Trebiñuko auziari buruzko lantaldea osatzea eskatu dute Espainiako Senatuan

  • Trebiñuko eta Argantzungo alkateek Espainiako Senatuan aurkeztu dituzte Araba ofizialaren parte ez izateak dakarzkien arazoak; gaia jorratzeko lantalde bat eskatu dute. PP eta PSOE kontra azaldu dira.

Roberto Ortiz de Urbina eta Elena Ramirez alkateek auziari irtenbidea emango dion lantalde bat eratzea eskatu dute (arg: Alea)
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko ekainaren 28an - 09:01
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Trebiñuko alkate Elena Ramirez eta Argantzungo alkate Roberto Ortiz de Urbina Espainiako Senatuan izan dira asteartean, haien udalerrietan egunero bizi den egoera senatariei azaltzeko. Besteak beste, aferak hezkuntzari, nekazaritzari edota industriari nola eragiten dien azaldu dute. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egindako proposamena babestu dute bertan: auziarekin zerikusia duten instituzio guztien arteko lantalde bat osatzea, hain zuzen.

Bai PP zein PSOE alderdiek eskariari muzin egin diote. PSOEko senatari Marcelino Iglesiasek Arabako eta Burgosko diputazioek duela gutxi sinatu dituzten hitzarmenetan sakontzeko eskatu du. Alkateek mahai gainean jarritakoak "gure herrialdeko barneko lurraldeen %80an izaten diren arazo berdinak" direla babestu du, eta Gasteiztik hain gertu bizitzea trebiñarrentzat "abantaila" dela esan die.

Errenta handiagoa

PPko Maria Begoña Contrerasek esan du alkateek azaldutakoa "errealitatearekin bat" ez datorrela, eta Trebiñuko biztanleko errenta, EAEko errenta baino txikiagoa izan arren, Burgosko bataz bestekoa baino handiagoa dela argudiatu du.

Contrerasek beste argudio bat baliatu du eskariari ezetz esateko: Euskal Autonomia Erkidegoko enklabe bat Gaztela eta Leonen balego, "ez legoke liskarrik"; era berean, "gure estatutuen harrotasuna bi kasuetan" mantendu beharra dagoela erantsi du, "Bai Gaztela eta Leongoa zein Euskadikoa". Espero zen moduan, EAJ eta EH Bildu alderdiez gain, Unidos Podemos, ERC, PDeCAT eta Coalicion Canaria alderdiek auziari irtenbidea emango liokeen edozein proposamen babestuko dutela aurreratu dute. Roberto Ortiz de Urbina eta Elena Ramirez alkateek auziari irtenbidea emango dion lantalde bat eratzea eskatu dute.

 

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du CC-By-SA lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trebiñuko konderria
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.