Trebiñuko Konderriko eta Argantzungo udalek Burgosetik banandu eta Arabarekin bat egiteko lege-proposamena erregistratuko dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Auzia zuzenean Espainiako Kongresura eraman nahi dute EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk.
 
                                                        Bi udalbatzek iragan martxoan onartu zituzten Arabarekin bat egiteko mozioak, gehiengo osoarekin –PP abstenitu egin zen–. Ignacio Portilla eta Roberto Ortiz de Urbina alkateek maiatzean erregistratu zuten eskaera Eusko Legebiltzarrean.
Banaketa prozedura
Cesar Rico Burgoseko Diputazioko presidentearen hitzetan, Trebiñu Burgoseko parte dela diote Gaztela Leongo estatutuak eta Auzitegi Konstituzionalak. Borja Suarez Diputazioko bozeramaileak (PP) adierazi duenez, Trebiñuko udalen eskaera "legitimoa" da, baina pisu bera izan beharko luke Burgoseko gainerako herritarrek lurraldetasunari buruz duten jarrerak.
Estatutuaren hirugarren xedapen iragankorrak, ordea, aukera ematen du “banaketa-prozedurak abiatzeko”, baldintza batzuren pean betiere. Baldintza horietako batek dio udal ordezkarien bi herenek babestu beharko luketela aukera hori. Gaur egun bi hautesle zerrenda independenteek bina ordezkari dituzte Trebiñuko Udalean, Bilduk eta EAJk bana, eta PPk hiru.