1975EKO IRAILAK 27: HERRI HONEN IRAGAN HURBILA

  • 1975eko irailaren 27a egun gogoangarria da Euskal Herriaren eta borrokalarien historian. Franco diktadoreak ETAko Juan Paredes "Txiki", Angel Otaegi eta FRAPeko Jose Luis Sanchez, Jose Humberto Baena eta Ramon Garcia Sanz militanteak fusilatu zituen.

2000ko irailaren 24an
Frankismoaren gainbehera 1970eko abenduan hasi zen. Burgoseko prozesuan hamasei euskal militante epaituak izan ziren, haietako sei heriotza zigorrera kondenatuz. Herriaren eta nazioarteko mobilizazioei esker Franco diktadoreak ezin izan zuen bere nahia gauzatu. Erregimen frankistaren lehen porrota izan zen hura. Hiru urte geroago, ETAk Carrero Blanco gobernuko buruordea hiltzean, hil-hurrean geratu zen erregimen faszista. Erregimenak diktadura indarrean mantendu nahian, salbuespen egoerak eta errepresio maila izugarriak zabaldu zituen. Euskal Herriko herritar xumeengana iritsi ziren errepresioaren zantzuak. Aldi berean, ETA erakundea, erregimenaren egoeraren eragilea, krisi egoeran murgildu zen ordainetan.


MILIAK ETA POLI-MILIAK.

1974an ETAko langile frontetik LAIA sortu zen. Fronte militarraren jarduerak langile borroka oztopatzen zuen, antza, baita barne funtzionamendua deuseztu ere. Borroka armatua praktikatzen zutenen artean diferentzia estrategikoak jalgi ziren, bestalde. Frankismoaren amaieran eta geroan, bi erakunde ezberdinetan banandu zen ETA: miliak eta poli-miliak. Zatiketaren ostean, erakunde militarren aldetiko lehen ekintza Azpeitian izan zen. Komando batek Gregorio Posadas Zurron guardia zibila hil zuen. Burutu zen eragatik ekintza hura jauzi bat izan zen jarduera militarraren barnean. ETA militarra ekintza zehatzak burutzen hasi zen eta bere ekintzaileek muga psikologiko bat gainditu zuten hartara. Urte bereko abuztuan, Arruabarrena "Tanke" eta Garmendia "Tupa" atxilotuak izan ziren Donostian. Tupa -hamabost egunez koma egoeran izan ostean- Gregorio Posadasen hilketaren egileetako bat izateaz akusatua izan zen. Hainbat hilabete behar izan zuen suspertzeko. Anjel Otaegi ekintza hartan nahastu zuen poliziak. Geroago, auzitegi militar batek epaituak izango ziren eta heriotz zigorrera kondenatuak biak hala biak.


POLI-MILIAK ESTATUAN BARRENA.

Juan Paredes "Txiki" ETA politiko-militarrean zegoen 1975ean. Poli-miliek estatuan barrena zabaldu zuten beren operazio eremua. Txiki Hegoaldean mugitzen zen nonbait. Apirilaren 1eko egunkariek Donostian hila izan zen Jose Diaz Linares inspektoreordearen atentatuarekin nahasi zuten. Geroago, poli-milien Bereziak deitu komandoetan hasi zen. Bartzelonan zebilela, Jose Ignacio Perez Beotegi "Wilson" militantearekin atxilotu zuten. Poliziak haien atxiloketak isilean mantendu zituen. Txikiri hilabete batzuk lehenago izandako polizia baten hilketa leporatu zioten atxilotu izan bezain laster. Wilsonek gerora adierazi zuenez, Txikik ez zuen hilketa hartan inolako esku hartzerik izan.


TXIKI ETA OTAEGI ERREGIMENAREN JOMUGA.

Txiki eta Otaegi euskal militanteek epaituak eta heriotz zigorrera kondenatuak izateko adineko motibo zuten erregimen faszistaren espetxeak betetzen zituzten ehundaka presoek. Franco diktadorearen gobernuak, Burgoseko epaiketan ez bezala, azkar jokatu zuen.
Mark Palmes eta Magda Oranich abokatu katalanak arduratu ziren Txikiren defentsaz. Txiki uztailaren 30ean atxilotua izan zen. Artean, Francoren gobernuak indarrean zegoen dekretu antiterroristaren legea muturreraino eramateko lege berezi bat aditzera eman zuen. Palmes eta Oranich abokatuek lau ordu izan zituzten Txikiren defentsa prestatu ahal izateko. Abokatuek abuztuaren 23a arte ez zuten Txiki ikusterik izan. Abokatuek sasiepaiketa hartan egindako ahaleginak biziki eskertu zituen Txikik, baita hilko zuten erabat konbentziturik zegoela aditzera eman ere.
Anjel Otaegik, berriz, poliziak berarekiko sumoak usatuak zituela sinestua Nuarbera itzultzea erabaki zuen hilabete batzuk lehenago. Azaroaren 18an (Tupa atxilotu eta hiru hilabetera) atxilotu zuten Anjel Nuarbeko bere etxean. Martuteneko espetxera eramana izan zen lehenik, eta hiru hilabetera Burgosera. Artean, Burgoseko Kapitaintzako fiskal militarrak Tupa eta beraren aurka eman zituen heriotza zigorrak. Juan Maria Bandresek eta Pedro Ruiz Balerdik eraman zituzten Tupa eta Otaegiren defentsak.
Hiru militanteen aurkako epaiketak abuztuan burutu ziren. Gobernuak protestak isilarazteko udaldia hautatu zuen, lantegiak eta jendea opor garaian zeudelarik. Abokatuek ezin zuten deus egin, epaiak aldez aurretik emanak zeuden-eta. Tuparen deklarazioak koma egoeran jasoak izan zirela frogatu ahal izan zuten bere sendagileek, eta haiei eskerrak, harentzako absoluzioa erdietsi zuten abokatuek. Txiki eta Otaegi euskal militanteak exekutatzeko gutxi zirelakoan, Francok FRAPeko beste hiru kide hautatu eta taxuzko epaiketarik egin gabe exekutatu zituen: Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia eta Jose Humberto Baena. Abuztuaren 28az geroztik manifestazioak eta greba orokorrak deituak izan ziren Euskal Herrian. Espainiako eta Frantziako hainbat hirietara zabaldu ziren protestak eta lanuzteak. Hilketak burutu aurretiko egunetan Europako eta munduko gobernuen presioa jaso zuen Francoren gobernuak. Aita Saintua ere zigorraren aurka agertu zen. Sententzia emana zegoen, ordea. Bi hilabetera hilko zen Franco diktadorea.

Txikik eta Otaegik herriaren gogoan diraute
Txikik eta Otaegik herriaren gogoan diraute
Txiki zazpi haurrideetako bigarrena zen. Mikel anaia zaharra oso hurbilekoa izan zuen. Honek bertatik bertara ikusi zuen Txikiren fusilaketa: "Jon gazte apala zen, bere altueraz eta bere izaera humilagatik, mutiko goxoa zen, idealista. Hogeita bost urte pasa badira ere, atzo izan balitz bezala ikusten dut hilketa". Harrezkero hilketari buruz nahiko hitz egin duela diosku: "Egun hau da funtsezko galdera: 25 urte barru heriotza kontuez arituko al gara? Herri honek segituko al du beti sofritzen? Iritsi nahi duen tokira ezin iritsiz? Beldur naiz galdera bera errepikatzen segituko dugula". Txiki eta Mikel etorkinak izaki integrazioa du hizpide: "Nire kezka da, ea kanpotik etorritako hainbat jende zergatik ez den integratu. Herri honek soluzioak behar ditu eta gertatzen denaren esplikazioak denari eta denoi eskatu behar zaizkio. Inork ez du arrazoi osoa. Eguneroko arazo txiki asko dugu, horiei ez badiegu erantzunik ematen, nola emango diogu daukagun herri arazoari". Honela gogoratzen du Jon: "Azkarregi ibili zen. Militatzen hasi, urtera alde egin zuen, eta urte batean hil zuten. Zaila da bere militante ibilbidea baloratzea. Ezer izan gabe, hiltzera pasatzera oso gogorra izan behar du. Baina bera kontsekuentea izan zen. Sinistezina da. Zaila zait bere lekuan jartzea, berak bere hilketa nola asumitu zuen gogoratzeak ikaratzen nau oraindik. Konbentzitua zegoen egiten zuenaz, borrokatzea beharrezkoa zela. Kausa baten alde ari zela erakutsi nahi izan zuen. Betirako geratu da" l
Anjelen gorazarrean Gotzon izenez bataiatu zuen bere lehen semea Joxe Aranburuk "Txata", Anjelen gaztetako lagun azpeitiarrak: "Institutuan ezagutu nuen. Eskolan moldatzen zen eta kiroletan, berriz, oso ona zen: pilotan, futbolean nahiz txirrindularitzan ibili zen. 'Dufraise' goitizena jarri genion, orduko txirrindulari frantses baten izena. Eskolara Nuarbetik zetorren, oinez nahiz txirrindaz". Athletizalea zen. Pasadizo bat ekarri digu gogora Txatak: "Zaragozara joan ginen Castellon-Athletic Errege Koparen finala ikustera. Zale batek 'Vasco numero 1' zeraman idatzia kamisetan. Euskaraz ba al dakizu? galdetu zion Anjelek. Besteak: eh? Anjelek hiru aldiz galdera bera. Besteak, eh?. Anjelek azkenik: 'Quitate esa camiseta, quitate esa camiseta...'. Santi Zapirainek "Kaiku" militante gisa ezagutu zuen Anjel Otaegi: "Behin Zarautzen bildu ginen liberatu batzuk. Bilera ondotik Derby motorrean azaldu zitzaidan Azpeitira bueltatzeko. Zer, motorrez? Hik ba al dakik nola dauden errepideak? Anjelek, berriz: ez uste! Honerakoan pare bat kontrol baino ez diat pasa. Oso baikorra zen Anjel. Sanoa". Kaikuk, ordea, arantza bat darama sarturik: "Posadas guardia zibila hila izan ondoren ihesi ibili zen. Larrun mendira etorri zitzaidan aholku eske. Ez zekien zer egin. Nik neronek, artean gazte, hogeita bi urte nituen, esperientziarik gabea, beharbada hobe zuela herrira itzultzea, esan nion. Gero, Anjel gizarajoa! Gertatu zitzaionarekin bizi naiz harrezkero


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1975eko fusilatzeak
Mikel Paredes. Beste zer esanik ez da, 'Txikiren anaia' esanik
"Hain dira burumotzak, ez dakite zer den idealismoa, ez askatasun egarria"

1975eko irailak 27. Franco hilzorian, Juan Carlos I.a Borboikoa ordezko izendatua ordurako. Bost fusilatu: Txiki, Otaegi, Sánchez Bravo, Baena, García Sánz. Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia da Mikel. Begietara begira-begira zuela fusilatu zioten anaia... [+]


María Victoria Sánchez-Bravo
"Ez dut nahi nire neba José Luisen izena garbitu besterik"

María Victoria Sánchez-Bravo Sollak badu iloba bat bost izen dituena: Luisa Ramona Humberta Anjela Juana da. 1975eko irailaren 27an Franco diktadoreak fusilatu zituen bost borrokalarien izenak daramatza neskak. José Luis Sánchez-Bravo Solla... [+]


August Gil Matamalari mila eskerrez irailaren 28an

Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean.


Otaegiren fusilatzea argitzeko eskaerari ezetz esan dio espainiar justiziak, 42 urteren ondoren

Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.


2016-09-27 | Uztarria
Kereila kriminala jarri du Angel Otaegiren familiak, hilketaren ardura argitzeko

Haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzea nahi dute. Horretarako, sumarioaren kopia bat eskuratzea nahi dute. Bidea "zaila" izango dela azaldu du Angel Otaegiren familiako abokatuak, baina "merezi"... [+]


Eguneraketa berriak daude