sostengu dira: euskara diskriminatzailea dela, gutxieneko ezagutza eskatzeak funtzio publikora sartzeko aukera berdintasunaren aurka egiten duela edo euskararen aldeko neurriak gaztelania ezabatzeko eginak direla eta hizkuntzen arteko oreka haustea ekarriko luketela. Horregatik zaizkigu ezinbesteko Bizkarsoro bezalako proiektuak, geuk egindakoak, guri zuzendutakoak, hitza ematen digutenak. Ipar Euskal Herriko euskaldunek XX. mendean pairatutako errepresioa ageri zaigu Josu Martinezek zuzendutako film zoragarri bezain latzean. Laburbilduz, lanean tinko jarraitzeko beharra dugu. Zapaltzen gaituzte, ez diezagutela gure historia kontatu!

Danel Abando Olabarri, irakaslea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude