Inork ezingo du uka Bagram aire-basearen estrategikotasuna. Ez soilik Afganistanerako. Bada, horrexegatik-edo, orain, Donald Trump delako batek berreskuratu egin nahi du Bagram aire-basea Estatu Batuentzat.
Akabera txarra igartzen zaion zerbaiti buruzko parrastada izan ohi da gure artean: “Azkenak, itzal dezala argia”. Baina norbaitek taktika bihurtu nahi izan zuen duela lau urte. Eta egin ere halaxe egin zuen 2021eko uztailaren 1etik 2rako gaueko ordu txikietan Afganistango Bagram aire-base erraldoian: baseari argindarra ematen zion estazioa ere indargabetu ondoren, azken hegazkinera igo eta ospa egin zuten ia hogei urtez bertako jaun eta jabe izandako AEBetako azken soldaduek. Laguntzaile zituzten eta handik metro gutxira zeuden Afganistango armadako tropei ezer esan gabe. Eraman ezin zuten guztia bertan utzita.
Ondorengo asteetan gertatu zen inplosioa eta Kabulgo aireportuko ikuskizun danteskoa Bagrametik abiatu zela esatea ez da asmazioa, ezta gutxiagorik ere. Hamaika aldiz eraso eginda zuten basea bera, tiro bakarra ere bota gabe geratu zen talibanen eskuetan. Berrogei urteren buruan, sobietarrek eraiki zutenetik, zazpi edo zortzigarren eskualdaketa zen.
Inork ezingo du uka Bagram aire-basearen estrategikotasuna. Ez soilik Afganistanerako. Bada, horrexegatik-edo (gogoan izan Mark Twainen ahotan jarri ohi dena: “Jainkoak gerra asmatu zuen amerikarrok geografia ikas genezan”), orain, Donald Trump delako batek berreskuratu egin nahi du Bagram aire-basea Estatu Batuentzat. Eta eskatu ere, bere estilora eskatu die talibanei: mehatxuka eta purrustaka. Haiek, diren bezalakoak direlako, ezetz esan diote biribilki, eta inor ez da harritu.
Gutiziagarri zaion edozer beretu nahi izateko ume-joera gero eta nabariagoa duen Trumpen azken ateraldi horren alderik bitxiena, hala ere, darabilen zergatia litzateke. Eman duen arrazoia ez baita, Panaman bezala, “guk egina da”; edo Groenlandian bezala, “gure premia eta segurtasunerako oso interesgarria litzateke”. Esan du: “Txinak bere arma atomikoak egiten dituen lekutik ordubetera dago”. Arin ibilita, beharko.
Jakin behar luke (eta hala ez bada, alboan zuen Starmer-ek esango al zion) Txinak Xinjiangen dituen baliabide nuklearrei buruz ari bazen, Lop Nur-eko instalazio ospetsu historikoak bederen, Bagrametik 2.000 kilometrora daudela. Eta muga bera, 600 kilometro baino gehiagora. Hamaika aldiz gertuago egongo dira hainbat armategi nuklear txinatar Hego Koreako Camp Humphreys-etik, edo Okinawatik.
Eta hain zuzen ere, gertutasun horrexegatik, estratega estatubatuarrak haietatik urruntzen ari direla beren baliabide nagusiak. Txarrera jarrita, Txinak amen batean suntsituko lituzkeelako. Baita Bagram “estatubatuar” bat ere. Irailaren 3ko desfilean ikusitakoaren kontuak atera dituenak jakingo du hori.
Bagramek ez du balio garai batean balio zezakeena. Geografian oso iaioa ez dirudien Trumpentzat gutiziagarria bada ere.