Tosuko landan erroldatuta dagoen bizilaguna kaleratzeko izapideak hasi ditu Eusko Jaurlaritzak

  • Tosu Betirako asanbladak zabaldu duenez, uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak jakinarazi egin zuen izapideak hasi dituela Tosuko landan erroldatuta dagoen pertsona bertatik kanporatua izan dadin. Jaurlaritzak ekain hasieran helarazi zien landa okupatuta duten gazteei astebeteko epean handik joateko agindua, aparkaleku bat egiteko lanak hasi behar zituztela eta.


2017ko uztailaren 14an - 11:42
Pertsona bat dago erroldatuta Tosuko zelaian eraikitako etxola honetan. (Arg.: Hiruka-CC By SA)

2011n hasi zen okupazioa Tosu eremuan, Getxoko Andra Mari auzoan. Behien bazkarako larre hutsa zen hartan baratzeak eta etxola bat dago orain. Autoentzako aparkaleku erraldoia eraiki dadin eragoztea da gunea okupatu eta biziberritu dutenen nahia.

Teorian, aparkaleku horren helburua da aldamenean dagoen Ibarbengoako metro geltokira –2011tik eraikita dagoena, baina sekula erabili ez dena– irismena erraztea. Gaia konplexuagoa da ordea: hasiera batean inguru horretan 8.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa zegoen, eta horri erantzunez eraiki zen geltokia. Etxebizitzen proiektua linboan dagoela –segurua da behintzat, egitekotan, ez direla 8.000 egingo–, aparkalekua egitea Getxoko azken eremu urbanizatu gabea porlanez betetzen hasteko lehen urratsa dela uste dute Tosu Betirako asanbladak eta herriko beste hainbat eragilek.

Gaur egun, herritarren  joan-etorria etengabea da Tosun. Baratzean aritzeko edota antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzeko, jende ugari ibiltzen da bertan, modu finkoan Tosu Betirako asanblada parte hartzen dutenez gain. Pertsona bat dago landako etxolan erroldatuta, eta noizbait bertatik botatzen saiatuko direla jakitun, atean itsatsita daukate beste baten etxebizitzan bortxaz sartzea galarazten duen legearen pasartea. Udaltzaingoa ere joan zitzaien behin, erroldatutako pertsona benetan han bizi zela egiaztatzeko.

Gauzak horrela, Jaurlaritza ez da oraindik saiatu Tosu husteko agindua betearazten, emandako epetik hilabete inguru igaro den arren. Orain ikusteko dago zenbat denbora beharko duten Tosuko bizilagun finkoaren erroldatzea baliogabetzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tosuko borroka
Getxoko Ibarbengoako aparkalekuaren "porrota" azpimarratu du GuNe kolektiboak

Plaza bakarra okupatuta, aparkalekuak dituen 304etatik. Horrela deskribatu du GuNe kolektiboak Getxoko Andra Mari auzoko Tosu landa eremuan eraiki duten Ibarbengoako metro-geltokiaren ondoko aparkalekuaren egoera, "irailaren 2an, lanorduetan". Idatzi ironiko batean,... [+]


Getxoko Ibarbengoako aparkalekua bezalako "makroproiektuei" aurre egiteko borrokan segituko dutela iragarri dute

Hiru urteko obren ondoren, ekainaren 15ean inauguratu zen Getxoko Ibarbengoako aparkalekura bizikleta-martxa egin zuten 60 pertsona inguruk, GuNe kolektiboak deituta. Protestaldi horretan, kotxeari begirako planak ez diren alternatibak egon badaudela aldarrikatu gura izan zuten,... [+]


"Tosuren Itxialdi Jaia" egingo dute zapatuan Txorimalo gaztetxean

Getxoko Tosu landa defendatzeko urteetako borrokari behin betiko amaiera emateko, egindakoak gogoratzeko eta horretan parte hartu zutenei "eskerrak" emateko jaia egingo dute zapatuan.


2019-08-13 | Topatu.eus
Tosuko borroka gogoratu dute Algortan

Zortzi urtetako borroka omentzeko ekitaldia antolatu zuten igandean Algortako Portu Zaharrean. 2011an okupatu zuten lehen aldiz Tosuko landa. Geroztik, ibilbide luzea egin dute ekologistek.


2018-09-04 | Hiruka .eus
"Tosutik Uribe kostara" jardunaldiek eskualdera zabalduko dute hirigintzaren eztabaida

Tosu Betirako Asanbladak irailaren 10etik 22ra egingo den "Tosutik Uribe Kostara" ekimena iragarri du. "Herrien etorkizuna gutxi batzuek, herritarren iritzia kontuan hartu gabe" planifikatzen dutela salatu gura dute. Erandio eta Gorliz arteko martxa eginez... [+]


Eguneraketa berriak daude