Txetx Etcheverry Bizi! mugimenduko bozeramailea deklaratzera deitu dute Baionako polizia-etxera

  • Iazko udan egindako Alternatiba Itzulian, Alsaziako Fessenheim zentral nuklearraren aurrean egindako hitzartze batengatik joan beharko du deklaratzera Baionako polizia-etxera, maiatzaren 10ean.


2016ko maiatzaren 3an - 16:25
Iazko udan egindako Alternatiba Itzulian, Alsaziako Fessenheim zentral nuklearraren aurrean egindako hitzartze batengatik joan beharko du Etcheverryk deklaratzera Baionako polizia-etxera, maiatzaren 10ean. Argazkia: Bizi! mugimendua
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2015eko udan egin zen klimaren aldeko Alternatiba Itzulia txirrindulari lasterketa; eta ekainetik irailera Frantzia, Belgika, Suitza eta Alemania zeharkatu zituen. Uztailaren 20an, Alsaziako Fessenheim zentral nuklearraren aurretik pasa zen, Frantzia eta Alemaniaren arteko mugan.

Geldiune “sinbolikoa” egin zuten bertan eta Txetx Echeverryk hitza hartu zuen komunikabideen aurrean. “Energia nuklearra gaitzetsi zuen”, eta adierazi zuen zentral nuklearraren sailean zeuden militarrei ordaintzeko dirua “xahutu” beharrean, diru hori erabil daitekeela energia berriztagarriak garatzeko. François Hollandek, Frantziako lehendakaritzarako hautagaia zela, hitz emanda zuen zentral nuklear hori itxiko zuela.

Jendarmeek identifikatu egin zituzten txirrindulariak, baina aurrera egiten utzi zieten. Tunsel-eko (Alemania) GartenCoop etxalde kooperatiboan gelditu ziren, eta Alemaniako poliziak identifikatu egin zituen Frantziako agintariek eskatuta. Kooperatibak kexa bat idatzi zuen “botere gehiegikeria” horren kontra, eta Alemaniako Administrazio Auzitegiak zigortu egin zuen herrialde horretako administrazioa. Hala ere, Fessenheimeko ekitaldiagatik deklaratu beharko du Etcheverryk.

Polizia-etxearen aurrean elkarretaratzea egitera deitu dute

Bizi! mugimenduko kideek salatu dute Frantziako Estatuak Etcheverryren aurkako prozesu judiziala martxan jartzea, “Alemaniako justiziak mugimendu ekologistari arrazoia eman bazion ere”. Mugimendu ekologistako kideek eskatu dute Etcheverry kargu eta akusaziorik gabe libre atera dadila eta maiatzaren 10ean Baionako polizia etxean biltzeko deia egin dute, goizeko 9:45ean. Enercoop elektrizitate hornitzailearen harpide egiteko aukera ere izango da bertan; energia berriztagarrien bidez sortutako argindarra banatzen du Enercoopek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
2025eko abuztuaren 1
Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

Eguneraketa berriak daude