Presoen etxeratzea "egia bihurtu dadin" urtarrilaren 7an Bilbon mobilizatzera deitu dute Sarek eta Etxeratek

  • Urruntze politika amaitzear dela sinetsita daude Sare Herritarra plataforma eta Etxerat elkartea. Ildo horretatik bideratu dute urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioaren leloa, Etxera bidean gertu, baita asteartean aurkeztu duten ikur berria ere. Lanean jarraitzea beharrezkoa dela gogorarazi dute, salbuespen politikak indarrean jarraitzen duelako: besteak beste, legez dagozkien gradu aldaketa eta espetxe baimenak ukatzean.

Ikur berria aurkeztu dute Sarek eta Etxerat-ek, larunbateko manifestazioaren atarian.

2023ko urtarrilaren 03an - 17:27

Pandemiagatik bi urteko etenaren ondoren, aurten manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek. Presoen eskubideen alde egiteko manifestaziora deitu dute, Etxera bidean gertu lelopean.

Urruntze politika indarrean jarri zenetik 34 urte igaro direla gogorarazi dute asteartean Sarek eta Etxerat elkarteak, eta denbora horretan eragin duen “sufrimendu psikologiko, emozional, ekonomiko eta fisikoa” gaitzetsi dute. Itzulbiderik gabeko ondorioak nabarmendu dituzte: “Nola ahaztu etenik gabeko joan-etorri horietan errepidean hil diren hamasei pertsonak?”.

Donostian bildu dira, bi eragileek deituta, hainbat sindikalista, abokatu, kazetari, kulturgile eta kirolari. Xabier Eguzkitze bertsolariak –euskaraz– eta Iholdi Beristain aktoreak –gazteleraz– irakurri dute adierazpena.

Urruntze politika amaitzear

Urruntzea amaitzeko egindako lana goraipatu dute, eta preso gehienak dagoeneko Euskal Herrian daudela nabarmendu. 2023 hasieran denak Euskal Herriratzea espero dute bi eragileek.

Dagoeneko sei presori galarazi diete hirugarren gradua, Eusko Jaurlaritzak baimena eman arren

Hala ere, oraindik “bide luzea” egiteko dagoela oroitarazi dute, salbuespen-politikak indarrean jarraitzen duelako. Nabarmendu dute Espainiako justizia ukatzen ari zaizkiela presoei legez dagozkien eskubideak, hala nola gradu aldaketak eta espetxe baimenak. Dagoeneko sei preso dira espetxera itzuli behar izan dutenak hirugarren gradua lortu eta gero, Auzitegi Nazionalaren ekimenez.

Egungo egoerari, ikur berria

Etxera bidea gertu aldarrikapenarekin koherentzian, ikur berria ere aurkeztu dute Donostian. Oraingo honetan ez du Euskal Herriko maparik, “ez duelako behar”, eta Euskal presoak Euskal Herrira beharrean, etxera izango da leloa aurrerantzean.

Geziak mantendu dituzte, bidea egiten jarraitu behar denaren adierazle gisa. Horretarako hurrengo pausoa, adierazi dute, Bilboko larunbateko manifestazioan parte hartzea dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare plataforma
2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Konponbideari ateak irekitzeko giltzak

Eragile sozial, politiko, sindikal eta norbanako ugarik bat egin dute Sare Herritarrarekin, euskal preso politikoek jasaten duten eskubide urraketari amaiera emateko. Urtarrilaren 13an Bilboko kaleak hartzera deitu dute.


Eguneraketa berriak daude