Verterrek eta Jaurlaritzak 2012an erabilitako prozedura ez zen legezkoa amiantoaren kasuan

  • Verter Recyclingek 2011ko apirilean Jaurlaritzari amiantoa hartzeko eskaera egin ziola, eta administrazioak hilabeteko epean erantzunik eman ez zionez, hala eskuratu zuela enpresak amiantodun hondakinak isurtzeko baimena. Hori da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ARGIAri idatziz eman dion azalpena enpresak 2012an amiantodun hondakinak hartzeko baimena bazuela esateko. Arriola buru duen Ingurumen Sailak gauzak ongi egin zirela argudiatzeko darabilen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 16/2002 Legea-ren 10.2 artikuluak aurkakoa dio ordea: Enpresak ez zuen ongi kalifikatu aldaketa, Eusko Jaurlaritzari adierazi baitzion amiantoa hartzen hastea ez zela "funtsezko aldaketa". Aipatu artikuluak dio hondakin arriskutsuak hartzen hastea "funtsezko aldaketa" dela. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak isiltasun administratiboarekin erantzun zion, amiantoa onartzekotan zabortegi honentzat aurrez egina zuen Ingurumen Baimen Bateratua aldatu behar zuenean. Ez zuen egin hurrengo urtera arte.

2012an hasi ziren amiantoa isurtzen Zaldibarko zabortegian. (Dani Blanco)

2020ko martxoaren 03an - 08:02

Ingurumen Sailak ARGIAri idatziz emandako azalpena aztertzeko, ikus dezagun zer dioen isiltasun administratiboaren bidez Verter Recycling enpresari 2012an amiantoa isurtzeko baimena emateko erabili zuten lege horrek, 10. artikuluan.

Laugarren puntuan dio "aldaketa funtsezkotzat" hartuko direla hainbat kasu, a-tik h-ra zerrendatuz. Zerrenda horretan dago "Sustantzia arriskutsuen erabilera berria gehitzea –incorporación gaztelaniaz– edo areagotzea", h hizkiarekin. Kontutan izanik Zaldibarko zabortegia "hondakin ez arriskutsuentzat" izendatua zuela Jaurlaritzak, eta amiantoa hondakin arriskutsu gisa katalogatzen duela Europako legediak, bete-betean dator puntua Zaldibarko amiantoaren kasura. Arriskutsutzat hartzen delako dauka * ikurra amiantoak Europako Hondakinen LER kodean. Eitzaga auzoko zabortegian amiantoa isurtzen hastea "funtsezko aldaketa" zen, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak isiltasun administratibo positiborako erabili duen legea oinarri hartuta ere. Albiste honen amaieran irakur daiteke osorik legearen artikulu zehatza.

Beraz, lege honen arabera Verter Recyclingek ez zuen egoki kalifikatu aldaketa, txostenean "ez funtsezkoa" zela adierazi zuenean. Eusko Jaurlaritzak ere kalifikazio oker horri eutsi dio ordea, istripua gertatu ostean oraindik ere argudiatzeko amiantoa hartzen hastea ez zenez "funtsezko aldaketa", ez ziola enpresari erantzun eta hilabete erantzunik jaso gabe eman ostean, legeak baimena ematen ziola enpresari hondakin hauek isurtzeko, eta beraz, ez zutela zertan zigortu enpresa.

Lege honek 3. artikuluan espreski aipatzen duenez: "Titularrak funtsezko aldaketa bat egiteko asmoa badu, aldaketa hori ezingo da egin ingurumen-baimen bateratua aldatzen ez den bitartean".

Lege gehiagok ere aipatzen dute Ingurumen Baimen Bateratua aldatu behar zutela

Ingurumen Sailak aipatzen duen 16/2002 legeaz gain, zabortegiek beste lege batzuk ere bete behar dituzte. Lege hauek aldatuz joaten dira, horregatik, garrantzitsua da kontuan hartzea urte bakoitzean zein lege bete behar ziren.

Adibidez, 2011n, Verterrek amiantoa isurtzeko eskaera egin eta Jaurlaritzak ez zionean erantzun, besteak beste Hego Euskal Herriko zabortegiek errespetatu behar zuten Espainiako Estatuko 1/2008 Errege Dekretu Legelaria, urtarrilaren 11koa, geroztik aldatu dena. Bertan esaten du 3. artikuluko 1. puntuan ingurumen inpaktua ebaluatu beharko zaiela hainbat jarduerari. Horien artean dago "hondakin arriskutsuak zabortegian pilatuz eliminatzen dituzten jarduerak". Beraz, 2011n errespetatu behar zen lege honen arabera ere, hondakin arriskutsuak baimenean gehitzeko aldatu egin behar zuen Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratua.

Hondakin mota gehiago hartu ahal izateak Ingurumen Baimen Bateratua aldatzea eskatzen du

Horrela adierazi diote ARGIAri Ingurumen Sailean lan egin izan duten hainbat profesional kualifikatuk. Ingurumen Baimen Bateratua aldatzeak eskatzen du dokumentu hori publiko egitea eta herritarrei alegazioak egiteko tartea zabaltzea. Eusko Jaurlaritzak ez zuen halakorik egin.

Jo dezagun enpresek aldaketa "ez funtsezkoak" eskatzen dituzten kasuetara, nahiz eta azaldu berri dugun bezala Verterren amiantodun hondakinak kudeatzen hasteko eskaera berez funtsezkoa den: zabor kudeatzaileek aldaketa "ez funtsezkoak" eskatu izan dituzten kasuetan, administrazioak baimen berezi bat eman izan du aldaketa horietarako. Baimen horiek oso azkar ematen dira, baita egun batetik bestera ere, baina baimen idatzi bat eman izan da. Baimena jaso aurretik ezin izan dute zabor mota berri hori kudeatu enpresek.

Beraz, hondakin legediaren arabera baimen idatzia behar du zabortegi batek hondakin mota berriak isurtzen hasteko eta orain arte argitaratu diren agiriak kontuan hartzen baditugu, Verter Recycling enpresari Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz 2013ko Ingurumen Baimen Bateratuarekin eman zion amiantodun hondakinak jasotzeko baimena. Hortaz, orain arte ez da ezagutzera eman enpresak bazuenik 2012an amiantoa isurtzeko legeak adierazten duen moduko baimenik.

Arriolaren Ingurumen Sailak isiltasun administratibo positiboa aplikatu zaiola argudiatzeko aipatu duen legeak berak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 16/2002 Legea-k 10. artikuluan bertan dio hondakin arriskutsuak "funtsezko aldaketa" direla eta baimen hau ezingo dela gauzatu "ingurumen baimen bat ematen ez den bitartean".

Jarraian, 10. artikulua osorik: Instalazioaren aldaketa

Azpimarratutako pasarteak dira Zaldibarko amiantoaren baimenarekin zerikusia dutenak

 1. Ingurumen Baimen Bateratua behar duen instalazio baten aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa izan daiteke.

2. Funtsezkoa ez den aldaketaren bat egin nahi duen instalazio baten titularrak ingurumen-baimen bateratua emateko eskumena duen organoari jakinarazi beharko dio, eta arrazoituta adierazi beharko du zergatik uste duen funtsezkoa ez den aldaketa bat dela. Jakinarazpen horrekin batera, azaldutako arrazoiak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira. Titularrak aldaketa egin ahal izango du, baldin eta ingurumen-baimen bateratua emateko organo eskudunak kontrakoa adierazten ez badu hilabeteko epean. Instalazioaren funtsezko ez den aldaketaren ondorioz ingurumen-baimen bateratua aldatu behar bada, autonomia-erkidegoak bere aldizkari ofizialean argitaratuko du.

3. Titularrak funtsezko aldaketa bat egiteko asmoa badu, aldaketa hori ezingo da egin ingurumen-baimen bateratua aldatzen ez den bitartean. Aldaketa hori erregelamendu bidez ezarriko den prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetuko da, eta bertan zehaztuko da, 12. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, aurkeztu beharreko aldaketa-eskaeraren edukia. Eskabidean, nolanahi ere, egin beharreko aldaketaren funtsezko izaera justifikatzen duten dokumentuak jasoko dira, bai eta egingo den aldaketak ukitutako instalazioaren zatiari edo zatiei buruzko oinarrizko proiektua ere.

 4. Instalazio baten aldaketa funtsezkotzat jotzeko, kontuan hartuko da proiektatutako aldaketak eraginik handiena izango duen segurtasunean, pertsonen osasunean eta ingurumenean, arlo hauetan:

a) Instalazioaren tamaina.
b) Instalazioak erabilitako baliabide naturalak.
c) Uraren eta energiaren kontsumoa.
d) Hondakinen bolumena, pisua eta tipologia.
e) Eragina izan dezaketen eremu geografikoetako baliabide naturalen kalitatea eta birsortzeko gaitasuna.
f) Sortutako kutsadura-maila.
g) Istripu-arriskua.

h) Sustantzia arriskutsuen erabilera berria gehitzea incorporación gaztelaniaz– edo areagotzea.

         5. Instalazio baten ezaugarrien edo funtzionamenduaren edozein handitze edo aldaketa funtsezkotzat joko da baldin eta aldaketak edo handitzeak bere kabuz gainditzen baditu 1. eranskinean ezarritako edukiera-atalaseak, halakorik badago, edo ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduraren mende jarri behar bada, gai horri buruzko araudiaren arabera.

         6. Instalazio bat aldatzeak ekoizpen-ahalmena murriztea badakar, 1. eranskineko atalaseen azpitik geratu arte, ingurumen-baimen bateratua eskatzeari utziko zaio, eta baja emango zaio 8.2 artikuluan aipatutako instalazioen inbentarioan. Aldaketa horiek organo eskudunari jakinaraziko zaizkio, egiaztatu eta aldizkari ofizialean argitara ditzan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude