"Torturaren auzia ez badugu guk kontatzen, ez du inork kontatuko"


2020ko urriaren 08an - 11:58
Ander Iriarte, dokumentalaren zuzendaria, grabazioak egiten.

Zer dela eta Krask Soinua? Nondik datorkio izenburua?

Azken urteotan hamaika tortura kasu irakurri ditut: batzuk indarkeriapean eginak, beste batzuk tortura psikologikoarekin, mila eratara. Zenbait testigantzak tortura modu jakin batean definitzen zuten, eta besteek, aldiz, muga desberdinak jartzen zituzten. Baina dena nolabait amalgamatzen zuen kontzeptu bat bazegoen, nahiz eta bakoitzak bere modura azaldu: nolabaiteko hauste bat. Pertsona bezala krask egiten duzun unea. Buruan azken bost urteetan grabatuen geratu zaizkidan deskribapenen arabera, lurrera erori zaren portzelanazko panpina zarela, zapalduta azala hausten zaion labezomorroa, zuhaitz baten enborra txikitzean bezala sentitzen zarela… mila adiera gauza bera esateko.

Hori da torturaren funtsa: zure krask hotsa entzutea. Torturatzaileak hori entzuten duenean, bere lana egin du. Badaki hortik aurrera berea zarela: berak nahi duena egingo duzula, berak nahi duena sinatuko duzula. Orduan, tortura amalgamatzen duena ez da beso hautsia, begi ubeldua edo 48 orduko galdeketa gogorra, krask horren bilaketa baizik. Pertsonaren nortasuna suntsitzea da, menperatzeko.

Krask Soinua dokumentalak zure aita Joxe Iriarteren istorioa du abiapuntu, gero torturaren auziari askoz ikuspegi zabalagotik heltzeko. Hasieratik zenuen garbi ikuspegi diskurtsibo hori izatea?

Ez, eta buelta asko eman dizkiot zein ikuspuntutatik egin behar genuen ikerketa hau. Azkenean, aurreko dokumentalean ere hala egin nuen Etxebarriatik-ekin: sortu zaizkidan galderak ikusleak nire bitartez edo nire ondoan egitea. Aspalditik nuen ideia torturaren inguruan dokumental bat egiteko, baina torturaren inguruko uste jakin bat nuen. Proiektuaren aurkezpenera joan nintzenean zortea izan nuen, beste kontzeptu askotaz hitz egiten hasi baitziren. Etxean banekien aita kartzelan egona zela, kolpatu egin zutela, gertatutakoa liburuan irakurri genuen… baina sekula ez genuen asumitu hori tortura izan zela, ez nik ezta berak ere. Izan ere, gero konturatu nintzen hor gauza asko dagoela tartean: lo ez egitea, non zauden ez jakitea, beti mehatxu handiagoak, mehatxuak familiari… hamaika gauza. Konturatzen zara hori manual bat dela, eta jada bazegoela helburu hori, eta frankismo garaiaz ari gara hitz egiten. Orduan jabetu ginen: guk ez genuen hau uste. Tortura gure etxean jazo zela susma badezakegu orain, zenbat jende egon ote liteke egoera berean? Eta garrantzitsuena: zer da tortura?

Tortura ulertu nahian joan naiz Paco Etxeberriarengana, Olatz Retegirengana, ikerketa nola egin duten ulertzeko. Olatz Barrenetxearengana ere joan naiz, azalpen psikologikoa jasotzeko. Bide batez, nazioartean ere saiatuko gara bilatzen zer den tortura amalgamatzen duen hori. Abiapuntu bat da ikusleak bidaia hori egin dezan.

Benetan txundigarria da: zenbakiak dantzan hasten dira, izan ere, dagoeneko ezagutzen ditut torturatuak izan direla badakiten pertsona batzuk Jaurlaritzaren informean ez daudenak

Zein izan da dokumentala egiteko motibazio nagusia, torturatu bat gertutik ezagutzeaz gain?

Hasteko, arraroa da horrela esatea, baina niri tortura gauza harrigarria iruditu zait. Nire amesgaizto handienetariko bat da, eta uste dut jende askorena izan daitekeela. Militantzia politikoagatik torturatua izatea, beti izan dut beldur hori: ez zenuen muturreko militantzian amaitu beharrik egunen batean leku txarren batean egonez gero komisaldegian amaitu eta hori gertatzeko. Gero, behin horren inguruan hausnartzen hasita, liluratuta utzi ninduen Jon Arretxeren La sombra del nogal liburuak. Beti neraman hori buruan, eta modu zientifikoan ikertzeak erakartzen ninduen. Zer gertatu da? Honetan sartu naizenetik nire inguruan tortura kasuak bata bestearen atzetik azaldu zaizkidala. Ikaragarria. Espero ez zenuen jendea esatera iritsi zait: “Hori tortura bada hemen denok gara torturatuak!”. Ea komisaldegian egon ziren galdetzen nienean, baietz erantzun eta deskribatu egiten zidaten. Benetan txundigarria da: zenbakiak dantzan hasten dira, izan ere, dagoeneko ezagutzen ditut torturatuak izan direla badakiten pertsona batzuk informean ez daudenak. Beraz, zera galdetzen diozu zeure buruari: [Eusko Jaurlaritzak argitaratutako] 5.000ko zifra hori non amaitzen da? Beldurtu egiten zara.

Filmaketari 2021. urte hasieran ekingo diozue, dena den, trailerrean jada zenbait testigantza esanguratsu ageri dira. Zeintzuk dira elkarrizketetarako bilatu dituzuen profilak?

Bost urte daramatzagu honekin lanean. Proiektua asko zabaltzera iritsi gara, eta azkenean konturatu gara guk egin behar duguna Darwinek eboluzioarekin egin zuena bezala: Galapagoen eboluzioaren aztarna jarraituz mundu osoan eboluzioak nola funtzionatzen duen uler daiteke. Gure gaira etorrita, hemen oso kasu konkretua dugu, asko ikertua, denboran zehar lagin handia ematen diguna. Hemengoa aztertuta, ikus daiteke munduan zer gertatzen den torturarekin.

Ez gara horrenbeste joango torturatuengana (joango garela); gehiago da tortura egin dela eta nola funtzionatzen duen balioesten dutenen ikerketan zentratzea. Hau da, Paco Etxeberria hartuko dugu ordezkari, bera baita ikerketa-proiektua azalduko diguna bere osotasunean, bere sorrera eta igortzen dituen zifrak aztertzeko. Olatz Retegirekin jarraituko dugu, egun ere ikerketak egiten ari baitira torturatuak elkarrizketatzen eta zifrak gehitzen. Ikerketa lan hori nola egiten duten ulertzen saiatuko gara. Olatz Barrenetxea eta Miguel Ángel Navarrorekin, berriz, ikusiko dugu nola funtzionatzen duen psikologikoki Istanbulgo protokoloa delakoak, tortura fisiko zein modernoak dituen eragin psikologikoekin batera. Beraiek azalduko digute, holistikoki, nola funtzionatzen duen horrek. Nola pasatu duten askok gaur egun munduan existitzen den probarik zorrotzena: Istanbulgo protokoloa.

Gero, ahal badugu, Kopenhagera joango gara kasuak hartu eta mundu osokoekin alderatzeko. Bertan baitago torturaren errehabilitaziorako mundu mailako zentro garrantzitsuena.

Torturaren fenomenoa Euskal Herrikoa ez ezik, Mendebaldeko hainbat herrialdetako kontua dela azpimarratu duzue. Nondik helduko diozue horren tematika sakonari?

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Nazio Batuen Erakundea sortzen da. Bertan nolabaiteko kontsentsua dago Auschwitzekoa eta gero giza eskubideen filosofiarekin. Orduan, euren burua “gizarte aurrerakoitzat” dutenek, giza eskubideen karta idaztea erabakitzen dute. Bertan, tortura zehazten da egin ezin daitekeen gauzen artean. Zer gertatzen da? Hori oso ondo dagoela gerraostean, baina gero estatu guztietan gatazkak piztu zirela. Lehen egiten zuten bezela torturatuz gero, markak geratzen dira. Orduan, beldurra erabiltzearen aldeko hautua egiten dute, eta askoz eraginkorragoa dela konturatzen dira. Hortik aurrera eskalada bat dago mundu osoan. Euskal Herrian duguna, azken finean, prozesu orokor horren lagin txiki bat da. Frankismotik hasi eta balizko demokraziara pasatzen den gizarte batean, Darwinen adibidearekin parekatuz, eboluzioa oso argi ikusten da.

Status quoa birrindu dezaketen mugimenduen kontra estatuak erabiltzen duen gerra zikina da tortura

Zeintzuk berezitasun izan ditu torturaren erabilerak Euskal Herrian?

Tortura nazioartean baliatzen ari da mugimendu sindikal, ekologistak, eta orohar, birrindu nahi den edozein mugimenduren aurka. Hemen argi egon da mugimendu batzuk egon direla, azken aldian gehiago fokalizatua ezkerreko abertzaletasunaren inguruan. Dena den, ez dira bakarrak, tortura jasan zuten askok ez zuten zerikusirik eta ez ziren abertzaleak 80ko hamarkadan. Orduan, ikusi dut gehiago dela status quoa birrindu dezaketen mugimenduen kontra estatuak erabiltzen duen gerra zikina.

Zer hauteman duzue urteekin eraldatu den praktikari buruz?

Hori da dokumentalean zehar ikusiko den gauzetariko bat. Oraindik egiteke dugunez, susmoen inguruan ari gara. Baina ikusi dugu nabarmena dela tortura psikologikoak gora egin duela, eta fisikoak, aldiz, behera. Unai Romanorena bezalako kasu gutxiago dago denborak aurrera egin ahala. Baina hori askoz eragin psikologiko larriagoak uzten ari da aldi berean, batez ere neurtzeko zaila daukagulako eta ez dakigulako.

Urriaren 8tik aurrera crowdfounding kanpaina abiatuko duzue ekoizpena finantzatzeko. Zenbateko aurrekontua behar duzue eta noizko lortzea espero duzue?

Guk ez badugu kontatzen ez du inork kontatuko. “Konta dezagun” izango da gure kanpainaren lema, eta hori argi utzi nahi nuke. Izan ere, badaude egon behar diren bestelako istorio batzuk, Patria bezalakoak. Bertsio horien existentzia gizarte bezala osasuntsua da, baina horiek babes jakin bat dute. Guk oraintxe bertan proiektu hau egitea bermatu nahi dugu, eta behar dugun minimoa 10.000 eurokoa  da. Optimoa, lasaiago egiteko, 30.000 eurokoa litzateke. Hortik aurrera eman nahi den guztia, gauza jakina da zenbat kostatzen den ikus-entzunezko formatuan taxuzko zerbait egitea. Beraz, topea ia zeruan dago, zenbat eta baliabide gehiago izan orduan eta duinago egingo baitugu.

Datari dagokionez, oraintxe ikusiko dugu zer nolako herri-harrera duen. Nik uste dut herriak azkar eta bizkor erantzuten badu jende gehiago animatuko dela. 40 egun ditugu minimoa lortzeko, baina hori askoz azkarrago lortu eta data berean optimoa lortzea espero dut. Gero, hortik gorakoa baldin bada, hobe.

Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak jendeak jarritako dirua bikoiztu egingo du, hau da, jarritako euro bakoitzeko beste bat jarriko du.

Filmeko fotograma bat.

Nolako harrera espero diozue dokumentalari?

Hau ez da ez konbentzituei ez sektore politiko jakin bati zuzendutako dokumentala. Giza eskubideengan sinesten duen edonori zuzenduta dago. Nire ametsa izango litzateke horietara iristea. Izatez, debate hau, askotan esan ohi den bezala, batzuei gertatzen zaie, baina niri gertatzen ez zaidan bitartean gaitzerdi. Gure printzipioetan sartu behar den oinarri bat da: giza eskubideen alde baldin bazaude, torturaren kontra egon behar duzu. Gero, ez bazaude ados esaten den guztiarekin, behintzat gura behar duzu hontaz hitz egitea. Torturaren ukatzaileen artean bi pertsona mota daudela esan ohi da: sinesten ez dutenak eta sinetsi nahi ez dutenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dokumentalak
Kronika
"Bidasoan barrena, beti dira bide berak"

Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren proiekzioa

Non: Martuteneko espetxean, Donostian

Noiz: Abenduaren 22an, ostirala, 16:00etan

Sarean ikusgai: Primeran plataforman

------------------------------------------------

Gabonak dira. Ostiral bazkalostea. Martuteneko... [+]


2024-01-12 | Euskal Irratiak
Italia eta Afrika ardatz Miarritzeko FIPADOC festibalaren seigarren edizioan

FIPADOC Nazioarteko dokumental jaialdia berriz heldu da Miarritzera. Urtarrilaren 19tik 27ra ospatuko dute, eta seigarren edizio honetan «Italia eta Afrika» izanen dira protagonistak.


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


2022-11-11 | Leire Artola Arin
Olga Rodríguez, Ekialde Ertainean aditua
"Matxismoa Egiptoko estatuaren muina da, eta armadak beti aplikatu du"

Egiptoko matxinadetan emakumeei egin zizkieten sexu erasoak ditu abiapuntu As I Want (Neuk nahi bezala) 2021eko dokumentalak. Samaher Alqadi zuzendariak lehen pertsonatik eta gordin erakusten ditu 2011 eta 2013 artean bizitakoak, besteak beste, Kairon piztu ziren emakumeen... [+]


2022-09-11 | Kepa Matxain
Dolutik sortutako bidaia tantrikoa

Hilabete gutxiko tartean hil zitzaien ama Irati Gorostidiri (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echavarriri (Iruñea, 1988), biak 1978an Lizason egonkortutako Arco Iris komunitate tantrikotik igarotakoak. Lehendik ere esperientzia hari buruzko interesa bazuten, dolu prozesuan... [+]


Eguneraketa berriak daude