"Hedabideek alde batera utzi dute indarkeriarik gabe gudaren aurka egiten ari garen erresistentzia"

  • Yurii Sheliazhenko Ukrainako Mugimendu Bakezaleko idazkari nagusia eta Kontzientzia Eragozpenerako Europako Bulegoko batzordekide da. Kieven dago, eta Errusia Ukrainako hiriburua hartzeko saiakera betean den bitartean egina da elkarrizketa hau. Kultura gerrazalea indartsu sumatzen den garaiotan, egoeraz egiten duen irakurketa bakezaleak apenas duen lekurik hedabideetan. Oso kritiko da Zelenski presidentearekin, baita Putinetin, NATOrekin eta AEBekin ere, militarismoan sakondu besterik ez baitute egiten, bere hitzetan.

Ukrainar bat Errusiako tanke baten aurrean, hau gelditu nahian.

2022ko martxoaren 04an - 08:15

Nola heldu gara hona?

Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko militarizazioa urrunegi joan da. Arrazoiak ugari dira: operazio militar arduragabeak, NATOren hedatzea, Errusiaren inbasioa Ukrainan, Ukrainaren militarizazioa, nazioarteko erakundeetan Errusia baztertzea, diplomatiko errusiarrak kanporatzea... Diplomaziatik gudara bultzatu dute Putin. Gizatasunaren azken loturak amorruz suntsitu beharrean, inoiz baino garrantzizkoago zaigu Lurreko pertsona guztien arteko komunikazio eta lankidetzarako guneak gordetzea eta indartzea. Norabide horretan norbanako bakoitzak egiten duen ahalegina baliotsua da.

"Militarizazio burugabeak gudara eramango gintuela ohartarazten urteak generamatzan, arrazoi genuen"

Zer iritzi duzu krisiari eman erantzunaz?

Pena da ikustea Ukrainari Mendebaldetik ematen zaion babesa batez ere militarra dela, edo Errusiari jarritako zigor ekonomiko mingarriak direla. Gatazka honi buruzko jarraipena soilik gudan zentratzen ari da, alde batera utziz indarkeriarik gabe gudaren aurka egiten ari den erresistentzia. Ukrainar zibil ausartak kaleko seinaleak aldatzen ari dira, edo kaleak eta tankeak blokatzen beren aurrean armarik gabe jarriz. Txinan hain ezagun egin zen tankearen gizona bezala, gerra geldiarazteko.

Adibidez, mobilizazio bakezaleak antolatzen ari dira Berdiansk hirian eta Kulykivka herrian. Mugimendu bakezaletik urteak generamatzan ohartarazten militarizazio burugabeak gudara eramango gintuela, eta arrazoi genuen. Azken aldian jende asko prestatu dugu gatazkak modu baketsuan konpontzeko edo erasoen aurreko indarkeriarik gabeko erresistentziarako. Irtenbide baketsu baterako itxaropena ematen du horrek, beti dago ortzi-mugan.

Zein da egoera Ukrainan?

Jende gehiena, munduko leku gehienetan, bakean bizi den bitartean, Ukrainako hiriburua, Kiev hiri ederra eta beste hiri batzuk errusiar bonbardaketen jomuga dira [elkarrizketak martxoaren 1eko data darama]. Elkarrizketa hau hasi baino lehen leherketa hots urrunak entzun ditut berriro. Sirena hotsak entzuten ditugu askotan, hainbat egun daramatzate horrela. Ehunka dira errusiarren erasoagatik hildako herritarrak, haurrak barne. Milaka zauritu daude. Ehunka mila pertsonak egin dute alde eta atzerrian aterpe bila ari dira. Horri gehitu azken zortzi urte hauetan milioika pertsonak aldatu behar izan dutela beren bizilekua Errusian eta Europan barrena Ukrainako Gobernuaren eta Errusiaren babesa duten Donbaseko separatisten arteko gerragatik.

Gizonezkoak gudarako deitu zaituztete.

18 eta 60 urte arteko gizonezko guztien mugitzeko askatasuna mugatu dute, atzerrira joatea debekatu digute eta gerra ahaleginean parte hartzera deitu. Ez dute salbuespenik egin, ez zerbitzu militarrari kontzientzia eragozleekin edo gerratik ihesi doazenekin. War Resisters' International (Guda Erresistenten Internazionala) erakundeak gogor kritikatu du Ukrainako Gobernuaren neurria eta atzera egiteko exijitu.

Errusian gudaren aurkako manifestazioetan 3.000 lagun baino gehiago atxilotu dituztela salatu dute.

“Ekialdeko agintari autoritarioak bezain arriskutsuak dira Mendebaldean gudarekin negozioa egiten dutenak”

Miresten ditut errusiar guzti horiek. Putinen gerra-makinaren aurka indarkeriarik gabe mobilizatzen ari dira herritarrak, atxilotze eta zigor arriskupean. Gure lagunek, Errusiako Kontzientzia Eragozleen mugimendukoek, Kontzientzia Eragozleen Europako Bulegoko kideak direnek, Errusiaren eraso militarra gaitzetsi dute. Errusiari gerra gelditzeko eta errekluta guztiei zerbitzu militarrari uko egiteko dei egiten ari dira.

Horrez gain, Mundu osoan egiten ari dira manifestazioak Ukrainan bakearen alde. Berlinen milioi erdi pertsona bildu dira gerraren aurka. Ekintza solidarioak egiten ari dira Italian eta Frantzian. Gensuikyo kontseiluko gure lagunek –Bonba Atomikoaren eta Hidrogenozkoaren aurkako Japoniako Kontseilua– Putinen mehatxu nuklearrei elkarretaratzeekin erantzun diete Hiroshiman eta Nagasakin. Animatzen zaitut WorldBeyondWar.org webgunean bilatzera nazioarteko eta AEBetako gerraren aurkako azken ekimenak. Adibidez, martxoaren 6an Ukrainako gerra geldiarazteko ekintza globala egingo dute, CodePink eta beste talde bakezale batzuek antolatuta, "Errusiar tropak kanpora. NATOren hedapenik ez” lelopean.

Yurii Sheliazhenko.

Negoziazioak hasi dituzte bi aldeek...

Pena da hasieratik su-etena negoziatu ez izana eta zibilak ebakuatzeko korridore humanitario seguruak ere adostu ez izana [Itzultzailearen oharra: martxoaren 3ko negoziazioetan bai, hor korridoreak onartu dituzte]. Ukrainaren eta Errusiaren arteko negoziazioek ez zuten su-etena lortu. Putinek behar du Ukrainaren estatus neutrala, desnazifikazioa, herrialdearen desmilitarizazioa eta Krimea Errusiarena dela onartzea, nazioarteko zuzenbidearen aurka doan zerbait. Macroni esan zion. Beraz, Putinen eskakizun horiei uko egiten diegu. Ukrainako ordezkaritza soilik su-etenaz eta errusiar tropak Ukrainatik ateratzeaz zegoen prest hitz egiteko, zeren, noski, Ukrainari bere lurralde batasuna axola zaio. Bitartean, Ukrainak jarraitu du Donetsk bonbardatzen eta Errusiak Kharkiv eta beste hiri batzuk. Funtsean, bi aldeak beligeranteak dira eta ez daude egoera baretzeko prest. Bake-elkarrizketetan serio eta fede onez engaiatu behar lirateke Putin eta Zelenski, politikari eta ordezkari arduratsu gisa, interes publiko komunean oinarrituta.

Zelenski presidentea aipatu duzu. Mendebaldeko hedabide askotan heroi gisa aurkeztua da.

Erabat makurtu da gudaren makineriara. Soluzio militarra bilatzen du eta huts egiten du Putini zuzenean ez dei eginez guda geratzeko eskatuz. Ameskeria faltsuak dira indarkeria sistemikoa eta guda, arazo sozial guztien konponbide miragarri gisa planteatuta.

Industria militarrak botere handia du...

Aliantza militarren helburua demokrazia baino despotismoa sustatzea da. NATOko kideek Ukrainiaren burujabetza babesteko gobernuari laguntza militarra ematen diotenean, edo Errusiak Donetsk eta Luhanskeko auto-aldarrikatutako errepubliketara tropak bidaltzean, gogoan izan behar genuke odoljarioa sustatzen ari direla. Ekialdeko agintari autoritarioak bezain arriskutsua da demokraziarentzat Mendebaldean gudarekin negozioa egiten duen jendea. NATOk Ukrainaren inguruko gatazkatik atzera egin behar luke, gerragatik eta Ukrainako Gobernuko kide izateko asmoengatik dago hor. Eta ideala zer litzateke? NATO desegitea edo aliantza militarra izan beharrean, armagabetzearen aliantza izatea.

"Zoritxarrez, Europar Batasunak eta Ukrainak arazoa dute militarizaziarekin"

Zelenskik bideo bidez zuzendu zaio Europako Parlamentuari. Txalo zaparrada eskaini zioten eta ondoren, Europako Parlamentuak onartu zuen Ukrainak Europar Batasunean sartzeko eskaera. Zer pentsatzen duzu?

Mendebaldeko demokrazien aliantzarekin gaudelako, nire herriaz harro sentitzen naiz. Baina, zoritxarrez, Europar Batasunak eta Ukrainak arazoa dute militarizaziarekin. Eta Orwell-en 1984 eleberriko Bake Ministerio distopikoa dirudi, Europako bakegintzak Ukrainari laguntza militarra ematen baitio, baina ia ez dago egungo krisiari eta desmilitarizazioari indarkeriarik gabe irtenbidea emateko laguntzarik. Ukraina herrialde demokratikoa da eta itzela da Ukrainaren sarrera eskaera onartzea Europar Batasunak, baina uste dut Mendebaldearen kontsolidatze horrek ez lukeela izan behar etsai deitzen dioten baten aurka planteatua, Ekialdearen aurka. Ekialdeak eta Mendebaldeak adiskidetze baketsua bilatu behar lukete eta gobernantza globala, armadarik eta mugarik gabe munduko pertsona guztien batasuna. Mendebaldearen sendotze honek ez luke Ekialdearen aurkako gerrarik ekarri behar. Eta, noski, desesperatuki behar dugun zerbait da Arma Nuklearrak Debekatzeko Ituna.

Horretan ez du lagundu Ukrainak debekatu izana herritar ugariri bizitza publikoan parte hartzea errusieraz hitz eginez gero. Ez da Putinek dioen bezala inbasio baterako eta eraso militar baterako kausa justua, noski, baina ez da zuzena. Eta noski, Mendebaldeak zenbaitetan esan behar lioke Ukrainari giza eskubideak errespetatzea balore garrantzitsua dela, eta adierazpen askatasunak, hizkuntza eskubideak bezala, garrantzia duela, eta gauza garrantzitsua dela Errusiaren aldeko jendearen ordezkaritza bizitza politikoan, errusiera hiztunak direnak. Ukrainan beren diasporaren kultura nola zapaltzen duten ikusteak Kremlina sutu du. Eta krisi hau deseskalatu egin behar da, ez eskalatu gehiago. Ukraina Europako nazio gisa onartu duten egun handi hau ez litzateke izan behar Europa eta Errusiaren arteko oposizio militarrerako beste aurrekari bat.

Ukrainak hegaldirik gabeko gune bat eskatu du herrialdeko zenbait gunetan. Hori, jakina, Europar Batasuneko eta AEBetako armadek bete beharko lukete. Zer sentitzen duzu honi buruz?

Eskaladan beste pauso bat da. Mendebalde osoa, alderdi militarrean batuta, Errusiaren aurka. Eta Putinek jada erantzun dio horri mehatxu nuklearrekin, suminduta dagoelako, jakina, beldurtuta dagoelako. Gu ere bai gaur egun Kieven. Lasaitasuna mantendu behar genuke eta arrazionalki pentsatu. Gatazkaren soluzio baketsu baten alde lan egin behar genuke, Putinen eta Zelenskiren arteko negoziazioak, Bidenen eta Putinen artekoak... Bake elkarrizketak etorkizunerako giltza dira, jendeak gudak hasten baititu etorkizunaz itxaropena galtzean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude