ARGIA.eus

2021eko urriaren 20a

"Turismo eredu honen" aurka manifestazioa deitu du Donostiako Ernaik Aste Nagusirako

  • "Kapitalismoaren estrategia zehatz bati erantzunez Donostian turistentzat jolas-parke iraunkorra" eraiki dutela salatu du Donostiako Ernaik. Turismo masiboak lan prekarietatea dakarrela eta hau lehenik gazteek sufritzen dutela adierazi dute ostegunean turismo bulego aurrean emandako prentsaurrekoan. Arduradun jo dituzte ondorengoak: "Aberasten diren multinazionalak, hotelak, ostalari mafiosoak eta Udaletik babestu eta sustatzen duen EAJ, PSOE eta PP aliantza". Manifestazioa deitu dute abuztuaren 17rako, Aste Nagusian "Donostia bizirik behar dugulako, herria bizirik dagoelako".

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2017ko ekainaren 22a
Turismo eredu honen aurkako manifestazioa deitu dute turismo bulegoaren aurrean.

Urtetik urtera lan prekarietatea "bortitzagoa" dela adierazi dute, eta ez daudela prest hori jasaten jarraitzeko.

Jarraian irakurgai Ernairen oharra osorik.

Donostia hiri turistikoa izan omen da aspalditik, beti entzun izan dugu hori. Antza, Espainiako Maria Cristina hona etortzen zen veraneante, eta hor omen du jatorria Donostiarekiko interes turistikoak; baita haren esplotazioak ere. Azken urteetan, ordea, hiriaren eraldaketa abiada bizian eman da. Turismoaren presentziak modu basatian gora egin du, eta hiriaren erdigunea hartu. Erdigunea hartzea diogunean, zentzu guztietan diogu. Herritarron beharrak ertzetara desterratu dizkigute, eta hiriko engranajean dugun papera turisten zerbitzura aritzea besterik ez da. Donostian turistentzako jolas-parke iraunkorra eraiki digute, langileon bizkar gainean eraiki ere.

Udan, gainera, egoerak muturrera egiten du. Turista kopuruak gora egiten du nabarmen, eta horrekin batera, baita gazteon prekarizazio mailak ere. Esan beharrik ez baitago, gazteok garela, kapitalismoak turismoaren forma hartzen duen honetan, sufritzen lehenak. Donostian jasaten ari garena ez baita urtaro kontua, kapitalismoa baizik.

Udan turismoaren denboraldi altuarekin batera, prekarietatearen denboraldi altua inauguratzen da gazteontzat, urtetik urtera bortitzagoa. Eta zein da guzti honetan gazteon lana? Izozkiak saldu xox batzuen truke, tabernan aritu ordu txikietan eta kontraturik gabe, museoetan denboraldi baterako azafata-lanak, sukalde estuetako pintxe, hoteletan garbitzaile, dendari eta beste mila ezkutuko lan. Hori dena, haien postalak sostengatzeko. Gazteok ez dugu tokirik haien Donostia inpolutuan, ordenatuan, luxuzkoan; ez dugu tokirik, gure lan-eskua baldintza negargarrietan saltzeko ez bada.

Ez dugu tokirik turisten erdaraz bakarrik hitz egin daitekeen Donostian. Ez dugu tokirik etxebizitzaren prezioa aberatsenen eskura bakarrik dagoen Donostian, turistentzako etxebizitzekin espekulatzen den hiri honetan. Ez dugu tokirik Kortxoenea gabeko Donostian, saltzen den kulturarenean. Ez dugu tokirik, sangria eta beroaren izenean jarrera sexisten areagotzea jasan behar badugu. Ez dugu tokirik gentrifikazioaren Donostian, auzorik gabeko hirian, jai herrikorik gabekoan; zezenketen Donostian. Ezta Amancio Ortegaren Donostian ere. Ez dugu izaterik bizitzako aspektu guztiak prekarizatzen dizkigun Donostia honetan.

Baina ez gaude prest hau jasaten jarraitzeko. Jakin baitakigu, egoera honek kapitalismoaren estrategia zehatz bati erantzuten diola, eta gainera, erantzule zuzenak dituela. Aberasten diren multinazionalak, hotelak, ostalari mafiosoak, eta nola ez, basakeria guzti hau Udaletik babestu eta sustatzen duen PNV-PSOE-PP aliantza. Nazkatuta gaude, eta zuenak egin du!

Turismo eredu honen aurka egingo dugu gazteok, eta herritarron Donostia berri baten alde. Postalen atzean bagarelako. Horregatik, Aste Nagusian manifestazioa egingo dugu, abuztuaren 17an, Donostia bizirik behar dugulako, Herria bizirik dagoelako!

Zuen turismoa, gazteon miseria!

Herria bizirik.

Postalen atzean bagara

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Turismo masiboa  |  Prekarietatea  |  Ernai  |  Donostia

Turismo masiboa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude