'Dos estaciones' filmeko fotograma bat.

2022ko irailaren 18an - 07:37

Zinemaldiko bigarren eguna modu ezin arinagoan hasi dut: ikusi behar nuen filmaren inguruko inolako aurreikuspen ezta jakin-minik gabe. Egia osoa esatearren, ikusi aurretik ere, Dos estaciones mexikarrak aldarrikatu ditzakeen erreferentziak ez dira batera makalak. Izan ere, Zinemaldian bertan hautatua izan zen 2019ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan gidoia bultzatzeko, eta 2021ko WIP Latam ekimenean, postprodukzio fasean dauden proiektuentzako.

María da Dos estaciones filmeko protagonista, tekila ekoizten duen lantegiko patroi isil eta zuhurra. Etsipenaren suak harrotzen ez diren bitartean, tekila ekoizle kanpotarren zein agabe eskasiaren mehatxuei aurre egin beharko die Mariak, lantegiaren kudeaketarekin laguntzeko kontratatu duen eta begiko duen Rafa neskarekin batera.

Maria filmeko erdigunea badugu ere handinahia da Juan Pablo Gonzálezen asmoa; eraikuntza, landare, animalia eta pertsonaien bilbe aberatsa sortzea lortzen baitu. Hala, narrazioa etengabe urruntzen da argumentu nagusitik eta, ildo berean, ugariak dira gertaeren garapenari gutxi gehitzen dioten plano estetikoki oso zainduak, esku trebea eta sentsibilitate berezia aditzera ematen dutenak. Hain zuzen ere, egunerokotasunean ematen den edertasunaren tentuzko lanketa horretan antzeman daiteke Gonzálezen dokumentalista formakuntza.

Esan nezake tekila egiteko beharrezkoak diren mimoa eta artisau teknika filmean bertan ere islatzen direla, pertsonaien eta irudien tratamendu zeharo zainduan. Sorpresa ederra izan da Dos estaciones, Horizontes Latinos saileko norgehiagokari begira, dudarik gabe kontuan hartu beharreko obra.

 

Mi país imaginario filmeko fotograma bat.

Latinoamerikako ortzi-mugetatik alde egin gabe, Mi país imaginario ikusteko parada ere izan dut gaur; oraingoan, aurreikuspen zehatzik gabe baina jakin-min sutsuarekin. Patricio Guzmán zuzendariaren sinadurak, zalantzarik gabe, ateak ireki dizkio lan honi, diskurtsiboki susmagarria eta formalki zein artistikoki aspergarria iruditu zaidana.

Txilen 2019an milaka ikaslek hasitako protesten argazkiak eta bideoak hartzen ditu abiapuntutzat dokumentalak. Guzmánen beraren off-ahotsaren gidaritzapean, hainbat emakumeren testigantzekin eta hausnarketekin osatzen doaz dira irudiok, urriaren 18an eztanda egin eta horren ondorioz piztu zenaren kontakizun kronologikoa eskainiz.

Filmak aurkezten dituen gertakari eta kontakizunak ez dira, noski, neutralak. Hala, azkar egiten du salto dokumentalak kaleetatik parlamentura eta, handik, Boric presidentearen izendapenera; batek halabeharrez bestera eramango balu bezala. Zalantzarik gabe, herrialdean bide instituzional berria irekitzeko baldintza beharrezkoa izan zen errebolta; alabaina, horrek ez du esan nahi erreboltaren ondorio bat eta beharrezkoa bide instituzionala zenik. Zintan zehar, hainbatetan errepikatzen da Txilen abiarazi zen altxamenduan ez zegoela politikari profesionalentzat lekurik. Ordea, erreboltaren ordezkari eta zaindari bezala aurkezten zaigu amaieran Boricen gobernua. Hala, indarrez eta itxaropenez beteta dauden protesten irudiak sozialdemokrazia ezkertiarraren aurpegi aurrerakoiena apaintzeko propaganda bihurtzen dira, haien potentzialitatea desitxuratuz.

Filmaren hasieran Guzmánek diosku La Batalla de Chile maisulanaren lehen atala grabatzen ari zelarik Chris Marker ezagutu zuela Txilen. Hurrengo aholkua eman omen zion Markerrek: sute bat filmatu nahi izanez gero, lehenengo sugarra piztuko den tokian aldez aurretik egotea beharrezkoa da. Mi país imaginario ikusi ondoren, nire susmoa da Guzmánek eta bere taldeak aspaldi galdu dutela bistatik sua, eta horri darion keari begira baino ez daudela orain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2022
Esti Urresola Solaguren. Cannesetik Donostiako Zinemaldira.
“Ikus-entzunezkoek botere eraldatzaile handia daukate”

Cuerdas lanak eraman du Donostiako Zinemaldira Esti Urresola Solaguren film zuzendari eta gidoigilea (Laudio, 1984). Kristalezko sabaidun alfonbra gorriek sarien fokupean harrapatu dute: Goya sarietarako aurre-hautaketara heldu zen Polvo somos bere lana, eta Canneseko jaialdian... [+]


'Black is Beltza II' edo ia mundu guztiaren historia

Anaiak kontrakoa abesten zuen arren, Fermin Muguruzak beti handira hordago. Zinemaldian animaziozko filma estreinatu, eta non, eta Belodromoan. Eta zer, eta bete. 3.000 lagun txaloka eta txistuka, eta pozik eta hunkituta, eta atzera begira eta triste batzuetan, eta nik zer... [+]


2022-09-26 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia, azken eguna
Arnasarik gabe


2022-09-24 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia 8. eguna
Zinemaldiko amek ez dute


Eguneraketa berriak daude