Maria Elorzaren liburu eta emakumeei gutuna

'A los libros y las mujeres canto' filmeko fotograma.

2022ko irailaren 23an - 10:15

Tonina, Loreto, Wal, Viki eta abar maiteak:

Nazkatu naiz zinemaz. Nazkatu naiz ilara, txalo eta pantailez. Begiak itxi eta mugitzen den zinta zinematografikoa baino ez dut ikusten. Lotara noanean ere, travelling eta enkoadraketak  soilik ditut buruan. Zazpi Zinemaldi-egun egun gehiegi dira.

Egoera honen aurrean, zaletasun berri bat aukeratzera behartuta ikusi dut nire burua eta arrazoi horrek bultzatuta jotzen dut zuengana. A los libros y las mujeres canto filmean zuek denak ezagutu ostean, nire egin nahiko nuke, zuek bezala, literaturarekiko zaletasun miresgarria. Nik ez dut, ordea, filmeko protagonistetako bat den Loretok bezala, Saderen obra osoa biltzen duen bildumarik logelako apaletan; ez, Walen antzera, Goetherekin egunero oheratu eta esnatzeko aukera; ezta, inondik inora, txikia nintzela poesia errezitatzen zidan izebarik, Tonitaren gisara.

Liburuak baditut etxean, hori bai. Haien artean asko irakurri gabe, gehitu beharko nuke. Badut, baita ere, haiekin harreman berezia, azpimarratutako esaldi bakoitzean eta orrien ertzean arkatzez idatzitako oharretan hezurmamitzen dena. Nahikoa al da hori zuen literaturzaleen klubean sartzeko?

Zuek, literaturzaleok, zarete Maria Elorza zinemagilearen A los libros y las mujeres canto-ko mamia. Zuen bitartez, emakumeei eta liburuei zuzendutako oda dokumental esanguratsua ondu du Elorzak, askotariko musika, irudi eta pasadizoak elkarrekin josten dituena. 

Literatura akademikoen kontu hutsa ez dela aldarrikatuz, humorez eta gertutasunez lantzen da liburuekiko zaletasuna. Hasiera-hasieratik sortu da giro atsegina aretoan, zuzendariaren amak, Toninak, eta ahizpak, Anek, kamerari begira kontatzen duten anekdotari esker. Barrez hartuak izan dira ere filmeko beste hainbat atal, gehienetan, elkarrizketatuak zareten zuon xelebrekeriek mugituta. Ondorioz, samurtasun izpirik galdu gabe eta oso modu efektiboan gerturatzen da ikusleongana literaturaren gaia, bere konplexutasuna onartua bezain ospatua izanik uneoro.

Hain zuzen ere, filmak ikuslearen buruargitasunean jartzen duen konfiantza da azpimarragarrien iruditu zaidan elementuetako bat. Zuzendariaren beraren edo zuon hitzak entzuten ditugunean, gure irudimena pizten duten irudi abstraktu zein metafora bisualak ageri dira maiz pantailan. Hala, hizkuntza literariotik hizkuntza filmikora (zein alderantziz) egiten den itzulpena literala izatea ezinezkoa den bezala, entzuten dugunaren isla soila baino askoz gehiago diren irudiak eskaintzen dizkigu Maria Elorzak. Iradokizuna eta irudimena bilatzen dira, filma bizipen eta hausnarketa propioekin beteko dituen ikuslearen parte-hartze isila.

Zoragarria da ere irudien aukeraketan eta montajean egin den lan gizena. Artxibo filmikoak, pelikulen pasarteak, argazki eta margolanak, kamerak grabatutakoak… Familia ez-ohikoaren kontakizun hutsetik urrunduz doa dokumentala, ikuslea harritzeko gaitasuna galdu gabe kapituluz kapitulu.

Istorioak kontatzeko gaitasun konplexuan eta mundu berria eraikitzen laguntzeko potentzialitatean topatzen dira zinema eta literatura. Maria Elorza euskaldunaren A los libros y las mujeres canto dokumentalaren kasuan, gainera, modu ezin txukunagoan ezkontzen dira. Hauxe dugu Elorzaren lehen film luzea, New Directors sailean lehiatzen dena.

Tarte luzea iraun duten txaloak amaitu direnerako, egia esan, guztiz berreskuratua nuen zinemarekiko zaletasuna. Beraz, zinema eta literatura nola uztartu ebazten jarraitzen dudan bitartean, jaso itzazue hitz hauek lehenengotik bigarrenera egindako ekarpen xumetzat eta, noski, bien ala bien ospakizuntzat. Momentuz, ilara, txalo eta pantailetara itzuliko naiz ni, beste hainbat filmetara, Zinemaldiko egun berri batera.

Agur bat.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2022
Esti Urresola Solaguren. Cannesetik Donostiako Zinemaldira.
“Ikus-entzunezkoek botere eraldatzaile handia daukate”

Cuerdas lanak eraman du Donostiako Zinemaldira Esti Urresola Solaguren film zuzendari eta gidoigilea (Laudio, 1984). Kristalezko sabaidun alfonbra gorriek sarien fokupean harrapatu dute: Goya sarietarako aurre-hautaketara heldu zen Polvo somos bere lana, eta Canneseko jaialdian... [+]


'Black is Beltza II' edo ia mundu guztiaren historia

Anaiak kontrakoa abesten zuen arren, Fermin Muguruzak beti handira hordago. Zinemaldian animaziozko filma estreinatu, eta non, eta Belodromoan. Eta zer, eta bete. 3.000 lagun txaloka eta txistuka, eta pozik eta hunkituta, eta atzera begira eta triste batzuetan, eta nik zer... [+]


2022-09-26 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia, azken eguna
Arnasarik gabe


2022-09-24 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldia 8. eguna
Zinemaldiko amek ez dute


Eguneraketa berriak daude