Val di Susa, hiru hamarkada AHTaren aurkako borrokan

  • Pasaden urtean bezala, Euskal Herriko AHTaren aurkako mugimenduko kide batzuk Val di Susan izan gara uda honetan. Bailara hau Italiako Alpeetan dago eta hiru hamarkada daramatza Turin eta Lyon hiriak lotzeko eraiki nahi duten AHT linearen aurkako borrokan. Gaur egun, proiektu honen aurrekontua 25.000 milioi eurokoa da, 270km-ko luzera izatea aurreikusten da eta 57,5 kilometroko tunel baten bidez Alpeak zeharkatuko lituzke.


2020ko irailaren 25an - 11:51

Bailaran egon garen egunetan, mugimenduko hainbat pertsonarekin hitz egiteko aukera izan dugu, ekimen batzuetan parte hartu dugu eta “presidio dei mulini” espazioa ezagutu dugu. “Presidio” edo zaintza postu hau, AHTaren aurkako militanteek okupatu dute jabearen onespenarekin, ekainaren 11tik, konfinamenduaren ondoren obrak hasi zirenetik. Trenbide sarearen tunel osagarri baten sarrera babesteko, estatuak hartuta daukan zonalde gorriaren barruan dago “presidio dei mulini”. Hainbeste urteren ostean eta zonaldeko biztanleen borrokaren ondorioz, tunel hau da, Italiari dagokionez, obretan dagoen zati bakarra. Zonalde gorria izateak sarrera debekatua dagoela esan nahi du. Eremuaren barruan jabetzaren bat dutenek soilik daukate sartzeko baimena, eta hala eta guztiz ere, Poliziaren eta armadaren kontrolak pasa behar dituzte. Estatuak helburu horretara bideratzen dituen baliabide pertsonal eta ekonomikoen gastua eguneko 90.000 euro ingurukoa da. “Presidio dei mulini” jabetza pribatuko aintzinako errota batzuk dira, horregatik, oraingoz Poliziak ez du jendea aterarazi.

Euskal Herriko eta Italiako ekintzaileak elkartuta.

1990eko hamarkadan abiatu zuten abiadura handiko linea bat eraikitzeko proiektua bailaran. Ordutik, haraneko eta gertu dagoen Turin hiriko biztanleak NO TAV mugimenduaren inguruan antolatu dira, proiektu horrek ekarriko lituzkeen kalteengatik aurka agertzeko. Proiektua aurrera eraman ezkero, kalteak ugariak izango lirateke. Hauek, Pro Natura Torino elkarteak egindako dokumentu luzean jasota daude, azpiegitura horren aurka egiteko 150 arrazoirekin. Txosten horrek ingurumenaren gaineko eraginak zerrendatzen ditu, pertsonen osasunaren gainekoak, ekonomikoak eta sozialak, eta AHTarekin saltzen diguten aurrerapenaren ideia desmuntatzen du. Horretaz gain, kontuan izan behar da, gaur egun, dagoeneko, funtzionamenduan dagoela Turin eta Lyon arteko trenbide sare bat, pertsonak eta salgaiak garraiatzen dituena.

NO TAV mugimendua hetereogeneoa da, Susa bailarako eta gertu dagoen Turingo milaka pertsonek osatzen dute. Gainera, bailarako udal gehienen babesa eta parte-hartzea dauzka. Ekintzak eta ekimenak antolatzeko orduan, afinitate ideologikoen araberako taldeetan banatzen dira: katolikoak, anarkistak eta autonomoak; azken hauek ideologia komunista daukate eta Askatasuna izeneko Turingo gaztetxea dute erreferentziazko gune gisa. Aniztasun horrek, mobilizazio garrantzitsuak antolatzeko gaitasunak eta egiten dituzten ekintzen inguruko akordioek, indarra ematen diote mugimenduari, eta hainbeste urtetan irautea ahalbidetu du.

"Sabotaiak erresistentzia baketsuko ekintzak dira"

Egiten dituzten ekintzei dagokienez, talde guztien arteko akordio bat dute: pertsonen integritate fisikoa ez kaltetzea. Testuinguru horretan, hainbat militantek azpimarratu digutenez, NO TAV mugimenduarentzat "obren aurkako sabotaiak erresistentzia baketsuko ekintzak dira". Mugimenduko kide batek esaten zigun manifestazioek obren aurkako sentimendua adierazten dutela eta beharrezkoak direla, baina obrak gelditzeko konfrontazio fisikoa ere guztiz beharrezkoa dela. Ildo beretik, Emilio Scalzok, etxean atxilotuta dagoen 65 urteko kideak, Italiako ministro batek egindako adierazpenak gogorarazi dizkigu: "Zuek jarraitu manifestatzen, guk obrak jarraituko ditugu eta."

Uda honetan, COVID-19aren ondorioz hartutako neurriengatik Alta Felicita jaialdia ospatu ez den arren, azken urteetako mugituenetako bat izan da, ia egunero mobilizazio, ekitaldi, ekimen eta ekintzak egon baitira. “Presidio dei mulini”-ren okupazioak eta horren inguruan egin diren ekintzek, AHTaren aurkako borrokan belaunaldi berriak erakarri dituela esan daiteke. Horretaz gain, mugimenduko pertsona errespetatu eta ezagunak diren Emilio Scalzo eta Nicoletta Dosioren, 73 urteko mugimenduko militante historikoa, etxeko espetxeratzeen aurkako erantzunak mobilizazioen pizgarri izan dira.

Borroka inoiz baino biziago dago, eta Euskal Herriko AHTren aurkako mugimendutik begirunez eta mirespenez begiratzen diogu. Datorren urtean itzultzeko aukera izatea espero dugu, atzean hain boteretsuak diren enpresa eta interesak dituen proiektua gelditzea lortzen ari den borroka eredugarri batetik ikasten jarraitzeko.

* Iñigo Leza AHTrik ez Lautada taldeko kidea da


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Julio Villanueva (AHT Gelditu)
"Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da"

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta... [+]


Eguneraketa berriak daude