‘Bi arnas’ filmaren egileek nabarmendu dute torturaren ondorioek jarraitzen dutela egun ere

  • Irailaren 22an Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean Bi arnas filma eman dute. Bertan izan dira filmaren zuzendari eta gidoilari Jon Mikel Fernandez, produktore Kima Arzuaga eta protagonista Mari Nieves Díaz, Nekane Txapartegi eta Paco Etxeberria, protagonista nagusi Iratxe Sorzabal Estremerako kartzelan dagoela gogoratuz. Filma ikusi aurretik eta ostean egileek egindako solasaldian azaldu dute lan hau egiterakoan izan dituzten hiru erronka artistikoak, jotako ateetan jasotako erantzunak... eta galdera honi nork bere erantzuna eman dio: gaia tortura izanik, zergatik ez du filmak eztabaidarik ez zalapartarik piztu?

"Bi arnas" filmaren egileak Zinemaldiko emankizunaren atean. Ezkerretik hasita, Kima Arzuaga (ekoizlea), Nekane Txapartegi eta Mari Nieves Díaz (protagonistak) eta Jon Mikel Fernandez (zuzendari eta gidoilaria). Argazkia: Dani Blanco.

2022ko irailaren 23an - 06:52
Azken eguneraketa: 08:02
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Bi arnas-en zuzendari eta gidoilari Jon Mikel Fernandezek azaldu zuen gaia tortura duen film honen berezitasuna dela ama-alaben begiradatik kontatua izatea. "Erronka hirukoitza" izan zutela dio: "Batetik, Iratxe eta Mari Nievesen zauria azalera ekarriko zuen filmak, ordura arte ez baitzioten elkarri torturari buruz hitz egin. Lehen erronka, beraz, mimoz eta pertsonaiak zainduz egitea zen". Bigarren erronka "zinematografikoa" izan zela esan zuen jarraian Fernandezek, hau da, nola egin kontakizuna pantailaren joko-arauetan, eta itsasoa hartu zuela kontakizunerako bidailagun, itsasoak berekin baitu askatasun zentzua, baina baita itorlarriarena eta arnasarena ere. Eta hirugarren erronka, Fernandezen hitzetan: "Ez genuen panfleto bat egin nahi, nahiz eta panfletoen alde nagoen. Tortura beste era batera salatu nahi genuen, egun presente dagoen zauri bat dela azalduz, ez dela iraganeko kontua, egun bere ondorioak pairatzen jarraitzen baitugu".

Herritarren ekarpenekin egina

Kima Arzuagak xume eta argi hitz egin zuen filma ikusi aurretik: "Berriak gara mundu honetan. Inongo diru-laguntza publikorik gabe egin dugu, baina zientoka jendek jarri du dirua eta horrek lagundu digu. Eskerrik asko arlo teknikoan aritu direnei eta eskerrak haien jakintza, bihotza eta esperientzia jarri dituzten protagonistei. Besarkada bat hemen egon ezin den Iratxeri".

Eta filma ikusi ostean, lehen galdera berari egin zion publikoak, ea zein ate jo zituzten baliabide bila eta zer erantzun jaso zituzten. Arzuagak esan zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza batera aurkeztu zuten proiektua baina ez zuen laguntzarik jaso, eta ETBri eskatu zioten bere artxiboko irudiak erabiltzeagatik ez ordaindu behar izatea. "Gure proiektuarekin ez duela bat egiten erantzun zigun". Datozen asteetan negoziatuko dute ea telebista publikoak emango duen film hau, eta zein baldintzatan. Arzuagak umorez bota zuen Fernandezi begira: "Ateak jotakoan ere, ez genuen izenik zinemaren munduan. Honek ezagunago egin zaitu, agian hurrengo baterako...".

Sorzabal: espero ez zen moduen bidez, filman hitza hartuz

Fernandezek azaldu zuen filma egiten hasi zirenean ez zutela modurik Sorzabalek parte hartu zezan. Baina jada azken-azken fasean zirenean, kartzelan egin zuten antzerki parte-hartzaile bat tarteko, Sorzabalek bere bizipenak azaltzen zituen testua eta honen irakurketa grabatua bidali zien (filmaren bukaeran agertzen dena). Hau entzun zuenean, Mari Nievesek gutun bat idaztea erabaki zuen, eta gutun honek zabaltzen du filma.

Horrez gain, filma egiten ari zirela jakin zuenean, Asier Arizeta egileekin jarri zen harremanetan, eta berak aspaldi Sorzabali egin zion elkarrizketaren bideoa pasatu zien. Beraz, Sorzabalek publikoari begietara begira hitz egiten dio filman.

Filmaren estreinaldian ere bilatu zuen Sorzabalek herritarrekin bat egiteko modua: Irunen eman zen egun eta ordu berean ikusi zuen presoak ere estreinakoz filma, espetxeko pantailan.

Filma ikusi osteko solasaldian Kima Arzuagak (erdian) eta Jon Mikel Fernandezek (eskuinean) aurkezlearen galderei eta publikoarenei erantzun zieten. Publikotik, Paco Etxeberriak eta Nekane Txapartegik hartu zuten hitza. Argazkia: Dani Blanco.
Zergatik ez da debaterik sortu?

Tortura sistema oso bat dela nabarmendu zuten hitza hartu zuten denek. "Tortura praktikatzen duena katebegi bat da, poliziatik epaileraino doan sistema oso batena. Beraz, berau bukatzeko maila politikoan hartu behar da erabakia" esan zuen Fernandezek. Publikoari erantzunez, esan zuen hedabideetan ia ez duela espaziorik torturaren gaiak. Eta hausnarketarako galdera hau utzi zuen airean: "Zergatik ez du Bi arnas filmak debaterik sortu? Bi hipotesi datozkit burura. Bata, dagoeneko estali ezina edo ukaezina delako torturaren errealitatea. Eta bigarrena, indiferentzia. Hori larriagoa litzateke".

Paco Etxeberriak hartu zuen hitza solasaldiaren amaieran: "Zure bi hipotesien artean, ukaezina izatearekin geratzen naiz. 20 urteko gazteen artean egindako inkesta batek dio %80ak erantzun zuela baietz, torturatu dela 'eta asko'. La pelota vasca filma eman zenean sekulako zalaparta piztu zen, torturaren gaia aipatzen zen bertan eta izan zen ez erakustea eskatu zuenik. Esan duzuen moduan, tortura ez da iraganeko gai bat, egungo arazoa baizik: torturatuak izan direnen %7ak sekuelak ditu eta artatzea behar dute. Torturatu kopurua ikusita, horrek esan nahi du ehunka pertsona direla egun kalean egonik ere, gizartearen errespetuarekin batera laguntza espezifikoa behar dutenak, eta hori bermatu egin behar da".

"Torturaren aparatoaren parte da jendartea ere"

Nekane Txapartegiren hitzek itxi zuten solasaldia, eta ordura arte aipatuak izan ziren gaiez bere ikuspegia eman zuen:

"Torturaren alde edo kontra zaude, ez dago erdibiderik. Erantzuten ez duena, badakigu non dagoen.

Torturatuok hildako bizidunak gara. Txikitu gintuzten, gero bakoitzak bere baliabideak ditu osatzeko, baina artatzeaz gain aitortza politikoa behar dugu berriz suntsituak izan ez gaitezen.

Tortura sistematikoa da, bai, eta bere parte da polizia, filman ikusten da bestaldera begiratzen duten medikuak eta epaileak ere hala direla... baina aparato horren parte da jendartea ere, urte askoan jende batek ez duelako ikusi nahi izan, eta tortura kasuak bakan bezala hartu nahi izan dituzte. Torturaren aurka egitea gizarte osoaren eginbeharra da: guk estradizio eskaerak kalean egindako presioarekin gelditu genituen, Suitzako Gobernuari zail egin zitzaiolako torturatzen duen estatu baten konplize bihurtzea. Izan ere, ni 'terrorista' izendatzetik 'torturatu' izendatzera pasa ziren hango hedabideak.

Nik salaketa egitea hartu dut terapia kolektibo bezala. Bost egun horietan torturatzaileek erabaki zuten nire bizitzaz, orain ez diet utzi nahi haiei erabakitzen. Aukera dudan guztietan mikroa hartzen jarraituko dut, gaur hemen bezala, salaketa kolektiboa egiten jarraituko dudalako, denek ez dutelako aukera hori izan. Baina nik ez diet tortura kontatu nahi sinesten nautenei, maite nautenei mina aurreztu nahi baitiet. Nik ozen hitz egin nahi diet, tortura gordetzen saiatzen direnei eta berau legitimatzen dutenei".

Bukatzeko, "ama guztiak" ekarri zituen gogora: "Gure ama duela hilabete hil da. Aske ikusi nau, baina ez du torturaren aitortza politikoa ezagutu. Haien seme-alabak aske ikustea eta torturatuak izan zirela politikoki aitortuta ezagutzea nahi dut Iratxe eta Mari Nievesentzat, eta torturapean autoinkulpatutako preso eta ama denentzat".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Beste bi torturatu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Guillermo Garcia eta Ioseba Pagola “giza eskubideen urraketen biktima” izan zirela aitortu du gobernuak. Egiaren Garaia Da plataformak “positiboki” baloratu ditu beste bi aitortza hauek.


Egoi Irisarri: “Grande Marlaskari torturak kontatzen nizkionean, primeran gogoratzen dut nola irribarre batekin entzuten zituen”

Beste 20 pertsonarekin batera, Guardia Zibilaren esku zegoenean pairatu zituen torturak aitortu dizkio Nafarroako Gobernuak. Urrats honetara heltzeko Torturatuen Saretik egindako lan kolektiboa azpimarratu du Euskalerria Irratian. Ziklo baten itxieratzat hartu du aitortza... [+]


Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


2025-06-05 | ARGIA
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


Iratxe Sorzabalen aldeko epaiari helegitea aurkeztuko dio fiskalak

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Guardia Zibilak eragindako torturak onartu eta Sorzabal errugabetu zuen epaiaren aurka. Sorzabalek bere burua autoinkulpatu zuen gutuna torturen ondorioz idatzi zuela ebatzi zuen Auzitegi... [+]


40 minutu Iratxerekin

Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpen hau onartu du: "Iratxe Sorzabal zaintzeaz arduratzen ziren funtzionarioek elektrodoak aplikatu zizkioten deklaratzera behartzeko, eta horrek zera dakar, haren oinarrizko giza eskubideak nabarmen... [+]


Sorzabalen epaia oinarri hartuta tortura bidez eraikitako frogak indargabetzeko eskatu du Euskal Herriko Torturatuen Sareak

"Erantzukizun publikoa hartzeko ordua" dela esan du Euskal Herriko Torturatuen Sareak, Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal Guardia Zibilak torturatu zuela onartu eta horregatik errugabetu ostean. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio EAEko aitortza eta erreparaziorako... [+]


“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


Espainiako Estatuaren “isiltasuna” salatu eta hori egitea “tortura estaltzea” dela azaldu du EH Bilduk

Giza eskubideen urraketa horietan duten erantzukizuna aitortu gabe jarraitzen dutela seinalatu du koalizio subiranistak.


Sorzabalen epai “historikoaren” aurrean torturaren izaera “sistematikoa” azpimarratu eta ekinbide judizialak iragarri dituzte

Larunbatean prentsaurreko bateratua eman dute Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Iratxe Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek. Ostegunean ezagutu zen sententzia mugarria dela adierazi dute hirurek. Larrartek adierazi du Estrasburgoko epaitegira... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Torturaren beste bost biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Oraingoz Nafarroan, 53 izango dira estatuaren biktima aitortuak eta horietatik 27 torturaren biktimak. Floren Beraza, Txaro Buñuel, Cecilio Ruiz, Patricia Perales eta Izaskun Juarez dira aitortutako torturatu berriak.


Eguneraketa berriak daude