1975. urtea

Hiltamuaren kronika

  • 40 urteko diktaduraren ondoren Francok azken hatsa eman zuen 1975ean. Urte sinbolikoa izan zen inondik ere, frankismoaren aparatuen (polizia, oligarkia, justizia...) eta jendartearen arteko hortik aurrerako pultsuak zedarritu zituelako 1978an ernalduko zen erregimen konstituzionalaren moldeak. Gero eta gehiago dira pentsatzen dutenak “Trantsizio” deituriko aldi horretan sortu zen sistema politikoak muga itzelak dituela, ezin dela estatu bat eraiki beldurra, amnesia eta inposiziotik. Beste 40 urte igaro diren honetan, zer hobe atzera begiratua egitea baino.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2015eko urtarrilaren 25a
Fusilatzeak eragozteko protestak Donostiako Zinemaldiaren atarira ere iritsi ziren.
Fusilatzeak eragozteko protestak Donostiako Zinemaldiaren atarira ere iritsi ziren.Argia artxiboa

Carrero Blancoren hilketak aldatu zuen dena. Egiaz, aldaketa lehenagotik zetorren, baina 1973ko abenduaren 20an Madrilgo Claudio Coello kalean almirantearen autoa airean atera zenean, denek sumatu zuten Francorik gabeko frankismoarenak egin zuela. ETAko V. asanbladaren Txikia komandoak aldarrikatu zuen magnizidioa, baina inork ez zion sinestu, ez poliziak, ezta oposizioko buruek ere. Harik eta prentsaurreko batean etakideek ekintza hartako xehetasun guztiak azaleratu zituzten arte. “Gure autoaren parera iritsi zenean Txabiri esan nion: ‘Orain’. Ez nuen autoa ikusi baina lurra gorantz zetorrela bai”. Halaxe kontatu zion ustez Jon pseudonimoaren atzean zegoen Jesus Zugarramurdik Eva Foresti Operación ogro liburuan. Konspirazioaren teoriak gaur egunera arte luzatu du bere esku beltza, baina gauza pare bat seguruak dira: asko izan ziren hilketa hartaz poztu ziren antifrankistak, eta estrategikoki kritikatu zutenak ere ez ziren gutxi izan. Negar egin zuena aldiz, diktadurako aparatu gotorrenean zegoen burgesia izan zen, umezurtz ikusi baitzuen bere burua.

Trantsizioa eredugarritzat dutenei, Suárezen eta Juan Carlos Borboikoaren orduko jarduna laudatzen dutenei, askotan ahaztu egiten zaie –edo ez zaie komeni gogoratzea– Carreroren heriotza izan zela aldaketa ahalbidetu zuen faktore garrantzitsuenetako bat, eta hori atentatu baten ondorioz izan zela.

Dena den, garai hura ikertu izan duten historialari eta iritzi emaileen artean gero eta zabalduago dago beste ideia bat: erregimen aldaketa ez zen gertaera konkretuen edota protagonista gutxi batzuen kontua izan, ez zen ustezko erreformisten “borondate onari” esker gertatu, ezta Franco hil zelako ere. Diktadurarekin langile mugimenduak eta jendartearen mobilizazioek akabatu zuten: “Ohiko historia gehienek diotenaren kontrara –dio Xavier Domènech historialari katalanak–, Trantsizioak itxura hori hartu zuen mobilizazioei esker: erregimenaren jarraipenerako proiektua eragotzi eta aldaketa politikorako agenda baldintzatu zutelako. Aldaketa hasi zen Erregeak edo alkondara urdindun Suárez izeneko gazteak, oraindik pentsatzen ez zutenean sikiera demokraziaren antzeko zerbait etorriko zenik ere”.

Frankismoan zehar makina bat greba egin ziren, normalean lan gatazkak tarteko –1966an Etxeberriko Laminación de Bandasekoek egindakoa iltzatuta geratu da askoren iruditegian–, eta 70eko hamarkadatik aurrera, Burgoseko prozesuak krisi politikoa areagotu egin zuen. Baina seguruenik, inflexio puntua 1974ko abenduaren 11ko mobilizazioek ekarri zuten.  Egun horretan Hego Euskal Herrian sekulako greba orokorra egin zen, Nafarroa epizentro zela: 223.000 lagunek gelditu zituzten makinak. Giro politiko nahasiari gehitu zitzaizkion lantegi askotan nagusiekin zituzten desadostasunak, Gobernuak inposaturiko soldaten muga lotsagarria behin behinean kendu ondoren.

1973ko petrolioaren krisiak prezioen gorakada ekarri zuen eta langileek ikusi zituzten euren soldata kaskarrak are gehiago hondoratzen. 1974ko “udazken bero” hartan Nafarroan lan hitzarmenaren aldeko mobilizazioak hasi ziren, aurreko hilabeteetan Laminaciones de Lesaca, Potasas de Navarra, Authi eta beste zenbait tokitan izandako lan gatazkek hauspotuta. Hala, abenduaren 11n greba antolatu zuten ordurako langile batzordeetan nagusi ziren ORT, MCE eta LCR-ETA(VI) erakundeek. Eguna hurbildu ahala paroak eta protestak fabrika ugaritara zabaldu ziren, baita, jakina, poliziaren errepresioa ere.

Trantsizio aldiko ohiko irudia: langileen asanblada Lasarteko Michelingo fabrika kanpoaldean (ARGIA artxiboa)

Nafarroako enpresariak ez ziren isilik geratu. Abenduaren 9an mehatxu egin zuten Diario de Navarra bozgorailutik: langileen aldarrikapenak politikoak ziren, eta paroan zeudenak hurrengo egunean lanera joan ezean, euren eskaintza erretiratu egingo zuten. Noski, ez zuten eskatu sindikatuak ilegalizatzeko, jada ilegalak zirelako, baina berrikitan EAEko patronalak txosten batean erabilitako argudio bera zerabilten duela 40 urte ere: langileek lan kontuez baizik ezin dute protestatu. Horrek asko esaten du Trantsizio deitzen dioten horretaz.

Carreroren hilketaren ondoren Arias Navarrok hartu zuen agintea eta aldarte berri baten promesa egin zuen. Berehala jan zuen hitza eta egurra banatu zuen bere aurrekoak bezala. Puig i Antich-i garrotea eman ziotenean ikusi zen oraindik erraietaraino zuela sartuta frankismoak 36ko jazarpenaren pozoia. Sasoi hartan inoiz baino preso politiko gehiago zegoen Espainiako kartzeletan sakabanatuta –245 inguru 1974ko abenduan–. Azaroan gose greba bati ekin zioten presoek eta kalean haiekin elkartasunez mobilizazioak ugaritu egin ziren: abenduaren 2an eta 3an greba orokorrak egin ziren; Gipuzkoan sumatu ziren batez ere.

Giro gori horretan egin zen abenduaren 11ko greba orokorra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 200.000 lagunek hartu zuten parte eta Nafarroan 23.000 inguruk. Iruñerrian 70 enpresek erabat gelditu zuten produkzioa eta unibertsitatean ere eragin itzela izan zuen. Poliziak berak arrakasta hura onartu zuen, soilik Gipuzkoan 76.000 grebalari zenbatu baitzituen. Kaleratze masiboak eta isunak izango dira patronalaren erantzuna. Urtea igarota, 16 enpresatan oraindik ez ziren lanera itzuli.

Aspaldian Euskal Herrian egindako greba orokor arrakastatsuena izan zen 1974ko abenduaren 11ko hura. Jatorria laborala izanik ere, testuinguru orokor politikoak izan zuen zerikusirik indar erakustaldi hartan. Kualitatiboki ere berritasunik bazegoen: batetik, lehen aldiz neurtu ahal izan zen Espainiako alderdi komunistatik ezkerretara zeuden sektore minoritarioen bultzada handia; bestetik, Hego Euskal Herriko lau probintzietan egonezin sozio-politiko bera konpartitzen zela gero eta nabarmenagoa zen; eta amaitzeko, greba orokorra ez zen gertaera konkretu baten erreakzioa izan, jendartea erasora igarota zegoen jadanik.

Izan ere, Carrero Blancoren hilketarekin etxola berandu baino lehen eroriko zela bistakoa zen, eta hura desegiteko bultza eta tira aritu ziren antifrankistak momentu hartatik aurrera.

Itxialdia Potasas de Navarran

Azkeneko greba orokorraren protestaldien oihartzuna oraindik ozen entzuten zen 1975eko urtarrilaren 7an. Egun horretan, Potasas de Navarrako enpresako nagusiek beste 2 hilabetez zigortu zituzten ehunka langile, soldatarik eta enplegurik gabe. Patronalaren jarrera intrantsigenteena erakutsi zuen enpresako zuzendaritzak langileekin. Ez zen harritzekoa, Gobernua bera baitzegoen atzean. Potasas Nafarroako enpresa handiena zen, ia 2.000 langile aritzen ziren bertan eta Estatua zen jabe, Instituto Nacional de Industriaren bidez.

Zigorra jaso bezain laster langile ugarik Undianoko mehatzeetara jo zuten zuzenean eta bi aldiz pentsatu gabe barrura sartu ziren, Euskal Herrian izan den itxialdi sonatuenetako bati hasiera emanez.

ORT (Organización Revolucionaria de Trabajadores) alderdi maoistak egutegi moduko bat argitaratu zuen, itxialdiak iraun zuen 15 egunetan mehatze barruan bizitakoa langile batzordeetako kide baten ahotan jarriaz: “Sartu ditugu gurdietan ahal dugun janari guztia eta eskura ditugun lanparak; eta Guardia Zibila berriz pasatu denerako 47 meatzari boluntariook ibilbideari ekin diogu arranpan behera. Horrela hasi da gure itxialdia, kementsu. Sentsazioa daukagu sekulako garrantzia izango duela, ez gaude prest hain erraz amore emateko, patronalak nahiko lukeen bezala”.

Mehatze barrunbeetan langileek jasandako presioa izugarria izan zen, argi mozketak, guardia zibilen oihuak, gosea, hotza, sukarra... eta batez ere, kanpoan gertatzen ari zenaren berririk ez izatea: “Estutzen gaitu pentsatzeak agian kanpoan errutinara itzuli direla, hainbeste fabrika daude greban! Eta gurea beste bat baino ez da...”. Kanpoan baina, kristorena ari zen sortzen. Hilaren 15ean Nafarroa osoa gelditu zuen greba orokorra egin zen itxitako langileen elkartasunez. Iruñean protestaldiak izan ziren eta herritar ugari saiatu ziren mehatze-putzua zegoen tokira iristen. Ramon Agesta ELAko militante historikoak gordetzen zituen paperetan, sindikatuaren agiri bat dago gertaera haien berri emanez: “Zizurren bildu ginen atzo, urtarrilaren 14an, 8.000 langile, eta handik Undianoko mehatze aldera abiatu ginen. (...) Gure kontra eraso dute, metraileta-andana batzuk bota, negar-bonbak leherrarazi eta gomazko balak jaurti”.

Meatzariak hilaren 21ean atera ziren zulotik euren borondatez. Kaleratuak izan ziren, eta epaituak. Baina epaiketa hartan hausturazko defentsa egin zuten abokatuek, Potasas enpresa izan zen auzitan jarri zutena, eta hein batean Estatua bera ere. Jose Luis Diaz Monreal gazterik hasi zen Potasasen lanean eta urte haietan jazotakoa ikertu du. UEUrentzako egindako elkarrizketa batean kontatu du berak bizitakoa: “1974tik aurrera sekulako lan-gatazka sortzen da Nafarroan, baina azken helburua zen erregimena bota eta askatasun demokratikoak lortzea. Meatzarien itxialdiak iraun zuen bitartean gutxienez 15.000 langile izaten ziren egunero kalean, mundu mailako egunkarietan azaldu ginen eta ministroen kontseiluetan Nafarroako kasuaz hitz egiten zuten denbora osoan. Elkartasun zedarria izan zen. (...) Gogoratzen dut 1968ko greba batean CCOOren panfleto batzuk azaldu zirela lehen aldiz ‘elkartasunera’ deituz; Potasasen ordubeteko paroa egin genuen. Hortik aurrera elkartasuna izugarri zabaldu zen: 1970ean Granadako eraikuntzako greban hildakoekiko, 1972ko Ferrolgoekiko eta baita 1976an Gasteizko gertaerak izan zirenean ere”. Datu batek laburbiltzen du Diazek arestian azaldutakoa: 1971n elkartasunezko 5 greba baino ez ziren izan Nafarroan, 1975ean berriz 125.

Langile batzordeak

Biarritzeko gozo-denda baten pertsianapean egin zuten lehenengo bilkura Langile Abertzaleen Batzordeek (LAB), 1975eko otsaileko gau batez. Sindikatua LAIA alderdiak sortutako COAren (Comisiones Obreras Abertzales) euskarazko itzulpena baino zerbait gehiago zen, ikuspegi zabalagokoa. Euskal nortasun apur bat zuen langile oro batzeko asmoz jaio zen mugimendu asanblearioa eta “Euskadiko arazo nazionalari klase ikuspegitik erantzutea” zuen helburu, eskuz esku igorri zuten lehen komunikatuan leitu daitekeenez.

Jon Idigoras ezker abertzaleko militante historikoa izan zen LABen sortzaileetako bat. Honela akordatzen da hastapen horiez Juanita Gerrikabeitiaren semea bere memorietan: “Iparraldean zenbait sablekada eman genituen eta diru mordoa lortu. Zati bat ‘barrualdera’ bideratu genuen eta gainerakoarekin 20 multikopista erosi genituen, alkoholezkoak ziren horietakoak (...). Lehen aldia zen zerbait erosten genuena, baina materiala motz geratzen ari zitzaigun sindikatua hazten ari zelako. Ez zegoen beste erremediorik, behingoagatik ‘ondratu’ bihurtu ginen”.

Langile batzordeak (CCOO) koordinadora moduko bat ziren oraindik 70eko hamarkadan eta sekulako dinamismoa erakutsi zuten; hor kokatu behar da LABen sorrera. 1974an banaketa bat izan zen batzordeetan, PCEk kontrolatutako sektorearen eta hortik ezkerrerago zeuden taldeen artean. Bestalde, euskal kutsuko COA zegoen –gero LAK izango zena– eta baita sindikatu tradizionalak ere –ELA eta UGT batik bat–.

Hizki zopa horretan, eztabaida handienetakoa zen sindikatu bertikal frankistan parte hartu edo ez. 1975eko ekaineko hauteskunde sindikaletan ere halaxe gertatu zen: “Itxi diezaiegun bidea patronalaren hautagaiei!” zioten aldekoek orri mekanografiatuetan, “Ez amore egin!” aldiz kontrakoek. Nolanahi ere, hauteskunde horien ondoren CCOOk ordura arteko izaera irekia galdu zuen eta egun duen itxura hartzen hasi zen. Esan dezakegu egungo eredu sindikalak eta borroka moldeak duela 40 urte bota zituela sustraiak, klandestinitatetik irteten hasi zenean.  

Ez, ez, ez, zentral nuklearrik ez!

Euskal Herriko hamaika txokotan eskubide demokratikoen aldeko leloak oihukatzen zituzten jendeek. Deban baina, bazuten bestelako kezkarik 1975. urtea hasi berritan. Etxez etxe liburu beltz bat ari zen zabaltzen tximistaren abiadan eta honek ordurarte gutxi entzundako lelo berri bat zekarren onddo itxurako irudi bati lotuta: Ez ez ez, zentral nuklearrik ez. Gerora askotan erabili izan da Eduardo Chillida eskultoreak diseinatu zuen logoa.

Iberduerok 1960ko hamarkadatik zuen begia jarrita energia nuklearrean. Hala, Espainia osoan 32.000 megavatio instalatzeko eta Euskal Herrian lau zentral eraikitzeko asmoa erakutsi zuen: jada lanak aurreratzen hasita zeuden Lemoizekoaz gain, Tuteran, Ispaster-Ean eta Deban.

Lemoizko zentralarekin gertatu bezala, konpainia elektrikoak lehenik inguruko lurrak eta baserriak erosi zituen Deban –Mendata, Sakoneta eta Aitzuri inguruan–, gero modu irregularrean obrak egiten hasi eta baimenak errazago lortzeko. “Costa vasca nuclear: en manos de Iberduero” zioen proiektu horiek kritikatzen nabarmendu zen Cambio 16 astekariaren titularrak.  

Debako kasuan herritarren eta tokiko instituzioen oposizioa handiagoa izan zen hasieratik, eta seguruenik horregatik ez zuen aurrera egin. 1974an Daves & Moore aholkularitza estatubatuarrari txostena eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta honen ondorioei jarraituz Deban zentrala egiteko lizentzia ukatu zuen. Txostenaren arabera, zentralaren inguruko 50 kilometroko perimetroan zegoen biztanleria gehiegizkoa litzateke eta ingurumenari ere itzulezinezko kaltea egingo litzaioke. Aranzadi Zientzia Elkartea ere proiektuaren kontra azaldu zen erabat, honelaxe esplikatu zion Zeruko Argiari: “Zentral hauek itsaso aldetik bakarrik ikusiko direlako turismoa ez omen dute uxatuko. Bapo motel! Noiztik da ikustea beharrezko kaltegarri ez izateko?”.

Nuklear zaleek argudiatzen zuten petrolioaren prezioen gorabeherei aurre egiteko beharrezkoa zela autonomia energetikoa edukitzea eta euskal kostaldea toki paregabea zela modu ekonomiko eta efizientean hori lortzeko. 1975eko Iberdueroren akzionisten batzarrean, haren presidente Pedro Careaga Basabek egun teknokrata askok izango ez luketen “ausardiarekin” hitz egin zuen 8.000 belarriren aurrean: “Alternatiba garbia da: zentral nuklearrak edo atzeraldia eta krisia”.   

Aitzitik, nazioartetik gero eta berri kezkagarriagoak zetozen nuklearren segurtasunaren inguruan. Urte hartako urtarrilean AEBetan 23 erreaktore itxi behar izan zituzten isuri erradioaktiboak izan zituztelako. Oraindik ez zen gertatu Three Mille Islandeko istripua, baina ordurako hondamendi bat izateko beldurra zabaltzen hasia zegoen jendartean. 1978ko CIS inkestaren arabera euskal herritarren %64k beste alternatiba bat nahi zuen energia nuklearra ez erabili behar izateko.
Nolanahi ere, Lemoiz ez beste proiektu guztiak geldiarazi egin ziren 1975 eta 1976 artean. Hala, Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Aldeko Batzordea jarri zen martxan eta lehenengo mobilizazio erraldoiak hasi ziren. Nuklearren kontrako lehen mugimendua Deban hezur mamitu zen, baina ondorengo urteetan Lemoizko afera jarri zen Euskal Herriko politikagintzaren eta gatazka armatuaren erdigunean.

Aberri Eguna Gernikan

1960ko hamarkadako Aberri Egun aldarrikatzaileen artean Donostiako 1968koak jo zuen goia. Baina errepresioa izugarrizkoa izan zen eta urte hartatik aurrera EAJk erabaki zuen “erregimenari jokoa ez egitea”. 1975ean gauzak erabat aldatu ziren, erregimena bera zegoen jokoz kanpo eta jeltzaleek berriz ere deialdi bateratua sustatu zuten “pakezko agerraldi baten Euzkadi askatu nahia agertzeko”.

Talde gehienek bat egin zuten deialdiarekin eta batez ere bi aldarri nagusi egin ziren: alderdien batasuna eta presoentzako askatasuna. Amnistiaren eskaera 1977an lehertu zen, baina 1975eko Aberri Egun hartan hasi zen ernetzen: “Euzkadiren askatasunagatik espetxean edo erbestean arkitzen diran aberkide guzieri biotzesko adiskidetasuna eskeintzeko” aukera gisa ikusten zuen EAJk Gernikako deialdia. Euskadiko Alderdi Komunista zehatzagoa zen: “Amnistia! Presa duen karraxi hori espetxeetako paretak puskatzen ari da...”. Ez zuten pentsatu ere egiten hilabete batzuk beranduago kartzelak lepo beteko zirela salbuespen egoeragatik.

1975eko martxoan Baionako Hitz elkartearen aldizkariak zenbaki berezia argitaratu zuen Aberri Eguna zela eta. Hainbat politikari eta kulturgile ezaguni egindako elkarrizketak zekartzan (Leizaola lehendakaria, Telésforo Monzon, Mark Légasse...). Hara nola ikusten zuen giroa Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegik: “Esaten dutenez abertzale indar guztiek elkarrekin zerbait egingo dute. Edo behintzat EAJk eta ETAk zerbait elkarrekin egingo dutela dirudi. Baina beldur naiz Madrilgoek, euskal indar guztiek dei bat egin dutela ikusiko dutenean, neurri gogor batzuk hartuko dituzten, jendea Gernikara edo beste toki batera bil ez dadin. Poliziak eginahalak egingo ditu halakorik ez dadin gerta; bereziki gaur bezalako une politiko larri batean”.

Asmatu zuen antiguatarrak. Martxoaren 30ean Gernika setiatuta esnatu zen eta edozein manifestazio eragotzi zuten poliziek. Hamarnaka lagun atxilotu zituzten, baita tartean ikurrina bat erakutsi zuten diputatu flandiar batzuk eta The Guardian egunkariko korrespontsala ere.

Herriaren alde ala aurka

1974an ETAren barruan enegarren banaketa gertatu zen; gerora miliak eta poli-miliak gisan ezagutuko diren bi taldeak sortu ziren. Hala, ETA militarrak “masa aparatuarengandik” aldentzeko hautua egin zuen. Baina paradoxikoki, hilabete horietan ETA politiko-militarrak egin zituen eraso gehien indar polizialen kontra.

ETA(m)-k ere, aldi bateko etenaldia egin ostean kanpaina gogor bati ekin zion 1975eko erdialdean, bereziki salatarien kontra: “Herriaren alde ala aurka: ez dago gaur erdian egoterik. Herriaren kontra diharduten guztiei, Antonio Etxeberriari gertatu zaiona berdin jazo dakieke noiz nahi”. Halaxe zioen ETAren Motriko komandoaren komunikatuak Oiartzungo alkatea hil ondoren. Indarkeriaren monopolioa guardia zibilek zuten ordea.

Gernika, 1975eko maiatzaren 15a. Egunsentian guardia zibilek Iñaki Garai eta Blanca Salegi bizi diren etxea inguratu dute. Badakite eraikin berean ETAko bi kide daudela ezkutatuta. Tiroketa luze baten ondoren, txapelokerrek senar-emaztea gupidarik gabe metrailatuko dute leihora laguntza eske azaltzerakoan; etakideek aldiz, beste leiho batetik salto egin eta ihes egitea lortu dute, atzean agenteetako bat zerraldo utzita. Haietako bat, Josu Markiegi Motriko, baserri bateko lastategian atzemango dute: eskuak armarik gabe eta jasota zituen tiroz josi zutenean. Bere gorpu biluzia denbora luzez eduki zuten ikusgai benemeritaren Gernikako koartelaren atarian. Eskarmentua. Miguel Sánchez-Ostizek esana duen bezala, gerra zibila ez baita iraganeko gaia.

Markiegiren heriotza oroitzeko kaleratu zen esku-orriaren atzealdean poema ezagun bat irakur zitekeen: “Nire aitaren etxea defendituko dut...”.

Gabriel Arestiren heriotza

Gabriel Arestik aste batzuk geroago utzi gintuen, gibeleko gaixotasun batek erasanda. Bilbotar poetak euskal literaturari beste dimentsio bat ekarri zion, urbanoagoa, sozialagoa, eta Harri eta Herri izan zen horren erakusle. Eztabaidazale sutsua izan zen, eta hara zer idatzi zuen Zeruko Argian beste poeta batek, Xabier Letek, Aresti hil zen aste berean: “Bere euskaltasunak bi muga zituela askotan esan eta idatzi ohi zidan: egia eta justizia. Eta nik, Euskal Herri utopikorik ez exijitzeko esaten nion”.  

Euskara bere kasa ikasi zuen gaztetan Gabriel Arestik, maldan behera zihoanean. Gero euskara batuaren sortzaileetako bat izan zen. “Herri bat ikusten dut hiltamuan, bere azkeneko agonia lazgarrian” idatzi zuen behinola. Baina 1975ean jada euskalduntze-alfabetatzeak pauso asko emanak zituen eta beste asko eman zituen urte hartan (ikus ondoko orrialdeko koadroa). Berriz ere irratian euskaraz emititzen hasi ziren, ordu erdi batez RTVEko Telenorte saioan; Zumaiako ikastolan bertso-eskola antolatu zuten Joanito Dorronsororen ekimenez; euskal irakasle titulua lortzeko azterketak jarri zituzten martxan...

 ‘El Lobo’

Miguel Lejarza El Lobo 1975eko hasieran infiltratu zen ETA(pm)-n. Espainiako zerbitzu sekretuei egindako konfidentzien ondorioz hamarnaka lagun atxilotu zituzten, erakundea kasik jenderik gabe uzteraino; horietako batzuk poliziak hil zituen atxilotzeko unean. Hilabete batzuk geroago, polimiliek traizioaren berri eman zuten Hautsi aldizkarian eta Lejarza “heriotza zigorrera” kondenatu: “Pentsatzen genuen indar errepresiboek Euskadin duten marjinatze mailarekin ezinezkoa zela halako maniobrarik”, dio bere argazki handi bat erakusten duen orrialdeak.

Uda hartan, ETAko korronte horrek ekintza garrantzitsuak burutzeko asmoa zuen. Besteak beste, Segoviako kartzelan zeuden 56 etakideren ihesaldia antolatu zuen. Baina uztailaren 30ean, El Lobok emandako informazioari esker poliziak operazio bana burutu zuen Madrilen eta Bartzelonan, ihesaldian lagundu behar zuten taldeen kontra. Bartzelonan ETAko buruzagi nagusietakoa zen Iñaki Pérez Beotegi Wilson atxilotu zuten. Harekin batera zihoan Juan Paredes Manot Txiki. Hilabete eta erdi geroago vasco-extremeño honen izena eta bizitza lau haizetara zabaldu zen.   

Errekaldeko Liburu Beltza

1975eko uztailaren 7an, Pilar Careaga Bilboko alkate frankistak dimisioa eman zuen auzotar eta familia elkarteen presioaren ondorioz. Bilbok urbanizazio eta zerbitzu falta arazo larriak zituen, eta jakina, gutxien zutenak ziren kaltetuen.
Urte hartan Errekalde auzoko familia elkarteak Libro Negro de Recalde liburua kaleratu zuen: “Eskoletako sarrerak arriskuz beteta daude, auzoa lokaztu egiten da euria egiten duen bakoitzeko. Errekaldeberrik ez dauka elizarik, ez dauka anbulategirik, ez dauka jubilatu-etxerik, kirol zelairik, lanbide heziketarako eskolarik, ezta haurtzaindegirik ere...”.

Hainbatetan saiatu ondoren Careagarekin bildu ziren 1975eko martxoaren 4an. Orduantxe esaten dio lehen aldiz aurpegira Errekaldeberriko auzotar batek alkate boteretsuari: dimititu! Hurrengo asteetan 50.000 bilbotarrek sinatuko dute eskaera bera dakarren gutuna. Careagaren erantzuna: “Nire dimisioa herriaren iritziaren gainetik dago, ederki geundeke alkateak horrelako gauzen menpe bageunde!”. Hala ere, azkenean kargua utzi behar izan zuen.  

Azken salbuespen egoera

La necesidad de proteger la paz ciudadana contra intentos perturbadores de caracter subversivo y terrorista...”. Horrelaxe hasten da 1975eko apirilaren 26ko dekretu bidez Gipuzkoan eta Bizkaian hiru hilabetez ezarritako salbuespen egoera, Frankismo garaiko seigarrena eta azkena. “Salbuespen egoerak 1940etako gerra girora itzularazten gaitu” zioen Cuadernos del Ruedo Ibérico aldizkari antifrankistaren kronikak. Izan ere, oinarrizko eskubideak bertan behera laga ziren eta lurralde horietako berriak “erreserbatuta” zeuden.

Garai hartako zenbait iturriren arabera 4.000
pertsona atxilotu zituzten salbuespen egoerak
iraun zuen bitartean. (ARGIA artxiboa)

Inkomunikazio hori hausten saiatu ziren Noticias del País Vasco-rekin. Gertatzen ari ziren atxiloketa, hilketa eta asalto parapolizialen berri –sortu berria zen ATE talde ultraeskuindarrak eta kalez jantzitako poliziek hamarnaka eraso egin zituzten Hegoaldean zein Iparraldean– egunez egun ematen zuen buletinak, eta milaka ale zabaldu ziren klandestinoki. Informazio-agentzia ofizialen manipulazioa eta egiatan gertatutakoa parez pare irakur zitezkeen bertan. Hala, maiatzaren 23an Ondarroan guardia zibilek hildako Luis Arriola ikasle gaztearen kasua dugu esanguratsuenetakoa. Europa Press agentziak zioen istripua izan zela, agenteari tiroak ihes egin ziola ikasleak beregana jauzi egin zuenean. Aldiz, buletinak datu oso zehatzak ekarri zituen gertatutakoaz: “Maiatzaren 23an Ondarroako UBIko ikasle batzuk festan zebiltzan euren irakasleekin (...) Koartelaren aurretik kantuan pasatzerakoan guardia zibilek Luis Arriola arrastaka sartu zuten barrura, honek ‘ez dut ezer egin!’ oihukatzen zuen bitartean. (...) Guardia Zibilak baino ez daki igande goiz hartan zer pasa zen koartel barruan. Zortziak aldera epaitegiko ofizialak gurasoen etxera joatean zera esan zioten amari: ‘Zuen semea hilda dago. Gorpua hilerriko biltegian dago jadanik’”.

Garai hartako zenbait iturriren arabera 4.000 pertsona inguru atxilotu zituzten salbuespen egoerak iraun zuen bitartean, batez ere lehenengo hilabetean. Bilboko zezen plazan ehunka izan zituzten atxikita maiatzeko lehen egunetan.

Torturak ere eguneroko ogia izan ziren –orduan apaiz zebilen Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoak jasandakoak kasu–. Orain Argentinako María Servini epaileak auzipetutako askok, jadanik oso ondo ezagutzen zituzten komandantzia ilun haietako sekretu guztiak. Manuel Hidalgo kapitainaren eskuetatik pasatako neska markinar baten testigantza da honakoa: “Tortura klase guztiak jasan ondoren moralki ukitzen hasi ziren, emakume galdua banintz bezala, nire bizitza intimoaz zikinkeriak esanez eta nahi zutena eginez, gorputz osoa ukitu zidaten”. Gertaera horiek eta beste asko ez dira sekula epaituak izan, baina berandu da, Hidalgo hilda dago.

Egoera jasangaitza zen eta itzalpean zebiltzan talde eta alderdi politiko gehienek –EAJk eta PCEk izan ezik– greba orokorra deitu zuten ekainaren 11n. Askoren gogoan aurreko urteko abenduaren 11ko greba arrakastatsua zegoen, baina batez ere Jose Antonio Garmendia eta Angel Otaegi ETAko kideen kontra egitekoa ziren epaiketa salatu zen egun hartan: “Salbatu ditzagun!” zioten etengabe paskin eta kartelek.  Gipuzkoan 60.000 langilek parte hartu zuten, langile batzordeen koordinadoraren esanetan. Uda amaierako greba politiko erraldoien aurrekaria izan zen hura.

Gerra kontseiluak

Garmendia eta Otaegiri Gregorio Posadas guardia zibilaren hilketa egotzi zieten. Garmendia atxilotua izan zen unean buruan jotako bala batek larri utzi zuen. Egoera horretan egon zen inkomunikatuta hiru hilabetez. Juan Mari Bandres bere abokatuak epaileari bidalitako idatzian zioen “azken hamar urteotako justiziaren historian egon den inkomunikazio zorrotz eta luzeena” izan zela berea. Moja batek berriz hitz egiten erakutsi behar izan zion Escrivá de Balaguerren liburu batekin. Bandresek hainbat perituren azterketa eskatu zuen, Garmendiak zentzumenak isolatuta zituela egiaztatzeko: “Halakoetan, nahikoa izaten dira sei egun giza pertsonalitatea erabat aldarazi eta kolaborazio estuena lortzeko, guztiz ezezagunak zaizkion ekintzen errua beregain hartzeraino”. Eta hala ere, inkomunikazio aldi hartan egindako ustezko deklarazio batzuk  baliatu zituen fiskalak bera eta Otaegirentzat heriotza zigorra eskatzeko.

Gerra kontseilua Lege Antiterrorista onartu eta hurrengo egunean izan zen, abuztuaren 28an. Apenas iraun zituen bost ordu, 1970ekotik asko ikasi zuen antza aparatu frankistak. Hala ere, mobilizazioak ikaragarriak izan ziren eta hainbat egunez greba egin zen. Kasu honetan EAJk ere babestu zuen greba –Gipuzkoako Buru Batzarrak Posadasen iragan makabroa gogorarazi zuen Erne aldizkarian, epaituen errugabetasuna arrazoitzeko–. Lazkaoko Beneditarren artxiboan gordetzen den sinatu gabeko txosten batek egun horietako mobilizazioak ditu aipagai, begira nola kontatzen duten Errenterian bizitakoa: “Hilaren 29an herria eta langileria ostia txar handiagoan dabil. Paroa erabatekoa da. Kalean tentsioa dago. Borroka gogortu egin da. Grisak herrian sartu eta modu basatian kargatzen dute”.

KAS

Gerora ezker abertzalearen erakunde nagusienetakoa bilakatu zen arren, KAS Koordinadora Abertzale Sozialista epaiketa militarren kontrako protestak antolatzeko plataforma gisa sortu zen. EIA alderdiko Natxo Arregik Memorias del KAS liburuan azaldu zuen bere ikuspegiz nola izan zen sorrera hura:

“1975eko udan gaude, eta oraingoz ditugu: ETA(pm), ETA(m), LAIA, HAS, EAS, LAB, LAK eta ELI. Hortik gutxira Txiki eta Otaegiren kontrako gerra kontseilua izango da (...). Sekulakoa muntatu beharra dago, Ariasen gobernuan dauden ultrek egindako operazio horren kontrako erantzun handiena. ETA(pm) mugitzen hasiko da, eta halako batean, ez dakigu oso ondo zeini, nik uste ELIri, bururatzen zaio ez legokeela gaizki indar abertzale-sozialista guztiak bilduko lituzkeen ekintza bateratu bat sortzea. 1975eko uda amaieran bilduko da lehen aldiz gero KAS izango dena, eta mobilizazioak antolatzen dira”.

Angel Otaegiren hilobia Nuarben, ikurrina eta loreekin. Poliziek oztopo ugari jarri zituzten fusilatuen gorputzak
familiek nahi bezala hilobiratzeko (Lazkaoko Beneditarren Artxiboa)
Irailaren 27a

Juan Paredesen Manoten kontrako auzia oso azkarra izan zen, hilabete eta erdi baino ez zuen iraun. Bere ingurukoek diote oso kontziente zela “bere bila” zihoazela. Badajozen jaioa 1954an, haurra zela etorri zen Euskal Herrira gurasoekin eta oso gazterik hasi zen lanean familiari laguntzeko. Txikik milaka lagunek hartutako bide bera sinbolizatzen zuen, izerdia eta osasuna berton uzteaz gain, lurrotako kulturari errotutako etorkinena. Belaunaldi berrietako euskaldun askok hortxe dugu gure izatearen sorburua.

Sinbolizatzen zuenagatik baino, gobernuari komeni zitzaiolako kondenatu zuten heriotzara. Auziaren ezaugarriengatik, tenpoengatik eta testuinguru politikoagatik. Berez, Txiki baino lehen bazeuden beste auzi batzuk “sumarisimo” bihurtzeko bidean, baina honetan bera bakarrik zegoen, horregatik aurreratu zuten. 1975eko fusilatzeak gogoratzeko Iñaki Agirrek ekoiztutako Haizea eta sustraiak dokumentalean, honela azaldu zuen Manuel Castells abokatuak paradoxa hori: “Matxinada gain hartzen ari zen eta errepresio gogorra behar zen, baina ezin zuen desproportzionatuegia izan, nazioarteko testuingurua ere hor zegoelako. Horregatik aurreratu zuten auzi hori eta gainerakoak atzeratu, heriotza zigor bakarra izan zedin, besteetan askoz jende gehiago zegoen-eta auzipetuta”.

Magda Oranich eta Marc Palmés abokatuei lau ordu baino ez zizkieten eman defentsa preparatzeko eta irailaren 19an zarauztarraren kontrako gerra kontseilua egin zen Bartzelonan. Hilaren 26an gobernuak gerra kontseiluetan zigortutako 11 lagunetik sei indultatu zituen –tartean Jose Antonio Garmendia– eta gainerakoak hiltzeko agindu zuen: ETAko Txiki eta Otaegi eta FRAP talde armatuko Humberto Baena, Jose Luis Sánchez eta Ramón García.

Irailaren 27an fusilatu zituztenean eta ondorengo egunetan egundoko protestaldiak izan ziren Euskal Herrian eta atzerrian. Europako hiri ugaritan istiluak izan ziren, boikota eta goi mailako salaketa politikoak. Frankismoa inoiz baino ahulago zegoen. “Bunkerrean eta mamu politikoen artean isolatuta, caudilloak berriz biolentziara jo du, beti arrakastatsu izan zaion arma bakarra”, zioen Le Nouvel Observateur astekari frantziarraren erreportaje zabal batek.

Agur Franco, agur frankismoa?

Karikatura asko egin dira Francisco Franco Bahamondez, baina seguruenik denetan onena izango da Manuel Vázquez Montalbánen Autobiografia del General Franco liburua. Madrilgo Oriente Plazan bi esaldi segidan esateko kapaz izan ez zen agurearen paranoiak eraman zituen literaturara, bere haragitan jarrita: “Errepikatu egin zen. Berriz Oriente Plaza eta nire ondoan Juan Carlos printzea, espainiar subiranotasunaren erronka babestuz bizitzan nahiz heriotzan, ondo hazten lagundu dudan arbola zuzena balitz bezala”.

Akaso hitz horiek azaltzen dute ondoen 1975eko azaroaren 20an Franco hil bai, baina frankismoak bizirik segitu zuela. 1976an Gasteizko espaloietan isuritako langileen odolarekin idatzita geratu zen hori.

Zornotzako langileei orokorrean, eta bereziki Izarrekoei

Hilabete eskas Izarreko langileak gure esplotatzaileei (kapitalistak), bere zakurrei (diktadura, guardia zibilak...) eta sindikatu bertikalari aurre egin geniela. (...) Denok gara lekuko hainbat lankide postuz aldatu dituztela bizitza ezinezko egiteko asmoz eta beste langileentzako etsenplu izan dadin (...) Zertarako balio digu hamabi eta hamalau orduz lan egitea nekez bizi bagara? Ez dugu gutxieneko formazio kultural bat hartzeko denborarik, ezta gure emazte eta seme-alabekin lasai egoteko ere. Lortzen dugun bakarra da gure esplotatzaileak aberastea, baina bestetik, biziraungo badugu, ez dugu beste erremediorik orduak sartzea baino. Hala ere, denok ados gaude gizonak bizitzeko ez duela makina bihurtu beharrik. Gure borrokak izan behar du zortzi orduko soldata duina lortzeko, gure familiekin egon ahal izateko, eta ordu estrak sar ditzatela beraiek! Deia egiten diegu Zornotzako langileei adi egoteko, eta Izarrekoei prestatzen hasteko, honek ezin du horrela segi.

1975eko udaberriko afixa anonimoa
(Lazkaoko Beneditarren Artxiboa)

Emakumearen Nazioarteko Urtea

Aurrera dijoakigu inoren eta batipat emakumeon gustokoa ez den «Emakumearen Nazioarteko Urtea». (...) Emakumezko askori lotsa eta amorrazioa eman dio gizonezkoek ezarritako urte polit honek. Hobe litzateke —dio zenbaitek— «gizonezkoen aitormen urtea» izendatu izan balitz, beren probetxurako eratu eta gordetzen saiatu baitira egoera hontaz. Damu dezatela eta hemendik aurrera saia besteen eskubideak arretaz errespetatzen.

Dena den, neure uste apala zer nolakoa den esatera noa. Hauxe da: Nahiz eta askok irrifar desitxarotsuaz hartu izan urte zistrin hau, bertatik emakumearen onerako zerbait ateratzea gerta daiteke. Esango nuke, urtearen haseran baino jende guttiago dela gaur, emakumearen egoera desberdinaz konturatzeke dagoenik. (...)

Ez egile, hartzaile eta jasaile baizik izan den emakumeak, oraindik ere puska batean jasan beharko ditu amodioa, legeak, familia, politika, gudua, lana eta beste eguneroko zenbait zapalkuntza, gizartea dezente aldatzen ez den bitartean behintzat. Bainan inor gutxik pentsatu eta esango du horrela behar duela izan eta hori dela zuzena. Zerbait da.

Esan dezagun, bukatzeko, gizartea bera dagoela atzeraturik. Ez dagoela prest pertsona den emakumea bere bizitza-maila guztietan onartu eta egokitasunez tajutzeko. (...) Horregatik gizartea erabili eta mugiarazten duten neurri berean dago gizonezkoen eta emakumezkoen eskuetan «Nazioarteko Urte» honetan egin behar dena egitea.

Miren Jone Azurtza
(Zeruko Argia,1975-04-27)

Euskalduntze-alfabetatzea

Bereziki 1975etik aurrera, ikasle kopuruak gorakada oso handia izan zuen. Gipuzkoan, konparaziora, 1974-1975 ikasturtean 1.607 ikasle izan ziren, eta 1976-1977 ikasturtean 11.454. Bizkaian ere gorakada oso handia izan zen, (12.144 1976an) eta motelagoa gainerako lurraldeetan –handia Araban eta Nafarroan (1.547 eta 3.338 1976an, hurrenez hurren), hala ere, batez ere hiriburuetan kokatuta–, han mugimendua bera beste tamaina batekoa izan baitzen. (...) Ikasle uholde horrek, ordea, arazoak, desoreka eta zailtasunak ekarri zituen, ez zegoelako eskaera horri behar bezala erantzuteko behar adina irakasle, azpiegitura eta baliabide.

Mugimendua gehiago egituratzeko saioak garai hartakoak dira, eta 1974-75 ikasturtean sortu zen, adibidez, Gipuzkoako Gau Eskolen Elkartea. Bizkaian ere Alfabetatze Batzordea eratua zegoen. 1976an bi herrialdeetako gune horiek Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea sortzea pentsatu zuten.

Dabid Anaut
(Euskararen kate hautsiak, 2013)
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: 1975eko fusilatzeak

1975eko fusilatzeak kanaletik interesatuko zaizu...
MarÝa Victoria Sßnchez-Bravo
"Ez dut nahi nire neba JosÚ Luisen izena garbitu besterik"

María Victoria Sánchez-Bravo Sollak badu iloba bat bost izen dituena: Luisa Ramona Humberta Anjela Juana da. 1975eko irailaren 27an Franco diktadoreak fusilatu zituen bost borrokalarien izenak daramatza neskak. José Luis Sánchez-Bravo Solla fusilatuaren arreba María Victoriak ez du inoiz ahaztuko.


August Gil Matamalari mila eskerrez irailaren 28an

Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean.


Otaegiren fusilatzea argitzeko eskaerari ezetz esan dio espainiar justiziak, 42 urteren ondoren

Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.


2016-09-27 | Uztarria
Kereila kriminala jarri du Angel Otaegiren familiak, hilketaren ardura argitzeko

Haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzea nahi dute. Horretarako, sumarioaren kopia bat eskuratzea nahi dute. Bidea "zaila" izango dela azaldu du Angel Otaegiren familiako abokatuak, baina "merezi" duela uste dutela azpimarratu du. Eneko Etxeberria alkateak, bere aldetik, "justizia eta erreparazioa" aldarrikatu ditu. 


2015-09-27 | Juan Mari Arregi
1975eko fusilatzeak
Prentsa klandestinoa elkartasun sortzaile

1975eko salbuespen egoerari eta frankismoaren blokeo informatiboari aurre egiteko sortu genuen "Noticias del País Vasco durante el estado de excepción" buletina. Zenbaki bakoitzetik 50.000 ale banatu ziren isilpean eta eskuz esku, Euskal Herrian,  Espainiako Estatuan, baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Hauxe duzue esperientzia klandestino haren atzean egon zirenen historia.


Mertxe Urtuzaga Otaegi
"Pentsatzen ez genuena etorri zen: biktima aitortu zuten Anjel"

Kanposantuko nuarbeko aldapan gora / Orduan haurrak zirenak / Zazpi pinuak zain dauzkate / Kanposantuan ateak beti zabalik nuarbek. Poema gidari hartu eta abiatu gara kanposantuko Nuarbeko aldapan gora, orduan haurra zen Mertxe lagun harturik. Poetak ez dio gezurrik: kanposantuan ateak beti zabalik Nuarbek.


Antonia Manot
"Semearena gertatu baino lehen ere, jendeak ikaragarri lagundu zidan hemen"

1975eko irailak 27. Franco azkenetan, Juan Carlos I.a Borboikoa ordezko izendatua. Bost fusilatu: Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, Baena, Garcia Sanz. Txikiren ama da Antonia Manot. Zalamea de la Serenatik Zarautza, Bartzelonatik barrena…


Miguel Castells: ┬źAhal nuen guztia eta gehiago eman dut errepresioaren kontrako abokatu lanean┬╗
Miguel Castells Artetxek 1956tik gaur arte abokatu lan asko eta ezberdinak egin dituen arren, gure gatazka politikoaren auzietan lortu du fama. Horietako batzuen arrastoa berak edo bera tartean zela idatzitako liburuetatik segi dezakegu. El proceso de Euskadi en Burgos -Pako Letamendia "Ortzi"rekin bikotean Pierre Celhay ezizena erabiliz- plazaratu zuen Ruedo Ib├ęrico mitiko hartan 1971n, Consejos de Guerra en Espa├▒a, Fascismo contra Euskadi 1976an -berriro seudonimoz-, Los procesos pol├şticos... [+]

2003-01-05 |
FRANCOREN AZKENA
Frankismoaren azken urteetako gizartean eta kulturan gertatutakoaren kronika egiteko, 1973tik 1975era ZERUKO ARGIAn argitaratutako testu esanguratsuenak bildu ditu Pilar Iparragirrek, "Franco hil da" liburuan.

Liburuak, ARGIAk iaz hasitako ildoari jarraipena ematen dio. "Hitzak" izenburupean argitara eman zen liburuaren segida baita hau. Jarraipena izanik ere, bi liburuon artean bada desberdintasun nabarmen bat. Izan ere "Franco hil da" liburua Frankismo garaiko gertaeren inguruko kronika bat da... [+]


2000-09-24 | Mikel Asurmendi
TXIKI ETA OTAEGI
1975EKO IRAILAK 27: HERRI HONEN IRAGAN HURBILA
1975eko irailaren 27a egun gogoangarria da Euskal Herriaren eta borrokalarien historian. Franco diktadoreak ETAko Juan Paredes "Txiki", Angel Otaegi eta FRAPeko Jose Luis Sanchez, Jose Humberto Baena eta Ramon Garcia Sanz militanteak fusilatu zituen.

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude