Donostiako turismo eredua salatzen ari ziren Alde Zaharreko bizilagunen aurka egin du Udaltzaingoak

  • Turismoaren sektoreak egungo eredua defendatzeko agerraldia egin behar zuela eta protesta egin dute Alde Zaharreko bizilagunek. Pankartako leloa: "Turismoaren patronalak ez gaitu ordezkatzen". Tentsioa izan da udaltzain eta ertzainekin eta hainbat kolpe banatu dute hauek, pertsona bati mugikorra kendu ostean.

Eztabaida udaltzain eta auzokideen artean.

2017ko abuztuaren 9an - 13:12
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

San Telmo Museoan jarritako pankarta baten harira, tentsioa igo egin da kontzentrazioan. Pankarta kendu ostean, udaltzainak grabatu ditu Alde Zaharreko bizilagun batek. Udaltzainek ezin zuela grabatu esan eta mugikorra kendu diote. Autoan sartu direnean berau eramateko, kontzentrazioan zeuden gainontzeko kideak autoaren aurrean jarri dira telefonoa itzultzeko exijituz.

"Turismoaren mafia" eta donostiarren bizitzak kontrajarri dituzte pankartan. (L. A.)

Ez da ohikoa Udaltzaingoak sakelako telefonoa kentzea, horrek protesta areagotu du. Turismo industriaren agerraldia zaintzera joandako ertzainak ere Donostiako udaltzainei laguntzera joan dira, manifestariekin aurrez aurre jarriz.

Alde Zaharreko bizilaguna den Mikel Agirrek adierazi du sentitzen ari direla auzoan eta hirian bizitzea geroz eta zailago dagoela. "Hiria kanpoko jendearentzat diseinatzen ari dira Udaletik, eta bitartean Alde Zaharrean baliabide falta daukagu, komertzio txikia desagertzen ari da...".

Turismoaren gaia "oso delikatua" dela ikusten dute, baita gaia ateratze hutsak jende bat haserretzen duela ere. "Aurrekoan pegatina bat jarteagatik identifikatu zituzten bost pertsona eta gaur pankarta bat jarri eta hau nola kentzen dute grabatzeagatik, berehala presentzia poliziala oso handia da. Turismoarekin kritiko agertzen zaren unean, zure bila egurra ematera oso azkar doazela ikusten dugu", salatu du.

Ernairi manifestazioa deskonbokatzeko exijitu diote

EAEko, Gipuzkoako eta Donostiako turismo sailetako arduradunek, sektoreko hainbat ordezkarien babesarekin, turismoa sustatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Hau da deialdia egiteko zabaldu duten kartela, gaztelaniaz bakarrik.

Ernairi Aste Nagusian deitu duen manifestazioa bertan behera uzteko exijitu diote. Horrez gain, Euskadiko Turismo Agentziak Bilbon duen egoitzari pintura bota izana "eraso" gisa kalifikatu dute eta "turismofobiaren aurrean batasuna" aldarrikatu dute.

Eusko Jaurlaritzak "babes osoa" azaldu die turismoaren sektoreko enpresa eta langileei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
2025eko irailaren 17
Gurutzatuta

2025eko ekainaren 4
Gora beti

2025eko maiatzaren 26
Nazkatuta

2025eko apirilaren 9
Bikote perfektua

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.