TTIPek udal autonomiari egiten dion mehatxua salatuko dute Bartzelonan Europa osoko hautetsiek

  • TTIP eta CETA merkataritza askeko akordioen aurka agertu diren Europako hainbat udaletako ehun alkatek eta hautetsik hartuko dute parte Bartzelonan egingo den Europako Tokiko Erakundeen bilkuran, apirilaren 21 eta 22an.


2016ko apirilaren 20an - 12:00
TTIPen aurkako protesta.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Bartzelonak 2015eko urrian sinatu zuen TTIPen eta CETAren aurkako ebazpena, akordioak “arriskuan” jartzen duelako herritarren interesen alde lan egiteko burujabetza, korporazio handien mesedetan. Hain zuzen ere, TTIP hitzarmenak udalen eta tokiko erakundeen autonomiari egingo dion mehatxuari buruzko txostena aurkeztu zuen Ekologistak Martxanek apirilaren 14an.

Talde ekologistaren esanetan, TTIP indarrean sartzen bada udalek eta autonomia erkidegoek (Espainiako Estatuaren kasuan) ahalmena galduko dute hainbat arlotan kudeaketa egiteko. Udalek, esaterako, ezingo lukete “kontratazio publikoetan garapen jasangarri irizpiderik ezarri edota arriskutsutzat jotzen diren teknikak debekatu”, txostenean irakur daitekeenez.

Bartzelonako bilkuran mehatxu horren aurrean hartu beharreko jarreraz jardungo dute udal ordezkariek. Bide batez, bilera eginez mezu argia bidali nahi diote Bruselari. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, 3.400.000 sinadura inguru bildu dira EB parte hartzen ari den merkataritza askeko akordioen kontra.

Hendaiako Herriko Etxea, TTIPen aurka

Europa osoan 1.200 udalek sinatu dituzte akordio horien aurkako mozioak. Azkenetakoa  Hendaia izan da; bertako Herriko Etxeak TTIP hitzarmenaren kontrako jarrera agertu du “bizimoduan, elikagaien arloan, osasungintzan edota ingurumenean ekarriko dituen ondorioengatik”. Hendaiako bost sarrera nagusietan seinaleak jarriko dituzte TTIPik gabeko herria dela adierazteko. Jarrera hori hartu duen Ipar Euskal Herriko lehen herria izan da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Merkataritza askeko akordioak
Eguneraketa berriak daude