Londresen parranda, Norvegian ajea

'A human position' filmeko fotograma.

2022ko irailaren 22an - 09:43

Hogeita hamar urte luzez trans komunitatearentzat babesleku izan den WayOut Londreseko kluba da Izaskun Arandiaren My way out filmeko izarra. Tira, hori ez da guztiz egia, Arandiaren filmak ez baitu izar bakarra behatzen, aldiz, galaxia oso bati egiten dio so. Hain zuzen ere, aipatutako kluba osatzen duten hainbat emakumek, emakume transek, ardazten dute Zinemira sailean lehiatzen den dokumentala.

Azkenaldian Euskal Herrian garatu diren hainbat proiekturen atzean izan dugu Izaskun Arandia, bai gidoilari –Bihar dok 13 (2018) – zein produktore lanean –Non dago Mikel? (2020)–. My way out da, beraz, Arandiak zuzentzen duen lehenengo proiektua, Londreseko klubaren magia dokumental formatura daramana.

Hogeita hamar urte luzeotan eskainitako hamaika ikuskizunen bideoak eta gaur egungo festa giroaren irudiak dira elkarrizketatuak diren emakumeen bidelagun. Musika, dantza eta kopa artean, emakumeetako bakoitzak oroitzapen, pasadizo eta aholku propioak oparitzen dizkio ikusleari, trans komunitatearentzat erreferentzia bihurtu den lokalaren historia plurala marraztuz. Hori bai, denek ala denek azpimarratzen dute sozializatzeko  gune seguru bezala zein garrantzitsua izan den Mom Vicky Leek zuzentzen duen txokoa; bai LGTB komunitatearentzat, zein beste edonorrentzat.

Elkarrizketak eta dantza tartekatzen dituen formatuak ez du harridurarako tarte handirik uzten. Alde horretatik oso berritzailea ez bada ere, erretratatzen diren emakumeen distirak betetzen du filma. Nire sorpresa nahia, gainera, asetua izan da aurkezpen emanaldia eta geroko solasaldian; izan ere, Izaskun Arandiarekin batera, gure artean izan ditugu Vicky Lee eta Leslie bere bikotea. Txalo zaparrada jaso eta gero klubeko azken berriak partekatu dituzte gurekin, bai eta trans emakumeen borrokaren aldeko aldarria berretsi ere.

WayOut klubeko neoizko argiak utzi eta norvegiar herri txiki bateko lasaitasun lodira bidaiatu dut A human position filmarekin. Herriko egunkarian kazetaria da Asta (Amalie Ibsen Jensen) protagonista. Xarma handirik gabeko berriek eta agortua dirudien bere harremanak egunerokotasun arin bezain gogaikarrian murgildu dute. Etxe handi argitsuak, lan erosoak eta bizimodu oparoak itotzen dute Asta, XXI. mendeko unadura eskandinabiar kasu argia da berea. Baina, hasierarik eta amaierarik gabeko egun urdin errepikakorrek zentzu berria hartuko dute  herrialdetik kanporatua izan den asilo-eskatzailearen albistea ezagutzen duenean. 

Oso modu burutsuan islatzen du pantailan Astaren unadura Anders Emblem zuzendariak. Barne konposizio geldiek, kamera finkoak eta plano luzeek protagonistaren egunerokotasun errepikakor eta higiezinaren parte bihurtzen baikaituzte. Gainera, edertasun hotzez beteriko plano bakoitzak kontakizunaren doinu grabe eta malenkoniatsua hauspotzen du. Guztiz aparta iruditu zait orotara oso xumea den istorioari forma emateko modua, bere txikitasunean handitasun ia transzendentala iradokitzen duena. Zinemaldiko aurkikuntza gogokoenetarikoa izan da, niretzat, Zabaltegi-Tabakalera saileko A human position. Aretoan, txalo lotsati batzuk baino ez dira entzun filma amaitzerakoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2022
Esti Urresola Solaguren. Cannesetik Donostiako Zinemaldira.
“Ikus-entzunezkoek botere eraldatzaile handia daukate”

Cuerdas lanak eraman du Donostiako Zinemaldira Esti Urresola Solaguren film zuzendari eta gidoigilea (Laudio, 1984). Kristalezko sabaidun alfonbra gorriek sarien fokupean harrapatu dute: Goya sarietarako aurre-hautaketara heldu zen Polvo somos bere lana, eta Canneseko jaialdian... [+]


'Black is Beltza II' edo ia mundu guztiaren historia

Anaiak kontrakoa abesten zuen arren, Fermin Muguruzak beti handira hordago. Zinemaldian animaziozko filma estreinatu, eta non, eta Belodromoan. Eta zer, eta bete. 3.000 lagun txaloka eta txistuka, eta pozik eta hunkituta, eta atzera begira eta triste batzuetan, eta nik zer... [+]


2022-09-26 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia, azken eguna
Arnasarik gabe


2022-09-24 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia 8. eguna
Zinemaldiko amek ez dute


Eguneraketa berriak daude