'La hija de todas las rabias' filmeko fotograma.

2022ko irailaren 20an - 08:30

Zinemaldian aurkezten diren filmen artean, asko dira sufrimendua ardatz hartzen dutenak, gaiak, estiloak edo hurbilketak askotarikoak izan badaitezke ere. Gaur, Karpeta urdinak eta La hija de todas las rabias filmetatik abiatuta, sufrimendua pantailara eramateko modu zintzo eta ez hain zintzoez arituko naiz.  

Zinemira sailean lehiatzen den Karpeta Urdinak dokumentalaren abiapuntua 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua izeneko txostena da. Txostenaren hoztasun objektiboa hizkuntza filmikora itzultzea da, hark berak argitu izan duenez, Ander Iriarte zuzendariaren helburuetako bat. Aipatutako idazkia abiapuntu, torturaren azterketa zabala egiten da filmean zehar. Hartarako, txostena garatzeko lanean aritu diren profesionalen eta jasandako torturen testigantza eman dutenen parte-hartzea ezinbestekoak dira.

Hala, txostenak darabilen objektibotasun zuhurraren eta tortura kontaketa zeharo pertsonalen arteko bidegurutze interesgarria miatzen du filmak. Modu horretan, tortura salaketen atzean dagoen lan kuantitatiboa ematen da ezagutzera, zeinetan zenbakiek, erroldek eta ehunekoek berebiziko garrantzia duten. Betiere humanitatea galdu gabe, egin beharreko galdera desatseginetan eta gogora ekarri beharreko oroitzapen mingarrietan ere sakontzen du dokumentalak. Ezin imajinatu dezaket zein zaila izan behar den zinematik tortura bezalako gaiari heltzea, baina hura gizarteratzeko beharra primeran berresten du Ander Iriarterenak. Ikusle bezala ere, beti da gogorra halako filmei aurre egitea, emaitza berdina izan ohi da aldiro: errespetua eta eztarrian ezin aska daitekeen korapiloa.

Bestalde, Laura Baumeisterrek zuzendutako La hija de todas las rabias dugu, New Directors sailaren programazioaren parte dena. Filmak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren saria eskuratu zuen 2019an eta, 2021ean, WIP Latam Industriarena. Baumeisterrek Nikaraguara garamatza, miseria gorrian hazi eta hezi den María (Ara Alejandra Medal) ezagutzera, zabortegi erraldoi batean bere amarekin bizi de umea.  Biolentziak zeharkatutako bizimoduak biolentziaz tindatzen du ere ama-alaben harreman gazi-gozoa. Horregatik, alaba sutsuki maite badu ere, birziklatze-lantegi batean utzi beharko du amak. Baina, María burugogorra da oso eta bereak eta bost egingo ditu amaren ondora itzultzen saiatzeko.

Izugarria da Ara Alejandra Medal gaztearen lana paper protagonistan, filmaren elementurik txalogarriena iruditu zait. Tramari dagokionez, kokapen eta egoera ugarietatik pasarazten gaitu Baumeisterrek, baina ez du bat bera ere modu egokian garatzeko denborarik hartzen. Han-hemenka mokoka dabil zuzendaria eta garapen aproposik gabeko gauza gehiegi gertatzen dira, nire ustez. Argumentuak indarra hartzen du María birziklatze-lantegira heldu eta beste ume langileak ezagutzen dituenean. Baina agertoki erakargarri hori ere alde batera utzi eta aurrera egiten du filmak, María gixajoa bezala nora doan oso argi ez duelarik.

Pobrezia, zikinkeria, bortxaketak, haurren esplotazioa... Filmak ez du egoera miserable bat ere erakutsi gabe uzten, hildako txakurtxoak barne. Idazki honen hasieran esan bezala, sufrimendua erretratatzeko orduan dena ez da zilegi eta badirudi, marra gorri guztiak zeharkatuz, film honen xede bakarra ikuslea emozionalki birrintzea dela. Bata bestearen atzetik zerrendatzen diren ezbeharrak esanahiez husten dira. Denak egiten du okerrera amaierarekin, filmak hartzen duen fantasiaranzko biraren ondorioz ikusitako guztia fribolizatzen denean. Amorratzen atera naiz aretotik.

Edonork gaitzetsiko luke torturaren gaia modu morboso edo anbiguoan jorratzea (adibidez, torturak pairatu dituen pertsona jazarpenari esker sendoagoa bihurtu dela iradokiz). Zergatik, orduan, onartu hori bera fikzioan? Ez naiz, inolaz ere, lantzen zailak edo polemikoak izan daitezkeen gaiak zuzenean zentsuratzez ari (zentsurarekin hasiz gero, ondo baino hobeto baitakigu nork duen horretarako eskumen osoa eta bakarra);  horiei modu zintzoan gerturatzeaz baizik, morboa saltzea ekiditeaz. Izan ere, ez dago inolako poetikotasunik miserian, ezta edertasunik sufrimenduan; ez bizitzan, ez zineman.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2022
Esti Urresola Solaguren. Cannesetik Donostiako Zinemaldira.
“Ikus-entzunezkoek botere eraldatzaile handia daukate”

Cuerdas lanak eraman du Donostiako Zinemaldira Esti Urresola Solaguren film zuzendari eta gidoigilea (Laudio, 1984). Kristalezko sabaidun alfonbra gorriek sarien fokupean harrapatu dute: Goya sarietarako aurre-hautaketara heldu zen Polvo somos bere lana, eta Canneseko jaialdian... [+]


'Black is Beltza II' edo ia mundu guztiaren historia

Anaiak kontrakoa abesten zuen arren, Fermin Muguruzak beti handira hordago. Zinemaldian animaziozko filma estreinatu, eta non, eta Belodromoan. Eta zer, eta bete. 3.000 lagun txaloka eta txistuka, eta pozik eta hunkituta, eta atzera begira eta triste batzuetan, eta nik zer... [+]


2022-09-26 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia, azken eguna
Arnasarik gabe


2022-09-24 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia 8. eguna
Zinemaldiko amek ez dute


Eguneraketa berriak daude