Udaberriko izotzetara egokitutako sagarrondo berantiarrak

  • 650 metroko garaieran, izotza sarri, Araba erdian baina Burgosen, “lurralde ahaztua”. Trebiñuren bereizgarriek derrigor markatzen dute hango laborantza, sagarrarena tartean, 1998an Askartzan ireki zuten sagardotegiaren ibilbideak erakusten duenez.

Patata, zerealak, erremolatxa... horiek “betidanik” ezagutu dituzte parajeotan, baina sagardoa produktu “berria” da, Trebiñu sagardotegiko Julen Markinez Amozarrainek azaldu digunez. Haien helburuetako bat da Trebiñuko ohiko ekoizpenei sagarra eta sagardoa eranstea. “Ez da aldaketa erraza, baina poliki-poliki ari gara bidea egiten”. Duela 30 urte inguru hasi zuten proiektua Julenen gurasoek, aitaren jaiotetxean. Orduan ez zekiten zein barietate egokituko zen hobekien bertako klimara. “Trebiñun apenas zegoen sagarrondorik”, esan digu Markinezek. “Etxerako sagarrak bazituzten batzuek, baina hortaz gain...”.

Urteen poderioz ikasi dute bertako sagarrak zein ezaugarri izan behar dituen, sagardotarako egokia izateko. Oro har, berandu loratzen diren sagarrondoetara jo dute, udaberrian ere izotza egiten duelako maiz. Haien lursailetan badituzte Asturiasko (Espainiako Estatua) eta Gipuzkoako barietate aldatuak. “Gurera hobeto egokitu dira Asturiasko batzuk, beranduago heltzen direlako”, dio Markinezek. Sagarrondo gehienak itsaso ondoan daude Gipuzkoan, baina Asturiasen, mendialdean ere badira franko, eta hango barietateak ezin egokiago datoz Trebiñu Konderriko Askartzara.

3.000 arbola inguru ditu Trebiñu sagardotegiak, eta 800 bat ale gazteago ere ari dira landatzen beste lursail batean. “Horiez guztiez gain, beste 800 landatuko ditugu aurrerago. Sagardotegi txikia gara, 25.000-30.000 litro ekoizten ditugu urtean. Lurraren ezaugarriei dagokienez hemen ez dago aldapa handirik, eta bertan lan egitea errazagoa da, traktorearekin aritzeko adibidez ez daukagu arazorik”. Sagardoa egiteko nongo sagarrak baliatzen dituzten galdetuta, bertakoak besterik erabiltzen ez dituztela esan digu Markinezek: “Sagardo guztia etxeko sagarrekin egiten dugu”.

Txapela gorria ezin jantzi

Araba erdian uharte. Burgos (Gaztela eta Leon) izanik, ez diete Euskal Sagardoak bereizgarri duen “txapela gorria” baliatzen uzten, etxeko sagarrekin lan egin arren osoki. “Kalitate edo label zigilurik ez izateak kalte egiten digu marketinaren aldetik-eta, baina guk buruan daukaguna da produktu ona egitea, etxekoa, eta horren alde borrokatzea. Noiz edo noiz saiatu izan gara Euskal Sagardoaren zigilua lortzen, baina ezin izan dugu, eta borroka hori utzi xamar dugu dagoeneko”.

Markineztarrak. Ezkerretik eskuinera: Jon, Koldo eta Julen Markinez. aitak duela 30 bat urte landatu zituen lehen sagarrondoak Trebiñun eta duela hamalau urte jarri zuen abian sagardotegia bi semeen laguntzaz eta emaztearen babesaz. / Zaldi Ero

Administratiboki bi uren artean igeri egiteak badu ondorio bitxirik, pandemia egoeran argiago azaleratu direnak. “Ez dakit Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardotegietan COVID ziurtagiria eskatuko duten ala ez. Guk, hasieran, Arabako araudiari egiten genion men, baina egun batetik bestera esan ziguten Gaztela eta Leongoa jarraitu behar dugula, beraz pasaportea eskatzearena momentuz ez. Eskatzen hasiz gero, litekeena da norbait kontu eske etortzea, ‘zertan ari zarete zuek?!’”. Beste hainbat sektoretan bezalaxe, pandemiak “gogor” jo duela kontatu digu Markinezek, txotx garaian (urtarrila-maiatza) murrizketa handiak izan zirelako pasa diren bi urteetan, eta ea 2022an.

Ardoaren lurraldean, lehengusu txikia

Gasteizko taberna batzuetan “Trebiñu sagardoa” dioten afixak dituzte barra atzean itsatsita. Zirkuitu horretan sartzea konplikatua ote den galdetu diogu Markinezi, aintzat hartuta bere bidea egina duen “lehiakide” gogorra duela: ardoa. “Ez da erraza. Hemen ardoaren kultura bai, baina sagardoarena... Gainera, sagardoak badu gauza bat oso txarra, prezioak oso debaluatuta daudela. Supermerkatura joan eta ikusten duzu botila 1,50 euroan edo merkeago dagoela. Kontuan izanik lanaren kostua zenbatekoa den, botilarena berarena... ez da errentagarria. Ezinbestekoa da produktu on bat egin eta prezio duinak mantentzea. Zer egin botila euro batean saltzen duen sagardotegiaren aurrean?”.

Oro har, sagardoaren kulturarik ez dagoela uste du. “Tabernariek edozein sagardo erosten dute, berdin zaie nongoa, nongo sagarrekin eginda dagoen... Badira batzuk bertako produktuak bultzatzen saiatzen direnak, baina gehienek ez dute hori buruan. Gainera, hemen sagardoa eskatzen duenari arraro begiratzen zaio”, diosku barrez. “Hori aldatzeko lan handia egin behar da”.

Jende asko oinez joaten da Gasteiztik sagardotegira, Errosteta edota Arrieta mendiez gaindi, bazkalostean autobusa hartu (sagardotegiak jartzen du) eta etxera bueltatzeko. Bi ordu inguruko bidea dago arabar hiriburutik Trebiñuko Askartzaraino.

Prezioak hizpide hartuta, gainerako laboreez mintzatu gara Markinezekin. “Zerealak, garia edo garagarra, Europako laguntzen menpe daude hein handi batean. Urte askoan jarraitu ahal izango duten? Ez dakit, prezioak nola dauden ikusita...”. Trebiñu sagardotegiak ez du laguntza publikorik jasotzen. “Bere egunean zeozer eman ziguten COVIDak eragindako kalteak leuntzeko, baina sagarrondoak jartzeko, makinerian inbertitzeko, deus ez”. Arazoa, baina, sakonagoa dela dio. “Turismoari dagokionez-eta, Trebiñu nahikoa galduta dago. Ikustea besterik ez dago nola dauden errepideak, asfaltatu gabe asko, eta apenas esku hartzen dute Burgosek edo Arabak. “Herrialde ahaztua gara neurri batean”. Baldintza kaskarrak ditugu. Esaterako, Internet estaldurarik ez dago leku askotan, wifi sarea batzuetan badaukagu baina hurrengoan ez...”.

“Jendeak txotxetik edaten ikasi du”

“Gurasoek sagardotegia ireki zutenean ez zekiten jendea erakarriko ote zuten. ‘Tira, jenderik ez badator, etxebizitza bihurtuko dugu eta listo’, pentsatzen zuten. 40 lagunentzako lekua zegoen orduan, baina geroz eta jende gehiago hasi zen etortzen eta sagardotegia handitzea erabaki genuen. 120 lagun sartzen dira orain. Handitzeaz gain, instalazioak, makineria eta gainerakoak hobetzen joan gara denborarekin”.

Sagardotegia esan eta Hernani, Usurbil, Astigarraga dira inork emango lituzkeen izenak. Han dago ohitura, tradizioa, kultura… “Bai, han da kultura handiena, baina hemen ere ikasten hasita dago jendea”, kontatu zuen Julenen anaia Jonek ARGIAn, Miel Anjel Elustondo kazetariak duela bi urte egindako elkarrizketan. “Gure sagardotegira etorri baino lehen, adibidez, askok inoiz ez zuten sagardotegirik ikusi. Upelak hortxe daudela esan, altxatu eta bertatik hartu behar dutela esan, eta batzuek: ‘Eta ez daukazu sagardoa txarroan ateratzerik? Ez daukazu botilan?’, galdetzen zuten”. Julenen hitzetan, “jendeak txotxetik edaten ikasi du”. Euskararen erabileraren alde egindako lanagatik, Bai Euskarari Elkartearen Lazarraga Saria jaso zuen Trebiñu sagardotegiak 2019an, eta hura aitzakia hartuta elkarrizketatu genituen aita-semeak (ARGIAren 2.652. zenbakian).

 

Arabako hiruak

Trebiñu, Kuartango eta Aramaioko Iturrieta dira Arabako hiru sagardotegiak. Azken biek Euskal Sagardoa ekoizten dute, haien lurretan edota inguruko zonaldeetan dauden sagastietako sagarrak baliatzen dituzten heinean. Lehena Kuartangoko antzinako Zuhatzuko bainuetxean kokatua dago, Baia ibai ertzean. Iturrieta, Aramaioko Arraga auzoan.


ASTEKARIA
2021eko abenduaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagarrondotik
2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Stalinen mandatupean gatibu hil zen botanikari sobietarra

Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia sekretuak atxilotu egin zuen, eta 1942an gulag batean sartu zuten... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Sagarrondu
Sagastia okupatu, hura biziberritzeko

Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Usurbilen, esperientzia parte-hartzaile eta burujabea

Usurbilen (Gipuzkoa), 30 urteren bueltan dabiltzan bost gazte sagardoa egiten hasi ziren duela zortzi bat urte. Beñat Irazusta, Mikel Rosales, Josu Furundarena, Aitor Pagola eta Joxe Mari Zubimendi –“kalekumea ez den bakarra”, Irazustak esan... [+]


2023-01-22 | Garazi Zabaleta
Sagarraren "azken mohikanoek" badute segidarik Baztanen

Azaroa izateko epel xamar dagoen arratsalde batean iritsi gara Baztango Arizkun herri txikira, eta frontoiko mural erraldoiak herriak sagarrarekin duen loturaz zerbait esan digu segituan. Batzabalea izeneko etxean sagarraz asko dakien gizon bat bizi dela kontatu digute: Pello... [+]


2023-01-22 | Jon Torner Zabala
Eduardo Zubiria
Sagarrondoak 1.000 metrora landatu dituen eskultore matematikoa

Eduardo Zubiria, Iruñean jaioa 1963an, sagardogile eta artista matematikoa. Ama, oskoztarra; aita muskiztarra. Sustrai imoztarrak, Ultzamaldean. Badauzka han 100 urteko sagarrondoak, baita beste sagasti bat ere Erronkarin, mila metrotik gora. Artista moduan egurra lantzen... [+]


Eguneraketa berriak daude