Oporrak Bakean programa aurkeztu dute, saharar herriaren okupaziotik 50 urte bete direnean

  • Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan bertan aurkeztu dute aurtengo Oporrak Bakean programa. Udan haur saharar bat etxean hartzeko deia egin diete Euskal Herriko familiei, “basamortuko udako baldintza gogorretatik” aldenduko dituen “arnasgunea” eskaintzea helburu.

Oporrak Bakean

2025eko abenduaren 9an - 10:49
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“50 urtez gure ateak zabalik” lelopean abiatu dute kanpaina: urtarrilaren 15era arte aukera dago 10-12 urte arteko saharar haur errefuxiatu bat harreran hartzeko, udako hilabeteetan zehar. Webgunean bertan eman daiteke izena. Tindufetik egin dute kanpainaren aurkezpena, “euren bizilekutik; lekua baino deslekua den honetatik”.

Sahararrek 50 urte luze hauetan “bizitzen ari direna ez ahazteko” ere eskatu dute Oporrak Bakean programaren antolatzaileek. Mendebaldeko Sahara eta saharar herriaren egoeraz sentsibilizatzea eta euskal nahiz saharar herrien arteko harremana sustatzea ere badelako ekimenaren xede.

Udan 50 gradu baino gehiagoko tenperaturak eta ekaitzak jasaten dituzte basamortuan, eta handik Euskal Herrira etortzea arnasgunea da haurrentzat. Horrez gain, haien osasuna hobetzeko modua ere bada, elikadura orekatu bati esker; oinarrizko osasun azterketak egin eta kanpamentuetan antzeman edo tratatu ezin daitezkeen gaitzak artatzeko aukera da; kultura, hizkuntza eta errealitate berri bat ezagutzeko abagunea. Hala diote programatik.

50 urteko okupazioa

1975. urtean, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuen, Espainiako Estatuaren oniritziarekin. Horren ondorioz, okupaziopean bizi dira sahararrak, edo kondenatuta daude “munduko deserturik lehorrenaren erdian dauden Tindufeko saharar errefuxiatu kanpamentuetan bizirautera”. 200.000 lagun inguru bizi dira Aljeriako lur horietan.

Oporrak Bakean ekimenetik gogorazi dutenez, basamortuak ez dauka errefuxiatu guztientzako elikagaiak emateko gaitasunik, kalitate oneko ura bermatzea ere arazoa da eta kanpamentuetan osasun sistema zabala dagoen arren, pertsonala eta baliabideak falta dira. “Sahararren artean ematen diren osasun arazo nagusiak jasotzen duten elikadura, uraren kalitatea eta basamortuaren baldintza gogorretatik eratorriak dira”.

Denboraldi batez besterik ez bada, horretatik guztitik ihes egiteko modua da udako harrera kanpaina.

Tindufetik egin dute aurtengo kanpainaren aurkezpena. Oporrak Bakean

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
Eguneraketa berriak daude