Uztailean turismoak gora egin du hirietan, ez ordea landa eremuan

  • Euskal Autonomia Erkidegoko hoteletan %1,7 igo da okupazioa aurreko urteko uztailarekin alderatuz, eta %4,9 gau gehiago igaro dituzte bisitariek. Hala ere, landa eremuan nabarmen egin du behera turismoak, %5 jaitsi baita landetxeen okupazioa.

Donostiako Fermin Kalbeton kalea jendez lepo. Argazkia: Wikipedia.

2019ko abuztuaren 23an - 10:35

EAEn turismoak nabarmen egin du gora aurtengo uztailean joan den urtearekin alderatuz. Turistek guztira 692.414 gau igaro dituzte uztailean Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, joan den urtean baino %4,9 gehiago. Bisitarien aldetik, 328.082 pertsonak bisitatu dituzte Euskal Herriko hiru probintzia hauek, joan den urteko uztailean baino %1,7 gehiagok.

Datu guztiek, baina, ez dute igoera adierazi; izan ere, landa eremuko turismoak nabarmen egin du behera. EAEko landetxeetan %6,6 gau gutxiago igaro dituzte turistek uztailean, eta %5 bisitari gutxiago izan dira. 21.471 turistak 64.462 gau pasa dituzte Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako landetxeetan. Gipuzkoa eta Bizkaiko landa-turismoak egin du batez ere behera, Arabako datuek igoera adierazten baitute.

Eredu baten hegemonizazioa

Turismoak orokorrean gora egiteak eta landa eremukoak, berriz, behera egiteak, turismo eredu baten hegemonizazioa erakusten du. Geroz eta gehiago turismo urbanoa bultzatzen da, eta honek eragin handia du gure hirietan. Bisitarien kopurua handitzeak espazio gehiagoren beharra dakar, eta lehen auzo turistikoen inguruan zeudenak bisitariak artatzera hasten dira bideratzen. Hala, auzo horietako prezioak igo eta bertako biztanle prekarioenek bertatik alde egin behar izaten dute, periferiako auzoetara edo inguruko herrietara.

Bilbon eta Donostian argi ikusten da fenomeno hau. Bilbon Alde Zaharraren inguruko auzoak, lehen marginalak eta “bertakoenak” zirenak turismora hasten dira bideratzen, San Frantzisko auzoa adibidez. Donostian ere argi ikusi da; izan ere, lehen turismora bideratuta zeuden auzoak Erdigunea eta Alde Zaharra ziren, eta auzo horietan ere bizitzea posible zen. Gaur egun, Gros eta Egia inguruko auzoak guztiz eraldatzen ari dira, bai bizimodua eta komertzioak, geroz eta handiagoak diren turista taldeak artatzeko. Alde Zaharrean jada prezioak igo dira eta bizirautea geroz eta zailagoa izaten ari da.

Nafarroan ere gora

Aurtengo uztailean 214.313 gau igaro dituzte Nafarroan 111.676 bisitarik. Aurreko urtean baino %5,3 gau gehiago igaro dituzte, beraz, %4 bisitari gehiago horiek. Baina Hego Euskal Herrian turismoak nabarmenen gora egin duen probintzia Gipuzkoa da, %8 gau gehiago igaro baitituzte aurtengo uztailean, eta %6,3 turista gehiago izan dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismoa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


2024-03-01 | Uriola.eus
Hotel bihurtuko da Bilboko Olabarri Jauregia

Bericato enpresak erosi du duela 70 urte baino gehiagoz Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza izan den eraikina.


Alde Zahar auzo ekimena
"Iruñeko apartamentu turistikoen erdia Alde Zaharrean daude"

Iruñeko Alde Zaharreko Alde Zahar ekimenak turismo masiboaren aurkako eta auzoaren defentsarako kanpaina abiatu du ostegun honetan.


Bizilagunek etxebizitza turistikoak debekatzea baimendu du gorenak, berriz ere

Bizilagunek legez kanpo utzi dute Donostiako Zubieta kaleko etxebizitza turistiko bat, euren estatutuetan erabilera hori debekatuta zegoelako aurretik.


Eguneraketa berriak daude