Talibanek AEBren datu baseak eta teknologia baliatzen dituzte erregimenaren aurkako biztanleak identifikatzeko

  • Hatz marken, irisaren eta aurpegiaren identifikazioa egiten duen sistema automatizatua erabili izan dute Estatu Batuetako militarrek Afganistanen. Orain, talibanen esku geratu dira datuok eta atzemateko gailuak, The Intercept hedabideak kaleratu duen ikerketa baten arabera.


2021eko abuztuaren 23an - 12:27
Azken eguneraketa: 14:35
AEBetako militar bat Afganistango biztanle baten datu biometrikoak hartzen, 2012an. Argazkia: Getty images

Talibanak AEBetako militarrek Afganistanen baliatutako teknologia biometrikoa erabiltzen ari dira koalizioko indarrei lagundu dieten biztanleak identifikatzeko. The Intercept hedabideak kaleratu duen ikerketa baten arabera, gailuak HIIDE (Identitatea hautemateko agentzien arteko gailu eramangarriak) bezala ezagutzen dira, eta BAT —automatizatutako tresna biometrikoen multzoa— datu baseetara dute sarbidea.  

AEBetako soldaduek lurraldean mehatxu ziren pertsonak identifikatzeko erabili izan dute informazio biometrikoa. Peter Kiernan Itsas Operazio Berezien Komandoko beteranoak BBCri adierazi dionez, Afganistango herrietako edozein biztanle sartzen zuten sisteman —berez, kriminalen eta terroristen datuak biltzeko asmoa bazuten ere—. "12 hazbeteko eta sei hazbeteko zabalerako gailua zen. Hatz aztarnak eskaneatzen zituen, erretina eskaneatzen zien eta argazkia ere ateratzen zien".

Afganistan erori eta talibanak boterera heltzean, datu horiek guztiak haien esku geratu direla adierazi dute hainbat eragilek, Brian Dooley Human Rights aktibisten taldeko aholkulariak kasu. Oraindik informaziorik zabaldu ez bada ere, tresneria erabiltzeko talibanek bitarteko gehiago behar izango dutela zabaldu da, baina Operazio Berezietako beterano batek The Intercept hedabideari jakinarazi dionez, uste dute Pakistanetik lagunduko diela ISISek militarrek garatutako makineria martxan jartzen.

Eta ez hori bakarrik. Soldaduen datu baseez gain, laguntza humanitarioko agentziek eta beste erakunde batzuek gordetako datuez ere baliatu daitezke talibanak atzerriko indarrekin lan egin izan duten aktibista, kazetari, interprete zein ustez erregimen berriaren aurka jo duten guztiak zeintzuk diren jakiteko.

Reuters agentziak jaso duenez, hedabide lokalek duela bost urtetik salatu izan dute talibanek teknologia hori erabiltzen zihardutela: segurtasun indarrek hatz markak datu baseetan bilatzen zituzten identifikaziorako. Radio Free Europe/Radio Liberty AEBren Afganistango kateko kazetari batek, berriz, berriki salatu du talibanek etxez etxeko bilaketak egin dituztela datu biometrikoak erabiliz, “gobernu ofizialak, poliziak eta segurtasun indarretako kideak zein atzerriko herrientzako lan egiten duten GKEetako pertsonak” atzemateko.

Identifikazioa ekiditeko “aholkuak” 

Mehatxu horren aurrean, nazioartetik hainbat aholku luzatu dizkiete Afganistango biztanleei talibanek jarraitu dezaketen arrasto digitala ezabatzeko. Human Rights First taldeak farsi hizkuntzan idatzitako gidaliburu bat zabaldu du interneteko historia digitala nola ezkutatu azalduz. Kontrol biometrikoak igarotzeko lana zailagoa da. Aurpegia identifikatzeko gailuekin, beherantz begiratzea gomendatzen da, jantziekin ezkutatzea edo makillaje asko jartzea; hatz markak edo irisaren forma atzemateko gailuak engainatzea, ia ezinezkoa da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Afganistan
Milaka pertsona hil dira Afganistanen izandako lurrikaren ondorioz

Azken hamarkadetan Afganistanen izandako “lurrikara suntsitzaileenetarikoak” izan dira. 2.530 pertsonal hil eta 9.240 zauritu dira EITBk argitara eman duenez.


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Emakumeek hezkuntza jasotzeko eskubidearen aldeko kanpainaren burua atxilotu dute talibanek

Matiullah Wesa aktibista atxilotu dutela salatu du UNAMA elkarteak astelehenean eta Afganistango Gobernuari arrazoia argitzeko eskatu dio. Ekintzaile afganiarrak emakumeen hezkuntza errazteko Pen Pathen kanpainaren sortzailea da. Igandean bideo bat publikatu zuen hezkuntzarako... [+]


2022-12-26 | ARGIA
Unibertsitatean ikasketak egiteko debekuaren ostean
GKEtan lan egitea debekatu diete emakume afganiarrei talibanek

Argudiatu dute Gobernuz Kanpoko Erakundeen lantokietan emakumeek ez dituztela janzkera arauak errespetatzen. GKE ugarik salatu dute emakumeen lanik gabe ezin izango dutela osasun eta giza arreta eman. Joan den astean, talibanek debekatu egin zieten... [+]


Eguneraketa berriak daude