Utzikeria politikoaren aurrean, elkartasuna

  • Otsailaren 27 honetan, elkartasun mugimendutik saharar herriarekin bat egiten dugu Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 43. urteurrenean. Gaur bezalako egun batean sahararrek duten gizartearen babesak hartuko duen ikusgarritasuna ospatzen dugu, Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetara bidaiatuko duen elkartasun-karabanak erakusten duen moduan, maitasun eta senidetasunez betea.

Argazkia: Javi Julio

2019ko otsailaren 27an - 09:20

Gizarte zibilak giza eskubideekiko babesa argi adierazten duen bitartean, elite politikoek beste interes batzuk gailentzen dituzte nazioarteko legeriaren gainetik. Europar Parlamentuak otsailaren 12an onartu zuen Marokorekin sinatutako Arrantza Akordioa saharar uretara zabaltzea, aldeko 415 bozkekin, kontrako 189rekin eta 49 abstentzioekin. Europar Batasuneko Auzitegiaren ebazpen desberdinen aurka doan erabakia da hori. Auzitegiak Marokok Mendebaldeko Saharako uren inguruko erabakirik hartzeko ahalmena ez duela ebatzi du, deskolonizatu gabeko lurralde bat delako sahararra.

Interes ekonomikoei erantzuten dion erabaki bat delaren irudia eman ahal badu ere, logika politiko baten barnean kokatzen da, zeinetan saharar herria da kaltetu nagusia. Marokorekin sinatutako Arrantza Akordioak saharar urak barne hartzearekin, Europar Batasunak estatu alauiaren subiranotasuna aitortzen du Mendebaldeko Sahararen gainean, okupatutako lurraldearen baliabide naturalak kudeatzeko ahalmena aitortzen baitio. Nazioarteko zuzenbidearen arabera saharar herriaren ordezkarien esku dagoen zerbait, Fronte Polisarioaren esku, hain zuzen, eta ez potentzia okupatzailearenean.

Europar itsasontziak saharar uretan lan egiteko baimenaren truke, Marokok 52 milioi euro jasoko ditu urtero ordain gisa, beste baliabide naturalen (fosfatoak, ura eta harea) espoliazioaren bitartez lortutako etekinak kontuan hartu gabe. Kantitate hori oso desberdina da Europak 2018an saharar errefuxiatuen kanpamentuetara Europako Batzordeko Laguntza Humanitario eta Babes Zibileko sailaren bitartez bideratutako laguntzekin konparatuta: 9 milioi euro.

Akordioa ontzat emanez, Europar Batasunak hegoaldeko mugaren kontrolerako aliatu garrantzitsu bat izatea ziurtatu du marokoar okupazioaren alde egitearen truke. Estatu espainolak pisu nabarmena du babes horretan, bai muga horren parte izanagatik, bai oraindik saharar herriarekiko ardurak izateagatik.

Espainiak, Mendebaldeko Saharako potentzia kolonizatzaileak, legez kanpoko Hirutariko Akordioen bidez Maroko eta Mauritaniari emandako lurralde sahararraren deskolonizazio prozesu amaitu gabea burutu behar du oraindik. Nazioarteko zuzenbideak biztanleriaren onuraz eta, ondorioz, bere baliabide naturaletaz arduratzera behartzen du, herri sahararrak autodeterminazio eskubidea gauzatu harte.

Aldiz, estatu espainolak okupatzailearekin duen erlazioa zaintzen du, Europar Parlamentuak Arrantza Akordioa zabaltzea erabakitzen duen egunean Felipe VI erregearen bisita batekin. Horrela, Espainiak eta Europar Batasunak bizkarra ematen diote beste behin ere duela 43 urtez giza eskubideen urraketa desberdinak jasaten dituen herriari, denak erabakitzeko eskubidearen ukapenaren ondorio.

Baina zuzendari politikoen utzikeriaren aurrean, otsailaren 27 honetan gizarteak eta elkartasun mugimenduak argi erakusten dute herri sahararra ez dagoela bakarrik autodeterminazioaren eta duela 40 urte kanporatua izan zen lurraldeetara itzultzearen aldeko zilegizko borrokan. Ospa dezagun, hortaz, beste behin ere gizarte zibilak politikariek baino duintasun gehiago erakusteak, sahararren eskubideen alde eginez eta, komunikabideen isiltasuna bada ere, Mendebaldeko Sahara ez ahaztuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude